"CAFen aitortza morala eskatzen dugu, aitagatik eta etorriko diren amiantoaren biktima guztiengatik"

  • Aita, Celestino Tolosa, 2008an hil zitzaion amiantoarekin lan egiteagatik, urte batzuk geroago bere birika izoztuetan aurkituriko asbestoak erakutsi duenez. Azken bi urteetan borroka luzea eraman du Otsanda Tolosak auzitegietan, amarekin batera, CAFen erantzukizuna frogatu nahian. Duela hilabete epaileak arrazoi eman die azkenean, baina CAFeko abokatuek helegitea jarri diote sententziari. ARGIArekin sakon eta garbi hitz egin du: “Aurpegia eman eta egindako mina aitortzea besterik ez dugu nahi”. Barkamen eskaera hori entzun gabe hil da, ordea, Kontxi Urbieta ama.

“Aitak CAFeko medikuei esan zien zerbait tragatzen ari zirela, baina estali egin zuten” (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)
“Aitak CAFeko medikuei esan zien zerbait tragatzen ari zirela, baina estali egin zuten” (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Aitak Irungo CAFen egiten zuen lan. Nola gogoratzen duzu?

Nire gurasoak Alegian jaio ziren, elkarrekin hasi zirenean aitak 28 urte zituen eta amak 18 baino ez. Aita hainbat enpresatan ibili zen eta oso sartuta zegoen orduko borroka sindikaletan. Ama ere lanean hasi berria zen. Baina borroka horien ondorioz bailarako lantegietan betoa jarri zieten eta azkenean Irunera etorri ziren bizitzera, 1973an. Aitaren lehen kontratua CAFekin 1974koa da. Enpresari oso lotuta bizi izan gara egunerokoan, sozialki ere bai, Gabonetako opariak horko jostailu azokan erosten genituen eta guzti! Konpromiso eta inplikazio handia izan zuen aitak CAFekin, enpresa batzordean sartuta, beti sindikalismoan...

1982an, tarte batez Beasaingo lantegian hasi zen, Alegiatik gertuago, baina ordurako jadanik hasita zegoen sukar eta ezinegonekin, eta lan mota oso fisikoa zenez, berriz eskatu zuen Irunera itzultzea. Hemen jarraitu zuen 1999an laneko ezintasuna eman zioten arte.

Gaixotzen hasi zela esan duzu, hasiera batean zer esan zioten?

Hasieran ez zuen diagnostikorik. Enpresako medikuaren lehen txostenetan jartzen du “jatorri ezezaguneko sukar-sintomak” zirela. Aurrerago pneumoniekin hasi zen eta 1990ean, azterketa bat egin ondoren, Biriketako Gaixotasun Butxatzaile Kronikoa (BGBK) diagnostikatu zioten. CAFen amiantoari loturiko kasuak gerora atera dira, orduan ez genuen horren kontzientziarik.

Biktima gehienek diote oso gaitz gogorra eta luzea dela. Zure aitarena ere horrela izan zen?

Sukar agerraldiak oso maiz izaten zituen eta arnasa hartzeko zailtasuna ekartzen zion horrek. Egunak eta egunak pasatzen zituen ohetik atera gabe; gehienetan ospitalean  amaitzen zuen. Azken boladetan etxean geratzen zen oxigenoarekin eta beste tratamendu mota batzuekin. Gogoan dut behin Txingudi ikastolan nengoela gertatutakoa, 12-13 urte izango nituen. Atletismoa egiten nuen eta urtero Arcachonera joaten ginen kros lasterketa batera, asteburu pasa. Igandean guraso guztiak etorri behar ziren autobusez, Irundik, gu ikustera. Baina aita ez zen autobus hartatik jaitsi, ohean geratu behar izan zuen. Ez dut inoiz ahaztuko.

"Bagoiak soldatzen zituenean hauts bat ateratzen zela zioen, eguzkitan ikusten zen hauts hori. Enpresako medikuari esaten zion:
‘Zerbait ari gara tragatzen eta ez duzue kontutan hartzen'”

Sarritan gaixoan jartzen dugu arreta, baina ingurukoengan ere eragin nabarmena izan du amiantoak.

Amari erabat baldintzatu zion bikotekide bizimodua, euren bizitza asko murriztu zen. Niri berriz, txikitatik heldutasun handia eman zidan aitaren ospitaleratzeak bizitzea. Familia Goierri aldean genuen eta Irunen ama eta biok bakarrik geunden: ospitaleko txandak egiten, medikuekin hitz egiten… bizitza erabat aldatzen dizu. Sufrimendu asko dago.

Ondoan norbait izatea garrantzitsua da ezta? Zure ama Kontxiren figuraz ari naiz.  

Aita hil zenean ama nuen ondoan, berak jarri zuen indar guztia. Orain, ama falta zaidala, oso desberdina da, asko nabaritu dut.  

Aitari birikak transplantatu zizkioten eta bereak zientziarako eman zituen. Zeren susmoa zuen?

2006an oso gaizki zegoen jadanik, 24 ordu behar zituen oxigenoterapiarekin. Orduan pneumologoek proposatzen digute azken aukera bat: birikak transplantatzeko hautagaien itxaron zerrendan sartzea. 62 urte ditu eta adinez mugan dago, baina balorazioa egin eta Santanderko Valdecilla ospitalean operatzen dute, urte horretako uztailean.

Berak beti esaten zuen sukarrek zerikusia zutela fabrikan zurrupatutako zerbaitekin. Soldatzailea zen eta Irungo plantan bagoiak konpontzen zituen. Bagoiak soldatzen zituenean hauts bat ateratzen zela zioen; tailerrak goialdean haizagailuak zituen eta eguzkiak ematen zuenean ikusten zuen hauts hori. Ez zuen esaten amiantoa zenik, ez dakit garai horretan ba ote zekiten amiantoarekin lanean ari zirenik ere. Enpresako medikuari esaten zion “zerbait ari gara tragatzen eta ez duzue kontutan hartzen”.

Medikuari abisatu zion orduan?

Bai, susmoa bazuen. Baina enpresako medikuek asko estaltzen zuten garai horretan. Gainera, aitari EPOC (BGBK) diagnostikatu zioten eta horrekin nahikoa zuten.

2008an hil ondoren, aitaren heriotza ulertzeko erantzun baten bila hasi zineten?

Hasieran ez. Ni bi haur txikirekin, ama lur jota… doluak asko irauten du. Ez genuen ezer egin bizpahiru urtean, ez geunden horretarako. Baina CAFen gero eta kasu gehiago hasten dira ateratzen amiantoarekin zerikusia izan dezaketenak. Auzoan jende asko hurbiltzen zitzaigun: “Ez duzue inoiz begiratu zuen kasua ere ote den?”, esaten ziguten. Orduan, aitaren sekzioko lankideak ere hiltzen hasi ziren, enkargatua bera, eta azkenean, ingurukoek hainbestetan esan ondoren, gauzak begiratzen hasteko indarra hartu nuen. Baina jadanik 2015 urte ingurua zen eta esperantza gutxi genuen ezer argitzeko, mediku-historian ez genuen ezer topatzen.

Santanderko ospitaletik e-posta bidezko mezua jasotzen duzun arte.  

Webgunean ikusi nuen pneumologiako ekipoan nire aita tratatu zuten medikuak zeudela oraindik. Denei bidali nien mezu bera eta haietako batek erantzun zidan esanez uste zuela aitaren birikak laborategian zeudela. Harri eta zur geratu nintzen. Ez genekien, eta aitaren zati bat gure artean genuela sentitu nuen, hainbeste urte eta gero. Analisia egin eta ondorioztatu zuten birikak amiantoz josita zeudela, ez zegoela inongo zalantzarik.

“Aitaren lankideak ere hiltzen hasi zirenean hartu nuen indarra amiantoa ote zen jakiteko” (arg.: Dani Blanco / ARGIA)

Birika izoztu horiek krimen baten froga direla dirudi. Zer sentitu zenuten heriotzaren atzean amiantoa zegoela baieztatzean?

Poza sentitu genuen, aitak arrazoi zuela erakutsi genezakeelako, argi izpi moduko bat zen. Pentsatu genuen, “orain bai, has dezakegu guda hau”.

Auzitegietako guda, biktima gehienek igaro behar izaten duten gurutze-bidea, bi aldiz biktima izateraino.

Lehenik aitak bizi izan zuena, eta gero, nahiz eta bera ez egon, guk jasan behar izan duguna enpresak hartutako jarreragatik. Izugarria da. Ezin da azaldu zein sentimendu dauden, nolako mina emateko gai diren. Epaiketetan aita errudun egitera jo dute, gaixotasuna berak sortu izan balu bezala; txostenen batean agertzen da “erretzaile-ohia” zela, eta horri heldu diote, nahiz eta urte asko izan utzi zuela. Epaiketak oso gogorrak izan dira, euren burua errugabetzeko eraso egin dute.

Beste kasu batzuetan bezala, salatzailea bihurtzen da epaitua.

Lehenengo epaiketa 2018ko maiatzean izan zen. Hasieran beste aldarte batekin zaude: entzuten nuen zer leporatzen zioten aitari eta pentsatzen nuen, “baina hauek zer?”.  Denbora pasa ahala, ordea, indarra gutxitzen joaten da. Beraien estrategia da. Hasieran Donostiako auzitegiak ez zuen gure froga onartu, baina helegitea jarri genuen eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zigun. Orduan, CAFek  azken momentuan Madrilera jo zuen, eta han Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen aita amiantoagatik hil zela, laneko gaixotasun batengatik.

"Epaiketetan aita errudun egitera jo dute, gaixotasuna berak sortu izan balu bezala”

Azken pausoa izan da erakustea CAFek ez zuela langilea babestu eta indemnizazioa eskatzu duzue. Irailaren 4an izan zen epaiketa, zer gertatu zen egun horretan?

Egun horretan Donostiako epaitegi kanpoaldean elkarretaratzea egiten da, jende eta ezagun pila batekin, Asviamie elkartekoak, CAFeko langileak… oso babestuta sentitu izan gara beti. Covid-19aren kontuagatik abokatu eta testiguarekin soilik sartu gaitezke barrura. Amak ezin du etxetik atera, alboko esklerosi amiotrofikoaren (AEA) ondorioz fisikoki gaizki dagoelako. Baina buruz oso kontziente dago, eta hitza galduta duen arren, zeinuen eta komunikazio alternatibo baten bidez ulertzen dugu elkar; adi egoteko esaten diot, edozertarako deituko diodala.

Sartzen gara barrura eta gure abokatuari CAFekoek mugikorrera deitzen diote, 4. solairura igotzeko, badirudi negoziatu nahi dutela. Ni bakarrik geratzen naiz pasilloan. Hortik denbora batera abokatuak azaltzen dit: “Oraintxe erabaki behar duzu diru hau hartu ala ez. Baietz erabakiz gero, hurrengo egunean zure kontu korrontean izango duzu, baina baldintza da komunikabideetan ezin duzula hitz egin, ezin duzula ezer aipatu”. Nik garbi dut zer egin, baina amari deitzen diot, bera gabe ezingo nuke hartu erabaki hori. Ezetz erantzuten dugu, ez dagoela negoziatzerik, gu ez gaituztela isilduko. Hau guztia ez genuen hasi diruagatik, gure borroka beste bat da: CAFek benetan errekonozitzea eragindako kaltea, ez aitagatik bakarrik, atzetik etorriko diren beste guztiengatik ere bai. Orduan, enpresako abokatuek azken proposamen bat egiten digute: %10 gehiago eskaintzen digute.

Ez zuten ezer ulertu?

