"Euskaraz egiten diren gauza asko oso txarrak dira, baina ezin da publikoki esan"

  • 22 urte besterik ez eta kultura musikal itzela du Ibil bedi taldeko sortzaileak. Rock, punk, Oi!, rap, trap… estilo guztietatik elikatzen da euskal pop berriaren eragile hau. Euskal musikaren mugak zabaldu behar direla aldarrikatzen du, Irunberritik euskaraz abestea aldarrikatzen duen bezala.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Ibai Osinaga Gogorcena. Iruñea, 1998

Iruñean sortu eta han bizi izan arren, oso Irunberrikoa da Osinaga. 12 urterekin herrian atera zen lehen aldiz eszenatokira bi adiskiderekin eta segidan Altxatu talde entzutetsua sortu zuten.  Baionan Euskal Ikasketen gradua amaituta Irunberrira itzuli eta beste proiektu bat jarri zuen abian duela urte eta erdi: Ibil bedi. Pop musika hamaika ñabardurarekin. Iaz lehen diskoa plazaratu zuten, Berandu baina garaiz, eta orain bigarrena ari dira grabatzen.

Zer aurkitzen duzu herrian?
Lasaitasuna. Ez duzu hiri batean izan dezakezun anonimotasuna, baina hori, aldi berean, ona da. Denok ezagutzen dugu elkar eta kohesio handia dago adin guztietako jendearen artean. Gainera oso herri bizia da. Iruñean sortu nintzen eta han bizi ginen lanegunetan, baina lagunak eta giroa beti hemen izan ditut.

12 urterekin eman zenuen lehen kontzertua. Nola izan zen hura?
Bai. Eta baxu jotzaileak 11 zituen. Talde gehienek esaten dute haien hastapenetan izugarrizko gogoa zutela banda bat egiteko eta haien gustuko musika jotzeko, baina gure kasuan sorrera ez zen halakoa izan. Niri musika gustatzen zitzaidan betidanik eta Irunberriko San Felizes kaleko jaietan Iker Ariz laguna, bere ama eta hirurok elkartu ginen zerbait egiteko jendaurrean. Amak bizpahiru kanta abestu zituen eta guk gitarra eta bateriarekin lagundu. Berehala Julen Abaurrea laguna elkartu zitzaigun. Baxu bat oparitu zioten eta esan genion entseguetara etortzeko. Abuztu hasiera zen eta hilabete bukaeran lehen kontzertua eman genuen Ikerren amaren herrian, Tabarren. Horrela sortu zen Altxatu.

Inguruko herrietan eta hemengo taberna batean jotzen genuen eta berehala hasi ginen gure abestiak idazten. 14 urte genituela, 2012an, lehen diskoa grabatu genuen. Handik gutxira Gor diskoetxekoek entzun zuten ez dakit nola, eta haiek deitu egin ziguten beraiekin grabatzeko. Hurrengo urtean plazaratu genuen diskoa Gor zigiluarekin.

Ibilbide azkarra mutiko batzuentzat…
Hala da. Hasieran jendeak gutaz asko hitz egiten zuen, baina hirugarren diskoarekin nabaritu genuen gazte izateagatik sortzen genuen erakargarritasun hori jada apaldua zegoela, nolabait. Eta lastima da. Talde baten funtsa gaztetasuna izatea ez da ona, eta guretzat ere hala izan zen. Guk gure musika egin nahi genuen, baina jendeak Altxatu entzun nahi zuen oso gaztetxoak ginelako.


"Orain gazteen artean oso modan dauden Oi!, punk eta rock’n roll taldeak (Brigade Loco, Rotten XIII, Arkada Sozial…) testosterona hutsa dira. Gizontasunaren irudi hegemonikoa hor dago”

