EA

"Iturri bakarretik edanez, EH Bildu uniformizatzen ari dira"

  • Barne gatazka latza bizi dute Eusko Alkartasunako bi sektorek: batean egungo zuzendaritza dago, eta bestean haren kudeaketari kritika zorrotza egiten diona. Azken honetan dago Miren Aranoa (Buenos Aires, 1958), Nafarroako EAko koordinatzailea.  Osasun egoera dela-eta, irailean EH Bilduko foru parlamentari izateari utzi zion medikuaren aholkuz. Alderdiaren barne egoera eta EAk
    EH Bildun behar duen kokapena landu ditugu elkarrizketan.

Miren Aranoa, Iruñeko Gazteluko plazako EAren egoitzan. (Arg.: Josu Santesteban)
Miren Aranoa, Iruñeko Gazteluko plazako EAren egoitzan. (Arg.: Josu Santesteban)

Barne gatazkarekin oso egoera gogorra bizitzen ari zarete EAn. Zuri osasunean ere eragin dizu.
Bai, egoera horren oinarrian dira EA barruan bizi izan ditugun egoera gogorrak: gure aurka zabaldutako espedienteak, oihuak, begirune falta... 2017tik edo lehenagotik datorren egoera da. Oso aspalditik, EAko nazio mailako zuzendaritza ez da kontuan hartzen ari bere militantziak dioena, proposamenik gabe dago, noraezean...

2017an bi kongresu izan genituen EAn, bata ohikoa eta bestea ezohikoa. Ezohikoan, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren proposamen bat onartu zen, EH Bildu koalizio gisa indartzearen aldekoa. Gero ohiko kongresuan ere, zentzu berean, ponentzia politikoak %80ko sostengua izan zuen, baina Pello Urizarrek [orduko idazkari nagusiak] ez zion bide eman. Kongresu hartan Pello Urizar konpromisarioen hamalau botoren aldearekin hautatu zuten idazkari nagusi, eta susmoekin atera ginen hautaketa hartatik.

Militanteek zuzenean hautatzen dutenean beste emaitza batzuk daude: Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan beste sektorean dauden koordinatzaileak hautatu dituzte. Bizkaiko botoak erabakigarriak izan ziren Urizarren hautaketa hartan, baina oraindik ezin izan ditugu hango afiliatuen erroldak ikusi, ez digutelako uzten. EH Bilduren egituraketaz gain, errolden gardentasuna da gatazka piztu duen beste gai handia. Alderdiko koordinatzaileok eskubidea dugu afiliatuen errolda horiek ikusteko, baina etengabe ukatzen zaigu eskubide hori.

Baina garai hartan kongresuaren emaitzak onartu egin zenituzten, ezta? Ez zen zalapartarik izan.
Bai, zer egin behar genuen! Horregatik datuak eskatzen jarraitu genuen. Tartea hamalau botokoa izan zen eta, gainera, inork ez daki ongi nor ordezkatzen zuten konpromisario haiek: existitzen ez diren pertsonen izenean eman ote ziren, hildakoen izenean... Mikel Goenaga, Iratxe Lopez de Aberasturi [hurrenez hurren Gipuzkoako eta Arabako koordinatzaileak] eta hirurok Donostian prentsaurrekoa eman genuen gai honi buruz eta Pello Urizarrek dimititu egin zuen, bazekielako hor atzean zer zegoen.
Joseba Gezuragak ordezkatu zuen eta honek hauteskunde primarioetara deitu behar zituen. Baina nola egingo zituen primario txukunak ez baziguten datu baserako sarbiderik uzten? Primarioak antolatu ziren: Eba Blancok [egungo jarduneko idazkari nagusiak] 50 bat militanteren bermeak aurkeztu zituen eta Maiorga Ramirezek hamar aldiz gehiago, baina hala ere ez zioten aurkezten utzi. Amarru bat erabili zuten, esanez ez genuela Iparraldean eskatutako ordezkaritza betetzen. Beraz, aurkaririk gabe, Eba Blanco izendatu zuten idazkari nagusi. Prozesu hori guk auzitegietara eraman genuen, eta orain arrazoia eman digute. Beraz, oraindik ez da gure idazkari nagusia, ez direlako primarioak egin eta inork ez duelako hautatu.

"Ez gara lau afiliatu, gehiengoa gara. Bermeekin egingo den ezohiko kongresu bat behar da”

Dena den, joan den uztaileko epai judizialak arrazoi eman zion nazio mailako zuzendaritzari, primarioen prozesua onetsiz.  
Bai, uztaileko ebazpen hori gure kontrakoa zen, ez zitzaigun koherentea iruditu eta helegitea jarri genion. Beraz, prozesua ez da bukatu. Urriaren amaieran beste epai batek esan zuen Eba Blanco oraindik ezin daitekeela primario horien ondoriozko idazkari nagusi izan. Auzitegietara jo aurretik, EAko Berme Batzordeak ere arrazoia eman zigun primarioen gaiarekin, baina orduan,  zuzendaritzak batzordeko kideei espedientea ireki zien, lehenago guri bezala.

