Fadi Hassan: palestinar sionistaren lorratzean

  • Euskadiko Komunitate Palestinarreko presidenteak Fadi Hassan du izena eta sare sozialetan dio sionista dela. Gazan jaioa da, Donostian bizi da eta urte gutxitan Palestinarekiko elkartasuna jorratzen duten eragile ugariren buruhauste bilakatu da Euskal Herrian. Gaur egun, Voxeko kidea ere bada. Pertsona honen ibilerei begira jarriko gara, nor den ikertzeko.

Fadi Hassan –Javier Ortega Smithean atzeran, alkondara zuriarekin– Voxeko ekitaldi batean, 2020ko ekainaren 21ean Donostian. (Juan Karlos Ruiz / Foku)
Fadi Hassan –Javier Ortega Smithean atzeran, alkondararekin eta mugikorra eskuan– Voxeko ekitaldi batean, 2020ko ekainaren 21ean Donostian. (Juan Karlos Ruiz / Foku)

"Putakumea zara eta jakin nahi nuke nor zaren eta zu non topatu. Sionista naiz eta harro nago, nondik atera duzu akosatzaile matxista eta biolentoarena! Burutik gaizki zaude gorri nazkagarria”.

Horixe da erreportaje hau inprentara bidali dugun unean Fadi Hassan palestinarrak bere Twitterreko kontuan argitaratuta daukan azken mezua. Palestinar sionista bat? Kontuan hartuz sionismoa lurralde palestinarrean estatu israeldarra eraikitzea defendatzen duen ideologia judua dela, nola da posible palestinar batek halakorik aldarrikatzea? Are ezohikoagoa da kasua, Fadi Hassan Euskadiko Komunitate Palestinarra elkarteko presidentea baita.

Pertsona honekin harremana izan duten dozena bat lagunen testigantzak bildu ditu ARGIAk ikerketa erreportaje honetan eta errespetatuko dugu haien izen-abizenak ez publikatzeko egin diguten eskaera. Jarraian irakurriko duzun erreportajea testigantza horietatik ateratako informazioan oinarritzen da. Fadi Hassan berarekin ere jarri gara harremanetan bere bertsioa kontatzeko aukera emanez, baina ez du parte hartu nahi izan.

Hasieratik katramilatsua

“Gazako pertsona bat Donostiara joan da bizitzera eta kontrakorik ez badiozu, zure telefonoa pasako diot”. Dei horrekin hasi da guztia 2015eko maiatzean. Espainiako Komunitate Palestinarreko presidente eta Palestinako Autoritateak garai hartan Madrilen duen enbaxadako aholkulari Marwan El Burinik jarri du harremanetan Fadi Hassan Euskal Herriko Biladi elkartearekin.

Palestinaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak sendotzeko lanean ari den irabazi asmorik gabeko elkartea da Biladi, 2003an sortua. Garai hartan, Bilbon du egoitza nagusia eta Donostian ordezkaritza ireki berria. Hassani kide gipuzkoarraren telefono zenbakia eman eta elkar ezagutzeko hitzordua jarri dute. 2015eko maiatzaren 19a da eta Boulevardeko Barandiaran kafetegian batuko dira. Ez da egunero iristen palestinar bat Euskal Herrira –hamabost ere ez dira guztira–, eta elkartearekin kolaboratzeko eskaintzea da plana. Harremana, baina, ez da oso ongi hasiko.

Palestinako politikari buruz mintzatu dira nagusiki, baina oso ikuspuntu ezberdinak dituzte. Bakearen aldeko diskurtsoarekin, Hassanek ez du begi onez ikusten palestinarrek Israeli erresistentzia egitea, egoera politikoa gatazkarik gabe konpon daitekeela defendatzen du, gerora publikoki hainbat lekutan egingo duen bezala. Biladiko kidea harrituta utzi du, ez zuen halakorik espero. Beste zenbait jarrera ere ez zaizkio gustatu, eta azken batean ez dio usain onik hartu pertsona horri. Gauza ez da hortan geratuko.

Hassanek arratsaldean berriro deituko dio eskaera bat egiteko: Palestinarekiko elkartasunarekin kolaboratzen duten Donostiako pertsona guztien kontaktuak nahi ditu. Besteak ezetz esango dio. Exigentzia tonoan eta modu errepikakorrean hasiko zaio idazten eta Biladiko kideak, azkenerako itota, blokeatu egingo du. Hurrengo egunetan, Biladiren Bilboko delegaziora hasiko da deika Hassan.

“Zer erru dute soldadu israeldarrek?”
Biladik Koldo Mitxelenan antolaturiko zineforumaren afixa.

Fadi Hassan ezagutu dutenean, Biladiko kideak buru-belarri dabiltza urteroko emakume palestinarren zinema zikloa prestatzen. Handik hiru astera izango da, ekainaren 16, 17 eta 18an. Pozik daude, egitarau txukuna osatu eta gonbidatu palestinarrak ekarri dituzte: zinema zuzendariak, poeta bat, idazle bat... Lehen bi egunak Donostiako Koldo Mitxelena aretoan antolatu dituzte, eta hirugarrena ondoko Kaxilda kafetegi eta liburu-dendan.

Zikloaren lehen egunean, goizean, Hassan deika hasi zaie berriro, Palestinaz aritzean ez dutela kontuan hartzen aurpegiratuz. Arratsaldean, beste jende ugari bezala agertuko da Koldo Mitxelenara. Israeldarren okupazioaren errealitatea gordintasunez erakusten duen My love awaits me by the sea filma ikusi ostean, ikusleei hitza ematean, Hassanek mikrofonoa eskuratu du.
Bere burua Gazako palestinar gisa aurkeztu du, duela 500 urte Espainiatik juduak kanporatu zituztela esanez hasi da, eta gogorarazi du sefardi hauei itzultzeko eskubidea aitortu diela [Mariano Rajoyren Espainiako] gobernuak. “Goiz edo berandu bere herrira itzultzeko eskubidea dauka mundu guztiak, eskubide hori ezin zaio inori kendu”, dio. Pelikulako eszena bati erreferentzia eginez, eta bere aurretik palestinarren identitateari buruz publikoko pertsona batek egin duen iruzkinari erantzunez, “zer erru dute militar israeldarrek?”, galdetu du. Berak bakean bizi nahi duela dio, haur zela lagun israeldarrak zituela, eta egun arazoa Israelgo eta Palestinako politikariak direla, biktima berriz, herria. Mahaitik, erdi harriturik geratu den zuzendari palestinarrak, eztabaidatzera sartu gabe, erantzun dio Palestina eta Israelen arteko gatazka politikoa berak egin azalpena baino konplikatuagoa dela, eta solasaldiarekin jarraitu dute.

Amaitutakoan etorri da lehen tentsio unea. Hizlari eta antolatzaileak kalera atera eta ondoko jatetxe batera afaltzera doazela, Errege Katolikoak kalean barrena atzetik irainka jazarriko ditu Hassanek, “erradikal nazkagarriak” eta gisakoak botaz. Jatetxean ere sartuko da, mahaiaren bueltan eseri diren gonbidatuak estu hartuz. Azkenean, zinema zuzendari palestinarra izango da zutik jarri eta Hassan tabernatik botako duena. Antolatzaileak kezkatzen hasiak dira.

Biladik Kaxildan antolaturiko solasaldiaren afixa.

Hurrengo egunean, berriro antzeko zerbait gertatzeko beldurrez, Biladiko kideek aurretik Donostiako Udaltzaingora deitu dute eta hauek erantzun diote Hassan dagoeneko ezaguna dutela, kontuz ibiltzeko, aurretik zenbait istilu izanak dituela. Lehen istilu handia, hirugarren egunean iritsiko da.

Gaur egungo Palestinako zine eta literaturaren ikuspegia. Gai hori hartuta dira aritzekoak Kaxildan Ula Tabari zinema zuzendaria eta Asmaa Azaizeh kazetari eta poeta palestinarra. Biladiko kideak urduri daude, ez dute nahi Hassanek ekitaldia oztopatzerik eta lokalaren jabeei azaldu diete pertsona horrekin zer gertatu zaien.

19:00ak dira, saioa hasteko ordua eta Hassan ez da etorri. Hasi egingo dira. Handik gutxira helduko da. Kaxildako arduradunek, atearen aurrean jarrita, ez diote sartzen utziko. Ez du ongi hartu. Irainka, bultzaka, oihuka hasiko da. Jira-buelta batzuren ostean, alde egin eta Ertzaintzarekin itzuliko da aurpegiratzeko diskriminatu egin dutela, bere ideologiagatik ez diotela sartzen utzi nahi. Salaketa jarriko die epaitegian Biladi elkarteari eta Kaxildari, eta hasiera batean 1.000 euro eskatu badizkie ere, amaierarako 10.000 euro eskatuko dizkie kalte-ordain gisa.

Biladi jazarpenaren begi-puntuan

Handik aste gutxira, 2015eko uztailaren 9an, Hassan Biladiren Bilboko egoitzan agertuko da. Epailearen aurrean eginiko kontakizuna berreskuratu dugu, Bizkaiko Lurralde Auzitegiko 90146/2017 ebazpenetik:

“13:45ean, salaketa jarri duen pertsona [Biladiko kidea] bulegoan zegoen txirrinak jo zuenean. Jaitsi zen eta kanpoan gizon bat aurkitu zuen beste mutil batek lagunduta. Salatzaileak aurretik Donostian berarekin arazoak izan zituenez, ez zion sartzen utzi. Fadi Hassan saiatu zen nola edo hala bulegora sartzen, nahiz eta salatzaileak joateko esan, Ertzaintza deituko zuela. Salatzailea azkenean ondoko taberna batean sartu zen 112ra deitzera, Hassan atezain automatikoa temati jotzen eta ateari ostikoka ari zen bitartean. Azkenean salatzailea zegoen tabernara joan zen, ukabilarekin etengabe jipoitu egingo zuela keinuka, jotzera iritsi gabe, marikoi zikina oihuka eta kalera ateratzeko esanez. Salatzaileak dio Hassanek bere aurkako jarrera hartu duela eta ez duela bakean uzten”.

Egun hartan ezer gehiago gertatu ez bada ere, telefonoz deitzen eta mezuak idazten jarraituko du Hassanek, pixkana irainetik mehatxura igarotzeko. Uztailaren 27an, Biladiko kide bati, familiarekin dagoela mugikorrera deituko dio zenbaki ezkutuarekin.

–Bai, nor da?
–Hilko zaituena naiz.

Nahikoa da. Agortu zaie pazientzia. Biladikoek ez daukate heriotz mehatxuak jasateko indarrik eta Hassanen aurkako salaketa jarriko dute epaitegian.

"Nor bidali diguzue?"

Biladiko kideek haserre deituko diote Madrilgo Palestinako enbaxadako Marwan El Buriniri, aurpegiratzeko ea zergatik bidali zieten gizon hori. Elkarteko kideak jazartzen eta taldearen lan-dinamika lehertzen ari dela aurpegiratuko diote. Honek adieraziko die ez zekitela halakoa zenik eta saiatuko direla gerarazten. Biladik pertsona horrekin izaten ari diren arazoen berri emango du Espainiako Estatu mailan Palestinarekin elkartasunez antolatuta dauden Rescoop eta Mewando sareetan. Giroa nahasten hasi da.

Hilabeteak eta urteak pasako dira, eta Hassanek berdin jarraituko du. Sententzietatik ateratako ondorengo informazioak erakusten du epaitegietara heldu diren zenbait liskar, loturetan PDFak ikusgai izenak aldatuta.

2015eko abenduaren 10ean zigortu egin zuten aurrez aipatu dugun Biladiko kide bati heriotz mehatxuak egiteagatik. Epaileak adierazi zuen guztiz sinesgarria zela salatzailearen lekukotza eta urruntze agindua jarri zioten. Errekurtsoa jarri zuen eta atzera bota zioten.

2016ko martxoaren 30ean maizter bizi zen Donostiako Alde Zaharreko etxeko jabearen alaba jo izana egotzita zigortu zuten. Emakumeak jarri zion salaketa, eta berak, kontrasalaketa, adieraziz emakumeak jo zuela bera eta ondoren bere burua zauritu zuela. Lesio arinak eragitea egotzita zigortu zuen epaiak Hassan. Errekurtsoa jarri zuen eta epaia aldatu ez bazen ere, bere egoera ekonomiko ahula argudiatuta, zigor ekonomikoa murriztu zioten.

2016ko azaroaren 14an Biladi eta Kaxildaren zineforumean sartzen ez uztegatik berak abiatutako epaiketa galdu zuen Donostiako epaitegian. Arrazoi ideologikoengatik diskriminatu egin zutela ez zela demostratuta geratu ebatzi zuen epaileak, Koldo Mitxelenan, adibidez, bere iritzia emateko aukera eman baitzioten. Errekurtsoa jarri zuen, baina atzera bota zioten.

2017ko urtarrilaren 27an Donostiako Miramar jauregian Palestinako okupazioaren aurka Israeli boikota sustatzen duten Espainiako Estatuko 150 ekintzaile bildu ziren Mundubat elkarteak eta Rescoop sareak antolatuta. Tartean zen Omar Barghouti BDS kanpainaren sortzaile eta koordinatzailea –gaur egun Israelek preso duena–. Bertan sartzen saiatu zen, baina ez zioten utzi. Bere jarrera oldarkorra salatuz, Ertzaintzari deitzen amaitu zuten antolatzaileek. Agenteak etorrita ere, beste 20 aldiz saiatu zela sartzen adierazi zuten hauek epaiketan, eta atxilotuta eraman zutela autoritateari desobedientzia egotzita. Jardunaldietara sartzen ari zirenei “putakumeak eta hiltzaileak” oihukatzen zien Hassanek bitartean. Ertzainei mehatxu egin zien, kalean ikusten bazuten kontuz ibil zitezela. 2018ko maiatzaren 4an zigortu zuten. Errekurtsoa jarri zuen eta epaia aldatu ez bazen ere, bere egoera ekonomikoa argudiatuta, zigor ekonomikoa jaitsi zioten.

BDS mugimenduak bultzatutako Palestinako Eskubideen Aldeko Ekimen Instituzionalak Sustatzeko Foroan sartzen saiatu zen Hassan, ez zioten utzi baina. Bertara zihoazenak iraintzen eta barnera sartzen saiatzen jarraitu zuenez, atxilotuta eraman zuen Ertzaintzak. (Argazkia: Mundubat)

Eta 2019ko uztailaren 3an, Kaxilda liburutegiak Palestinako futbol talde baten egunerokotasunari buruzko Markaz Tulkarem, el retorno del equipo refugiado fotokazetaritza liburua aurkeztu behar zuen egunean, Hassan Donostiako Gipuzkoa plazan zeukaten liburu azokako postura agertu zitzaien. Kaxildako kideek salatzen dute oldarkor, irainka eta bultzaka joan zela eta gainetik kentzeko bultza egin ziotenean, berari eraso egin ziotela esanez, haien aurkako salaketa jarri zuela. 2020ko azaroaren 30ean izango da epaiketa Donostiako auzitegian. Handik pasatzen ari zen eta iskanbila ikusita erdian sartu zen pertsona ere akusatuen aulkian eseriko du.

ARGIAk jakin duenez, abokatuen elkartean deserosotasunak sortzen ditu Fadi Hassanen izenak, are gehiago, epaiketa baten harira ofizioko abokatuari aurpegian ukabilkada jo zionetik. Elkarteko abokatuak iritsi dira planteatzera pertsona honek justizia unibertsalaren abusuzko erabilera egiten duela.

“Ez genuen ezagutzen”

Marwan el Burini Madrildik El Salvadorrera joan zen bizitzera duela hiru urte eta gaur egun Palestinako enbaxadorea da bertan. Bera da Euskal Herriko kontaktua eman ziona hasiera batean. ARGIA berarekin harremanetan jarri da jakiteko zer duen esateko. Ongi oroitzen du Hassan eta oraindik ere iristen zaizkio bere albisteak, sare sozialetan idatzi izan dituenak.

Madrilgo Palestinako enbaxadan ezagutu zuen, bertan egiten ziren ekitaldietara agertzen hasi zenean. Urtebete egin zuen Espainiako Estatuko hiriburuan, eta egun batean, Euskal Herrian enpresa handi batean lana aurkitu zuela eta ea han inor ezagutzen zuen galdetu zion.

Sei urte geroago, Burini erabat damututa dago kontaktua erraztu izanagatik. “Pertsona batekin hamar minutuko elkarrizketen bidez egon bazara, ezin duzu ezagutu”. Palestinako enbaxadara heltzen diren guztiei laguntzen saiatzen direla dio: hiri bateko eta besteko kontaktuak, lana aurkitzeko laguntzak, dirua ere utzi izan diote bati baino gehiagori. “Euskal Herriko kidearen kontaktua eman genion, berarekin konfiantza genuelako, aktiboak zirelako Palestinaren alde. Eta Hassan desagertu egin zen”.

Eragile sozialetatik kexuka hasi zitzaizkionean, pertsona hori ikertzen hasi eta harekin harremanetan jarri ziren. “Esan nion bakean uzteko Biladiko jendea, ez hurbiltzeko beraiengana, ez esateko inoren ordezkari zenik, ez zuelako inork aukeratu”. Irainka eta mehatxuka hasi zitzaion, whatsapp mezuak eta e-postak etengabe bidaltzen. “Blokeatu egin behar izan nuen. Ez zen normala egiten zuena”.

Madrilgo Palestinako Enbaxadak gutun ofiziala bidali zien eragileei Hassanek ez zuela inor ordezkatzen argitzeko

“Aurretik ez nekien, baina gero jakin genuen Madrilen alokairua ez zuela ordaintzen, borrokak izan zituela, Palestinaren aurka hitz egiten zuela, Gazako jendea atzeratua zela esaten zuela, Israelen laguna dela, Israel maite duela... eta hori Euskadiko Palestinar Komunitateko presidentea dela dioen bitartean. Salaketa asko izan du, leku batzuetara joan, kontsumitu eta ordaindu gabe ospa egiten zuelako, ekitaldietara joaten zelako eta zalaparta montatu, leku askotan ez zioten sartzen uzten, salaketa jarri zion bizilagunak...”, dio Burinik. Madrilgo Palestinako Enbaxadatik gutun ofizial bat bidali zuten udaletxeetara, GKEetara, aurrez aipatutako sareetara, esanez Hassanek ez zuela zerikusirik beraiekin, ez zuela inor ordezkatzen. Gaur egun ere, hori da Burinik garbien utzi nahi duen ideia. “Gogotik damutzen naiz Euskal Herriko jendearen kontaktua eman izanagatik, gaizki utzi gaitu pasa den leku guztietatik”, borobildu du.

El Burinik elkarteei bidalitako gutuna.
Inor ordezkatzen ez duen elkarteko presidentea

“Gaur gurekin hemen daukagu ez edozein palestinar, baizik eta Euskadiko Komunitate Palestinarreko presidente Fadi Hassan”. Hala aurkeztu dute Kataluniako 8TV telebistan.

Euskal Herrira iritsi eta urtebetera, 2016ko irailaren 16an, Hassanek Eusko Jaurlaritzaren elkarteen erregistroan Euskadiko Palestinar Komunitatea izeneko elkartea erregistratu zuen, beste bi pertsonarekin batera –Facebookeko orria martxoan sortua zuen izen berarekin, erreportaje honen berri izan ostean desgaitu egin du–. Behin elkartea sortuta, komunitateko presidente gisa mintzatuko da aukera duen leku guztietan.

2017ko maiatzean kokatuko gara. Bartzelonako Literal liburu azokara erresistentzia palestinarraren nazioarteko ikurretako bat den Leila Khaled gonbidatu dute hitzaldi bat ematera. Lobby israeldar-zalea asaldatuta dago eta kritika gogorrak zuzendu dizkiote Ada Colauren udalari eta ekintzaile palestinarra fermuki defendatu duen CUP alderdiari. Hitzaldia bertan behera uzteko eskatzen dute. Ez da hala gertatuko eta 2.000 lagunek leporaino beteko dute aretoa. Bertan da Hassan ere, eta gero aitortuko du hitza hartzeko asmoa zuela, nahiz eta azkenean ez hartu.

Leila Khaled Palestinako erresistentziaren nazioarteko ikurretako bat da.

Hitzaldiaren hurrengo egunean, telebistara eramango dituzte batetik, Bartzelonako Komunitate Juduko presidente eta Espainiako Komunitate Juduen Federazioko presidente Uriel Benguigui; eta bestetik, Fadi Hassan Euskadiko Komunitate Palestinarraren izenean. Funtsean biak ados daude eta Khaleden oso bestelako mezua emango dute. Lotura honetan ikus daiteke saioa.

“Palestinarra naiz eta Bartzelonako Udalari eskatzen diot barkamena eskatzeko Kataluniako eta Palestinako herritarrei. Khaleden diskurtsoak ez du ezta palestinarren %1a ere ordezkatzen”; “Gure sufrimenduarekin negozioa egiten dute Khaled bezalako terrorista palestinarrek, gatazka interesatzen zaie”; “Leila ikustera joan nintzen baina soilik bost minutu agoantatu nituen, alde egin nuen. Ez zegoen giro sanorik. 2.000 Leila zeuden bertan, fanatikoak. Giroa nazkagarria zen” eta “Uri-ren ondoan esertzea ohorea da niretzat”, gisakoak botako ditu Hassanek.

“Miragarria da. Benetako argia zara. Zer mina sentitzen dudan [agintariek] biolentziaren ahotsa hautatzen dutenean. Ekar zaitzatela zu. Hau da benetako esperantza”. Pilar Rahola kazetaria erabat hunkituko du Hassanek eta berari “buruzagi palestinarra” deitzera iritsiko da. Une gorena amaierarako utzi dute, Benguiguiren eta Hassanen arteko bostekoa kamerari begira, biak irribarretsu eta alkondara zuria soinean. Israel eta Palestina elkarri eskutik hartuta, gatazkatik urrun, berradiskidetzea posible da. Horratx bakea, telebistan zuzenean emitituta. Ez da Palestinako politikan aditua izan behar ulertzeko lobby israeldarrarentzat Hassanek bete dezakeen rola erresistentzia deslegitimatzen, eta horixe aurpegiratu dio batek baino gehiagok sare sozialetan. Hauetako bati emandako erantzuna da erreportajea irekitzeko aipatu dugun txioa, bera sionista dela eta harro dagoela dioena.

Espainiako Komunitate Juduen Federazioko presidente Uriel Benguigui eta Fadi Hassan telebistan elkarri bostekoa ematen. (Pilar Rahola / Twitter)

“Buruzagi palestinar” honek, nor ordezkatzen du baina? Elkarteari “komunitate” deitu arren, hiru pertsona behar dira legalki erregistratzeko: Presidentea, diruzaina eta idazkaria. Presidentea Fadi Hassan da. ARGIAk beste bi pertsonak aurkitu ditu, noizbait Euskal Herrira iritsitako palestinarrak. Ez bata, ez bestea ez daude ados Hassanek elkartearen –eta palestinarren komunitatearen– izenean darabilen diskurtso politikoarekin. Biek diote ez dutela sekula elkartearen erabakietan parte hartu eta ez dutela parte izaten jarraitu nahi. Dimisio hauekin, badirudi, beraz, existitzen ez den komunitate baten izenean hitz egiteko aukera ematen dion elkarteak kolokan eduki dezakeela etorkizuna.

Orain, Voxeko kide

2020ko ekainaren 21a. Alderdi politikoak EAEko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan murgilduta daude. Vox espainiar ultraeskuindarrak Donostiako Alderdi Eder aukeratu du ekitaldia egiteko. Hogei bat jarraitzaile batu dira eta bertan da Fadi Hassan, inguruan 50 bat ertzain perimetroa zaintzen ari dira, eta hauen inguruan 150 bat laguneko protesta antifaxista.

Fadi Hassan Voxeko ekitaldian, musukoa daraman pertsonaren ondoan.

Euskaldunak zapaltzaileak direla, “euskararen inposizioa” ezin dela onartu, terroristei egurra eman behar zaiela eta halakoak bota dituzte. Espainia konplexurik gabe salbatzera datoz. Arazoak ekitaldiaren amaieran datoz, ordea. Kontxako pasealekutik atera nahi dute hiriaren erdigunera, eta jendea inguruan jarraika daukate, nahiz eta Ertzaintzak egurra partitu. Hassan Ortega Smithen bizkarrean doa serio. Voxeko kidea ote da, ala besterik gabe, jarraitzailea? Zalantzak handik bi astera desagertuko dira, Groseko hautesleku baten alderdi horretako ahaldun gisa ikusiko dute, gainera, aurrerago ikusiko dugun bezala ere, berak ere esango du Voxeko kidea dela.

Vox eta lobby israeldarraren arteko harremanez zenbait artikulu argitaratu dira azken aldian Espainiako hedabide independenteetan. La Marean adibidez, ikertu dute lobby israeldar nagusiak Fundación Friends of Israel, Fundación Hispanojudía edo ACOM direla, eta gainera, eskuin muturrak kontrolatzen dituela.

ACOM da handiena. Eragile honek bere burua “eragile apartidista” gisa definitzen badu ere, ez du ezkutatzen eskuineko alderdiekin duen gertutasuna. Nahiz eta Voxen badiren nazismoarekin bat egin duten kideak, Twitter bidez alderdi honi publikoki eskerrak eman zizkioten bere interesen “gotorleku” izateagatik. Argazki batek ilustratzen zuen mezua: ACOMeko presidente Ángel Mas, Voxeko Santiago Abascal eta Ivan Espinosa de los Monterosekin.

Lobby honen jardun nagusia Espainiako Estatuan ere indarra hartzen ari den BDS kanpaina borrokatzea da. Udaletan Palestinarekin elkartasunez halako neurriak onartzen direnean, epaitegietara eramaten dituzte, “diskriminazioa” salatuz. Dagoeneko milaka milioi euroko kaltea egin dion BDS kanpaina hau oso serio hartzen du Israelek, eta Benjamin Netanyahuk 2015ean "arrisku estrategiko" gisa definitu zuen, kanpainari nazioartean aurre egiteko ministerio propioa ere sortuz. Urtean 72 milioi dolarretik gora bideratzen dituzte borroka honetara.

Euskal Herrira itzulita, bakarrik al dago Hassan ala ACOM gisako norbaitek babesten du? Inork ez daki ziur. ARGIA berarekin harremanetan jarri da eta ez du galderarik erantzun nahi izan. “Espioia bada, oso baldarra da”, dio berarekin istilu ugari izan dituen elkarrizketatuetako batek. “Israelen babesa? Bai zera! Horiek ez dute Hassanen profileko jendea bilatzen. Ez da batere zuhurra. Protagonismoa izugarri gustatzen zaio eta burutik gaizki dagoen tipo bat besterik ez da”, uste du El Salvadorreko Palestinako enbaxadoreak.

Konfinatuta Hassanen etxean

2020ko martxoaren hasiera da. Donostian bi pertsonak Gros auzoan aurkitu dute alokatzeko gela bana. Faddi Hassan ere bertan bizi da alokairuan, baina bera da beste bi gelak azpi-alokatzen dituena. Handik astebetera alarma egoera ezarri du Pedro Sanchezek eta 24 orduz etxebizitza berean sartuta geratu dira konfinatuta. Hiru aste nahikoak izan dituzte ondorioztatzeko Hassanekin ezin dutela bizi. Aurretik elkar ezagutzen ez zuten bi pisukideek alde egingo dute, nahiz eta pandemiaren asterik gogorrenak izan eta kalera ateratzea zeharo debekatuta egon. Apiril hasiera da eta badoaz hortik.

Bien ustez elkarbizitza lehertzen du Hassanek, eta xehetasunetan sartuko ez bagara ere, bakoitzari fidantza gisa kobratutako 800 euroak ez dizkie itzuli nahi, sei hilabete igaro arren joan zirenetik. DonostiCup txapelketarako talde palestinar bat ekartzea kudeatzeaz gain, ez dutenez beste lanik egiten ikusi, "jendea engainatzetik" dirua ateratzen duela uste dute bi pertsona hauek. Biekin istilu gogorrak izango ditu, gainera.

Dei dezagun Lorea bietako bat. Etxe hartan utzi zituen gauzen bila joan da bi lagunekin. Hassan etxean dago, eta sinatu arazi nahi dion paper baten harira eztabaida hasi da. Lorearen lagunetako batekin tematuko da Hassan, mehatxatu egin duela esanez hasi eta poliziari deika amaitzeko. Erabat harrituta, azken gauzak jaso eta badoaz bertatik. Korrika jaitsiko da Hassan eskaileretatik, bi pertsonetako bati besotik heldu, honek gainetik kendu, "Hassanek bere burua lurrera bota" eta mugikorra hautsi diola esanez oihuka hasi da. Iskanbila lehertu da erdian sartu den hirugarren pertsona bularrean jo duenean. Polizia iritsi da, identifikazioak,  ezagutzen dutela diote, salaketa gurutzatuak. 800 euroak, baina, ez dizkio itzuliko.

Bigarren pisukidea dei dezagun Iosu. Aterpea lortzeko urgentzia zuelako sartu zen etxe hartan, baina beste kidea joaten ikusi eta ordubetera, berak ere hanka egingo du gurasoen etxera. Gauzen bila joandakoan, fidantzako 800 euroak hilabete amaieran ordainduko dizkiola esan dio Hassanek. Ados. Epea ongi kunplituta dirua ez diola itzultzen ikusita telefonoz deituko dio: “Erabaki dut ez dizudala ordainduko, eta sinatu genuen papera ipurzulotik sar dezakezu”, botako dio Hassanek. Bere etxera doa, kalera atera da Hassan eta eztabaidan hasi direnean tentsioa lehertu da. Orain Hassan da Iosu jo nahi duena. Badoa hortik, fidantza lapurtu nahi diola argi geratu baitzaio.

"Komunista-terrorista! Voxekoa naiz eta Voxekoek zu bezalako jendea hiltzen dugu”, oihuka aritu zen kalean

Espektakulua, gutxitan ikusten den horietakoa. “Putakume zikina, komunista-terrorista! Voxekoa naiz eta Voxekoek zu bezalako jendea hiltzen dugu”, botatzen dio kaletik. “Nire arroparekin sartzen zen. Ni seko harrituta nengoen. Euskal Herrian Voxeko tipo bat kaletik mehatxuka neukan. Ertzaintzari deituko niola esan behar izan nion”. Haren erantzuna, oihuka, Grosen barrena, erabat sututa: “Kabroia, Ertzaintzari deika? Polizia traidorea, boterera heltzen garenean desegingo dugu!”. Azkenean polizia iritsi eta Hassan atxiki dute. Patruila honek ere ezagutzen du.

Denbora aurrera doa eta Iosuk 800 euroak berreskuratzeko Donostiako Maizterren Sindikatura jo du, kalean ikusi duen kartel batek animatuta. Sei lagun daude eta hasieran erdi lotsatuta, pertsona horrekin izan dituzten arazoak kontatu dizkie. Amaitu duenean, aho bete hortz utziko du kide batek egin duen lehen galderak: “Zure jabea ez da Voxeko palestinarra izango, ezta?”. Benetan Voxekoa al zen? Seitik lauk ezagutzen dute Hassan eta aurretik izan dituen liskarren berri emango diote Donostiara bizitzera etorri eta etxe horretan amaitu zuen gazteari.

Orain argi geratu zaio, Lorearekin hitz egin, abokatu bat hartu eta fidantza berreskuratzeko epaitegian salaketa jarri behar badiote, salaketa jarriko diote. Bost urteko ibilbidean bat gehiago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskuin muturra
Cuelgamuroseko indusketetan eskuin muturraren presio eta sabotaiak salatu dituzte auzitegi-medikuek

Madrilgo Cuelgamurosen, Erorien Harana deituriko monumentuan arkeologoak egiten ari diren indusketetan etengabe ari dira jasaten eskuin muturreko jendeen presioa, hala adierazi du Pako Etxeberria auzitegi-medikuak. Egunotan, biktima errepublikarren senideek bisitatu ahal izan... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Erorikoen monumentua eraistea eskatu dute Iruñean

Memoria historikoaren aldeko hemeretzi eragilek bat egin dute, Askatasunaren Plazako eraikina eraisteko eskatzeko. “Ezinezkoa da frankismoaren monumentu honi nortasun berri bat ematea”, azaldu dute.


2024-02-09 | Gedar
Isuna jarri diote Barakaldoko lagun bati, faxista bati aurre egitea egotzita

Iazko uztailean eraso zion faxista talde batek, labanaz. Orain, erasotua izan zen pertsona horri jarri diote 600 euroko isuna, faxistetako bati aurre egitea leporatuta.


Eguneraketa berriak daude