Mendian hiru solairu, hiru jarduera ekonomiko

  • Laborantzak, basogintzak eta abeltzaintzak guztiz eraldatu dute Hernioko ekosistema. Mendian gora goazela, hiru solairutan aurkituko ditugu sarobeak, eta artxibo historikoetako erregistroei zein egungo lurrazalaren erabilerei behatuz, informazio ugari lortu dezakegu mendetan egin den mendiaren erabileraren inguruan. Eta egun? Mendiak ez ote zaizkigu kontenplazio hutserako ondare bihurtu hiritarroi?

Hezurtzako sarobea, Zelatungo lepotik hurbil. Harrizko hormaz mugatutako itxitura zirkularra, artzain-borda eta mugak indartzeko elorri beltzak ikus daitezke, baita itzala eta abereentzako bazka diren kimuak emateko landu diren pago lepatuak ere.
Hezurtzako sarobea, Zelatungo lepotik hurbil. Harrizko hormaz mugatutako itxitura zirkularra, artzain-borda eta mugak indartzeko elorri beltzak ikus daitezke, baita itzala eta abereentzako bazka diren kimuak emateko landu diren pago lepatuak ere.Argazkia: Josu Narbarte.

Hernio mendilerroa Gipuzkoaren bihotzean dago, Oria eta Urola haranen artean. Natura 2000 Sarearen baitan, Kontserbazio Bereziko Eremu gisa definituta dago; Hernio (1078 m) eta Gazume (1001 m) tontorrekin, mugarri garrantzitsua eratzen du inguruko komunitateen paisaia sinbolikoan. Euskal Herriko Unibertsitateko Ondare eta Paisaia Kulturalen ikerketa-taldeak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin 2018an egindako proiektuaren bidez, iraganeko jarduera eta ustiapen anitzen arrasto materialak dokumentatu ahal izan dira.

Zestoak eta Errezilek hamazazpi saroberen jabetza partekatu zuten Erdi Arotik XX. mendera, Hernioko hainbat puntutan

Zestoako Udal Artxiboko erregistroek erakusten dutenez, udalerri honek eta Errezilek hamazazpi saroberen jabetza partekatu zuten Erdi Arotik XX. mendera, Hernioko hainbat puntutan. Sarobeak mendian mugarritutako lursailak dira, normalean biribilak, sarbide- eta erabilera-arau bereizgarriekin. Hasieran abeltzaintzarako espazioak izan zirela dirudi, baina haien funtzioak aldatzen joan ziren denboran zehar. Egun ere aise identifika daitezke, toponimiari eta lursailen forma zirkular edo sasi-zirkularrari esker. Artxiboko erregistroak oinarri hartuta, sarobe hauetan iraganeko praktika ugariren aztarnak identifika daitezke. Batzuk gizakiak eraikitako egiturak dira: bideak, bordak, hormak, lubakiak eta abar. Beste batzuk, ordea, ez dira hain agerikoak; abeltzaintzak eta basogintzak jatorrizko ekosistemetan eragindako aldaketekin lotuta daude. Multzo honetan aipa daitezke, bereziki, “bio-markagailu” deritzenak, hots, gizakiak lagunduta hazi eta ugaldu diren landareak: landatutako frutarbolak, abereen bazkak zein suaren erabilerak epe luzean eraldatutako belardiak, lepatutako edo kimatutako zuhaitzak, mugarri gisa erabiltzen diren zuhaixkak, eta abar.

Alabaina, praktika hauek guztiak ez dira neurri berean islatzen Hernioko sarobe guztietan. Haien kokapenari erreparatuta, sarobeak hiru multzotan sailka daitezke, eta bakoitzean jarduera-multzo jakin bat nagusitu da. Ondorioz, Hernioko mendi-paisaia ere hiru “solairu ekologikotan" antolatuta dagoela esan daiteke, bakoitza bere ezaugarri eta bilakaerarekin.

Sarobe zirenak baserri

Lehen solairua 500 metro azpitik kokatutako sarobeek osatzen dute. Gaur egun, espazio hauetan baserriak daude; funtzio-aldaketa hau Aro Modernoan gertatu zen, herri-lurrak pribatizatzeko joera orokorraren baitan. Hala, 1452an jada aipatzen da Errezilgo Udalak Joan Goenaga auzoari utzia ziola Artaunsoroko sarobearen erdia, bertan laboreak egin zitzan. Bai Artaunsoro eta bai alboko Barrensoro 1503an saldu zizkioten, osorik, Joan Perez Idiakaitzi, eta 1562rako zarauztarren leinuaren esku ageri dira, baserri bilakatuta. Antxiturbiko eta Etumetako sarobeak ere nahiko goiz pribatizatu zirela dirudi, 1512rako ez baitira agertzen sarobe komunen zerrendan. Etumetan XVI. mendeaz geroztik benta bat egon zela badakigun arren, baserriaren aipamen zaharrena 1613koa da. Garai horretan, Errezilgo Udala zen eraikinaren jabea.

