"Jada ez gara gai hizkuntza bizi bat transmititzeko"

  • Jorge Oteizaren Quousque Tandem oinarri hartuta idatzi du Iñaki Segurolak Sed Quia Sua (Erein, 2020). Hari kopiatu dizkio azala, latinezko titulua, hasierako eskaintzak, kapituluen hurrenkera eta liburuaren trinkotasuna. Mamia beste upel bateko sagardoa da, ordea. Oteizak harrietatik abiatuta euskal arimaren interpretazio estetikoa egin bazuen, Segurolak “hizkuntza honek bere kabuz zer dioen” aditu nahi izan du. Eta, bide batez, intxaurrondo batzuk astindu ditu bidean: noizik olgetan, aldian benetan, ia beti olgetan-benetan.


2020ko abenduaren 31n
Argazkia: Dani Blanco.

Hamabost urteren bueltan hasi zen hizkuntzari entzuten Iñaki Segurola (Azpeitia, 1962). “Nerabe xelebre bat” zen orduan, “jendartean eta kale mailan bere tokia bilatzea kosta zitzaiona”. Liburuetara emana, literaturak baino arreta gehiago piztu zioten hizkuntzarekin lotutako aferek. Unibertsitate garaian ez zuen askorik pentsatu behar izan ikasketak aukeratzeko: laster zen Euskal Filologian izena emanda, 80ko hamarkadako Gasteizen, “punk mugida biziaren erdian”. “Ni ikasle zintzoa nintzen, ordea”. Gramatikarekin eta sintaxiarekin liluratu zen hasieran, baina Orotariko Euskal Hiztegiaren proiektuan amaitu zuen, “hala suertatu zelako”. Geroztik bertan dihardu lanean. Han-hemen kolaboratzeaz gain liburu sorta bat ere badu argitaratua, baina egundo ez du hizkuntzari aditzeko ariketa Sed Quia Sua-n bezain muturrera eraman. Azpeitiako Keizpe tatuaje estudioan zitatu gaitu: “Ez dago edozein tokitan skate bat Xalbadorren irudiarekin!”. Ahobizarrak zorroztuta azaldu da, ohi duenez.

Sekula halakorik ikusi gabea nintzen. Zaharrei eta gazteei desberdin aurkeztu diezu liburua. Aurrenekoei esan diezu saiatu zarela idazten “Quousque Tandem euskaratik”; bigarrengoei, berriz, liburu hau dela “arigune dekolonialdu” bat.

Hala da. Hasierako asmoa zen: hau izango da nire Quousque Tandem; Oteiza harrietatik, ni hizkuntzatik. Gerora konturatu nintzen jendeak ez duela ezagutzen Quousque Tandem. 50-60 urtetik beherakoek ez dute irakurri –Arte Ederretako batzuek kenduta–, eta zaharragoen artean, hasi eta bukatu, oso gutxik. Orduan, zer zentzu zeukan esateak hau dela nire Quousque Tandem euskaratik? Jendeari horrek ez dio ezer esaten. Saltzaile bezala, pentsatu nuen: oraintxe nola jende gaztea dabilen feminismo dekolonialarekin, ez badute Oteizarena ulertzen agian ulertuko dute hau dela hizkuntzaren barnetikako dekolonialtze bat, nik harrazoi deitzen dudan modernitateko arrazoi harro ar mendebaldarraren kraka hori kendu, eta hizkuntzak bere baitatik zer dioen entzuteko saiakera bat.

Arigune dekolonialdua. Gustura geratuko zinen.

Pentsatu nuen hori aipatuko zidatela. Zer esan behar dut? Gainera, hasten bazara euskal gogo jatorrizkoa gora eta behera, jendeak esango du: “Hau zertan ari da? Ze planetatan dago?”. Nik ere ez dakit sinesten dudan eta…

Bai, euskal gogo jatorrizkoa entzunda behintzat, ematen du hor zabiltzala jatorrizko esentzia puru baten bila.

