ETAko hamasei militanteren kontra 1970eko abenduan Burgosen egin zen gerra kontseiluak mugarria ipini zuen, jendarteak sinetsi baitzuen bazegoela alternatibarik frankismotik harago. Prozesu hartan, auzipetuek jasandako torturen testigantzak funtsezkoak izan ziren erregimenaren zapalkuntza agerian uzteko. Vatikanora bidaiatu zuten senideek Aita Santuari eskura eman nahi izan zioten tortura horiek jasotzen zituen txostena. Egun desagertuta dago.
Burgos, 1970eko abendua da. 16 euskaldun iraultzaileak juzgatzen ditu frankismoak izugarrizko prozesua dela bide, denak ETAkoak dira. Fiskalak 6 igortzen ditu heriotzara: Izko, Uriarte, Onaindia, Larena, Gorostidi eta Dorronsoro. Abenduaren 3an gaude, bezperan bertan Euskadi osoa huelga jeneralean sartu da, Espainiako herri guztiak anai-arreben aldeko ekintzetan sartzen dira. Lantokietan, fabriketan, eskoletan, karriketan… edonondik irteten dira diktaduraren kontrako oihuak”. Horrela hasten da Burgoseko gerra kontseilu hartatik iritsi zaigun grabazio ezagunaren sarrera, garai hartan zegoen eguraldi gorriaren lagin esanguratsua.
Epaiketa 1970eko abenduaren 3tik 9ra egin zen, baina fiskala hilabeteak zeramatzan azpilanean. Meliton Manzanas komisario torturatzailearen hilketaz gain, beste hainbat eraso eta lapurreta egozten zieten ETAko kideei, eta prozesu sumarisimo batean bildu zituzten denak, eskarmentua eman nahian. Errepresio katea 1968an estutu zela esan genezake, guardia zibilek Tolosako Bentaundin Txabi Etxaberrieta hil zutenean. Ondoren etorri ziren Manzanasen hilketa, eta Bilboko Artekaleko eta Kantabriako Mogrovejoko sarekadak, ETAko buruzagien kontra. Salbuespen egoerek hauspotuta, 1969an bakarrik 1.953 lagun atxilotu zituen poliziak Hego Euskal Herrian; horietako asko torturatuak izan ziren.
Burgosko Prozesuaren harira Aranzadik egunotan Donostian, EHUko Gipuzkoako Campusean paratutako erakusketara sartzerakoan, audio historikoa entzun dezakegu, Mario Onaindiaren ahots urratuak “Gora Euskadi Askatuta!” oihukatu eta auzipetuek Eusko Gudariak kantatzen dutelarik, koronelaren sablearen aurrean. Borroka antifrankistaren momentu esanguratsuenetako bat izan zen. Baina erakusketan aurrerago eginez, egur konglomeratuzko mahai zabar batean ikus ditzakegun borrak eta aliketek ondo islatzen dute borroka horrek epikotik baino gehiago izan zuela sufrimendutik.
Paulo VI.a Aita Santuak ez zituen auzipetuen senideak hartu, baina dossierreko torturen salaketa publikoak balio izan zuen frankismoa mundu osoan biluzik uzteko
Torturaren inguruan egun kontzientzia gehiago dugun harren, harrigarria da 1970eko gertaeren kontakizuna egiterakoan toki zabalagoa ez izatea. Duela mende erdi, ordea, auzipetuek polizia-etxean jasandako praktikak nabarmendu zituzten defentsako abokatuek, erregimen frankistaren ankerkeria agerian uzteko. Hain zuzen, epaiketa baino aste batzuk lehenago Vatikanora bidaiatu zuten senideek ere, tortura horien berri eman nahi izan zioten Paulo VI.a Aita Santuari dossier baten bidez.
Eraso eginez defenditu
Autoinkulpazioak torturen bidez lortu zirela salatu zuten senideek. Baina ez zen lehen aldia, noski, poliziak halako metodoak erabiltzen zituela, ezta azkena izango ere –Kriminologiaren Euskal Institutuak 1960 eta 2014 artean 4.113 tortura kasu jaso ditu, Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak eginak–.
1968ko abuztuaren 16an, Manzanas hil eta gutxira, gerraosteko Bandidajea eta Terrorismoa Erreprimitzeko Legea berriz promulgatu zuen Francoren gobernuak. Horren ondotik, ETArekin loturiko auziak Gerra Kontseiluetan epaitzen hasi ziren, lege-militar “sinple eta irmo” baten pean, Burgosko auzipetuen defentsako abokatu izan ziren Miguel Castells, Pedro Ibarra eta Francisco Letamendiak urteurrenaren kari plazaratu duten idatzian diotenez: “Erregimenaren aurkako edozein kritika eta oposizio mota kondenatzen zen”. Baina kontrara, estrategia garbi baten bidez –“akusatuak justizia-aretoan defendatzen dira eraso eginez”–, epaituek lortu zuten frankismoa bera izatea epaitua, bere zapalkuntza mundu osoaren bistan utziz.
Berriki hil den Gisèle Halimi kazetariak zuzenean jarraitu zuen epaiketa eta Le procès de Burgos (Burgoseko prozesua) liburuan argitaratu zuen, maisuki, bertan entzundakoa, tartean auzipetuen torturak: “Operazio mahaia deitzen zuten horretan jarri ninduten. Eskuetatik eta hanketatik heldu zidaten, ahoa paperekin itxi, eta akitu arte jo ninduten, batez ere bularretan eta zangoetan”, deklaratu zion epaimahaiari Jone Dorronsorok.
Ez zen aurreneko aldia “hausturazko epaiketa” batean halakoak kontatzen zirena. Bi urte lehenago, 1968an, Lazkaoko alkate frankistaren etxeari su ematea egotzita, Donostiako Loiolan epaituriko hainbat akusatu ere saiatu ziren euren testigantza ematen; haien abokatu Castellsek hedabide honi azaldu zion gertaturikoa (Larrun, 82 zk.): “Manifestaldi gogorrak izan ziren, eta horietako bat kuartelen barruraino sartu zen. Gerra kontseilu hartan lehenbiziko aldiz torturak salatu ziren. Presoari galdetzen genion berak torturak salatzeko moduan, epaile militarrak hitza kentzen zion, guk protesta egiten genuen...”.
Geroztik gerra kontseiluak Euskal Herritik kanpora eraman zituzten. Orduan, zergatik izan zuen garrantzia berezia 1970eko abenduan Burgosen egindakoak? Besteak beste, mobilizazioen eta prentsaren bidez nazioartean lorturiko oihartzunagatik.
Vatikanora bidaia
Donibane Lohitzune, 1970eko udazkena. Auzipetuen senide batzuk Juan Mari Arregi eta Telesforo Monzonekin elkartu dira, Aita Santuarekin egon nahi dutelako. Arregi erbesteraturik dago ETAko kide bati ihes egiten laguntzeagatik; lehenago egina dago beste bidaia bat Erromara, euskal apaizek Derioko seminarioan antolatutako itxialdia zela-eta: “Senideak Vatikanora joan ziren justizia eskatzera, ez errukia, Paulo VI.ak nahi zuen bezala”, dio orduan apaiz eta egun kazetari eta ARGIAko kolaboratzaile denak.
Aste batzuk geroago, azaroaren 10ean, hainbat bitartekarirekin egindako lanari esker –tartean Jose María Díez Alegría jesuita eta Rafael Alberti poeta–, auzipetuen ama-arrebek Vatikanoko Estatu Idazkaritzaren ateraino iristea lortzen dute, Arregik lagunduta. Ez harago. Gutun bat helaraziko diote Aita Santuari, Giovanni Benelli monsinorearen bidez, orduko Estatu Idazkaria: “Eliza kargu egitea nahi dugu. (…) Gure seme-alabak heriotzara zigortuak izateko arriskuan dira, eta balizko sententzia horrentzako frogak torturapean lorturiko deklarazioetan oinarritzen dira”, dio testu mekanografiatuak.
Horrekin batera, Arregik egindako dossier oso bat ere badute beretzat, Juan Mari Bandres eta Jose Antonio Etxebarrieta abokatuek –azken hau Txabi Etxabarrietaren anaia– igorritako informazioarekin eta auzipetuen sinadura daraman deklarazioekin, jasandako torturak azalduz, lehenagotik Xabier Zumalde El Cabra-k egindako torturen marrazki famatuez osatuta.
Paulo VI.ak dokumentazioa jaso bai, baina ez ditu senideak hartuko, dirudienez Espainiako enbaxadak presionatuta. Trukean arrosario batzuk eskaintzen dizkie Erromara joandakoei; hauek, jakina, ez dute oparia onartuko. Justizia, ez errukia.
Francoren esku ere bai
Arrosarioen ateraldia azkar zabaldu zen nazioarteko hedabideetan, baita senideen bidaiaren motiboak eta torturen salaketak ere, batez ere Italiakoetan: “Epaituak izan behar diren euskal preso guztiak torturatuak izan dira”, zioen Paese Sera egunkariak; “Operazio mahaia: torturen bidez lorturiko deklarazioak”, L’Unità kazeta komunistak… Vatikanoko prentsa arduradunak Paulo VI.aren postura justifikatu behar izan zuen, esanez Euskal Herriaren “egoera politikoaz” iritzi eske joan zitzaizkiela.
Baina, hala ere, torturak frogatzen zituen paper horiek bide luzeagoa egin zuten. “Paulo VI.ak goizean atea itxi zigun, aldiz, arratsaldean Aita Santu beltzak, Pedro Arrupe jesuiten nagusiak hartu gintuen –azaldu digu Arregik–. Hitz eman zigun dossierra pertsonalki jarriko zuela Franco diktadorearen eskuetan. Eta badakit Burgosko epaiketa baino egun batzuk lehenago Madrilera joan eta bere promesa bete zuela”.
Non dago txostena?
Torturak azaltzen zituen dokumentu historikoaren lorratza galdu egin da, erbestetik itzultzean Arregik jasandako espetxealdiak badu zerikusirik horrekin. Baliteke, nazioarteko komunitateak frankismoa epaitzeko erabilitako froga baliotsua, jesuiten Erromako etxe nagusian egotea, baina Arruperen funtsa itxita dago momentuz. Eusko Jaurlaritzaren agirietan ere ez da ageri nonbait, Leizaola lehendakariak Erroman zuen delegatuak –Angel Ojangurenek– kopia bat jaso zuen arren.
Azkenean, Lazkaoko beneditarren artxibo oparoan topatu ditugu 1970ean Vatikanora egindako bidaiaren paperak: Aita Santuari idatzitako gutunak, Arregik prentsarako prestaturiko txostenak… baina Burgosekoek jasandako torturen inguruko orrialdeak falta dira. Badago beste dossier bat, El Cabra-ren marrazki ezagunekin –urte luzez tortura irudikatzeko erabili izan zirenak, 1976an Zeruko ARGIAk Anparo Arangoaren gorputz ubelduaren argazkiak publikatu zituen arte– eta 1969an atxilotutako hainbaten testigantzekin osatua; aitzitik, oraindik “inkomunikaturik” zeudenenak falta direla dio amaierako ohar labur batek.
Nolanahi dela ere, torturen salaketa publikoak balio izan zuen frankismoa mundu osoan biluzik uzteko. Burgosko Prozesuaren harira sorturiko protesten ondorioz, Francoren erregimenak atzera egin zuen lehen aldiz –Opus Deik kontrolaturiko gobernuko “teknokraten” eta militarrek osaturiko “bunkerraren” arteko lehia azalekotik harago–. 1970eko abenduaren 28an sententziaren berri eman zen: bederatzi heriotza zigor eta 519 urteko kartzela auzipetuentzat, fiskalak eskaturikoa baino gehiago. Bi egun geroago, Tomás García Rebull Burgosko kapitain orokorrak kondenak baieztatu zituen, baina hortik ordu gutxitara Ministroen Kontseiluaren eskariz Francok heriotza zigorrak kommutatzea erabaki zuen: “Patriotismo handiz, epaitzen dut”, esan zuen diktadoreak, denek jakin arren epaitua bera izan zela.
Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena
Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak dokumentazioa aurkeztu du, eskultura frankista dela frogatzeko. Eskulturaren jatorriaren inguruko eztabaida ireki nahi dute hirian, eta udal gobernuari zenbait eskaera egin dizkiote.
Espainiako sei pertsonaren gorpuak identifikatu dituzte. Urduñako desobiratze lanak 2024ko abenduak amaitu ziren eta guztira 93 pertsonaren gorputzak berreskuratu zituzten. Aurkikuntza berriekin, hamazazpi pertsona dira jada identifikatu dituztenak.
Salvador Puig Antich frankismoaren kontrako militantea izan zen. Askapen Mugimendu Iberikoko kidea, 1973ko irailaren 25ean atxilotu zuten. Gerra-kontseilua egin zioten, eta garrotez exekutatu zuten handik sei hilabetera, 1974ko martxoaren 2an. Aurtengo otsailean baliogabetu du... [+]
Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat da, espresio artistiko ugariren bidez ondua.
Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.
Bilbo, 1954. Hiriko Alfer eta Gaizkileen Auzitegia homosexualen aurka jazartzen hasi zen, erregimen frankistak izen bereko legea (Ley de Vagos y Maleantes, 1933) espresuki horretarako egokitu ondoren. Frankismoak homosexualen aurka egiten zuen lehenago ere, eta 1970ean legea... [+]
Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak aintzat hartu nahi ditu Hego Euskal Herrian jaio eta bizi ziren, eta 1940tik 1945era Bigarren Mundu Gerra zela eta deportazioa pairatu zuten herritarrak. Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria, 1945ean naziek... [+]
Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]
Plataformak ostegunerako Iruñeko udaletxe plazan elkarretaratzea deitu du 18:30erako, hiru alderdiek eraikinarekin izandako jarrera salatu eta eraistearen aldeko hautuan berresteko.
Hamarkada askotako eskaeraren ostean, Parisko Marceau etorbidearen 11. zenbakian dagoen jauregi historikoa EAJren esku geratu da azkenean. Jeltzaleentzat, balio monetariotik harago, balio sinboliko itzela du eraikin horrek, erbestearekin eta faxismoaren kontrako borrokarekin... [+]
Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.
Elkarte memorialisten ustetan, Rozalejoko Markesaren Jauregia, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatuko litzatekeen tokia, "omenaldi, oroimen eta oroimenerako lokal bat" izan daiteke, eta Maravillas Lamberto izena eraman. Manifestariek adierazi dute ez dela nahikoa... [+]
Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.
Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]