"Ospitalepeko eta Sohütako makiaren kideak heroi izendatu behar ziren"

  • Bigarren Mundu Gerla garaian, zigor operazio makurra gatzatu zuten alemanek Zuberoako Pettarrako Ospitalepean. 1944ko ekainak 27 zituelarik, aleman soldaduek mendiz herria guziz gehiena inguratu eta makien lagungoan ziren etxeak ikertu zituzten. Arakatu eta, zenbait, deboilatu ere. Hilak izan ziren, preso hartuak, kontzentrazio esparru edo zerrategietara eramanak. Gertakariaren berri xehe eman digu egun hartan arrestatuetariko baten semeak.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Zaldi EroArgazkia: Zaldi Ero
Robert Elissondo. Ospitalepea, 1962

Irakasle da, eta Ikerzaleak taldeko kide, Zuberoako historia idatzi gabekoa azalera ekartzea baitu xede, izan dadin Lehen Mundu Gerla, Ospitalepean Bigarren Mundu Gerla garaiko alemanen zigorraldia edo Mauleren historia gordea. Euskaldun sortua, eskolak has eta buru frantsestu zuen, harik eta hogeitsu urtetan berreskuratu zuen arte. Gure estandarra gabe, zuberera batuaz da mintzo. Irakasle da Maulen, eta, gogotik entseaturik, bi ikasturtez euskaraz irakatsi zuen Historia. Bere burua trebe eta abil ikusten hasia zelarik, ikastetxeko zuzendaritza aldatu, eta orduantxe finitu Elissondoren euskara eskolak.

1939-1945, Bigarren Mundu Gerla aroa. Gerla sartu zen Zuberoaraino ere.
Ipar Euskal Herria, eta Biarno ere, espainiar gerla zibilarekin sartu ziren gerla giroan. 1936tik aitzina muga zerratu zuten, baina iheslariak igaraten hasi ziren, lehen hegotik iparrera, eta, gero, kontrako bidean. Ordu horrek baditu bere ezaugarriak ere. Batetik, gerla izugarrizko drama izan zen, eta dramarekin batera, jendetza nahasketa handia. Zuberoan, adibidez, lehenik espainiarrak igaran ziren, erran nahi baita, nahinongo errefuxiatu eta iheslariak. Baziren euskaldunak ere, naski. Haien ondotik, 1943tik aitzina, alemanak sartu ziren hemen. Aleman zenbait, luzaz egon ziren Zuberoan, eta zenbaitek euskaraz ikasi zuten. Ez anitzek, baina zenbaitek. Eta, bestalde, aleman armadan baziren errusiarrak ere, eta, horrela, zuberotarrek jende mota ezberdinak kausitu zituzten beren lurretan. Baziren belgiarrak, jugoslaviarrak, austriarrak, poloniarrak eta beste!

Gerlan Zuberoaraino eta, oroz gain, Ospitalepea herri ttipira.
Gurs zerrategiaren auzotasunak ekarri du Ospitalepea gerla giroan sartzea, 1939ko apirilean. Zerrategiaren zabaltzearekin, doi. Gurs huilan da, hurbil: lau kilometro badira Gurs herritik Ospitalepera heltzeko; lau kilometro eta erdi, berriz, zerrategiaren sartzetik. Huilan zen, beraz, eta hemengo herritarrak hasi ziren ikusten espainiar errepublikano errefuxiatuak harat eta honat, bidean, kamioiz edo oinez. Apezek eta eskuin aldeko prentsak gorri lanjerosak bezala aurkeztu zituen, baina, nahiz nekezian, jendeek ikusi zuten zerrategikoak ez zirela errefuxiatuak baizik. Bestalde, 1939ko irailean, gerla piztuaren abisuarekin, Ospitalepeko hamar bat gizon armadarat joan ziren eta haboroxeak preso egon ziren bost urteko denboran. Oro bizirik sartu ziren berriz Ospitalepera, nahiz bat eri sartu zen: gure osaba zena. 1961ean zendu zen.

Okupazio garaia etorri zen gero… Zein urtetan?
Bi garai badira hor, 1940tik 1944ra. 1942 hondarreraino, bururaino, Zuberoa eta Biarno eremu libroan ziren. Halarik ere, hobe litzateke erratea eremu ez okupatuan zirela. Bizia gaitz zen, gizon presoneren mentsa edo faltarengatik, ororen gainetik. Jendeek kasu egiten zieten inork erraten zituenei. Susmoa eta lotsa giroa zen nagusi. Bistan dena, Gurs zerrategiaren auzotasunak bazuen eraginik. Zerratu gehienak aleman juduak ziren. Zenbaitek baimena ukaiten zuten zerrategitik ilki eta elikadura biltzeko. Aurkitu ditut Ospitalepeko zaharrak, oroituz judu elibat baserri batetik bestera joaten zirela arrautza, esne nahiz ilar galdatzen, sosaren edo lanaren truke. Zenbait, ekuratzen ziren Lasserre ostatuan, eta hango Marie-Louise Lasserre Davancensek erran zidan saltsa gizenak prestatzen zituela judu haientzat, goseturik baitziren. Ostatuan juduak kausitzen ahal ziren eta, haiek bezala, baita zerrategiko zaintzale elibat ere, han alojatzen baitziren, eta han bazkaltzen baitzuten.

Argazkia: Zaldi Ero

Eta 1942tik aitzina?
Bigarren garaia duzu: alemanen okupazio denbora, 1943ko hatsarretik 1944 agorrilera artekoa. Gure herri ttipian, Ospitalepean, alemanak ez ziren etxeetan sartu, baina Zuberoan eta Biarnon bezala gaizkitu zen giroa gure herrian ere. Isilik egon behar zen, kanpotiarrei mesfidati, duda baitzen kanpotiarrak, eta auzoak ere!, adiskide edo etsai bazirenez. Bistan dena, iheslariak ere baziren, baina haiek gauez igaraiten ziren, eta ez herrian berean, baina Barkoxen, kantuko Larraja auzogunean. Iheslari elibat herriko etxeetan egon ziren gorderik aste edo hilabete zenbait. Ezagutzen dugu horietarik izen zenbait: Castro, Baionako judu familia famatua, edo Marcel Pilet, Girondako lan bortxatuetako iheslaria. Baina haboro badira.

Dena dela, okupazioarekin batera, erresistentzia ere izan zen Zuberoan. Makiak, alegia. Jean-Louis Davanti irakurririk dakigu bi maki ere izan zirela...
Bai, xuxen da. Makiak 1943an hasi ziren antolatzen, eta departamenduan lehen erresistentzia egintza Maulen izan zen, urte hartako martxoan. Gazte batek Alemaniara joan behar zuen tren baten peiak [balaztak] moztu zituen Mauleko geltokian. Alemanen kontra atake ttipiak egiten hasi ziren: kamioien edo autoen kontra tiroka, janaria ebasten eta horrela. Baina hartu dute pilotu aleman bat preso ere! Izatez, makiak gizon gazte gordeen taldeak izan ziren. Emeki-emeki antolatu ziren, armada bat bezala, zeren eta armak ere bildu baitzituzten. Sortzez zinez jende ezberdina bazen makietan. Baziren herritarrak, baziren Mauleko langileak gauez jiten zirenak, lan bortxatuetako iheslariak, alsaziarrak, Gurs zerrategiaren zaintzale ohiak, jendarmeak, armadako aintzindariak. Emeki, makien kopurua emendatu da ehun eta haboro heldu arte 1944ko maiatzean. Egia da bi maki izan zirela Zuberoan. Bata Pettarra honetan, Basaburuan bestea. Ospitalepean, adibidez, Franc Pommies talde bat antolatu zen. Erakunde hori armistizioaren frantziar armadaren barnean sortu zen. Alemanek Frantzia osoa okupatu zutelakoz, aintzidari zenbaitek nahi zuen etsaiaren kontra jarri eta aliatuen lehorreratzea lagundu. Ospitalepeko taldea Béguerie eta Jancène jaunek antolatu zuten, eta armadaren erreserbako aintzindariak ziren biak ere.

Zergatik hautatu zuen Pettarrako makiak Ospitalepea?
Bazterreko gune baitzen, oihan anitzekin. Erraz zen gordetzea, baina bidea bazen eta baserriak makiari elikadura ekarri ahal ziezaiokeen. Bi aintzindariek, bestalde, herritar elibat ezagutzen zuten, ehizagatik, ehiztari baitziren. Herrian, Lasserre ostatua batzarri gunea zen makian sartu nahi zuenarentzat. Makiak Ospitalepeko bost etxetan alojatzen ziren, taldeka; hamar-hogei gizon artean baziren. Mahourat etxea zen aginte gunea, ibar oihantsu baten zolan kokaturik baitago. Auzoko Kosine etxeko lur bat jausgailu eremu bilakatu zuten, eta makiek bizpahiru aldiz armak errezibitu zituzten jausgailuz, Londresekin harremanetan baitziren.

Nola ziren harremanetan Ospitalepeko makiak Londresekin?
Jausgailuak abisatzeko, BBC irratiak mezu kodetuak igortzen zituen erranaldi komiko edo bitxi itxuran. Adibidez, 1944ko maiatzeko jausgailua eroriko zela jakinarazi zuten erranez: «Le homard est jaloux de l’écrevisse», erran nahi baita, «Abakandoa jelos da ibaiko hamarratzaz edo karramarroaz». Mezu horrek erran nahi zuen makiak behar zirela gauez eremu hartarat joan, eta behar zituztela argiak prest izan hegazkinari erakusteko non behar zituen edukiontziak jausgailuz aurtiki. Baina ekainean makiako nagusiak lotsa izaten hasi ziren, beldurtzen. Bazen jende sobera makian. Ez zuten kezuloa begiratzen ahal, ez zituzten jende denak ezagutzen eta ez denei konfiantza izaten ahal. Euskaldunak euskaraz mintzo ziren elkarri, sekretuak begiratzeko. Sasoi hartan, bestalde, Frantzia osoan Oradour sur Glane-ko sarraskiaren berria hedatu zen. Ospitalepeko herritarrak lanjeran ziren, alemanen errepresioa paira zezaten. Horrela, ekainaren 23an makiek erabaki zuten Ospetalepe utziko zutela eta barreiatuko zirela inguruko eremuetan.

Eta, doi, ekainaren 27an gertatu zen zigor operazio handia!
Bai. Makiek bazuten arrazoi mesfidatzea. Alemanak inguratze eta arrestatze operazioa ari ziren prestatzen. Egun hartan, goizean goizik, kamioi lerroak hasi ziren herrira huilantzen. 400-600 soldadu alemanek herri osoa inguratu zuten eta emeki-emeki erdirat arte hasi ziren aitzinatzen. Non-nahi ikertu zituzten makiko kideak, “terrorristak” deitzen zituztenak. Baina eskapatu ziren! Beraz, zibilen kontra itzuli zuten beren kexua. Hemeretzi arrestatze egin zituzten Ospitalepean eta kantuko Sohütako etxeetan. Bederatzi lagun deportatu zituzten, zortzi hil. Gizon deportatuak Mauthausen (Austria) kontzentrazio zerrategietan hil ziren. Hiru emazte Ravensbruckera (Alemania) eraman zituzten: Marie eta Marie-Louise Lasserre Davances ama-alabak, eta Aimée Larlus, haien auzoa.


"Makiaren kideak fidelki biltzen ziren urte oroz Ospitalepeko oroitarriaren aitzinean, baina auzapeza baizik ez zen han herritarrik. Dolu ziren herritarren sufrimenduaz, baina ez ziren haiekin mintzatzen”

Marie-Louiseren testigantza bildu zenuen zuk...
Bai. Marie-Louise François anaiarekin batean sartu zen erresistentzian. Haren lana zen makian sartu nahi zuena errezibitzea, eta BBC irratiak hedatzen zituen mezu kodetuak behatzea. 1944ko ekainaren 27an, alemanek beren ostatuko borta jo zuten, anaia altxatu nahi baitzuten, baina denbora ukan zuen eskapatzeko. Orduan, Marie-Louise eta aita eta amak arrestatu zituzten, eta jo. Preso eraman zituzten Baionarat eta, gero, Bordelerat. Frantzia libratzeko guduak hasirik ziren. Aliatu hegazkinek trenbideak bonbardatzen zituzten, eta deportazio trenak ez ziren ibiltzen ahal. Halarik ere, naziak azken deportazio herronka Alemaniarat igortzera heldu ziren, «tren fantasma» deituan, hala erraten baitzioten, non ezarri zituzten Marie-Louise eta haren ama. Tren herronka hura hego Frantziatik eta Rhone ibarretik igaran zen Alemaniarat arte. Bidajeak hilabete bat eta haboro iraun zuen, baldintza izugarrietan. Aita deportatzeko denbora ez zuten ukan, eta Bordelen egon zen. Ama-alabak Ravensbruck eta Oranienburg zelaietan zerratu zituzten. Lan akigarria sufritu zuten han, gosea, zaintzaileen zigorrak eta 350 kilometroko ibilketa bat ere! Zortzi hilabetez geroztik, Marie-Louise eta ama etxerat sartu dira. Nire iduriko, bi gertakari heroiko egin zituen Marie-Louisek: lehena, hiltzetik eskapatu zen; bigarrena, eta harrigarriena, ama, 60 urteko emaztea, nazi-zerrategietatik bizirik sarrarazi zuen. Adineko pertsonak ez ziren bizirik irauten ahal, baina Marie-Louisek ama bizirik egoiten lagundu zuen egun oroz.

Argazkia: Zaldi Ero

Gertakariok isil-gordean iraun zuten luzaz, oroimen historikoaren kaltetan beti.
Eta hein bat estonagarri izan daiteke, gerla ondoko Frantzian erresistentzia goraturik izan baita. Ospitalepeko eta Sohütako makiaren kideak heroi izendatu behar ziren, baina hemen ustekeriak ezberdin ziren. 1944ko ekainaren 27an, zibilek baizik ez zuten sufritu alemanen kexua eta errepresioa. Luzaz, herritarrek pentsatu zuten, erran gabe, pagatuak zituztela erresistentziari zor zizkiotenak, eta, bestalde, oroit naiz aita zena erraiten makiaren kideak buruarin eta espantu zirela. Makiaren kideak fidelki biltzen ziren urte oroz Ospitalepeko oroitarriaren aitzinean, baina auzapeza baizik ez zen han herritarrik. Dolu ziren herritarren sufrimenduaz, baina ez ziren haiekin mintzatzen.

Noiz arte makien kontrako ustekeria hori?
Gauzak berant kanbiatu ziren, 2004an, gertakarien 60. urteburuan. Herritar bat, J.F. Agerre, denbora hartako jakilego guziak biltzen ari zen, nahi zuen Ospitalepeko gertakariak idatzi. Jean Loustauk, maki ohi eta maki ohien elkarte baten arduradunak, herritarrekin omenaldia egin genezan proposatu zidan. Herriko auzapezarekin aipatu nuen, eta berehala ados izan zen. Eta egin genuen. Lehenik, bezperan, bilkura antolatu genuen herriko etxean, herriko bizizale arte eta makiko kide ohien artean. Egun hartan lehentze ahal izan ziren batzuk eta besteak beren jakilegoak partekatzen. Egunean berean, berriz, meza izan zen eta ospakizun zenbait oroitarriaren aitzinean, adin oroko herritar eta erresistentziako kide ohien aitzinean.

 

ENE HERRIA

“Harreman pertsonal anitz baditut Ospitalepeko historiarekin gerla denboran. Ospitalepea ene herria da, eta jausgailu eremua aitaren etxearen aitzinean zen. 15 urte zituelarik, aita zena alemanek arrestaturik izan zen bere aitarekin batera. Aita zenaren jakilegoa bildu nuen eta idatzi. Ospitalepeko errepresioaren 60. urteburua huilandu zenean, auzo laborari batek eta biok jakile oraino bizirik guziak kausitu genituen eta beren jakilegoei esker, kontakizuna idatzi”.


ALBERT LASSERRE

“Traidore bat bazen alemanak lagüntzen. Bazekien zein etxek aterpetu zituen makiak eta bost etxeren izenak eman zituen : Albert Lasserre, Gurseko laborari baina Ospitalepe kantuan ari zena lanean. Alemanek huts baten ondorioz eho zuten, hil, Albert. Lasserre izeneko etxe bat, non makiak biltzen ziren, ikertzen ari ziren, baina beste Lasserre etxe bat zuten xede. Gertakari ezin sinetsia da: anaia tirokatu zuten eta, hutsaz oharturik, barkamena galdatu zioten arrebari eta bedezia jinarazi, lagungoa. Baina bedezi hori berantegi jin eta hil zen Albert”.


OSPITALEPEKO MAKIEN ETXEAK

“Alemanek Puyade, Mahourat, Larlus, Espel, Lasserre Davancens… arrestatu zituzten beren etxeek makiak aterpetu baitzituzten. Mahouraten etxea zen manamentu edo aginte gunea. Horregatik, krudelki jo zuten Mahourat, eta su eman etxeari. Orain guziz arraberritua duzu. Arrastuetarik bi, Astarrage eta Pilet, lan bortxatuetako iheslariak ziren eta Asconada, aldiz, mugalari. Kontzentrazio zerrategietan hil ziren”.

 

Azken hitza

OROIT GAITEZEN

«Zuberoak bere lurra

ber-berak libratu zuen,

horretarako jende treberik

zuhurki bildu baitzuen.

Anitzek lan egin zuten

isilik eta gorderik.

Arren, gisa horrez daude,

mundu orok ahatzerik.

...

Oroit gaitezen zer diegun zor

horrelako gizon-emazteei,

eta libertate hori

ez, otoi, sekula bazter!»

 

(Xiberoko Makia pastorala, Jean-Louis Davant, 2001)


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude