Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

  • Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon, tartean biometrikoak. Aspalditik dugu teknologia horiek ezkutatzen duten arrazakeriaren berri, baina ba al zenekien Europaren historia kolonial eta esklabistan dutela jatorria?

Britainiar inperioak Indiako bere kolonietan migratzaileak eta klase sozialak bereizteko hatz-marka bidezko kontrol programa erraldoia abiatu zuen XIX. mendearen bigarren erdialdean. Argazkia: Wikimedia Commons
Britainiar inperioak Indiako bere kolonietan migratzaileak eta klase sozialak bereizteko hatz-marka bidezko kontrol programa erraldoia abiatu zuen XIX. mendearen bigarren erdialdean. Argazkia: Wikimedia Commons

Zortzi urtez aritu dira negoziatzen, baina orain presa zegoen, eta azken segundoan onartu dute Europako Parlamentuan Migrazio eta Asilo Ituna deitu dutena, ekaineko hauteskundeak ate joka direla. Apirilaren 10ean izan da, Bruselan, baina irakurlea alferrik saiatuko da EiTBren bilatzailean albistea aurkitzen, irrati telebista publikoak Ibaizabaleko itsasadarrarentzat baino ez zituen begiak eta kamerak egun horretan.

Begiak eta kamerak. Kamerak eta datuak. Horiek izango dira migratzaileak kontrolatzeko Europar Batasunak hemendik aurrera erabiliko duen erreminta nagusietarikoak. Aurpegiak ezagutzeko edo biometrian oinarrituriko sistemak, baina, zerikusi handia du historian zehar europar inperioek euren kolonietako jendeak markatu eta sailkatzeko moduekin, arrazakeriaren kontrako eta justizia sozialaren aldeko ekintzaileek salatu duten moduan. Baina goazen pausoz pauso.

Begiak eta kamerak. Kamerak eta datuak. Horiek izango dira migratzaileak kontrolatzeko Europar Batasunak hemendik aurrera erabiliko duen erreminta nagusietarikoak. Aurpegiak ezagutzeko edo biometrian oinarrituriko sistemak, baina, zerikusi handia du historian zehar europar inperioek euren kolonietako jendeak markatu eta sailkatzeko moduekin

Onartu berri den legedia oso zabala da, zortzi espediente eta hamar araudi ditu. Funtsean, itunak asilo eskariak onartu edo ukatzeko prozedura azkartuko du, kontrola areagotuko, eta migratzaileei Europan sartzeko baldintzak gogortuko dizkie.

Neurri nagusietako bat da hemendik aurrera kide diren herrialdeek migratzailerik ez hartzeko ordaindu ahal izango dutela. Giza eskubide bat bermatzeari uko egiteagatik ordaindu, alegia. “Elkartasun mekanismoa” deitu diote, baina elkartasun hautazkoa: migratzaile gehiago hartu nahi ez duenak 20.000 euro ordainduko ditu ukatzen duen asilo eskaera bakoitzagatik, 30.000 eskaerako mugarekin.

Erridikulu bat da zifra hori, kontuan edukita batez beste urtean Europar Batasuneko herrialdeek milioi bat asilo eskari izaten dituztela. Gainera, datu horietan ez dira ageri Mediterraneoan eta Atlantikoan bidaia arriskutsuak egin eta sarritan itsasoan itota desagertzen diren pertsonak. Berriki jakin dugu El País egunkariak eskuratutako barne dokumentu baten bidez, Frontexek –Europako mugak matonismoz zaintzen dituen erakundeak– 40.000 lagun kanporatu zituela 2023an, inoizko kopururik handiena.

Apirilaren 10ean Migrazio eta Asiloari buruzko bozketa egin zen Europako Parlamentuan, Bruselan. Argazkia: Europako Parlamentua.

Beste arau batek aukera emango du mugak behin behinean ixteko migratzaileei, haien joan-etorria “instrumentalizatzen” bada. 2021eko udazkenean Bielorrusiatik dozenaka milaka pertsona saiatu ziren Europar Batasunera sartzen, Polonia, Lituania eta Letoniako mugetan barrena. Herrialde horiek “gerra hibrido” moduan hartu zuten Alexander Lukashenkoren gobernuaren jokabidea, eta giza eskubideen kontrakoak diren kilometro askotako harresiak eraikitzeaz gain, kanporatze ilegalak ere egin dituzte geroztik. Orain, hori guztia legalizatuko dute.

“Arratsaldeko 17:00etan, normalean turistentzat izaten den gonbidatuen palkoa lehertzear dago: ‘Itun honek hil egiten du, bozkatu ez!’ oihukatu dute hainbat aktibistek, sesioa geldituta”. Kanpoaldean ere jende ugari protestan ari da. Mediapart atarian irakur dezakegu Bruselako eztabaida luzearen kronika, Ludovic Lamant kazetari frantziarraren eskutik: "UE: le Parlement adopte dans la douleur un pacte migratoire controversé" (EB: Parlamentuak minez onartu du migrazio itun polemikoa).

 

Salbuespenak salbuespen, talde nagusiek ahapeka onartu dute legedia: kontserbadoreek, liberalek, sozialdemokratek, baita sozialistek ere. Diote, erdi lotsatuta, hobe dela hori, ekainetik aurrera neofaxistek euroganberara ekarri lezaketena baino... Baina Giorgia Meloniren Fratelli d’Italia alderdiaren ildokoek eta beste batzuek ere alde bozkatu dute. Eta neurri murriztaileenetako baten txostengilea, berriz, Vox alderdi neofrankistako Jorge Buxadé dela gogorarazi du Lamantek. Azken batean, araudiak eskuin muturraren ideietako asko bere egiten ditu, migrazio "ordenatu" baten aitzakiapean.

Vox alderdi neofrankistako Jorge Buxadéren txostenari baietz esanda, Eurodac datu basea erreformatuko da, eta hemendik aurrera posible izango da hatz markekin ez ezik biometriaren bidez familia osoak kontrolatzea

Gorputzak pasaporte, atzoko eta gaurko esklaboetan

Buxadéren txostenari baietz esanda, Eurodac datu basea erreformatuko da. Hogei urte dituen hatz marken datu base horri aldaketa “tekniko” batzuk egingo dizkiote, baina ez dira aldaketa xaloak batere: hemendik aurrera posible izango da hatz markekin ez ezik biometriaren bidez familia osoak kontrolatzea, baita sei urteko haurrak ere. Lamantek dio kontrol sistema hori ez dela ezerezetik atera, eta bozketa baino egun batzuk lehenago EuObserver aldizkarian irakurritako iritzi artikulua dakar gogora.

Laurence Meyer eta Chloé Berthélémy arrazakeriaren kontrako eta justizia sozialaren zein giza eskubideen aldeko aktibistek idatzia, "The colonial biometric legacy at heart of new EU asylum system" (Legatu kolonial biometrikoa, EBren asilo sistemaren erdigunean) izena du artikuluak eta, besteak beste La Marea egunkarian ere irakurri daiteke gaztelaniaz.

Egileek diote existitzen den zainketa-teknologia zitalena erabiliko dela “pertsona migratzaileen gorputzen eta mugimenduen gaineko kontrol erabatekoa” ezartzeko. Azken batean, arrazializaturiko pertsonen gorputza “pasaporte” bilakatuko dute. Biometriarekin, pertsonen ezaugarri biologikoen eta fisikoen inguruko datuak bilduko dira: hatz markak hartzea, aurpegien irudiak egitea edo begietako irisak eskaneatzea dira modu ohikoenak.

'Dark Matters' liburuan esklabo beltzen bijilantzia eta kontrabijilantziaren historia kontatzen du Simone Brownek, gaur egungo kontrol sistema arrazistak ulertzeko baliagarria dena.

Ikuspuntu historiko batetik, biztanleria kontrolatzeko eta dominatzeko funtsezko mekanismoa izan da norbanakoen identifikazioa, eta ez gaitu harritu behar orain Europar Batasunak biometria jarri izana bere mugak gordetzeko sistemaren oinarrian. Azken batean, Meyer eta Berthélémyren arabera, “zainketa-biometrikoaren jatorria pertsona talde batzuengan izan den abusu eta diskriminazio praktika kolonialetan dago”.

Atlantikoan zehar esklaboekin egiten zen merkataritzak, eskala global batean garatu zituen Afrikan bahitu eta jabetza pribatu bihurturiko gizakiak markatzeko eta ihes egindakoei aztarna jarraitzeko teknikak. Dark Matters (Iluntasunak inporta du, Duke University Press, 2015) liburuan Simone Browne soziologo estatubatuarrak kontatzen du esklabo beltzen bijilantzia eta kontrabijilantzia norainokoa zen. Hortik datoz Run, nigger, run! eta antzeko abesti ezagunak, esklaboek abisua pasa eta patruiletatik ihes egiteko balio zutenak.  

Baina zainketa-sistema sofistikatzen joan zen. Alphonse Bertillon polizia frantziarrak 1880an gaizkileak identifikatzeko asmaturiko metodo antropometrikoak –aurpegien deskribapen zehatzak egitea, hatz markak tintaz bustitzea eta argazkiak erabiltzea– Frantziako inperioaren kolonietan hasi ziren erabiltzen, batez ere Aljerian, non jatorrizko identitateak zapaltzeko probestu zituzten halakoak. Britainiar Inperioak gauza bera egin zuen Indian, erregistro biometrikoen programa erraldoi baten bidez migratzaile txinatarrak eta langile indiarrak bereizteko.

Bi ekintzaileek garbi dute, nolako zuratik halako ezpala: “Eurodac-en erreformarekin, datu biometrikoen bidez lorturiko errefuxiatu eta migratzaileen identifikazioa masibo eta ohikoa, Europar Batasunaren asilo sistemaren zutabe inhumanoa bihurtuko da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontrol soziala
"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Gasteizko Udalak ia 40 milioi euro bideratuko ditu segurtasun arloko langileen soldatak ordaintzera

Iñaki Gurtubai Segurtasuneko zinegotziak "Poliziaren Lan Eskaintza Publiko bateratua” eta “inteligentzia kamerak instalatzea” iragarri ditu 2024rako, besteak beste.


Gasteizko Udalak 117.000 euroko inbertsioa egingo du bideozaintzarako hamazazpi kameren instalazioan

Gasteizko Udalak Insitel enpresari esleitu dio hiriaren erdigunean prestazio altuko hamazazpi kameraren bidez bideozaintza sistema hornitzeko, instalatzeko eta konfiguratzeko kontratua. Besteak beste, Andre Maria Zuriaren plazan, Plaza Berrian eta San Frantzisko aldapan jarriko... [+]


Zaintza-kamerek ezkutatzen dutena

Gasteizen, beste hiri batzuetan bezala, zaintza-kamera berriak jarri nahi dituzte, baina ez digute horien benetako ezaugarririk kontatzen. Are larriagoa da ez dizkigutela azaltzen benetako arrazoiak zein diren, ezta kamerek nori egiten dioten mesede ere. Gaia orokorrean... [+]


X sare sozialak erabiltzaileen datu biometrikoak jasoko ditu, segurtasunaren izenean

X sare sozialak (orain arte Twitter zenak) bere pribatutasun politika aldatu du eta erabiltzaileen ezaugarri fisikoak ere bilduko ditu, besteak beste, aurpegi-ezagutzaren bitartez.


Eguneraketa berriak daude