COVID-19ak ekarri digun egoera guztiz ari da aldatzen kultura, tartean, artea eta sorkuntza. Neurriak ez dira sektore guztietan berdinak izan eta antzerkiari zauri ugari ireki dio. Komatik esnatzen ari bada ere, arte eszenikoen munduaren barruan denetariko egoerak daude. Antzerkia ez baita zerbait abstraktua, langileek mugitzen dute.
Adar dezente aztertu beharko lirateke antzerkiaren egungo osasuna aztertzeko. Ez dira berdinak Hego eta Ipar Euskal Herriko baldintzak, ez EAEkoak eta Nafarroakoak ere; ez dira berdinak euskarazko sorkuntzenak eta elebidunenak, ez aktoreenak eta teknikarienak, elkarteenak eta enpresenak, ikuslearenak eta produktorearenak. Guztiak dira beharrezkoak antzerkiaren biziraupenerako eta gutxiengoa dago bizirik.
Gelditu da dena
Gelditu dira sormena, emanaldiak eta diru sarrerak. Hauxe da Miren Tirapuren egoera. Beheko Larraine (Lekunberri) antzerki konpainiako kidea da bera. Konfinamenduak “shockean” utzi du eta jaikitzea kosta zaiola aitortu du. Antzokiak itxi zirenetik ez da berriro oholtzara igo, horrek dakarkion karga emozional eta ekonomikoarekin. Egun langabezia kobratzen ari da: “Emanaldi batzuk nituen eginak eta poltsatxo bat egiten lagundu didate, baina hori amaitu egiten da. Urtebeteko geldialdia asko da profesional batentzat eta oso zaila da beste diru iturririk gabe egoerari aurre egitea”.
Miren Tirapu (antzerkigilea): “Profesionalki honetaz bizitzeko trabak
ikaragarri handiak dira. Muturrera iristen ari gara”
Tirapuk Arkaitz Lasarterekin batera sortu zuen konpainia 2016an. Horretatik bizi zen, baina eutsi ahal izateko bide berriak irekitzen ari da aurten, ikastaroak ematen, esaterako. Emanaldiak bilatzen ere ari da: “Ematen du sektorea pizten ari dela berriro, baina ez dago batere erraza. Oso optimista izan behar zara egunero indartsu egoteko gaur egungo errealitatearekin. Profesionalki honetaz bizitzeko trabak ikaragarri handiak dira. Muturrera iristen ari gara”.
Udaberrirako behar zuten emanaldiak orain ari dira egiten, udazkenekoekin batera. Dena pilatzeak programazioan eskaintza berriak egiteko aukera mugatzen du, begirada datorren urtera luzatzera behartuta. Beheko Larrainek emanaldi dezente zituen 2020rako gordeta, baina hutsik geratu da bat-batean. Manifestu bat antzezlanarekin zeuden biran eta Bidaietaz proiektu berria estreinatu berri, bost emanaldi baino ez, konfinamendua baino astebete lehenago egindakoak.
Bidaietaz nahiko berezia dela azaldu du, Lehen Hezkuntzako ikasleengana iristea duela helburu. Ez da antzoki batean egiten eta testuingurua oso gertukoa eta intimoa da, antzerkia “sorpresaz” etorriko zaie. Orain lan hau eskoletara nola iritsarazi hausnartzen ari dira: “Ez da une honetan egiteko errazena. Eskoletara sartzen gara dauden muga guztiekin. Koronabirusak justu kontrako tesituran jartzen gaitu: espazio zabaletan, kontaktu eta intimitate gutxirekin eta ezin partekatu”. Gaiak migrazioa lantzen du batik bat, baina egoki datorkio garaiari, ezezagunari beldurra lantzen baitute.
Beldurra aipatu du eskolen arduradunei buruz hizketan jardun denean ere, dena ez baitago artisten esku: “Eskola ere ausartu behar da proposamen hauek onartzera. Kutsatzeko beldurrak eremua erabat babestera daramatza, baina aretoak irekitzen badira, zergatik eskolak ez?”. Erantzun askoren zain daude, hala ere, orain hasi baitira mugitzen.
