Haitzetan zizelkatutako kontaketa kontrajarriak

  • 1941eko urriaren 31n, Mount Rushmore kolosala inauguratu zuten AEBetako Hego Dakotan, Black Hills mendien bihotzean. Washington, Jefferson, Roosvelt eta Lincoln presidenteak irudikatu zituen granitozko horma itzel batean, nazio baten sorrera eta garapenari gorazarre egin asmoz. Zazpi urte geroago, 20 kilometrora beste gogo bati erantzunez, Crazy Horse memoriala eraikitzeko lanei hasiera eman zieten, Thunderhead mendia aurrenekoz eztandaraziz. Erreserbetara indarrez mugiarazi arte, muino haien inguruan bizi izan ziren jatorrizko herrien omenezko ekimena da bigarren hau. Ezagutuko dugu Sioux nazioaren memoria eta kultura bizirik mantendu nahi dituen egitasmoa.

Argazkia: Irantzu Pastor
Argazkia: Irantzu Pastor

Nire buruzagikideek eta nik neuk nahi genuke gizon zuriek jakitea azal gorridunok ere baditugula heroi handiak. Aspaldi erail zuten gerlari baten burua taila dezakeen eskultore baten bila gabiltza (…) Mesedez, idatzi ahalik eta lasterren, gai honekin laguntzerik duzun ala ez jakinarazteko”. 1939ko azaroaren 7an, Standing Bear lakota tribu-buruak determinazioz idatziriko eskutitza helarazi zion jatorri poloniarreko Korczak Ziolkowski eskultoreari.

Ordurako, Keystone hiritik gertu, 400 beharginez (tartean Ziolkowski bera) osaturiko talde batek 12 urte zeramatzan granitozko eskultura monumental batean AEBetako historiaren aurreneko mende eta erdiaz beren kontakizuna zizelkatzen. Ideia Doane Robinson abokatu eta historialariari bururatu zitzaion. Turismoa erakarri nahi ei zuen Hego Dakotako hego-mendebaldeko bazter honetara, eta Gutzon Borglum artista daniar-estatubatuarrari agindu zion enkargua: George Washington, Thomas Jefferson, Theodore Roosevelt eta Abraham Lincoln betikotuko zituen haitzean. Ku Klux Klaneko supremazista zuriengandik gertukoa zen Borglum eskultoreak pozarren hartu zuen bere gain obra hura diseinatu eta zuzentzeko ardura, interes ekonomikotik harago misio politiko garbia aitortu baitzion mandatuari. Bere hitzetan, “han, zerutik gertu” lau figura haiek tailatzeak geroari erakutsiko zion “zer nolako gizonak ziren nazioaren aita haiek”, eta ondorengoengana helaraziko omen zuen “euren ondarea”.

Mount Rushmore National Memorial osatzeko lanak 1927an hasi (aurretik, 1925ean, monumentu nazional izendatua zuten) eta 1941ean amaitu zituzten. Orotara, 400.000 tona harri atera zituzten, horretarako igeltsuzko moldeak, mailu pneumatikoak eta dinamita erabiliz. Materiala eta langileak mendi magaletik abiatuta horman gora eta behera garraiatzeko, teleferiko bat eraiki behar izan zuten eta, besteak beste horregatik, hasierako 400.000 dolarreko aurrekontua motz geratu zitzaien. Hasiera batean proposatu zituzten gorputz osoko diseinuak hemezortzina metroko lau aurpegi izan ziren azkenean. Egitasmoak ekarpen pribatuetatik edan zuen hainbat urtez, harik eta 1933an Gobernuaren Parke Nazionalen Zerbitzuak kudeaketa eskumena bere egin zuen arte.

Argazkia: Irantzu Pastor

Besteren lurretan
“Han, zerutik (zeru kristautik) gertu”, zioen Gutzon Borglum artistak bere obraren kokapenaz. ‘Han’ ez da edozein leku, Black Hills edo ‘muino beltzak’ mendigunean kontzebitu baitzuten Mount Rushmore, Sioux nazioa osatzen duten tribuen (lakotak, dakotak eta nakotak) mundu ikuskerak sakratutzat duen inguruan. Ipar Amerikako jatorrizko herrien eskubideen aldeko elkarteen eta autoritate tribalen aburuz, “indarkeriazko ekintza nabarmena eta berariazkoa izan zen sinbolo supremazista hori hor eraikitzea”.

Hitz horiek berak baliatu zituen Julian Bear Runner lakota buruzagiak iragan uztailean, 2020ko Independentziaren Eguneko ospakizunen atarian, Donald Trump AEBetako presidenteari zuzenduriko eskakizun formalean: “Lapurtutako lurretan lau gizon zuri kolonizatzaileren omenezko gune bat sortzea mingarria eta iraingarria izan zen, lau presidente horiek indigenon aurkako genozidioan parte hartu zutelako. Neurri berean, uztailaren 4ko bezperan bertan abiazio erakustaldiak eta su artifizial festak ospatzeko asmoak iseka egiten die gure aldarriei, baita gure osasuna arriskuan jarri ere”, pandemia bereziki gogor jotzen ari baita Hego Dakotako jatorrizko komunitateak. Ez zela ongi etorria ohartarazi zion Oglala Sioux Tribe gobernu tribaleko Bear Runner buruak Trumpi, eta Black Hills eremuaren historia gogorarazi zion: “Bisitatzera zatozen lurraren okupazioa eta erabilera osoa Sioux nazioari dagokio 1851 eta 1868 urteetan sinatutako itun banaren arabera”. Gobernu Federalak bete ez zituen akordioak dira, 1870eko hamarkadan urrea eta eztainua aurkitu baitzituzten muino beltzetako errai eta errekastoetan. Ordura arte paraje haietara hurbildu ziren kolonoen kopuru apala biderkatu egin zen bat-batean, milaka iritsi ziren, eta elkarbizitza ez zen baketsua izango aurrerantzean. Armadak natiboak kanporatu nahi izan zituen erreserbetan konfinatzeko, eta ahalegin horretan bufalo guztiak akabatzea izan zen behin betiko estrategia, ez baitzuten lortu gerlariak batailan makurtzea. Jatekorik gabe, eta janzteko eta tipiak eraikitzeko larrurik gabe, baina, buruzagiek amore eman beste aukerarik ez zuten izan.

Erresistentziari eutsi zion azken taldea, Big Foot-en gidaritzapekoa, Wounded Knee-ko sarraskian hil zuen Zalditeriako Zazpigarren Erregimentuak, 1890eko azken hondarretan. Iturri batzuen arabera, 150 lagun erail zituzten tiroketan, 300 beste batzuen arabera; gehienak emakumeak, umeak eta zaharrak. 1980an, Auzitegi Gorenak indigenei arrazoia eman eta AEBak behartu zituen 1.300 milioi dolar baino gehiago ordaintzera; baina tribuek ez dute onartu, euren lurrak nahi dituzte, ez dirua. Egun, zortzi erreserbatan barreiatuta bizi dira Hego Dakotako siouxak, estatu horretako populazioaren %9 baino ez dira.

Arbuioari muzin egin eta festa piroteknikoa nahiz agerpen publikoa berretsi zituen Donald Trumpek aurtengo Independentziaren Egunaren bezperan, Mount Rushmoren bertan. Beste gauza askoren artean, leku hark eta presidente haiek “Amerikako Iraultza” ordezkatzen dutela esan zuen, eta Thomas Jeffersonen Independentziaren aldeko Aldarrikapena eta Abraham Lincolnek esklabutza abolitu zuenekoa “Mendebaldeko zibilizazioren milaka urteko historiaren gailurra” izan zirela. “Inork gutxi daki, ordea, –ihardetsi zuen Julian Bear Runner-ek hedabideei egindako adierazpenetan– Lincolnek agindu zuela AEBetako historiako urkamendu masiborik handiena: Minnesota estatuan, 1862an altxamendu baten ostean 38 dakota kondenatu zituen. Silueta horiek gure arbasoen memoria profanatzen dute, eta leku hori desegiteko exijitzen dugu”.

Argazkia: Irantzu Pastor

Esperientzia patriotikoa
Mount Rushmore National Memorial gune osoak 6 kilometro koadro inguruko azalera du, eta “esperientzia patriotikoa” eskaintzen die urtero hurbiltzen diren bi milioi bisitariei; horixe diote, behintzat, 50 kilometroko itzulinguruan dauden publizitate panelek. Souvenir eszentrikoenen zerrenda amaigabea, oinezko ibilbideak, bisita gidatuak, terraza panoramikoak, jatetxeak, museoa, argazki zaharren erakusketa eta argazki sesioak, Thomas Jeffersonen jatorrizko errezetan oinarritutako izozkiak, ekitaldietarako anfiteatro bat, gaueko irteera bereziak, 56 estatuetako banderen bilduma, gerrako beteranoentzako dohaintzak biltzeko eltzetxoak… Eta inguruko herrietan ere bai: presidenteei airetik eta hainbat perspektibatatik begiratu nahi dietenentzako helikoptero eta abioneta hegaldiak eskaintzen dituzten enpresak daude; zoologikoak ere badaude behinola baso haietan libre bizi izan ziren hartzak eta beste espezie batzuk hesien atzetik ikusteko; meatzari herriak kasik parke tematiko bilakatuta ageri dira; eta dena da oso zuri-gorri-urdina.

Argazkia: Irantzu Pastor

Zurien heroiak loriatzeko Disneyland modukoa da Mount Rushmore. Bertan ikusten, entzuten, egiten, erosten eta dastatzen den guztiak egiten dio erreferentzia presidente haien eta eraiki ei zuten nazioaren ustezko handitasunari, eta ezer ez da kasualitatea edo inuzentea. Txanponak zanpatu eta itxuraldatuta itzultzen dituen makinak ere badu izaera adoktrinatzailea hemen, Amerikako jatorrizko herritarrek eta haiei dagokien ezerk ez duelako lekurik ez aipamenik kontaketa honetan, ez bada irudi oso estereotipatuen bitartez eta ‘zuriek salbatu eta zibilizatutako basatien’ ideia hori elikatzeko.

"Azal gorridunok ere baditugu heroi handiak"
“Aspaldian buruan dabilkidan kezka da hau. Agian lagun diezadakezu moduren batean? (…) Oso-osorik indiarroi dagokigun proiektua izango da, nire zuzendaritzapekoa, baina ardura nagusia da jakitea ea baten batek helduko ote dion gu falta garenean”. 1939an Korczak Ziolkowski eskultoreak Connecticuteko bere etxean jaso zuen eskuizkribuak Standing Bear lakota tribu-buruaren sinadura zuen, baina Red Cloud, Spotted Crow, Fills The Pipe eta American Horse liderrak ere bazeuden proposamenaren atzean. Gizon zuriak Mount Rushmoren egiten ari ziren bezala, eurek ere euren kontakizuna zizelkatu nahi zuten Black Hills-eko haitzetan. Zali Ero liderraren siluetak herri oso baten duintasuna ordezkatuko zuela pentsatu zuten, ahozko tradizioak sonatu bilakatu zituelako haren balentriak eta bake-itunak sinatzeko saiakerak, 1877an Fort Robinsonen (Nebraska) itzulpen kaskar batekin traizionatu eta adierazpen faltsu haien aitzakiapean erail zuten arte.

Poloniar etorkinen familia batean sortu zen Ziokowski, baina jaio eta gutxira hil ziren aita-amak, eta umezurtz-etxe batetik bestera hazi zen. Nerabe zela itsasontzietan lanean hasi eta zurgin ofizioa ikasi zuen, sekula eskolara joan gabe. 30 urte pasatxo, 174 dolar bere izenean eta II. Mundu Gerra ate-joka zituen Standing Bear eta gainerako lider natiboen gonbidapena jaso zuenean. Zerbitzu eman eta gudarostetik itzuli zenean eman zien baiezkoa; haien ametsa egikarituko zuten pertsona topatu zuten.

Artistak ahozko deskribapenetan oinarrituta marraztu zuen Zaldi Eroren omenezko diseinua, ez baitzen haren irudirik. Garaiko kronikek diote gerlariak beti ezezkoa eman ziela argazkilarien eskariei, sinesten zuelako erretratuek arimaren zatiak kenduko zizkiotela eta bizitza laburragoa izango zuela horregatik. “Itzala ere giltzapetu behar al didazue?”, esaten omen zien.

Argazkia: Irantzu Pastor

Black Hills mendien bihotzean beste granitozko horma ikusgarri bat aukeratu zuten buruzagiek, eta Ziolkowskik paretaren oinean akanpatuta pasatu zituen aurreneko zazpi lan hilabeteak. 1948ko ekainaren 3an lehenengo leherketa eginda, lider natiboen aitzinean, aurreneko 10 tona haitz atera zituzten. Proiektua finantzatzeko irabazi asmorik gabeko Crazy Horse Memorial fundazioa sortu zuten eta, orduz geroztik, donazio pribatuek sustengatu dituzte eskulturatzarra tailatzeko lanak ez ezik baita museoa eta campusa ere.

Korczak Ziolkowski 1982an hil zen, baina bere familiak hartu zuen lekukotza eta une honetan hiru dira fundazioaren helburuak. Batetik, monumentua bera amaitzea, gaur-gaurkoz Zaldi Eroren aurpegia besterik ez baitago tailatuta (ilea, enborra, besoak eta zaldia falta dira). Bukatutakoan, 172 metro luze eta 195 metro zabal izango dela diote planoek. Bigarrenik, mendi magalean bertan Ipar Amerikako Indiarren Museoa aberasten segitzea eta, honekin, jatorrizko herrien ondarea eta kultura bizia duintzen jarraitzea. Eta, hirugarrenik, Ipar Amerikako Unibertsitate Indiarra borobiltzea, nahiz eta aurreneko eskolak 2010eko ikasturtean abiatu zituzten.

Crazy Horse memorialean, Standing Bear eta gainerako tribu-buruen ametsari jarraikortasuna emateko modu bateko edo besteko ekarpena egiten duten norbanakoei eta boluntarioei story teller esaten diete, historia kontalariak.

Argazkia: Irantzu Pastor

 


ASTEKARIA
2020ko azaroaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonialismoa
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-03-13 | Euskal Irratiak
Amaia Bessouet: «Afrikar gazteek ez dute gehiago Frantziaren mespretsua onartzen»

Malin, Burkina Fason eta Nigerren Frantzia haizatua da. Mendebaldeko potentziek haien eragina galtzen ari dira Afrikako kolonia zaharretan. Afrika frankofonoko populazioa bereziki gaztea da, eta ez du frantses kolonialismoa zuzenki ezagutu. 35 urtez peko gazteek populazioaren... [+]


Ogi-apurrak Afrika espoliatuarentzat

Ghana, 1823. Ashanti Inperioaren eta britainiarren arteko lehen gerra hasi zen. Guztira lau gerra izan ziren bien artean, eta gatazka 1901 arte luzatu zen. Lehenago, europarrek herrialdeko Urrezko Kosta kontrolatzen zuten. Baina 1807ko esklabotzaren abolizioaren ondorioz,... [+]


Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


Senegaldarrak Monte Igeldoko giza zoologikoan

Arrazakeria zientifikoa asmatu zenetik, hamaika dira Europan zehar zabaldu ziren uste eta ideia arrazistak XIX. eta XX. mendeetan. Donostia, esklabo portu ohia izanik, ez zen zertan salbuespena izan. 1926an izan zen lehen giza zoologikoa.


Eguneraketa berriak daude