Beste hasiera bat


2025eko urriaren 29an - 09:39
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Kutixik jaialdia

Non: Donostiako Intxaurrondo kultur etxean

Noiz: urriaren 25ean.

--------------------------------------------------------

Azkenean iritsi da udazkena. Gau hotz eta luzeak, euria, izotza goizetan. Ez dugu asteburua joan eta asteburua etorri edozein herriko plazetan kontzerturik izango tarte batez. Aretoen garaia da orain, eguzkiak ilargiari berriz gain hartzen dion arte. Azken urteotan lez, urteko aro honi hasiera emateko Kutixik jaialdira etorri gara Intxaurrondora. 

Ezer baino lehen, aurpegia jarri diegu negu buelta honetan han-hemen kontzertuetan etengabe ikusiko ditugun musikazaleei. 250 lagun inguru elkartuko ginen. Aurrekoen zenbaki zehatzik ez daukat, baina nago beste urte batzuetan baino gutxiago gaudela. Neurrian, haatik. Aretoa beteta eta ezertarako zain egon beharrik ez. 

Eguraldiak eskatu izan balu bezala, Physis Versus Nomos eta Xak izan dira lehenak oholtzan. Haiek euria eta gu, sutondoan, egongelako leihotik beha. Zenbat indar ahots hauskor horietan. Kulata taldea hirugarren. Denok zer suma, haien bigarren kontzertuaz gozatzeko gogoz. Hiru tipa eta jostailu pila bat oholtzan: sintetizadorea, teklatua, metalofonoa, biolina eta ahotsak. Elektronika nahiko lasaia da emaitza, eta klasiko berrituren bat eta haien sorkuntzak jo dituzte 40 minutu pasatxoan. Hasiera batean urduritasuna eta lotsa ageri zituzten arren, irribarreak gailendu dira azkenerako. Beste talde gozagarri bat gure eszena anitza elikatzeko.

Doinu gordin eta gogorragoek hartu dute lekua ondotik, azken bi kontzertuetan. Mihise usurbildarren txanda. Bost urte pasa dira haien lehen diskotik, eta egungo musikagintzaren erritmoaren aurrean makurtu gabe, kantuei behar duten denbora eskainita ari dira oholtzaratzen berriro. Helduago bueltatu dira, noski, baina beti bezain indartsu dirau haien rockak.

Nize izan da azkena. Egia esan, ilusio apur bat ere egin dit Bilbon sortu taldea oholtzan ikusteak. Izan ere, gehiagotan ikusi ohi ditugu oholtzaren inguruan lanean edo ikusle gisa, musikari gisa baino. Pena da, hor goian egiten dutenak kalitate handia baitauka. Gaur, gainera, bateria aurrez erabilita zegoenaren aurrean jarri dute, eta beraz, ikusleongandik askoz hurbilago egon da Intza. Erakustaldi ederra izan dugu, Nikoren baxu fantasiosoak eta Andrearen gitarra eta ahotsek lagunduta.

Azken potea hartu eta autobusez jaitsi gara Egiara, maite ez dugun Donostiaren postaletan agertu ohi ez den inguru horietako batera, Balio Dute kolektiboko kidearen etxera. Beste urtebetez gauzak nola egin daitezkeen erakusten jarraitzen dute hauek, korronte handietatik kanpo, autogestioari eta musikarekiko maitasunari zentzua ematen. Leku bati eusten. Eszenaren zutabe izaten. Eta bai, etorriko gara berriz ere, etxeak zutik dirauen artean. 


Eguneraketa berriak daude