Ezkurroaren bilakaera hobeto dokumentatuta dago. 1636an, zenbait bizilagunek eskaera egin zioten Zestoako Udalari, baserriak eraiki eta lur berriak landu ahal izateko. Domingo Arretxe alkateak proposatuta, Ezkurroako sarobea hautatu zuten horretarako; baina Errezilek helegitea aurkeztu zuen, Etumetatik hurbilegi egonik kalte egiten ziolako. Azkenean, Korrejidoreak 1655ean baimendu zuen Ezkurroako baserria eraikitzea. 1712tik aurrera, udalaren kontu-liburuetan jasota dago bertako maizterrek ordaintzen zuten errenta. Azkenik, Erdoizta baserriaren fatxadan honako inskripzioa irakur daiteke: “AÑO 1715/1851”, eraikuntza eta birmoldatze datak ziur aski.

Sarobeen funtzioa Aro Modernoan aldatu zen: abeltzaintza-erabilera kolektibotik nekazal ustiategi pribatu izatera pasatu ziren

Abeltzaintza-erabilera kolektibotik nekazal ustiategi pribaturako bilakaera, beraz, Aro Modernoan eman zen sarobe hauetan. Baserri berriak laborari-familiek eraiki eta okupatu zituzten, zenbait kasutan tokiko udal erakundeen babes eta, batzuetan, sustapenarekin. Prozesu honek errotik aldatu zuen Hernioko mendi-paisaia: nekazaritza-esparrua antzinako basoetan zabaltzen zihoan heinean, ordura arte indarrean egondako kudeaketa-eredu kolektiboak ahultzen joan ziren, etxe-eskalan oinarritutako eredu atomizatu baten mesedetan.

Pinuaren lurraldea?

Bigarren solairua 500 eta 700 metro bitartean kokatutako sarobeek osatzen dute. Altitude eta erliebe aldetik, eremu hauek ez dira aproposak baserriak ezartzeko, eta sarobe hauetan abeltzaintza eta basogintza nagusitu ziren XIX. mendearen hasiera arte, bereziki haritzez (Quercus robur), gaztainondoz (Castanea sativa) eta pagoz (Fagus sylvatica) osatutako estaldura begetalekin. Gipuzkoako mendi-lur komunal gehienak bezala, sarobe hauek 1808 eta 1814 artean saldu zizkieten hainbat partikularri, Espainiako Independentzia Gerrak eragindako txikizio eta zorrei aurre egiteko.

Une horretatik aurrera, hazkunde azkarreko espezieen monolaborantza gero eta hedadura handiagoa hartzen joan zen, baserri tradizionalaren oinarri ekonomikoa ordezkatu eta papergintza modernoaren beharrei erantzuteko. Ezagunena intsinis pinua da (Pinus radiata), baina beste hainbat ere sartu dira, hala nola pinu larizioa (Pinus nigra), Douglas izeia (Pseudotsuga menziesii) edo haritz amerikarra (Quercus rubra). Gaur egun, Komisolatza, Sagarain eta Belaunburuko sarobeek larre abandonatuz, sasiz, otez eta txilarrez osatutako estaldura begetala daukate. Gallekun eta Legarralden, aldiz, berriki arte intsinis pinuz osatutako plantazioa izan da nagusi. Antzinako erabileren arrasto batzuk kontserbatzen dira (borda zaharrak, harrizko hormaz itxitako hespilak eta pago-motzak, adibidez); baina, hala ere, bi mendeko baso-ustiaketa intentsiboak eragindako higadura nabarmena da inguru osoan.

Gainera, 2016az geroztik banda marroiaren izurriak gogor kolpatu ditu intsinis pinuz osatutako plantazioak. Krisia oso nabarmena izan da Hernioren magaletan, konifero-hedadura zabalak guztiz narriatuta gelditu baitira denbora gutxian. Egoerari aurre egiteko, mendilerroaren alde askotan mozketa masiboak egin dituzte, makineria astuna sartuta eta hainbat hektarea estaldura begetalik gabe utzita. Horren ondotik, herritar ugariren baitan kezka piztu da, intsinis pinuaren ordez hazkunde azkarreko beste espezie batzuk, eta bereziki eukaliptoa (Eucalyptus spp.), hartzen ari diren protagonismoa ikusita.

Mendi gainetan abeltzaintza bizirik

Hirugarren solairua goi-mendiko bazka-guneetan kokatutako sarobeek osatzen dute, 700 metrotik goiti. Aurreko multzoan bezala, sarobe hauek 1808 eta 1814 artean pribatizatu ziren baina, beren altitudea eta ezaugarri topografikoak kontutan hartuta, ezin izan dira bertan konifero-plantazioak hedatu eta haien erabilera nagusia artzaintza izan da azken berrehun urteetan ere.
Ondorioz, inguru honetan kontserbatu da egoera onenean Hernioko mendi-paisaia kulturala. Hezurtza, Elkamen, Zelatun, Zezenarriaga eta Gazumeko sarobeek beren egitura zirkularra mantendu dute. Egun hespil gisa erabiltzen dira; harrizko hormaz itxita daude eta haien mugak bio-markagailuz indartuta ageri dira, elorri zuriz (Crataegus monogyna) eta elorri beltzez (Prunus spinosa) bereziki. Horrez gain, abereak gordetzeko eta artzainak babesteko bordak ere badaude, eta zenbait puntutan lepatutako pagoak ikus daitezke.

Abeltzaintza jarduerak gutxienez seiehun urtez mantendu dira, beraz, inguru honetan. Hala ere, horrek ez du esan nahi paisaia aldagaitz mantendu denik, giza jarduerekin batera etengabe bilakatu dela baizik. Adibidez, 1452ko agiri batek aipatzen du Elkamengo sarobean ganaduak bazkatu ez ezik, errezildarrek egurra mozten zutela haien etxeak hornitzeko. Alabaina, zuhaitzak urriak dira gaur egun inguru horretan; hegoaldera begira dauden magal lakarretan soilik topa daitezke zenbait pago-motz, borda eta hespilekin tartekatuta. Honen arrazoia XVIII. mendeko abeltzaintza-ereduaren aldaketa izan daiteke; arbolen hostoz eta ezkurrez elikatzen ziren urdeen eta behien ordez ardi belarjaleak ugaritzen hasi zirenean, mendiaren gaineko presioa handitu egingo zen, basoen hedadura murriztuz eta haien tokian belazeak hedatuz.

Orain bazterrean

Hernioko sarobeen kasuak argi erakusten du mendi-paisaiak Euskal Herriko landa-komunitateentzat izan duen garrantzia. Espazio honetan jarduera eta interes anitzek egin izan dute bat, sarri gatazkak sortuz eta negoziazio- eta itun-prozesu konplexuak martxan jarriz. Egun, mendiak bere garrantzia sinbolikoa atxikitzen du, inguruko herrietako biztanleen paisaia emozionalean erreferentzia garrantzitsua baita oraindik. Horren lekuko dira, besteak beste, Hernion egiten diren erromeria jendetsuak, mugarrien aldizkako errebisioak edota astebururo gailurrera igotzen den jende-kopurua.

Arlo sozialean eta ekonomikoan, aldiz, joera kontrakoa izan da. Abeltzaintzaren eta basogintzaren iraganeko garrantzia galduta, mendialdeak aisialdirako gune gisa gelditzen ari dira pixkanaka. Ikuspegi urbanozentrikotik, eguneroko bizitzarekin lotura eskasa duten elementutzat jotzen dira, gero eta gehiago ondare “natural” gisa kontzeptualizatu, eta ideia horren arabera dimentsio guztiz kontenplatibo batean babestu. Prozesu honek mendeetan zehar eraikitako oreka agroekologikoarentzat izango dituen ondorioak ikusteke daude oraindik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendiak
2024-03-03 | Jon Torner Zabala
Mendi Federazioak 100 urte
Mendiaren kulturari eusteko sokak, tenkaturik

Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu datorren maiatzaren 18an. 1924an sortua, mendeurrenak bide eman digu mendizaletasunak izan duen eboluzioaz eta aurrera begirako erronkez aritzeko. Sekula baino jende gehiago dabil geurean mendian, eta aldatzen ari da hura... [+]


2024-01-18 | Jon Torner Zabala
'Gailurretan izan gaitun' erakusketa, Mendi Federazioaren mendeurren-ekitaldien abiapuntua

Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zela 100 urte beteko dira maiatzaren 18an, eta urteurrenaren harira hainbat ekimen izango da datozen hilabeteetan. Gailurretan izan gaitun erakusketa ibiltaria da lehenbizikoa, Iruñeko Planetarioan ikusgai dagoena, zeinak biltzen... [+]


Oihana Azkorbebeitia. Arineketan aske
"Mendiari errespetua eduki behar zaio, eta hori galtzen dabil gaur egun"

2006an, mendi-lasterketen mundua artean berri-berria zela, “apur bat kasualitatez” hasi zen kirol horretan Oihana Azkorbebeitia, eta gaur egun ere arineketan segitzen du. Bide horretan, palmares ikusgarria bildu du, baina berak argi dauka zer ematen dion... [+]


Nazioarteko hamazazpi estreinaldi, Mendi Film jaialdian

57 film eskainiko dira, horietako bederatzi EAE mailako estreinaldiak. Edurne Pasaban omenduko dute aurten WOP Fundazioa sariarekin. 24.800 euro banatuko dituzte hamabi saritan, sail ofizialean lehiatuko diren lanen artean.

 


2023-10-31 | Jon Torner Zabala
Sarenneko glaziar "hil berriari" azken agurra eman diote Alpeetan

Duela lau urte Islandiako Okjökull eta Suitzako Pizol glaziarren omenez egindako hiletek bezala, frantziar Alpeetan dagoen Alpe D’Huez estazioak hartzen duen Sarenne-ko glaziarrari emandako agurrak larrialdi klimatikoaz ohartarazi nahi ditu herritarrak.


Eguneraketa berriak daude