Esentzialista ez, ultraesentzialista da liburu hau. Nik asmatu dudan pelikula hau agian kabituko zen duela 80 urteko Euzko Gogoa-n edo, baina duela 50 urte argitaratu izan balitz ere zaharkituta zegokeen. Hartu Quousque Tandem bera: “Interpretación estética del alma vasca” (“euskal arimaren interpretazio estetikoa”). Pentsa gaur non gelditzen den. Orain jende progrea migratuei eta arrazializatuei begira dago.

Argazkia: Dani Blanco.

Anarko-abertzaletzat aurkezten duzu zeure burua. Eta une batean diozu hizkuntzari entzuten saiatze horixe dela anarko-abertzale posiziotik aritzea. Zer lotura du batak bestearekin?

Benjamin Lee Whorfek esaten zuen bezala, hitz guztiak dira penagarriak, eta hitz definitzaileak are penagarriagoak. Bizi guztia daramat esaten ez naizela abertzalea, baina orain konturatu naiz bat-batean inor ez dela abertzalea, denak direla edo feministak edo komunistak. Orduan, pixka bat kontra egiteagatik, abertzalea naizela diot. Niretzat abertzalea da lurrarekiko eta hizkuntzarekiko atxikimendua daukana, bestelako azalpen arrarorik gabe –Iparraldeko jendeari zor diot definizio hori–. Eta nik, hor, denari bai. Bestalde, ez naiz anarkista purua, ez naiz Asel Luzarraga bat, baina izaera anarkoa daukat; badakizu, agintzen duena kuestionatu, zenbat eta gutxiagorekin hobe, eta abar. Ze lotura duen horrek hizkuntzari entzutearekin? Hizkuntzak espiritu anarkoa du, ez duelako inork asmatu. Herri ezjakinaren asmakizuna da. Hizkuntzari aditzea da botere ezari aditzea. Gero sortzen dira botere akademikoa eta abarrak, eta gelditzen dira boterearen arrastoak hizkuntzan. Nahi duzuna. Baina, berez, hori da.

Beretikkeria aipatzen duzu. Guztiok gabiltzala gure kondiziotik hizketan, gugandik espero daitekeen horixe esanez.

Nabarmena da. Denok gabiltza horrela. Batek hitz egiten du, eta galdetzen duzu: honek zer esango du ba?

Zuk ez al duzu gauza bera egiten liburu honetan? Hizkuntzaren aitzakian, ez al zabiltza zure kondiziotik hizketan?

Hiztunak hitz egiten du beti, bai, baina hizkuntzak, alde batera, ematen ditu patroi batzuk mundua hitzetaratzeko. Edonola ere, zure salaketa bada tranpa egiten dudala, ados, onartzen dut. Baina aurkezpenean aipatzen dudan bezala, jo dezagun aspertu naizela nire iritzia botatzen eta ez dudala iritziz betetako liburu bat idatzi nahi, baizik eta izaki edo zeraki baten eledun-asmatzaile izan nahi dudala.

Etimologiatzat hartzen ez den etimologia bat aldarrikatzen duzu. Zertaz ari zara?

Juan Martin Elexpuru eta horiek euskararen jatorriarekin bueltaka dabiltza, baina hizkuntzaren jatorrira ez dago iristerik. Hizkuntzalaritzan ez dago Big Bangik. Orduan, zertan ari dira? Duela 1.500-2.000 urte gauzak nola ziren esaten. Niri horrek ez dit ezer esaten; aldaketa oraintxe gertatu daiteke. Zer den beste etimologia hori? Adibidez, “samur”. Ni ez naiz hasten aztertzen zer den “sa” eta zer den “mur”, baizik eta diot “samur”-ek esan nahi duela zenbait lekutan “erraz”, eta beste zenbaitetan “bigun”. Zein oinarri komunetatik ezpalkatu da hori? Ikuspegi hori da niri interesatzen zaidana: sinkronikoki, denboratik kanpora, lotura horiek sentitzea.

Kontrajartzen dituzu euskal gogo zaharra –gaiaren mundua– eta gogo garaikidea –gauzen mundua–. Liburuko funtsezko bereizketetako bat da.

Bai. Hizkuntzari entzute horretan, berreraikitzen dut euskal gogoan mundua zegoela gaiz osatua. Gai zer den? Gaiak potentzialtasun batean hartzen ditu mundua osatzen duten item-ak, errealtasunean baino gehiago. Kontrara, gauzak item horiek hartzen ditu eginagoak, bukatuagoak, denfinituagoak. Hori lotzen dut fisikarekin: XX. mendeko fisikan, gehienbat mekanika kuantikoan, nola objektuak aldatzen diren izaki errealetatik izaki potentzialetara. Eta hor sortzen dut nire pelikula. Kabezerako fisikari bat daukat, Iñigo Urizar Lanz, eta urteak daramatzat harekin astero gelditzen. Ez da ados egongo esaten ditudan guztiekin, baina tira.

“Bectso mundua adostasun antzuaren performancea da, garaian garaiko ideia potoloen bueltan mugitzen dena”

Bigarren funtsezko bereizketa: diozunez, guztia igaro da "dena eta ez dena" izatetik "dena" soilik izatera.

“Direnak eta ez direnak” ez da sartzen nire belarrien fonotekan. “Hori dela eta ez dela” ere ez –nahiz eta hori kausaltasunaren esparrukoa den–. Eta nire belarrietan sartzen ez bada, tradizioan ere nekez. Orduan, hizkuntzara ekarrita, esaten dut “dentasun denfinitu” batetik kanpora beti dagoela zerbait. Auzia horrela da, eta ez da, izan mediku-diagnostiko bat, izan bizitzaren jatorria. Beti da zerbait, eta ez. Eta hor nire burua harrapatu dut, zeren “hizkuntzak esaten du” diodanean ere, hizkuntzak esaten du, eta ez. Dena da horrela.

Euskara extinct aroan sartu al da?

Jose Ignacio Hualdek idatzi zuen hori, eta eztabaida bizia ere izan zen 31 eskutik blogean. Gogorra egiten zitzaidan entzutea, baina artikulua irakurriz pentsatzen nuen: “Hori hala da”. Geroztik extinct erabiltzen dut, beraz, bihotzeko minez. Zer den extinct? Galera bat hizkuntzaren bizitasunean, autonomian, gauza berriak sortzeko gaitasunean. Nik hala bizi dut. Idaztean konturatzen naiz: “Hau jada ezin da horrela jarri, ez da ulertzen”. Hizkuntza menoxtu guztiei ari zaie gauza bera gertatzen. Aldaketa demografikoak, gure pantaila-bizimoduak, horretara garamatza: hiztun gazte bati begi-belarrietatik sartzen zaion ia dena da erdara –gaztelania, frantsesa eta ingelesa–. Lehen biziberritzea zaila bazen, orain ezinezkoa da, zeren jasa horri ezin zaio kontra egin.

Ez al da oso mezu ezkorra?

Katalanak ere gauza bera ari dira esaten, han erabilera hamar puntu jaitsi da hamabost urtean. Aipatzen dut 21 urteko Juliana Canet instagramerra. Hark dio: “Umerik ekartzen badut, ziur asko ez du katalanez hitz egingo. Gu gara azkenak”. Gu ere jada ez gara gai hizkuntza bizi bat transmititzeko. Konturatzen naiz jende askok ez duela hau horrela bizi, baina, betikoa, nondik bizi duzun da kontua: zuretzat euskara baldin bada liburuetako zerbait, eta kalea edota mundua erdaraz bizi badituzu, ez zara ohartzen. Baina ni hemengoa naiz.

Ideia potoloak –IdPot-ak– ezin omen dituzu besarkatu. Zein dira ideia horiek?

-ismo atzizkia daukan edozer –astigmatismo eta horiekin duda egiten dut–. Hain da hori horrela, ismo-etan eroso sentitzen direnak ere askotan pluralizatu egiten baitituzte –feminismoak–. IdPot bat da zerbait dena esplikatzen duena: komunismoa, marxismoa, kristautasuna, Big Bang teoria… Ni horietan ito egiten naiz. Ezin nuen eusko gudarien, HBren eta ETAren garaian, eta ezin dut oraingo revival komunistan.

Galdera garaikidea da: orduan, nondik hitz egiten duzu?

Tattoo denda bateko sofatik.

Argazkiak: Dani Blanco.

Hizkuntzatik ari zarela esatean, liburu hau “deskokatua” datorrela aipatzean, ez al zara zeharka horri erantzuten ari?

Bai, hizkuntzatik ari naiz, baina erdi olgetan-benetan. Tranpatan ari al naiz? Baliteke. Edonola ere, nik uste adin batean kokatzen zarela IdPot-etan, eta ematen du bat-batean zerbait gehiago bezala zarela. Nik hizkuntzalari chomskyarra izan nahi nuen. Oteizak esango lukeen bezala, eskema merke batzuei heltzea da cromlech falta, denkeria-denfinitu oro esplikatzaile motz bati heltzea. Gauzak ez dira inoiz horrela.

Non dago “hitz-polizia feminista”?

Uste dut hitz-polizia feminista badagoela, baina beti egon dela. “Ez dakit zer hitz erabili duzu”, “gizon esan duzu baina zis-gizonak bakarrik zenituen buruan”. Hizkuntza ez dira hitzak; hizkuntza da esana, zer ari zaren esaten, egoera bakoitzean zer helarazi nahi duzun. Judizializatzen badira hitz guztiak, ezin dut hitz egiten segi. Nik uste despolizialdu eta desjudizializatu behar direla hitz solte bakanak. Esanari egin kasu, faborez.

Ez da izango, besterik gabe, ideia batzuk lehen baino konfrontatuago daudela?

Baina hitzez ari naiz. Eta bai, noski, hitz egokiak hautatzeak garrantzia du, baina askotan iruditzen zait komunikazioa zailtzen duen judizializazioa dagoela. Ez da feminismoarekin bakarrik gertatzen. Ezker Abertzalearen mundu hartan ere kontuz zer esaten zen, edo garai batean erlijio kontuekin…

“Nik uste despolizialdu eta desjudizializatu behar direla hitz solte bakanak. Esanari egin kasu, faborez”

Beste tiro bat: hemengo gutarkeria espainolkeria ahobero bat dela diozu.

Hala sentitu izan dut beti. “Gora gu ta gutarrak!”-ek nazka infinitua eman izan dit beti. Espainola dela diot, hori Iparraldean ez dagoelako. Han “biba zu!” edota “biba zuek!” oihukatu izan da. Ez dut ikerketarik egin, baina bistakoa da aldea. ETArekin eta Iparretarrak-ekin antzera pasatzen zait. Ni anti-ETA izan naiz beti, eta horretan asko lagundu zidaten Iparraldekoek, beren burua abertzaletzat zeukatenek. Allande Socarrosek-eta, adibidez, oso lasai esaten zuten hori, eta nik ere bai. Borroka armatu erabat desberdinak ziren ETArena eta Iparretarrak-ena. Ez zeukaten zerikusirik. Iparretarrak-ena ederra iruditzen zitzaidan. Ez zen sekula izan hildakoak fakturatzen zituen enpresa bat. Atentatuak egiten ziren asmo zehatzei lotuta, orain naturako ez dakit zer, orain etxe hau izorratuko dugu… Hildako batzuk izan ziren tiroketetan, baina hori ez zen helburua. Zerikusirik ez ETArekin. Komando Autonomoak ere halako zerbait ziren hasieran; gero hasi ziren ETArekin lehiatzen.

Aipatzen duzunez, bertsolari garaikidea gurea ez, baina gutarra da. Zergatik?

Oteizak badu esaldi bat: zertarako balio digu adostasun antzu batera garamatzan adiskidetasun bigun batek? Eta bectso mundua da adostasun antzu horren performancea, garaian garaiko IdPot edo erdi-IdPot-en bueltan mugitzen dena. Lehen, eskubiko bertsolariek, Xabier Euzkitzek eta, ez zuten lortu adostasun hori puskatzea –horrek ez du esan nahi Euzkitzeren alde nengoenik; adostasuna puskatzen zuen neurrian iruditzen zitzaidan interesgarria–. Andoni Egaña da beste bat; ez dut ulertzen nola lortu duen beti hor segitzea. Ni zain nago ea Xabier Silveira itzultzen den behingoz, eta esaten duen mundua zapala dela, eta birusik ez dagoela. Edo nahi dut, adibidez, Aitor Bizkarrak edo Maddi Sarasuak, izorratzea. Baina ez izorratzea izorratzeagatik, baizik eta ikustea ea gai diren beren ildo sozialistatik adostasun antzu hori puskatzeko, deserosotasun pixka bat sortuz.

Txapelketatik kanpoko zenbat bertso saiotara joan zara?

Hor harrapatu nauzu. Baina ezin dut euskal meza horrekin. Badakizu han inork ez duela ezer arriskutsurik esango, inork ez duela puskatuko. Gainera, txapelketarekin aski dut. Eta nekezen jasaten dudana dira bertso-zientzia bezalakoak: Etxenike eta konpainia hizketan, eta bertsolariak ondotik, bufoiak bezala, jakintsu gorenaren aurrean. Ez dago aguantatzerik.

Ez dago harrituko gaituen bertsolari garaikiderik, bota duzu. Bakar bat ere ez?

Iker Zubeldia kenduta. Eta tira, gehiago ere badaude. Baina, oro har, sentsazioa daukat bertsolaritza garaikidea dela prentsan edo liburuetan irakurtzen dugun hizkuntza, neurtuta eta etenekin. Ez naute harritzen, denak datoz antzeko mundu batetik, badakit gutxi gorabehera zer esango duten: orain etorkinak, orain transfeminismoa… Argia-k erakusten duena, gutxi gorabehera. Ahobatezkotasun txalo-jotzaile hori ezin dut jasan. Baina ez dauka erremediorik, eta ni bertsolaria izango banintz halakoxea izango nintzateke.

Zeure buruaz diozu kontraerraneko putzak botatzen bakarrik dakizula. Zergatik erosi behar luke inork ezertan sinesten ez duen norbaiten liburua?

Zerbait mugituko zaiolako barruan, zerbait adituko duelako, ez dakiena ez nondik abiatzen den ez nora ailegatuko den. Nik ez dakidan hori dena dakienak badaki nondik abiatuko den eta nora ailegatuko den, eta horrek ez dauka graziarik. Liburu hau gauzatu gabeko gaitasun horretan dago, denera eta ez denera zabaldua, eta IdPot batean etsi ezinda. Orain, nago Oteiza ondoegi imitatu dudala, eta liburua trinkoegia gelditu zaidala: hainbeste afera filosofiko, hitz joko, poetizazio… ez nuen hain ondo imitatu behar. Alde batetik, neure buruari loreak botatzea da, baina kaka botatzea ere bai. Pentsatu izan dut liburuaren edizio arina ateratzea, 80 orrialdekoa, oinarrizko eskema azalduz. Baina niri ez zait eskema interesatzen. Egin behar dena: aldapatsua dela mentalizatu, eta liburua surfeatu, edo toreatu, edo hor ibili bueltaka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude