Hilabeteak eman dituzte eguna noiz helduko zain, makinaria politiko eta urbanistikoa prest. Uztailaren 1a zeukaten finkatuta, berez, Zisjordaniako (Palestinako lurralde okupatuak) lurraldearen herena Israelgo Estatuak beretzat hartuko zukeen egun gisa. Palestinarren bizitza inguratzen duen harresia barrurago eramateko promesarekin lortu zuen Benjamin Netanyahuk presidente berrizendatzea, Donald Trumpen onespenarekin. Koronabirusaren bigarren olatuaren erdian heldu da eguna, ordea, eta momentuz stand-by egoeran dago asmoa.
Asko izan ziren nazioartean eskuak burura eraman zituztenak AEBek eta Israelek sinatutako itunaren nondik norakoak jakitean. Urtebete pasatxo egon zen Israelgo Estatua gobernubururik gabe, lau aldiz presidente izandako Netanyahuk ez baitzuen behar besteko babesik lortzen. Oposizioko buruarekin, Benny Gantz izeneko soldadu ohiarekin, gobernua eratzea lortu eta astebetera sinatu zuen kanpainan mehatxu baino gehiago promesa betegaitz itxura zuen plana betearaziko zuen ituna: Zisjordaniako lurren hirugarren anexioa itundu zuen AEBekin, bi estatu sortzeko baldintzapean.
Irakurlea Israelgo politikan pixka bat kokatze aldera, Gantzek 2018ko abenduan Israel Resilentzia izeneko alderdi politikoa sortu zuen, ondoren beste bi alderdirekin aliantzak sinatu eta Kaḥol Lavan izeneko koalizio “zentrista eta liberala” osatzeko –Kahol Lavan izenak hebreeraz Urdina eta Zuria esan nahi du, Israelgo banderaren koloreak–. Gantzek kanpaina egin zuen esanez lehen ministroaren agintaldi kopurua legez mugatu behar zela, osasun publikoa indartuko zuela edo Palestinako Autoritatearekin bake negoziazioak berrartuko zituela, besteren artean. Netanyahurekin gobernua osatzeko negoziazioetan sartu eta aurtengo martxoan Urdina eta Zuria aliantza hautsi egin zen arren, Israel Erresilientzia alderdiak aliantzaren Urdina eta Zuria izena beretzat mantendu eta Netanyahuren Likud alderdiarekin akordioa sinatu zuen. Likudi bosgarren agintaldia abiatzeko babesa eman zion eta Gantz 2021eko urritik aurrera lehen ministro izango dela finkatuta utzi zuten, defentsa eta atzerri ministroak bere alderdiaren eskuetan uztearekin batera.
Esan bezala, anexio planek aurrera egin zuten gobernua osatzean, palestinarrak sutuz: “Gerra krimen” bezala definitu zuen Liga Arabiarrak; Palestinako Estatuak eta Palestinaren Askapenerako Erakundeak Israelekin dituzten segurtasun itun guztiak bertan behera utziko dituztela jakinarazi zuten; Gazako agintaritza duen Hamasek armak hartzera deitu zuen Palestinaren Askapenerako Erakundea; eta NBEk anexioa bertan behera uzteko eskatu zion Netanyahuri. Iazko udaberrian, AEBek enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera mugitu zuten, “hiri sakratua” Israelgo Estatuaren hiriburu bezala onartuz, palestinarrentzat muturreko iraina den ekintza.
Egutegian gorriz markatutako eguna zen 2020ko uztailaren 1a, Israelek bere lurren azken hedapena gauzatuko zukeen eguna. Mundu mailan arrabotsa eragin zuen, baina eguna heldu zenean, hondeatzaile edota poliziarik ez zen ikusi, ez ohiko okupazio militarra mantentzen duten soldaduak baino gehiago behintzat; Netanyahuk kalera atera zuen bakarra komunikatu bat izan zen, esanez “AEBetako bidali bereziekin negoziazioek jarraituko” dutela. Baina, zergatik atzeratu data zehatza finkatua zuen prozedura?
“Anexioa uztailean ez bada egiten, ez da beste inoiz egingo”, zuen izenburua Haaretz egunkari israeldarrak uztailaren 1ean kaleratutako albiste batek. Zisjordaniako kolonia juduetako zenbait buruzagik egindako adierazpena zen; beste buruzagi batzuk are zorrotzagoak izan ziren, eta joan den uztailaren 15erako gertatu ez bada anexiorik ez dela izango zioten. Atzerapena hainbat arrazoik eragin dutela uste dute: COVID-19aren krisiak, Gobernuaren barne-desadostasunek, AEBetako hauteskundeen hurbiltasunak eta kanpo presioek, besteak beste.