Etorkizunaz ezin fidatu
Negua dator. Inork ez daki zer gertatuko den osasun krisiarekin eta sektore honetan ziurgabetasunera ohituta badaude ere, urduri azaldu dira; ez bereziki osasunagatik: “Ez naiz fidatzen. Berriz ere indar guztiak jarri hau martxan jartzeko eta hilabetera aretoak itxiko dituztela esatea kolpe handia izango da. Hau dena nola kudeatzen ari diren begiratu baino ez dago fidatzeari uzteko”.
Kezka bera da Ander Lipus Artredramako (Gernika) kidearena ere. Sei hilabete egon dira geldirik, inongo diru sarrerarik gabe. Pandemiara egoera on samarretik etortzeak “salbatu” dituela adierazi du, baina ezin izango diotela bigarren olatu bati eutsi. Atzerrian lurra garratz sormen lan berria dute labean eta entseguak egiten ari dira orain. Otsailean estreinatuko dutenez ez die hainbeste eragin, beti ere negua bide onetik badoa.
Esku artean zuten beste proiektu batek, ordea, eskapo egin die. 300 pertsonak parte hartuko zuten ikuskizun erraldoi bat prestatzen ari ziren, Gernikako bonbardaketari buruzkoa: “Oso sartuta geunden hilabetera estreinatzekotan zegoelako. Lan guztia bertan behera geratu zen: musika, antolaketa... Datorren urtean egiteko asmoarekin gaude, baina energia asko xahutu ditugu eta nahiko nekatuta gaude”. Alor ekonomikoaz gain espiritualak ere mugitzen du Lipus: konfinatuta pasa dugun denborak krisian sarrarazi duela kontatu du. Gaixotasuna eta sortu dituen albo kalteak, ardurak, obsesioak eta zalantzak kudeatzea kostako zaigula pentsatzen du, “hauskortasun” egoeran sentitzen baita.
Lehen aldia da sei hilabete pasatzen dituena oholtzara igo gabe eta baikor azaldu da martxan zituzten proiektuak aktibatzea lortu dutelako: Aulestiko topaketak, Zaldi urdina eta Martin Zalakain obren birak eta Atzerrian lurra garratz obraren entseguak. “Pozik gaude, lanean ari garelako berriro. Ederra da hori. Uste dut teatroa oso espazio aproposa dela gure minez hitz egiteko, nahiz eta beste gai batzuk ukitu”. Ikusleen gertutasuna ere azpimarratu du, Aulestiko topaketetako emanaldietako sarrera guztiak agortu zirela aipatuz; izan edukiera mugatuagatik edo antzerki goseagatik. Azken horrek mugitu du Malen Nicholson lekeitiarra bertako ikastaroetan parte hartzera, baita antzezlanak ikustera ere: “Garai hauetan inoiz baino gehiago ikusi da antzerkiaren eta kulturaren garrantzia gizartean, denok behar baitugu. Bereziki garai hauetan sentitu dut antzerkiarekiko eta kulturarekiko beharra, gorputzetik, sormenetik nolabait gauzak adierazi eta sentitzeko”.
Lipusek gogorarazi du kulturan ez dagoela berezko arriskurik, eta baldin badago beste sektoreetan bezainbestekoa dela, ez handiagoa. Oraingoz ez da kutsatze kasurik izan antzokietan: “Gogoetarako unea da. Bufoioi esan ziguten: zuek etxean gelditu, ez duzue ezertarako balio. Eta etxean gelditu behar izan dugu”.