Epaiketan berriz saiatu ziren aita errudun jotzen erretzailea izan zelako. Epaileak esan zuen bazegoela sententzia irmo bat lehenagotik horren inguruan, eta galdetu zien ea zer zen nahi zutena: indemnizazioa %50 jaistea eskatu zuten. Baina epaia gure aldekoa izan da eta dagokigunaren %100 kobratu behar dugula dio. Hori da orain CAFek errekurritu duena.

Lehen aipatu duzu ez dela diru kontua, baina zertan lagundu dezake zigor ekonomiko batek?

Hasi ginenean, guretzat garrantzitsuena zen demostratzea aita amiantoarekin kutsatu eta horregatik gaixotu zela. Gero, behin argi pixka bat lortuta, bide hori beste biktimei ere zabalik utzi nahi diezu: enpresak egindako mina aitortzea eta aurpegia ematea, esatea “asko sentitzen dugu gertatu dena”, ez dugu besterik eskatzen. Ekonomikoa? Hori balore huts bat da, 10 edo 20 izan, horrek ez du inporta, aitortza morala da guretzat inportanteena. Baina CAFen baloreen artean dirudienez momentuz ez da halakorik sartzen. Epaileak esaten duena esanda ere, CAF enpresa erreferentea da Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak jasotzen ditu, nazioartean indar handia dauka eta Euskadiren izena eramaten du hemendik kanpora. Horregatik, balore batzuen pean egon behar lukeela iruditzen zait, baina aldiz, erakusten ari da zein zikin jokatzen duen. Niri arraroa egiten zait, adibidez, momentu honetan errekurtsoa jartzea, aitaren kasua hain argia izanik… zer itxura ematen duen ezta? Amorrua ematen du, zikloa itxi eta barkatu egin nahi dituzulako.

"Amarentzat oso inportantea zen epaia, bizitza lasai amaitzeko, hortik hamar egunera hil da. Baina beti zioen barkamena eskatu beharko luketela”

Horretarako lehenik barkamena eskatu beharko dute… zure ama hori entzun gabe hil da.

Beretzat oso inportantea zen epaia, bizitza lasai amaitzeko, hortik hamar egunera hil zen. Sinetsi nahi nuke deskantsu bat hartu zuela, epaile batek arrazoia eman diola jakinda. Hala ere, bere diskurtsoan beti zioen barkamena eskatu beharko luketela, baina ez zuen halakorik entzun, hil baino lehen CAFen errekurtsoaren berri izan zuen.

Zuen kasua nahiko ezaguna izan da, zer aurreikusten duzu hemendik aurrera?

Gogorra izan da bide judiziala, baina gauza onekin geratzen naiz. Aitari argitasuna ematea lortu dugu, bere kasua erreferente bat da beste biktimentzat, eta elkartasun handia jaso dugu. Hemendik aurrera zer? Errekurtsoarekin gertatzen denaren zain. Nekatuta nago eta ixteko gogoarekin. Aita duela 12 urte hil zen eta dolua amaitzeko garaia iritsi da. Noski, beti egongo naiz prest inork laguntza behar badu, baina beste toki batetik, deskantsua behar dugu, ea uzten diguten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


Amurrio, Okondo, Urduña eta Orozkoko Udalek ez dute parte hartuko Laudiok deitutako bileran Osakidetzaren egoera lantzeko, "desleialtasuna" leporatuta

EAJk eskualdean gobernatzen dituen tokiko erakunde guztiek iragarri dute ez dutela parte hartuko Laudioko Udalak deitutako bileran. Guztiek egotzi diote EH Bildu eta Omniako udal gobernu taldeari erakunde desleialtasuna erakustea, hedabideetan horren berri emateagatik, euren... [+]


Osakidetzaren pribatizazioaren aurkako manifestazio jendetsuak Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Milaka pertsona elkartu dira larunbat honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburu bakoitzean,“osasun publikoaren narriadura, desegitea eta pribatizazioa” salatzeko. Osakidetzako aurrekontuaren %25 Lehen Mailako Arretara bideratzea eskatu dute.


Eguneraketa berriak daude