EA

EAren zatiketa, beste urrats bat

  • Zatituta zegoen EA azken urte hauetako uneren batetik aurrera, beharbada 2017an egindako bi kongresuetatik, edo 2019an huts egindako primaria prozesutik, edo honen harira sortutako borroka judizial gupidagabea hasi zenetik, akaso bost buruzagiren azken kanporaketatik... Berdin da non jartzen den zatiketaren arrakala, kontua da alderdi batek ezin duela politikan jardun EAk azken urteetan egin duen bezala, esan gabe ere egiazki bi alderdi moduan ageri denean, biak EAren izenean.


2022ko otsailaren 21an - 10:31
Azken eguneraketa: 11:39
Argazkia: Eusko Alkartasuna.

Iragan kongresuari begira bi sektoreak ez badira ados jarri oinarrizko akordio politikoa lortzeko, aurrerantzean are gutxiago. Apurketa gauzatu da eta orain, seguruenik prozesu luzean, kudeatu beharko dute alderdien apurketetan izaten den alorrik odoltsuena: karguen eta egoitzen banaketa. Karguei dagokienez, legalki siglen kontrola eskuratu duen Eva Blancoren sektoreak ezer gutxi egin dezake haren harikoak ez direnak eskuratzeko, legez kargu instituzionalak hautatuarenak dira eta. Egoitza eta ondasunen gerra haien izaera juridikoaren arabera izango da.

Funtsean, EH Bilduren baitan EAk duen posizioa dago alderdiaren zatiketan: Blancoren sektorea ados dago EH Bilduk 2017an egindako berrantolaketa prozesuarekin, eta Ramirezen sektorea ez; edo, nahi bada, sinbolikoki esanda, Carlos Garaikoetxearen sektorea ez, honek uste baitu EAren proiektu sozialdemokrata historikoa, eta beraz, alderdia, arriskuan dagoela Sortuk kontrolatzen duen EH Bildu berregituratuan.

Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko zuzendaritzak EAko zuzendaritzarekin bat egiten dute. Arabakoak, Gipuzkoakoak eta Nafarroakoak kritikoen sektorearekin. Eta alderdiaren kanpotik begiratuta, gaitza da ulertzea bi sektoreen arteko desberdintasun politikoa, are gehiago 2017ko kongresuaren ponentzia ofizialak alderdiaren %80aren sostengua lortu zuenean. Baina hori bereiztea askotan izaten da zaila alderdien zatiketetan, labanen dantza desberdintasun politikoei gailentzen zaienean.

Sektore kritikoaren buruzagiak kongresuaren bezperan alderditik kanporatzea ez dirudi denik neurririk egokiena alderdiaren baitan elkar zaintzeko, ez bada aspaldi ulertu delako ez dagoela bi aldeen arteko konponbiderako aukerarik. Militanteen 249 ordezkarik zuten botoa emateko eskubidea Gasteizko XIII. Kongresuan, 135 ordezkarik parte hartu dute Eva Blanco idazkari nagusi aukeratzeko bozketan, eta 134aren sostengua izan du. 116 ordezkarik edo 147k –zenbaki desberdinak irakurri dira–, aldiz, kongresu paralelo bat eratu dute Gasteizen bertan, batzar berri bat eratu, “alderdiaren demokratizazioa” eta EH Bildun duen funtzioa berregiteko helburuarekin. Orain arte konponbidea posible izan ez bada, orain are gutxiago.

Sektore kritikoak Gasteizen egindako kongresu paraleloa. (Argazkia: @imanolmara1)
Sorreratik eman den higadura geldoa

EAJ ahaltsuaren zatiketa izanik, EAren ibilbidea ez da inoiz samurra izan 1986an sortu zenetik. Jeltzaleak oso kaltetuta atera ziren, baina urteek aurrera egin ahala, lehenak bere egiturak eta ordezkaritza sendotzen zituen, eta bigarrena higadura prozesu luze batean murgildu zen, bidean hainbat zatiketa utziz. Horietako batzuetatik ez zen alternatiba antolaturik sortu –Inaxio Oliveri-Garaikoetxea krisitik, adibidez, edo Begoña Erraztirenetik– eta beste batzuetan bai, 2009an Gipuzkoako EAren apurketatik Hamaikabat alderdia sortu zenean.

2001-2007an EAJrekin batera gobernatu zuen, eta jeltzaleek Ibarretxe Plana ehortzi zutenean EAk hautsi zuen bien arteko jarduna. Gaur egun arte irauten duen Ezker Abertzalearekiko elkarlanari ekin zion orduan EAk, EH Bilduren sorreran eta bilakaeran parte hartuz, besteak beste, Garaikoetxearen bedeinkazio guztiekin. EH Bilduren baitan EAk ez zuen ibilbide errazik, orain argi ikusten ari den moduan, EH Bilduren sendotzeak, bere baitako alderdien ahultzea ekarri duelako.

Baina zer da garrantzitsuagoa, alderdia edo haren printzipioak? Eva Blancoren sektoreak argi adierazi izan du, alderdia bai, baina batez ere printzipio politikoak, eta horiek gaur egun EH Bilduk ordezkatzen ditu, eta badute arrakasta gizartean. Beraz, zertarako atera egitura horretatik, EH Bildutik kanpo hotzak alderdia historian izoztua utz dezakeenean behin betirako?

Ez dira iritzi horretakoak sektore kritikokoak eta uste dute alderdia EH Bilduren baitan desegingo dela horrela jarraituta. Hala ere, kritikoek ez dute lortu gailentzea, eta gailenduta ere, nekez pentsa daiteke horrek EH Bilduren antolaketa moldearen aldaketa ekarriko lukeenik. Beraz, sektore kritikoaren logikan, EAren etorkizuna gehiago irudika daiteke EH Bildutik kanpo barruan baino. Eta gaur egun, ez da samurra Garaikoetxearen EAren proiektu sozialdemokrata EH Bildutik kanpo egituratzea, besteak beste, EH Bilduk berak bereganatzen dituelako Mendebaldeko gizarteetan proiektu sozialdemokrata askok duten jokaera politikoa.

EAko bi sektoreen zoritxarrerako, Gasteizko bi bilkurek apurketa hobeto ikusarazteko balio izan dute, han ez da ezer konpondu. Zatiketa beste prozesu batean sartu da.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: EA
EAk lau urtez eten du alderdiko bost kargudunen militantzia

EAko Nazio Batzorde Eragileak erabaki du lau urtez Maiorga Ramirez, Iratxe López de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresen afiliazioa bertan behera uztea, “eskubide, betebehar eta diziplina Araudiaren urratze larriak egin dituztelako”.


Eva Blanco, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia
"Kongresuan galtzen badute, berriro esango dute iruzurra egin dela"

Eva Blanco (Amurrio, 1973) 2019an izendatu zuten EAko idazkari nagusi, Pello Urizarrek dimititu ondoren. Barne giro liskartsuan eraman behar izan du aurrera bere agintaldia. Baina arazoak atzeragotik datoz, gutxienez 2017ko kongresutik. Familia barruko gatazkak dira mingarrienak... [+]


Garaikoetxeak arbuiatu egin du EA EH Bildun integratzea

Joseba Elosegi gudaria zenaren omenez Donostiako EAk antolatutako ekitaldian, Carlos Garaikoetxea lehendakariak EH Bilduk koalizio gisa jarraitzearen alde egin du, alderdiko sektore kritikoarekin bat eginez.


Miren Aranoa, EAko koordinatzailea Nafarroan
"Iturri bakarretik edanez, EH Bildu uniformizatzen ari dira"

Barne gatazka latza bizi dute Eusko Alkartasunako bi sektorek: batean egungo zuzendaritza dago, eta bestean haren kudeaketari kritika zorrotza egiten diona. Azken honetan dago Miren Aranoa (Buenos Aires, 1958), Nafarroako EAko koordinatzailea.  Osasun egoera dela-eta,... [+]


Eguneraketa berriak daude