Uztaileko ebazpenean, epaileak arrazoia eman dio zuzendaritzari, besteak beste hauek aurkeztu zutelako dokumentu bat esanez Iratxe Lopez de Aberasturik izan zuela sarbidea afiliazioaren datu basera, baina hori gezurra da. Horren aurrean, guk kereila kriminala jarri dugu epaitegietan, norbait sartu delako artxibo horietara ustez Iratxek izan beharko lukeen sarbide batekin. Alderdian, teorian, oso jende gutxik ditu sarbide horiek, baina gero ikusi dugu ez direla hain gutxi, besteak beste, EH Bilduko antolaketa idazkaria ere sartu delako... 47 alditan!

Alderdiko bi aldeak saiatzen ari zarete zuen posizioak ebazpen juridikoekin babesten, baina azkenean epaileek ezin dute erabaki zer eta nola izango den EA. Hori zuek konpondu eta erabaki beharko duzue. Nola?
Hala da, bai. Datorren ekainean ohiko kongresua dugu eta aurretik ezohiko kongresua egin behar dugu derrigorrez. Alderdiko estatutuen arabera, afiliazioen laurdenak eskatzen badu kongresua egin behar da. Guk dagoeneko bildu ditugu sinadurak eta eskatu dugu hura egitea.

Argazkia: Josu Santesteban

Nola dakizue laurdena duzuela?
Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako datuak baditugu, baina ez Bizkaikoak, hor da gakoa. 2017ko Kongresua eta gero, hiriburuetako koordinatzaileak ere hautatu ziren eta Hegoaldeko laurak gure sektorekoak dira, Bilbokoa barne. Ez gara lau afiliatu, gehiengoa gara. Bermeekin egingo den ezohiko kongresu bat behar da.

Eta zuzendaritzak ezohiko kongresua onartzen ez badu?
Horrela jokatzeak, nire ustez, egoera bideratzeko borondate eza erakutsiko luke. Datorren ekainean EH Bilduren kongresua izango da, eta ordurako erabakita izan beharko dugu EA nola kokatuko den haren barruan. Ezin gara orain arte egon garen bezala egon, alderdiaren jarrera erakutsi gabe, bestela EA desagertu egin liteke. Agian hori da afiliazioak nahi duena, baina hitza eman behar zaio eta esan dezala zein etorkizun nahi duen EArentzat. Demokrazia kontua da.

Egoera dagoen moduan, EA egon daiteke apurketa arriskuan?
Ez. EAn beti jokatu dugu interes pertsonalen gainetik eta herri interesen alde, eta oraingoan ere hala egingo dugula uste dut. Baina gu gogor borrokatuko gara dagokion toki guztietan alderdiak bere irizpideak eta ahotsa izan ditzan. Orain ez gara hori egiten ari.

Goazen aztertzera zuek nola ikusten duzuen EA EH Bilduren baitan. Pixkanaka koalizio izaera desegin eta alderdi bakarra indartzen ari dela diozue. Zergatik?
2017an EH Bilduk kongresua egin zuenetik, dena egin da EH Bilduko egiturak indartzeko eta nire ustez, horrela, EH Bildu bere burua ahultzen ari da. Adibidez, osasun arazoengatik nik orain utzi berri dut Nafarroako Legebiltzarreko parlamentari kargua, eta jarri duten ordezkoa Sortukoa da, Arantza Izurdiaga. Bai, bera da nire ostean zerrendan zegoena, baina hori konpondu daiteke, EAri dagokion parlamentaria EAkoa izan dadin. Izurdiaga oso pertsona baliagarria da, baina kontua ez da hori. Egiturek, diskurtsoek eta bozeramaileek iturri bakarretik edaten badute, EH Bildu uniformizatzen ari dira.

Horrek koalizioari pluraltasuna kentzen dio, gizarteko esparru zabalagoekin konektatzea eragotziz. 2011ko Bilduren hari matazak gure sozialdemokraziatik eta ezker klasikoagorainoko esparru oso bat biltzen zuen, eta horrek batu egiten du, baina orain, alderdi bakarreko egiturarantz doa. Eta gainera, EAren parte-hartzerik gabe, gure nazio mailako zuzendaritzak ez duelako hori bultzatu. Egia esan, Nafarroan ez da halakorik gertatzen, hemen EAk EH Bildun parte-hartzen duelako, baina EAEn ez da horrela.

EH Bildu ahultzen ari dela diozu, baina azken hauteskundeetan emaitza onak lortzen ari da.
Gure apustua EH Bildu da, baina erakartzeko gai izango den EH Bildu. Eskaintza pluralagoa eskaini behar da, jende berria, diskurtso berriak... adibidez, gazteria erakartzeko. Ez gara gazte abertzale askorengana iristen eta hori lortu behar dugu. Barne mailan ditugun diskurtso desberdinak azaleratzea ona da, erakargarria, debatea egon behar da... Horrek indartuko gaitu, horrela Euskal Herri burujabearen aldeko gure hautua ere sendotuz, gure herria maila guztietan guk geuk kudeatu dezagun.

Ondo ikusten duzu EA aipatzen ari zaren horiek guztiak EH Bilduren ekaineko kongresura indarrez eramateko?
Gu alderdi txikia gara, Sortu handia, eta gure neurrian eragin nahi dugu EH Bildun, baina haren kongresura edo foro politikoetara proposamenik gabe bagoaz eta guztiari men egiten badiogu, horrela ezin da. Behintzat saiatu, eta gero ikusiko dugu zer ateratzen den.

Nafarroako EAko koordinatzailea zara, Nafarroan berdin ikusten dituzu gauzak?
Lehen aipatu dut legebiltzarreko nire ordezkoaren kasua, baina egia esan, egoera hemen pixka bat desberdina da, guk proposamenak egiten ditugulako EH Bildun. Talde parlamentarioa oso ona da, miresmen hitzak besterik ez ditut nire kideentzat. Harro nago talde horren partaide izanaz. Edozein eratan, eta bereziki orain COVID-19 garaian ikusi dugun gobernu kudeaketarekin, beharbada egin beharko genuke oposizio pixka bat gogorragoa.

Nik hezkuntza mundua ezagutzen dut batez ere, eta eremu horretan haserre handia dago, sindikatu guztien batasunak erakusten duen bezala. Hor oposizio beldurti samarra egiten ari gara. Gimeno [Carlos] beharrean Mendoza [Jose Luis] balitz Hezkuntza kontseilaria, dagoeneko kargugabetua lukete.

Nola, zerekin egin oposizio ausartago hori?
Konplexua da, aitortzen dut, baina hainbat alor sozial sendotzera jotzen duen aurrekontuari bide ematea eta kritika gogorragoa egitea posible izan behar da, batez ere hezkuntzan eta osasunean. Azken honetan langileak bereziki daude nekatuta.

Nola ikusten duzu Nafarroako Gobernuaren kudeaketa pandemiaren aurrean?
Inprobisatzen ari da, koherentziarik gabe, Madrilek dioena jarraitzen eta neurri merkantilistak pertsonen eskubideen gainetik lehenetsiz, batez ere hezkuntzan eta osasunean. Tabernetara joan gaitezke, baina gero eskoletako gela askotan 35 haur daude, beharrezko neurriak inondik inora bete gabe? Baina, jakina, kontziliazioaren izenean haurrek eskolara joan behar dute. Ez da serioa. Gauza asko egin daitezke: beste espazio batzuk erabili, joan den legealdian hezkuntzan egindako ituna onartu, horrela pertsonal gehiago kontratatzeko.... Orduan zera sinatu zen: ratioak jaistea, irakasleen irakaskuntza orduak gutxitzea... baina ez dira betetzen ari.

Gimenok Begoña Unzue jarri du giza baliabideen zuzendaritzan, Barcinaren garaian ere zuzendari izan zena eta 2012an 1.000 irakasle kaleratu zituena. Hau hasi zen lanean pentsatuz nola aurreztu, eta egungo egoeran horrela ezin da kudeaketa ona egin. D eredua, landa eskolak, Lanbide Heziketako irakasleak... sekulakoak egiten ari dira esparru horietan, eta Gimenok zortea du, oposizioan ez duelako inor oldartuko zaiona bera joan den legealdian Hezkuntza Sailari oldartu zitzaion gisan.


ASTEKARIA
2020ko urriaren 18a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EA
Analisia
EAren zatiketa, beste urrats bat

Zatituta zegoen EA azken urte hauetako uneren batetik aurrera, beharbada 2017an egindako bi kongresuetatik, edo 2019an huts egindako primaria prozesutik, edo honen harira sortutako borroka judizial gupidagabea hasi zenetik, akaso bost buruzagiren azken kanporaketatik... Berdin... [+]


EAk lau urtez eten du alderdiko bost kargudunen militantzia

EAko Nazio Batzorde Eragileak erabaki du lau urtez Maiorga Ramirez, Iratxe López de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresen afiliazioa bertan behera uztea, “eskubide, betebehar eta diziplina Araudiaren urratze larriak egin dituztelako”.


Eva Blanco, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia
"Kongresuan galtzen badute, berriro esango dute iruzurra egin dela"

Eva Blanco (Amurrio, 1973) 2019an izendatu zuten EAko idazkari nagusi, Pello Urizarrek dimititu ondoren. Barne giro liskartsuan eraman behar izan du aurrera bere agintaldia. Baina arazoak atzeragotik datoz, gutxienez 2017ko kongresutik. Familia barruko gatazkak dira mingarrienak... [+]


Garaikoetxeak arbuiatu egin du EA EH Bildun integratzea

Joseba Elosegi gudaria zenaren omenez Donostiako EAk antolatutako ekitaldian, Carlos Garaikoetxea lehendakariak EH Bilduk koalizio gisa jarraitzearen alde egin du, alderdiko sektore kritikoarekin bat eginez.


Eguneraketa berriak daude