Izan ere, mundua geldiarazi duen pandemiak anexioari ere ekarri dio atzerapenik. Israel bigarren koronabirus olatuak kolpatu du uztailean, kasuen gorakada nabarmenarekin. Palestinako lurretan ere igarri dute igoerarik, eta Zisjordanian konfinamendua ezarri dute. Horren aitzakian, Netanyahuren sozio Gantzek anexioa atzeratzeko eskatu du; koronabirusaren krisi betean uztailaren 1a ez dela data “sakratua” argudiatuz.
Gizartearen osasuna ez da agintariak kezkatzen dituen faktore bakarra; egoera politikoak pisu handia du. Hagar Shezaf kazetariak Haaretz-en dioenez, AEBetako hauteskundeak urtea amaitu orduko egingo dira, eta sionistek badakite Donald Trumpek ez duela mugimendu “dramatikorik” egingo eta “planarekin aurrera jarraitzearen alde” agertuko dela. Hau da, ez du “anexio bizkor” baten aldeko pausurik emango, baina anexioa gauzatzeko argi berdea emango du.
Nazio Batuen Erakundeak anexioa bertan behera uzteko eskatu dio Netanyahuri, nazioarteko legedia “larriki” urratzen duela esanez –palestinarrek Apartheidaren murrua deitu dutena ere legez kanpokotzat jo izan du askotan eta eraisteko eskatu, baina Israelek entzungor egin eta 708 kilometroko harresia eraikitzen jarraitu du palestinarren herriak eta beren lurrak bereiziz–. Anexioaren gaiarekin ere NBEren eskariei entzungor egin die Netanyahuk, gobernuko eta nazioarteko bazkideen erabakiek baldintzatu duten arte.
Bada Zisjordainaren anexioa arreta mediatikoa desbideratzeko estrategiatzat jotzen duenik ere. Netanyahu ke-saltzailetzat du Anshel Pfeffer analista israeldarrak, adibidez. Pfefferren ustetan, Netanyahu bere gobernuaren ustelkeria kasuak estaltzeko erabiltzen ari da Zisjordania. Israeldar hautesleei “denbora-pasa” jostagarria eskaini diela dio, bere ustelkeria eskandaluak, autokrazia eta koronabirusaren eta ekonomia krisiaren kudeaketa kaxkarra estaltzeko baliatuz.
Dena den, anexio fisikorik gertatu ez bada ere, mugimenduak hasiak dira. Nazioarteko zenbait ekintzailek ohartarazi dute Google Maps zerbitzuak Palestina ezabatu berri duela bere mapetatik. Palestinar herriari “iseka” egitea dela eta “Google Israelgo Gobernuaren garbiketa etnikoaren konplize” dela salatu dute. Palestina mapetara bueltarazteko eskaerak milioitik gora sinadura lortu ditu egun gutxian. Munduaren kolonizazio garaietan bezala, kartografiaren atzeko interes militarrak agerian utzi dituzte.
Eternitatera kondenatutako gatazka dirudi Palestinaren eta Israelen artekoak, ertz, ikuspuntu eta sufrimendu askorekin. Ez da ariketa erraza orri gutxitan Palestinak pairatu duen kolonizazioa laburtzea. Ezer argi badago ordea, paralelismo biblikoa eginez, David eta Goliaten arteko borroka dela. Palestinarrek aspaldi adierazi zuten beren pentsamoldea: existitzea bera, erresistitzea da.
Joan etorri askoko lurraldea izan da gaur egun Israelgo Estatuak hartua duena, inperio handien menpe egondakoa, izan otomandarrak edo britainiarrak. 1948an, gaur egun Netanyahu buru duen estatua sortzean, ordea, lurraldearen gehiengoa eskuratzen hasi ziren biztanleriaren parterik txikiena ziren judutarrak, horretarako milioika palestinar beren etxeetatik bota eta historiatik ezabatuak diruditen terrorismo ekintzak egin bazituzten ere.
1967a mugarria izan zen Israelen espantsionismoari dagokionez. Lurralde palestinar gehiago okupatzeari ekin eta kolonoak sartzen hasi ziren bertan. Netanyahuk orain proposatzen duen hirugarren anexioa 1967an okupatutako zenbait lurralderena da. Lehenengo anexioa 1980an gertatu zen, Ekialdeko Jerusalemen –NBEk adierazi bazuen ere hiri hori ez zegoela Israelen edo Palestinaren esku– eta bigarrena hurrengo urtean izan zen, Golango Gainetan.
Hortik aurrera Israelen estrategia beti izan da bera: gailentasun militarra eta bortizkeria normalizatuz Palestina apurka-apurka mehetzen joatea, gosez hiltzen uzten den presoa bezala. Baina palestinarrak ez dira geldirik geratu bere amaiera noiz helduko, hortzak erakutsi dituzte sarritan, mundu osoko arreta eta elkartasun keinuak lortuz. Kontaezinak dira urteetan palestinarrek egin dituzten protesta baketsuak, baita erresistentzia armatuak ere. Urteon balantzea, ia familia guztietan dauden martiriak zenbatuta egin daiteke: ehunka mila hildako eragin ditu Israelek, gehienak zibilak.
Hirugarren anexioaren mehatxuak berez ezegonkorra den egoera are gehiago ezegonkortu du. Publikoa egitean proposamenak nazioarteko fokua bereganatu bazuen ere, asko dira orain anexioa bertan behera geratuko dela uste dutenak. “Netanyahuk ez du anexiorik aurreikusi. Ez dago maparik, ezta egutegirik. Ez dago Parlamentura eramateko zirriborrorik. Joan diren hamazazpi hilabeteetan hitzemandako anexioa hauteskundeak irabazteko promesak baino ez zirela erakutsi du”, dio Anshel Pfefferrek Haaretz-eko artikuluan.
Iritzi berekoak dira Amos Harel eta Amir Tibon analistak. Netanyahuren gobernuak duen barne-gatazkaren aurrean, anexiorik ez dela emango uste dute. Dena den, Netanyahuk “anexio sinbolikoa” egitea litekeena dela diote, bertan behera geratu denaren sentsaziorik ez emateko.
Palestinaren etorkizuna ez da ziurra, ezta Israelgo Gobernuaren erabakia ere. Egutegian seinalatutako egun gorria heldu zitzaion Israeli, baina ez zen deus gertatu. Oraindik ikusteko dago Israelen politika espantsionistak eta AEBetako inperialismoak lur zati hori bereganatuko duten edo ez, nazioarteko legedia bere alde baitu Palestinak, baita taupada internazionalista ere.
Esperientziak erakutsi du ordea, Israelen asmo kolonialistak ez direla sekula gutxietsi behar. Hobe datorkien abagune politiko batean joka dezakete agintari israeldarrek uztailaren 1erako aurreikusia zuten karta hori.
Asteazkenean, NATOren goi-bilera hastearekin, aliantzak herrialdeei inposaturiko gastu militarraren aurkako mobilizazioak izan dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Ostegunean eta ostiralean Iranen eta Palestinaren aurkako gerrak salatuko dituzte.
Gaza izan zen iragarpena, Ukraina tanteoa, Iran eskalada, baina Errusia eta Txina dira traka eta azken helburua. Europar Batasunak "Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea" baieztatzen jarraitzen du, eta bere lehen potentziaren buruak aitortzen du "Israel lan... [+]
El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]
Israelek 33 palestinar hil ditu Gazan igandetik astelehenera bitartean, horietatik sei janari bila zihoazela. Israelgo armadak jakinarazi du Gazan bahituta zituzten hiru israeldarren gorpuak berreskuratu dituela. Bestetik, Mahmud Khali AEBetako Columbia Unibertsitateko ikaslea... [+]
Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.
Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.
Azpeitiko Elkar-ekin taldeak protesta ekintza egin du asteazken gauean. 1.000 kilo obra-hondakin utzi dituzte bankuko sarreran, hildakoak irudikatzeko panpinak jarri eta porlanez zikindu dute egoitza.
3.000 zauritu ere utzi dituzte Israelgo armadaren erasoek. Maiatzaren bukaeran berrekin zioten laguntza humanitarioari, GHF fundazio estatubatuarraren eskutik; eta ordutik, bertaratutakoei tiro egin diete soldadu israeldarrek.
Mundu guztia Gazari begira ari da orain. Baina Palestina ez da lur hori bakarrik. Bada beste lurralde bat, izen bera duena, ostutako lurren atzean, moztutako gorputz adarra nola begiratzen diona galdutako lurrari: Zisjordania, eta, egoera are bereziagoan, Jerusalem. Lurralde... [+]
Duela urtebete, toki honetan bertan, existitzen ez zen herri bati buruz idatzi nuen, eta existitzen ez den herri horrek Palestinako genozidioa geldiarazten lagunduko zuela amestu nuen. Argi dago ez dugula lortu. Urtebete geroago, oraindik ere, haurren hilketa masiboak eta herri... [+]
Euskal Herriko ordezkaritza gara Gazara Martxan. Egiptora etorri gara mezu argi batekin: genozidioa salatzeko, blokeoarekin amaitzeko eta Israel estatu genozidarekin harreman guztiak eteteko exijitzeko.
Gure elkartasun ekintzaren aurrean, aginte sionistaren eta... [+]
Antolakuntzak salatu du Poliziak jarraitzen duela martxako partaideak atxilotzen eta tratu txarrak ematen. Kezka berezia agertu du Saif Abukeshek martxako presidentekidearen egoeragatik: astelehen arratsaldean atxilotu zuten, tratu txar “larriak” eman... [+]
Palestinaren askatasunaren aldeko eta genozidio eta okupazioaren kontrako Nafarroako plataforma izan da hautagai bozkatuena.
Egiptoko Poliziak militante ugari atxilotu ditu ostiralean, eta hainbat zauritu eragin, protesta oztopatzeko saiakeratan. Nazioarteko martxaren antolatzaileek adierazi dute aurrera jarraituko dutela, eta datozen orduetan erabakiko dituzte hurrengo pauso zehatzak.