Beraz, musikari baino gehiago zuen adinari begiratzen zioten?
Sentsazio hori dugu. Gazte izateagatik jendeak esatea “Altxatukoak zer onak diren” ez zen lagungarria izan guretzat. Esan talde bat ona dela bere musika gustatzen zaizulako, ez soilik gazteak edo desberdinak direlako, baina euskarazko musika alorrean kritika falta izugarria dago. Euskaraz ateratzen den edozein gauza onartzen da. Ez du inork negatiboki kritikatzen. Hori arazo bat da. Niri iruditzen zait gaur egun euskaraz egiten diren gauza asko musikalki edo estetikoki oso txarrak direla, baina ezin da publikoki esan. Euskaraz baldin bada, automatikoki ontzat ematen da. Musikarien artean bai hitz egiten dugu horri buruz eta kritika egiten da, baina publikoki ezin da esan. Tabu bat da. Literaturan kritika gehiago dagoela iruditzen zait, baina musikan ez.
Egia da, bestalde, dena behar dugula euskaraz, baita zaborra ere, baina ezin da esan zaborra dela. Gurea hizkuntza minorizatua izan arren, nik uste dut kritika zintzoa egitea positiboa dela.

Argazkia: Dani Blanco

Musikaren panorama irekitzen ari da Euskal Herrian?
Poliki-poliki bai. Guk, adibidez, gure kontzertuetan beti esaten dugu popa aldarrikatzen dugula. Estilo hau oso kritikatua izan da hemen eta azken urteetan, Ken Zazpi kenduta, ez da beste erreferenterik izan.
Orain gazteen artean oso modan dauden Oi!, punk eta rock’n roll taldeak (Brigade Loco, Rotten XIII, Arkada Sozial…) testosterona hutsa dira. Gizontasunaren irudi hegemonikoa hor dago. Popa gehiago lotua dago feminitateari. Ematen du gizon batek ezin duela halakorik entzun eta iruditzen zait diskurtso matxista hori oraindik badagoela musikan eta oso jende gaztearen artean, gainera. Zuk ikusten duzu Oi! kontzertu bat eta musikari gehien-gehienak edo denak gizonak dira, kantatzeko modua oso erasokorra da eta jendeak ere oso modu bortitzean jokatzen du kontzertu horietan. Nik musika hori maite dut eta entzuten dut, baina soilik hori hartzen badugu euskal musikatzat, hori delako orain modan dagoena, musika molde hori maite ez duen jendeak ez du inoiz entzunen euskal musika. Nesken artean, batez ere, euskal musikatik at bilatzen dute askotan gustuko musika. Popa, reggaetona, trapa, rapa… euskaraz egiten badituzu, agian lortuko duzu jende horrek entzutea eta beste diskurtso batzuk garatzea. Gu bide horretatik goaz. Gustatzen zaigun musika egiten dugu. Nahi dugun estiloa konplexurik gabe egitea da euskal musikan oraindik dugun erronka.

Zergatik euskaraz?
Niretzat Irunberritik euskaraz kantatzeko hautua erabaki politiko bat da. Jendea harritu egiten zen gu ikusita. Niri hasieran ahalegin berezia eskatzen zidan, orain ez bezala, eta Altxatukoek ez genuen inoiz egiten euskaraz gure artean, baina euskaraz abesten genuen. Gure aletxoa zen hori.

Leku euskaldunetatik kantatzen dutenek ez dute guk bezala ikusten. Izarorentzat, adibidez, euskaraz kantatzea normala da eta horrez gain ingelesez edo gaztelaniaz abesten du. Oso ongi, nahi duzuna egin, baina hor euskarak indarra galtzen du, nolabait. Ongi dago euskaraz ez dakitenek zerbait galtzen ari direla sentitzea. Eztabaida hori ere hor dago. Iruñerrian atera diren talde askok euskararen aldeko hautua egin dute.

Beste alde batetik, batzuek uste dute musikaren estiloaren arabera hobe dela hizkuntza bat edo bestea. Baina nire ustez hori ez da horrela. Duela zenbait urte, adibidez, estatuko indie talde askotxo hasi ziren ingelesez kantatzen, sasi ingeles batean, eta gero batzuk, etsita, aldaketa egin eta gaztelaniaz hasi ziren, naturalago.

Euskaldunon kasuan, gainera, esan beharra dago euskarak baduela exotismo puntu bat eta horrek ere laguntzen duela mundu mailan. Hori aprobetxatu behar dugu jendeak ikus dezan gauza guztiak egin daitezkeela euskaraz. Nahi badugu euskarak posizio on bat izan dezan, edozein gauza eta edozein musika mota landu behar dugu, arazorik gabe.


"Ongi dago euskaraz ez dakitenek zerbait galtzen ari direla sentitzea. Eztabaida hori ere hor dago”

Nola izan zen Altxatutik Ibil bedirako pasaera?
Kaotiko samarra. Altxaturen despedidarik ez dugu egin iruditzen zaidalako agian egunen batean zerbaitetarako elkartzen ahal garela, nahiz eta Iker eta Julen orain musika munduan oso sartuta ez egon.
Nik aurrera jarraitu nahi nuen, baina ez nuen ikusten hor segitzeko modurik eta horregatik pentsatu nuen hobe zela beste zerbait sortzea.

Beste proiektu txiki batean nenbilen duela hiru urte nire ama hil zenean. Oso latza izan zen eta horren ondorioz hasi nintzen abestiak idazten, barruan nuen guztia kanporatzeko. Argi ikusi nuen kanta horiek ezin nituela Altxaturekin egin.

Amets Aranguren lagunarekin aspalditik banuen zerbait egiteko ideia. Egun batean bera eta Areta Senosiain kontzertu bat ikustera etorri ziren eta bukaeran esan zuten talde bat egin behar genuela.

Horrela sortu zen Ibil bedi?
Bai. Handik atera eta whatsapp talde bat egin zuten Benetan izenekoa, oraindik erabiltzen duguna. Uztailean landetxe batera joan eta kantak egin genituen. Gerora bi lagun gehiago elkartu zitzaizkigun: Eder Escalera institututik ezagutzen nuena, Amets eta Areta bezala, eta Zangozako Javier Larrañeta. Iazko urtarrilean bildu ginen bostok lehen aldiz, maiatzean Amoroton grabatu genuen lehen diskoa Berandu baina garaiz eta ekainean plazaratu genuen. Egia esan dena oso azkar egin dugu.

Eta orain bigarrena bidean?
Hau hemen, etxean, grabatuko dugu. Gaur egun dena asko aldatu da. Orain diskoetxe bat ez da ezinbestekoa disko bat grabatzeko edo manager moduan aritzeko. Eta pena da. Lehen zigilu bakoitzak bazuen bere estiloa eta askotan zure gustuko diskoetxeak ateratzen zuena erosten zenuen haiena zelako. Diskoetxearen izaera, estiloa, nabarmena zen eta hori dena galdu da.

Argazkia: Dani Blanco

Durangoko Azoka buruan duzue aurten?
Oso azoka arraroa izanen da eta ziur aski talde txikiak kontzertuen zirkuitutik kanpo geldituko gara. Guk ideia genuen urrian edo azaroan ateratzea. Aurrekoa ekainean atera genuen eta oso data txarra dela ikusi genuen. Jende guztiak Durango izaten du jomuga eta hori ere ez da ona, nire ustez. Berrikuntza guztiak biltzen dira oso denbora gutxian eta ez dizu denborarik ematen dena asimilatzeko eta entzuteko. Dosifikatzea hobe dela uste dugu, baina hala ere, automatikoki guk ere data horietan atera nahi dugu. Gure ideia zen grabatzea eta urria-azaroan aurkezpen kontzertuak ematea, baina orain ezin duzu emanaldirik eskaini…
Kontzertu bat dugu urrian, besterik ez. Uztailean bat egin genuen Gasteizen formatu akustikoan, 60 pertsonaren aurrean eta Lekeition ere izan gara irailaren hasieran. Abuztuan hiru genituen Baigorrin, Irunberrin eta Iruñean. Lehenengo biak bertan behera utzi zituzten eta Iruñekoa hastear zegoenean izugarrizko euri zaparrada bota zuen eta ezin izan genuen egin.

Egoera honek kinka larrian jarri zaituzte?
Gu agian ez gara horrenbeste sufritzen ari, ez gara honetatik bizi eta ez dugu inor kontratatzen, baina egoera latza da jende askorentzat. Musikaren mundua bai, oro har kinka larrian dago, lanpostu asko dagoelako atzean.

Ibil bedi, zergatik?
Izena aukeratzea oso zaila da. Gustatu zitzaigun estetikoki orekatua delako eta gure arazoez hitz egiteko, modu terapeutikoan sortu zenez, ongi islatzen du bizitzan aurrera joateko gogo hori.

Zenbat aldiz deitu dizuete Ibil bide?
Askotan!

Zein da zuen estiloa? Pop-….?
Pop. Besterik ez. Gorka Urbizuk zioen rock talde bat zela Berri Txarrak eta rockak elementu asko hartzen dituela bere barnean. Guri gauza bera iruditzen zaigu poparekin. Azken finean musika popularra da, erraz uler daitekeena.
Hasieran pop-folk esaten zuen jendeak, biolin bat ikusten duten unean folka dela pentsatzen dutelako, baina pop da.

Lehen diskoarekin alderatuz nolakoa izanen da bigarrena?
Bietan letrak oso pertsonalak dira, baina oraingoak kanta positiboagoak direla esanen nuke. Aurrekoan, bai nireak bai Ametsenak, tristeagoak ziren. Abesti terapeutikoak, une zailetan sortuak zirelako, baina tristeak. Oraingoak bereziki amodio kontuak dira. Ametsen abestiak nireak baino hobeak direla iruditzen zait oraingo honetan. Oso politak.
Abesti bat oso pertsonala izatea lortzen duzunean jendeak bere egiten du. Bere sentipenekin lotzen ditu. Unibertsal bihurtzen da. Hori esan didate, adibidez, Ama kantari buruz.

Diskoak nork eta zertarako erosten ditu?
Kontzertuetara joaten den jendeak. Ni orain friki samar bilakatu naiz eta biniloak baino ez ditut erosten. Musika entzuten dut Spotifyn. Durangon bai saltzen dira, baina sinadurarengatik gehienbat. Estetikoki polita izatea, diseinua edota abestien letrak ematea baloratzen da. Musika baino zerbait gehiago eskaini behar duzu. Musika entzuteko modua asko aldatu da. Hamar kanta edo gutxiagoko diskoak egiten dira eta kantak ere motzagoak. Irratietan jartzen diren kantuen estribilloak beti daude 45. segundoa baino lehenago, bestela akabo.

Jarraituko duzue izaten arratsaldeko zortzietako talde bat?
Bai, baina orain pandemiarekin dena aldatu da. Orain denok gara arratsaldeko zortzietakoak eta ohitu beharko dugu musika bortitza ere eserita ikusten. Hori poparentzat positiboa dela iruditzen zait, jendeak ikusiko duelako edozein musika estilo ikus daitekeela nahi duzun bezala eta nahi duzun ordutan. Gu, adibidez, Berlinera joanen gara uztailean talde oso punki bat ikustera eta badirudi musukoarekin eta eserita ikusi beharko dugula.

Zer ikusten duzue eszenatokitik?
Bitxia da, baina guk alderaketa egiten dugu sare sozialekin. Twitterren jarraitzaile gutxi ditugu, baina ditugunen artean askotxo nahiko pertsona ezagunak dira. Instagramen 16 eta 24 urte bitarteko jende asko dugu, baina askotarikoa, eta Facebooken aldiz, oso jarraitzaile gutxi. Kontzertutan ere halako panorama ikusten dugu. Altxaturekin oso ezberdina zen. Gure adinekoak ziren gehienak eta orain, aldiz, 30 urtetatik gertuago dagoen jendea da. Hori ongi dago, niri adin tarte hori gustatzen zait.  
Kultura beharrezkoa dela esaten da orain behin eta berriz…

Nik uste dut kultura dena dela. Batzuetan kultura aipatzen denean gauza zehatz batzuei buruz ari gara eta modu elitista samarrean edo bestela, aldiz, kultura kontsumorako gai huts gisan hartzen da, kultura ia soilik telesailak eta musika balitz bezala.

Zerbait aldatuko da pandemiaren ondoren?
Ezer ez. Gehienez musukoa eramaten ohitu beharko dugula eta agian bi muxu ematearen ohitura galduko dela, hainbat hobe nire ustez. Harremanak egiteko modua agian. Gu oso mediterraneoak gara eta europarrago bilakatuko gara. Niretzat ongi dago hori. Pentsatzeko modua, kontsumismoa… horiek ez dira aldatuko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude