"Uste dut itzulpengintza desagertu, eta zuzentzaile bilakatuko garela"

  • Musika esparruan da ezaguna bereziki Nahia Zubeldia Arozena ziburutarra (1982, Donibane Lohizune). Unama eta Lumi musika taldeetako kide eta sortzaileak, ordea, itzulpengintza du lan esparru. Kezkaz begiratzen dio etorkizunari, itzultzaile automatikoen garapen azkarra dela eta. Argi du ordea bere bidea zein den: sentimenduarekin eta sentsibilitatearekin soilik egin daitekeen itzulpen esparruan kokatzen du bere burua, makinek –momentuz  behintzat– ez baitute pertsonok soilik bermatu dezakegun balio erantsi hori.

"Bada beste atal literarioago bat antzerkigintzan, liburugintzan, eta horiek pertsonen sentsibilitatea behar dute itzulpena ona izan dadin, beraz horretan murgilduko naiz" (Argazkia: Irantzu Pastor)

Itzultzailea zara, ogibidez ala afizioz?

Ofizioz naiz itzultzailea. Hala ere, ohartzen naiz lanetik kanpo ere beti nabilela, oharkabean bada ere, ikusten ditudan afixetan, oharretan, azpitituluetan… itzulpena ongi egina ote dagoen so. Bai, ofizioz naiz itzultzaile, baina maite dut egiazki egiten dudana.

Nolatan murgildu zinen itzulpengintzan?

Hasiera batean ortofonista (logopeda) izateko asmoa nuen. Hizkuntza zientziak ikasi nituen Bordelen. Asko gozatu nuen hango ikasle bizitzaz, eta egia esan, aski lan gutxi egin nuen. Baina hasitakoa amaitu eta lizentzia lortu nuen. Ortofonista konkurtsoa, aldiz, ez. Bat-batean entzun nuen itzulpengintza fakultatea zabaldu zutela Gasteizen, eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Ordurarte ikasitakoaren hainbat irakasgai baliokidetu zizkidaten. Berehala ohartu nintzen hautu ona egin nuela. Oso interesgarria iruditu zitzaidan. Zinez nik nahi nuen lanbide horretan aritzeko, ahalik eta onena izateko, aplikatu nintzen. Oso oroitzapen onak ditut.

Ikasle garaiko oroitzapen onak, gustuko lana… baina etorkizuna?

Egia esan ez dakit nondik joko duen itzulpengintzak. Itzultzaile automatikoak asko hobetzen ari dira. Egunetik egunera eskaintzen dituzte aurrerapenak. Zorionez, oraindik badute bidea egiteko, euskara pittin bat korapilatsua zaie, beraz badugu margen pittin bat. Aitortu behar dut mesfidantzaz begiratzen diodala egoerari. Aurrerapen teknologikoak jauzika egiten dira, dena biziki fite doa. Uste dut bururaino heltzen direnean, egungo itzultzaile lana desagertu eta zuzentzaile bilakatuko garela. Makinek itzulitakoa zuzentzea izanen da gure lana, azkenean; eta nik hori ez dut batere maite. Ez dut inolako asmorik lan administratiboak soilik zuzentzeko edota bilkuren bilduma hutsak egiteko. Bada beste atal literarioago bat antzerkigintzan, liburugintzan, eta horiek pertsonen sentsibilitatea behar dute itzulpena ona izan dadin, beraz horretan murgilduko naiz. Eta agian garatuko dira halako egitekoak, euskara zabal dadin, eta guk lana izan dezagun.

Argazkia: Irantzu Pastor

Itzulpen lana, ordea, ez da guztiz sistematikoa administrazioan ere, ezta?

Kontua da egungo hainbat eta hainbat itzultzaile automatikok ez dutela itzulpena matematikoki egiten. Lehen hala egiten zuten, hitz bat beti erdal hitz batekin lotzen zuten. Orduan, itzultzaileok interpretazioaren balio erantsia genuen gure alde. Egun, aldiz, memoria eta datu baseekin aitzineko itzulpenen sentsibilitatea ere hartzen dute. Ikusten dute hori nola egina izan den eta itzulpen hobea egiteko baliatzen dute. Sentsibilitatea dutela dirudi. Umorea eta guzti, batzuetan!

Etorkizunak izitzen nau, egia da, baina aldi berean betikoa pentsatzen dut: euskarak olatu hori atxiki behar du. Erdararen parera heldu behar du, bestela badakigu zein ondorio dituen gibelean gelditzeak. Nire etorkizun oparorako, hatzak gurutzatuko ditut eta espero dut literaturaren arloan ez zaidala lanik faltako. Sentsibilitatearekin itzultzea da gehien maite dudana, dibertigarriena da niretzat, beraz gustura arituko naiz.

Itzulpengintza automatikoak jada esparru zati bat jan duela jakinik, zein gisatako lanak egiten dituzu egun?

Une hauetan, denetarik. Batetik, gehiegi maite ez dudan lan automatiko bat, Ipar Euskal Herriko enpresa etxeen diagnostiko bat; bestetik, Euskal Kultur Elkarteak abian jarri duen Eleketan erakusketaren harira, euskalki ezberdinetan eginiko elkarrizketen transkripzioa egin dut, hitzei azpi-tituluak jarri eta azkenik frantsesera itzuliz. Hau biziki interesgarria iruditu zait. Patxi Zubizarretaren nobela baten zati bat ere frantsesera itzultzen ari naiz. Lanik ez zait falta momentuz eta oso gauza interesgarriak egitea lortzen dut, zenbait lan aspergarrirekin batera.

Euskal elkargoaren sorrerak eta bertan euskara hizkuntza “ofiziala” izendatu izanak, izan al du eraginik itzulpengintzan?

Sorrerak bere horretan ez hainbeste, dagoeneko hainbat gauza egiten zirelako. 2005. urtean hasi nintzen eta garaian militanteek egiten zuten itzulpen lana. Orain, aldiz, geroz eta gehiago egiten da profesionalekin. Baina oraindik ere, ez beti. “Denek ulertzen dute frantsesez; beraz, ez du merezi”, pentsatzen da usu. Bada egitekoa oraindik, baina egia da gauzak aldatu direla hemen ere, eta militanteen lan bolondresa izandakoa profesionalizatzen ari dela.

Ipar Euskal Herrian, euskaraz dakienak frantsesez ere badaki, salbuespenak salbuespen. Eta hor non gelditzen dira euskaldunon hizkuntza eskubideak?

Euskal talde edo eragile batek antolatzen badu mintzaldi, solasaldi edota eztabaida bat erdal hiztunekin, bistan da, nire ustez behintzat, itzulpena eskaini behar duela euskarara. Euskarari merezi duen lekua eskaini behar zaio. Zuzeneko bertsioa jaso nahiago duenak hori jaso dezake, baina beti ere nahiago baldin badu, ez modu inposatuan. 

Ez naiz automata izanen
Itzulpengintza interpretazioa ere badela defendatzen du, eta beharrik! Argi du ez dela izanen itzultzaile automata, sistematikoa. Bere ibilbidea ezagutzen duenak, badaki hori hala izatea ezinezkoa dela. Sorkuntza eta kulturgintza mundutik heldu baita Nahia Zubeldia Arozena. Bere itzultzaile lana entzun edota irakurtzeaz gain, epe laburrean bere poemak ere irakurri zein entzun ahal izanen ditugu. Euskal Kultur Erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak hamargarren urtez antolatu duten euskal idazle egonaldia irabazi baitu. “Gitarra eramanen dut, beldurra ematen baitit bestela. Poema zenbait musikatu nahi nuke, ondoren Lumi taldearekin disko bat ateratzeko”, azaldu digu. Beha izanen gara.

 


ASTEKARIA
2020ko azaroaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Itzulpengintza
Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
"Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut"

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Amaia Gabantxo
"Kultur biolentzia da euskal literatura gaztelaniazko bertsiotik itzultzea ingelesera"

Idazle, itzultzaile eta kantari da, euskarazko literatura ingelesera itzultzen espezializatua, eta aitzindari ere bai lantegi horretan. Hainbat sari eta merezimendu jasotakoa, Miren Agur Meabe idazlearen Hezurren erretura ingelesera itzuli, eta Etxepare saria jaso du oraindik... [+]


Elhuyarren itzultzaile neuronalak ahotsa du orain

Aukera ematen du itzulpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz entzuteko. Bestalde, itzultzaile neuronala Telegramen integratu du Elhuyarrek, mezuak itzultzeko aukera ematen duena.


2023-10-13 | ARGIA
Urriaren 21ean egingo da Heptameronaren irakurketa Orbaizetan

Pandemiako 2020 itxialdian hasi ziren itzultzen Margarita Nafarroakoak idatzitako Heptamerona liburua. 2021etik urtero irakurraldi bate ere egiten dute Booktegik eta Nafarroako Ateneoak antolatuta.


Eguneraketa berriak daude