Aurreko ikasturtean, berripaper serio horietako baten erronkari jarraiki, 35 urteetatik aurrera egin beharko ez genituzkeen hamar gauza zerrendatzen zituen zutabe bat idatzi nuen, zutabe arrakastatsu samarra, irakurleen erreakzio suminduak kontuan hartzen baditugu behintzat. Oraingo honetan, eta zutabe hauen bokazio publikoa berresteko asmoz, 40 urteak baino lehen egin beharko genituzkeen bost gauza garrantzitsu zerrendatu nahi ditut –lasai, ez da egongo, ze presio, 35 urteetatik aurrera egin beharko ez genukeen eta 40 urteak baino lehen egin beharko genukeen gauzarik–.
1.- Lagunak. Badakigu euskaldunon artean edozein adinetan dela zaila lagunak egitea, hotz egiten duela kuadrillaren babesetik kanpo, baina adin batetik aurrera gehiago zailtzen da kontua, are arriskua dago ero baten moduan begira zaitzaten lagun berriak egin nahi izate soilagatik. 2.- Literatur nobedadeak irakurri. Denborak estutzen duela jakitun, soilik klasikoak irakurtzea merezi du 40 urteetatik aurrera, gehienez ere gustuko libururen bat berrirakurtzea; baina bukatu da auskalo nolakoak atera daitezkeen nobedadeekin arriskatzea. 3.- Ariketa fisikoa. Esaten dute 40 urteak bete eta gero minik ez baduzu nonbait, hilda zaudela. Horri gehitzen badiogu edozein ariketa fisikok, denik eta ñimiñoenak, adin horretatik aurrera beti uzten duela arrastoa, konbinazioa izan daiteke, kasu honetan bai, mortala. 4.- Urteak kendu. Gaur eguneko 40ak garai bateko 20ak direla entzuten da, baina ez da bereziki kontsolagarria, batez ere norberaren 20 urteak gogoratzen badira. Nahiago, beraz, urterik ez kendu, eta gaur eguneko 40ak betiko 40ak badira. 5.- Zutabe friboloak idatzi. 40 urterekin jada pertsona errespetagarri bat zara jendearen begietara. Ez galdu estatus hori tontakeriekin. Zin degizuet, beraz, hau izango dela nire azken zutabe friboloa. Justu-justu, ordu gutxigatik, baina sartzen baita 40 urteak baino lehen egin daitezkeen gauzen artean.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.