Ez da soilik oholtza gainekoa
Txartel saltzaileak, aretozainak, managerrak, produktoreak, soinu eta argi teknikariak. EAEn 7.000 pertsona inguru dira arte eszeniko, ikuskizun eta ekitaldietako langileak, emanaldi bat aurrera ateratzeko beharrezkoak denak. Beti itzaletan eta orain are gehiago. Teknikariok sindikatua sortu dute sektore honetako langileen baldintzak borrokatzeko. Lan taldeetan antolatzen dira eta erabakiak asanbladan hartzen dituzte. Batasunik gabeko sektorea eta errekonozitu gabea dela adierazi du bertako kide den Andoni Mendizabalek, eta horrek betidanik izan dituela egoera prekarioan. Orain, gehiago: “%80 jaitsi da kontratazioa, ez dago guretzat diru laguntza espezifikorik, errekonozimendu gabeko sektorea da, ez dago bateratua, egoera eta profil askokoak gara”.
“Alde batetik langileak babesik gabe geratu direlako laguntzak eskatzen ditugu eta bestalde plan sektorial serio bat exijitzen dugu, hartu behar diren neurriak hartuta diseinatu behar da”, gehitu du. Lehendik bizi zuten egoera prekariotik abiatuta, egungo egoerari erantzun eta etorkizunerako baldintza duinak lortzea dute helburu. Egoera zail honek eman die elkar ezagutzeko eta indarrak batzeko bultzada: “Ilusioa aurkitu dut sindikatuan, egoera txarrenean elkartu eta elkar ezagutzeko balio izan digulako. Berraktibazio plan bat behar da”. Gizarteak berak borrokarako beharra duela nabari du Mendizabalek: “Ez bakarrik gure lan baldintzengatik, gizartea batzuen mesedetan pobretzen ari dela ikusten ari garelako baizik”.
Andoni Mendizabal (Teknikariok sindikatua): “Ilusioa aurkitu dut sindikatuan, egoera
txarrenean elkartu eta
elkar ezagutzeko balio izan digulako. Berraktibazio
plan bat behar da”
Lehen pausoetariko bat egoera aztertzea izan da, sektorearen beharrak eta profil desberdinak detektatzea. Izan ere, lan mota desberdinak egoteaz gain, kontratazio motak ere desberdinak dira: autonomoak, intermitenteak, finkoak, aretoko teknikariak, taldeetako teknikariak... Adibide bat jartzearren: alor honetan gehienek asteburuetan egiten dutenez lan eta konfinamenduak aste barruan harrapatu zituenez, profesional asko ez zeuden kontratatuta eta, hortaz, ezin izan dute laguntzarik eskatu. Egoera desorekatu honetan galduta sentitu dira. Diru laguntzak eskatzerakoan ezin asmatu zein dagokien: “Ez dago gure sektorearentzako pentsatutako laguntzarik. Hori da egoera larrian jartzen gaituena”.
Paradoxikoa oholtzan ikus ez ditzaten janzten duten kolore beltz bera izatea orain ikusgarritasuna eman diena. Manifestazio jendetsu, ikusgarri eta zaratatsuak egin dituzte azkenaldian: “Kexuka hasi ginen, kalean hasteko, eta aldarrikapenak zerrendatu genituen gero. Talde oso aktiboa eta inplikatua gara. Kuriosoa da Eusko Jaurlaritza bera etorri dela gugana, zer nahi dugun galdezka”. Hala ere, “interes, borondate eta gaitasunik gabe” aurkitu ditu instituzioak.
Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin kontaktuek jarraitzen dute. Urgentziaz laguntzak jaso eta sektorea errekonozitzea eskatzen dute, martxotik kobratu ez dutena kobratzea barne. Dena den, helburu nagusia lortu arte borrokan jarraituko dutela baieztatu du: hitzarmena lortu eta lan baldintzak hobetzea, sektorea bateratzearekin batera. Epe luzera begira ari dira lanean; profilak, beharrak eta gabeziak detektatzen.
Kulturaren pentsaera kamusten
Kulturgileen eta antzerkigileen diru sarrera nagusiak emanaldietatik datoz, baita diru-laguntzetatik ere. Bietan garrantzitsuak dira 2021era begirako aurrekontuak, kulturari eskainiko zaizkionak. Hain zuzen, hori da Teknikariok sindikatuak Bilboko eta Donostiako Aste Nagusietan egindako manifestazioetan aldarrikatzen zuena: “2020koa mantendu da neurri batean, aurrekontuak egonkorrak zirelako, baina 2021ekoak ikustear daude. Gupidarik ez dute izango gurekin, ziur. Osasungintzan mozketak badaude, atera kontuak”, dio sindikatuko kideak. “Udal askotan partidak kultura ez den beste departamentu batzuetara bideratu dira, gure egoera katastrofikoa eta larria ez balitz bezala. Gu gara lanik eta sarrerarik gabe geratu garenak”.
Bilboko Udalak BilbaoUda deituriko plana aurkeztu du aurten, 150 ekitaldi hartu dituena; jaietan soilik antolatzen da kopuru bera. Bi milioi inguruko aurrekontua izan ohi dute jaiek eta aurten aurrekontu bera eskaini da uda guztirako, “kultura zaintzearen izenean”.
“Antzerkia nahiko etxekotua dagoen arlo kulturala da”, gaineratu du, “subentzioez bizi dena. Kontzertuak, festak eta musikaren gaueko industria zailagoak dira kontrolatzeko”, iritzi dio Mendizabalek. “Musikaren hegemonia gurea zen. ‘Kaleak gureak dira’ genioen. Herriak mugitzen zituen festak, kontzertu txikiak... Oso gurea, librea, kontraboteretik eraikia zen. Hori guztiz ezabatu nahian ari dira orain, ez dakit honetaz aprobetxatzen ari diren edo honetarako diseinatu dituzten neurri hauek. Festibal handiak ez dira desegin: BBK Live, Kutxa Kultur... Proiekzio internazionala dutenak mantentzen dituzte”.
Tirapuk ere aldrebeskeriaren bat sumatzen du honen guztiaren atzean. Kulturan hartzen diren neurriak beste sektore batzuei ezartzen zaizkienak baino latzagoak direla kexu da, aktibatzea hainbeste kostatu izanaren erantzule eginez: “Kulturari egiten zaion eraso honek, argi eta garbi, zerbait du atzean. Sektorea gero eta gehiago ari dira prekarizatzen. Ez da inoiz babestuta egon, baina egun agerian geratu da kulturgileon egoera nolakoa den. Mahai gaineratuta, gauzak aldatzea espero dut”. Eta sakonago begiratu du: “Euskal Herrian euskal antzerkigintza bigarren mailakoa da, tamalez. Konplexu handia dago euskararekin antzerkian. Bai sortzean, baita ekoiztean ere. Publikoak berak badu gaztelaniarako ohitura. Nola aterako dugu herri bat aurrera euskal antzerkigintza aurrera ateratzeko gai ez bagara?”. Eta instituzio eta laguntzei begira jarri da, Nafarroan zailtasun handiagoak aurkitzen dituela gehituz.
Kontatu duenez, bere egoera asko zailtzen du enpresa gisa funtzionatu beharrean elkarte gisa aritzeak, Euskal Herriko beste hamaika talderen pare. Lana egiteak ez, enpresa izateak ematen omen du profesionalaren definizioa instituzioen begietara eta hori da behar dena diru laguntza jasotzeko, baita emanaldiak lortzeko ere: “Elkarteentzat badaude diru laguntzak, baina askoz ere murritzagoak dira. Sistema horrek enpresa babesten du eta zama ekonomiko bat ekartzeaz gain hainbat baldintza betetzea ere badakar”. Eta hori baino, filosofia oso bat: “Kultura egiteko enpresa behar duzu izan? Denak izan behar al gara enpresari? Kontraesan handia da hori. Kulturak eta enpresak ez dute bat egiten, ez behintzat nik ulertzen dudan eran. Oso nahasita dago dena eta hor atzean dagoen guztia”.
Pantzo Hirigaraik idatzi eta zuzendutako antzezlana da 'Uda leku'. Opor garaiko kanpaldi baten istorioa kontatzen du eta 2024ko martxoan Itsasun egindako emanaldia da honakoa, Kanaldudek bideoz grabatua.
Urriaren 4tik 19ra iraganen da Nafarroako arte eszeniko komunitarioen jaialdia Iruñean, nazioartekotza eta kritika soziala ardatz harturik.
Ganbaran arrak bizi dira, arrek arrentzat sortutako munduan. Sotoan berriz emea, zoritxarreko egun batean sortutako “akatsa”. Goian jaun eta jabe. Behean kateak eta iraultza. Gela biak inkomunikatuta daude, ez dago nahasterik. Nola etorriko da orduan, aldaketa... [+]
Zer egingo zenuke lagun baten bizia salbatzeko? Zer emango eta zer gordeko zenuke? Komedia honetako hiru lagunek auzi honi eman behar diote erantzuna. Gau zoro batean, ezusteko gertaerak bata bestearen atzetik etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta... [+]
Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.
Marmarra
Dramaturgia: Jon Gerediaga/Atx Teatroa
Zuzendaritza: Atx Teatroa
Noiz: Uztailaren 4an ... [+]
Kolpe bat jaso eta memoria galdu berri duzu. Dakizun bakarra, poliziak esan dizulako, zera da: bere ohean zetzan elbarritu babesgabe bat tiroz akatu duzula; duela gutxirarte maitekiro zaintzen zenuen gizona, hain zuzen. Zeure burua duin eta zintzotzat duzu, eta hala ere,... [+]
Ekain amaieran iragan da Banka eta Urepeleko eskola publiko uztartuetako urte hondarreko ikusgarria. Eskola gehienetan bezala, Bankako ama-eskolako irakasleak eta Urepeleko lehen mailako bi irakasleek, hirurek elkarrekin, urtero antolatzen dute haurren emanaldi nagusia:... [+]
Gosea, txizalarria, maitasuna, gorrotoa, egarria, sexua, beldurra... eta zelan ez... biolentzia. Besteak beste, gure instintoetako batzuk dira hauek. Haiei esker bizi gara historiaurretik gaur egun arte. Oinarrizko tresnak izan dira, badira eta izango dira bizitzan aurrera... [+]
Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean
Nork: Ekida Arte Ekimena.
Noiz: ekainaren 20an.
Non: Azkoitiko Baztartxo antzokian.
------------------------------------------------------------------
50 urte dira Gabriel Aresti euskal idazle marxista hil zela, eta Ekida arte... [+]
Euskal musikaren imajinario kolektiboan murgilduko gaituen ikuskizuna da “Ez dok Hiru”. Euskal Herriko kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala.
Eoa, deskonzertantea eta irrigarria azalez, baina azal horren poro bakoitzari geure musikarekiko maitasuna dario... [+]
Maiatzean Korsikan egon nintzen topaketa batean, hezkuntza artistikoa eta hizkuntzen irakaskuntza aipagai, gure antzerki taldean hezkuntza eta antzerkia anai-arreba bikiak baitira ekinean. Ikastaroan, luzaz mintzatu ginen linguista batekin, etorkinei frantsesa eta ingelesa... [+]
Miss Karaoke-k abesti bat kantatzeko enkargua jaso du, eta urduritzen hasia da. Zer kantatuko du Ebento Handian, Antolatzaile Handiaren enkarguz, Jende Guztiaren aurrean? Are gehiago, zein hizkuntza aukeratuko du? Gutxiengo gutxitu, gehiengo gutxitu, gutxiengo... [+]
Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.
-------------------------------------------------------
Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]
Liluragarria da zinez aulkien disdira. Orok merezi du lanaren osteko atsedena. Kasu, ostera, sakona da loaren eztena. Esertzen bazara aginduetara makurturik, heriok ohartu orduko, jango dizu barrena