EA

EAko bi sektoreak epaitegian aurrez aurre

  • Asteazken honetan EA alderdiko bi sektoreetako ordezkariak aurrez aurre jarriko dira epaitegietan. Alderdiko afiliatuen zerrendetara sarbidea edukitzea da auzi judizialaren muina, baina sakonagoko arazoak ere agerian geratzen ari dira azken hilabeteetan.


2019ko azaroaren 06an - 11:09
Eba Blanco eta Maiorga Ramirez, EAren bi sektoreetako ordezkariak.

Eusko Alkartasuneko (EA) sektore ofizial eta kritikoak aurrez aurre jarri dira asteazken goizean auzitegietan, afiliatuen erroldaren inguruan dituzten desadostasunak argitzeko eta, ondorioz, alderdiko idazkaritza nagusia aukeratzeko primarioak erabakitzeko. Bi parteak Gasteizko lehen auzialdiko 7. zenbakiko epaitegian egingo den ahozko ikustaldira deituta daude.

Epaiketa Eba Blanco EAko idazkari nagusi izendatu eta gero egin dute. Sektore kritikoa izendapen horrekin desados egon arren, azkenean ez du beste hautagaitzarik aurkeztu; izan ere, alderdiko hauteskunde-batzordeak Maiorga Ramirez sektore kritikoko ordezkariarena baliogabetu zuen, buruzagi nafarrak aurkeztutako 400 abaletatik bostetan forma akatsak zituela argudiatuta –Blancok 60 aurkeztu zituen–.

Alderdiko Berme Batzordeak arrazoia eman zien kritikoei eta Blancoren izendapena baliogabetzeko agindu zuen, baita Ramirezen hautagaitzaren birgaitzea ere; baina EAko zuzendaritzak uko egin dio militanteen artean primario berriak deitzeari.

Korapiloak kapitulu asko ditu aurretik: irailean kritikoek auzitegietara jo zuten afiliazio datu guztiak eskura izateko, argudiatuz alderdiko zuzendaritzak eskaintzen zien hautesle errolda bakarrik kontsulta zezaketela. Haien ustez, zuzendaritzak ez du betetzen alderdiaren Berme Batzordeak erroldaren inguruan emandako ebazpena; izan ere, bi aldiz agindu zion zuzendaritzari afiliatuen datu guztiak exekutiba nazionaleko kide guztien esku uzteko, bien bitartean primarioen prozesua ezin zela martxan jarri adieraziz.

Pello Urizarrek ekainean alderdiaren zuzendaritzan dimisioa eman izanak eta primarioen ondorengo deialdiak berriro ireki ditu EAko bi sektoreen arteko barne-zauriak. 2017ko kongresuaz geroztik, kritikoei boto gutxigatik irabazi zieten ofizialek, eta aurrez aurre daude alderdiak EH Bildu koalizioan izan behar duen profila dela eta. Kritikoen ustez, egungo noraezak EAren "diluzio eta desagertzera" eramaten ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EA
Analisia
EAren zatiketa, beste urrats bat

Zatituta zegoen EA azken urte hauetako uneren batetik aurrera, beharbada 2017an egindako bi kongresuetatik, edo 2019an huts egindako primaria prozesutik, edo honen harira sortutako borroka judizial gupidagabea hasi zenetik, akaso bost buruzagiren azken kanporaketatik... Berdin... [+]


EAk lau urtez eten du alderdiko bost kargudunen militantzia

EAko Nazio Batzorde Eragileak erabaki du lau urtez Maiorga Ramirez, Iratxe López de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresen afiliazioa bertan behera uztea, “eskubide, betebehar eta diziplina Araudiaren urratze larriak egin dituztelako”.


Eva Blanco, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia
"Kongresuan galtzen badute, berriro esango dute iruzurra egin dela"

Eva Blanco (Amurrio, 1973) 2019an izendatu zuten EAko idazkari nagusi, Pello Urizarrek dimititu ondoren. Barne giro liskartsuan eraman behar izan du aurrera bere agintaldia. Baina arazoak atzeragotik datoz, gutxienez 2017ko kongresutik. Familia barruko gatazkak dira mingarrienak... [+]


Garaikoetxeak arbuiatu egin du EA EH Bildun integratzea

Joseba Elosegi gudaria zenaren omenez Donostiako EAk antolatutako ekitaldian, Carlos Garaikoetxea lehendakariak EH Bilduk koalizio gisa jarraitzearen alde egin du, alderdiko sektore kritikoarekin bat eginez.


Eguneraketa berriak daude