Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken urteetako tendentzia. Alpe d`Huezen egiten den Tomorrowland Winter jaialdiak marka guztiak hautsiko ditu: 22.000 lagun 3.300 metrotara, zentzugabekeriari gorazarre egiteko.
Abenduaren 12an, Grenoblen, Isèreko prefekturaren egoitza den XIX. mendeko hotel ederraren atarian, 30 aktibista inguru elkartu ziren gauez, argiak, danborrak eta pankartak eskuan, Catherine Séguin prefetari tamaina handiko gutun bat helarazi nahian. Ez zuten lortu, baina trukean gutun txikiago bat utzi zioten postontzian, bilera bat eskatzeko. “Prefektura aurrean elkarretaratze bat egitetik, batukada bat egitera edo tekno-bafleetara, pauso bat baino ez dago!”, hala zioten Mastodonen zabaldutako mezuan.
Stop Tomorrowland Alpe d’Huez kolektiboko kideak ziren, eta ez da lehen aldia halako protesta bat egiten dutena. Tourraren helmuga mitiko izateagatik edo eski estazio garrantzitsu bat edukitzeagatik ezaguna dugun Alpeetako herri horretan, Tomorrowland Winter musika festibala egingo da 2025eko martxoaren 15etik 22ra, eta horrek eragingo dituen kalteak salatu nahi dituzte.
Tomorrowland jaialdia Belgikan egiten da eta mota horretako munduko ekitaldi handiena bihurtu da, 400.000 entzule biltzera iristen baita uda sasoian. Duela bost urtetik –2020ko pandemia urtean ez zen egin–, baina, neguko anaia bikia sortu zaio Alpe d’Huezen, eta datorren urtean mundu osotik joandako 22.000 eskiatzaile aberats elkartzea espero dute, DJ famosoenen aurrean gailur elurtuen artean dantza egin dezaten, txanpan gorriarekin topa egiten duten bitartean.
Zentzugabeko neurrigabekeria horrek “karbono aztarna eskandalagarria” sortuko du, Extinction Rebellion mugimenduak egindako kalkulu baten arabera: soilik jaialdira joateko erabiliko diren hegaldiek –parte hartzaileen %60 beste herrialde batekoa da– 6.000 tona CO2 isuriko dituzte, eta horrez gain, argi eta soinu kutsadura izugarria eragingo du. “Mendia Disneyland bihurtuko dute”, dio mugimendu horrek.
Hori guztia irakurri dugu Reporterre-n Jeanne Cassardek argitaraturiko 22.000 personnes en pleine montagne: le festival Tomorrowland Winter est-il légal? (22.000 pertsona mendiaren erdian: Tomorrowland Winter legala al da?) artikuluan. Egileak azaltzen duenez, Stop Tomorrowland Alpe d’Huez kolektiboko kideek nahi dutena da prefekturak festibala geldiaraztea. Haien esanetan, 2030 urtera arte jaialdia bertan ospatzeko Alpe d’Huezeko turismo erakundearekin sinaturiko hitzarmenak, ez du kontratazio publikoaren legea betetzen, besteak beste, ingurumena babesteko klausulak kanpoan utzi dituztelako.
Tomorrow Winterren kontrakoek diote Alpe d’Huezek ez duela behar jaialdiaren “super etekinik”, eta lortzen dena dela tokia lotzea halako ekitaldi garestiekin, Frantziako Tourrarekin beharrean
Jaialdirako hamar eszenatoki handi muntatzen dituzte urtero, horietako batek –estalia eta klimatizatua– 10.000 lagunentzako gaitasuna dauka, eta badago beste eszenatoki bat Pic Blanc mendiaren gailurrean jartzen dena, 3.300 metrotara. Instalazio erraldoi horiek guztiak Écrins parke nazionaletik kilometro erdira baino ez daude. Hain justu, kutsadura akustikoak Écrinseko faunari eragin diezaiokeen kaltea da ekologistei gehien kezkatzen dien gaietako bat. Adibidez, lagopus deituriko hegaztia bertan bizi da azken glaziaziotik, eta mehatxaturik dago, ez baitauka nola kamuflaturik elurrik ez dagoenean.
Stop Tomorrowland kolektibokoen aburuz justizia klimatiko eta sozial kontua ere bada jaialdia geldiaraztea. Le Monde-k emandako datuen arabera, jaialdian parte hartzeko pakete osoak 7.000 euroko kostua izan dezake batez beste: “Herritarren zati txiki batek baino ezin du halakorik ordaindu”, diote beraien webgunean, aberatsenek alegia.
Jaialdiak tokiko ekonomiari ekarriko dizkion ustezko onurei buruz, berriz, Extinction Rebellionek dio Alpe d´Huez bezalako estazio ezagun eta esanguratsu batek ez dituela behar horrelako “super etekinak” –hala deskribatu ditu zenbait hedabidek irabazi horiek– eta lortzen ari dena dela estazioaren irudia lotzea Tomorrowland Winter bezalako festibal garesti batekin, Frantziako Tourrarekin baino. Horregatik aldarrikatu dute bideraezina dela herri betetzea “maletan CO2 tona ugari dakartzaten nazioarteko bezeroz”.
Galdutako negua, irabazitako dirua
2024a amaituko dugu errekor triste batekin: lehen aldiz 1,5ºC-ko langa gaindituko du tenperaturaren igoerak. Klima aldaketaren eragina are gehiago ari dira nabaritzen Pirinioak, Alpeak eta Europako antzeko mendikateak, eta Alpe d’Huez ez da salbuespena: bere magalean zegoen Sarenneko glaziarrari agur hileta egin diote zientzialariek aurten, duela mende bat zuen 124 hektareako azalera ezerezean geratu delako berotze globalaren ondorioz.
Neguak batez beste zortzi egun galdu ditu urtean azken hamarkadan Ipar Globaleko herrialdeetan, bereziki Europan. Hala dio Climate Crisis GKEak egindako Lost Winter (Galdutako negua) azken txostenak. Eta hori, jakina, eski estazioen martxan ere suma daiteke, elur faltarekin.
Elur egunen gutxitzearekin, galera ekonomikoak dituztela argudio hartuta, beste negozio lerro batzuk zabaldu dituzte eski estazioetan dirutza inbertitu dutenek. Horietako bat da musika festibalak antolatzea “naturaren erdian”
Adibide paradigmatikoena elurra egiteko kanoien erabilera da. Katalunian, esaterako, La Directa-k Salvar l’esquí a canonades (Eskia salbatzea kanoikadaka) erreportajean azaldu duenez, Grandvalira, Baqueira Beret eta beste estazio handi askotan ehunka kanoi erabiltzen dituzte elur faltsua sortzeko, eta eski pisten %60tik gora modu jasangaitz horretan estaltzen dute. Frantziako Alpeetan, berriz, Courcheveleko estazioan erreka bat sikatu dute bertako ura elur artifiziala egiteko erabili dutelako.
Elur egunen gutxitzearekin, galera ekonomikoak dituztela argudio hartuta, beste negozio-lerro batzuk zabaldu dituzte eski estazioetan dirutza inbertitu dutenek. Horietako bat da musika festibalak antolatzea "naturaren erdian": Andorrako Grandvaliran Hibernation Festival, Frantziako Chamonixen Unilimited Festival, Alpe d'Huezen Tomorrowland Winter...
Eta eskiatzeko ia bideraezin bihurtu diren Europa hegoaldeko estazioak ere hasi dira mountain resort modura birmoldatzen, halako ekitaldiak eskaintzeko. Ekologistak Martxanen El Ecologista aldizkarian La Pinilla, todo por la pasta, o cómo destruir la sierra (La Pinilla, dena diruagatik, edo nola izorratu mendizerra) artikuluan laburbildu dute Madrildik, autoz, ordu eta erdira baino ez dagoen Segoviako estazio horren kasua.
Enpresari talde batek, "abenturazko" jarduerez gain –tartean quad eta motor lasterketak– kontzertuak antolatu ditu, azkenekoa irailean, Zamna izeneko musika elektroniko jaialdi esklusiboa. Talde ekologistak ohartarazi du altueran egindako kontzertuek kutsadura akustiko eta luminiko handia sortzen dutela, bereziki. Baina arazoa da, batzuek dezibeliotan baino ez dutela neurtzen euren asebetetze maila.
Naturklima fundazioak kaleratutako Itsasoko eta kostako txostena-k argitara eman ditu klima aldaketa euskal kostaldean izaten ari den ondorioak: Bizkaiko Golkoko uren tenperatuta 0,22 gradu igo da hamarkada bakoitzean, 1981tik 2023ra, munduko uren tenperaturen batez besteko... [+]
Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]
Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi duenari olioarekin beste era batera lan egitea badagoela esan nahi nioke. Oleato edo olio... [+]
Gabezia, pobrezia eta erromestasuna orokortu ziren. Euskal Herri atlantikoa harropuzkeriaren ur gaineko bitsetan bizi zen. Itsasoz haraindiko merkataritzak, arrantzak eta estraperloak gure iparralde osoko jendartea aberasten zuten. XVI-XVIII mendeak ziren. Meatzariak,... [+]
Urtero bezala, aurtengoan ere martxan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Udako Azoka Ekologikoak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatzen ditu azokak, Gipuzkoako Biolurrekin, Bizkaiko Ekolurrekin eta Arabako Bionekazaritza elkarteekin batera... [+]
Udan, Sargazoen itsasoan (Ipar Amerikako ekialdean) eme bakoitzak 2-3 milioi arrautza askatuko ditu. Baten batek bizirauterik badu, bi hilabeteren baitan ekialderantz igerian hasi eta urte erdi izaterako Azore uharteetara helduko da. Bertan elikatu eta haziko da, urtebeterekin,... [+]
Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.
Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]
Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]
Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]
7/2025 Errege Lege-Dekretua ekainaren 24an onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak baina atzera bota du Diputatuen Kongresuak, uztailaren 22an.
Pandemia garaian erabaki zuten Bea Lopez de Suso Marinak eta Iker Gonzalez Dominguezek landa eremura bizitzera joatea. “Nolabait, orduan berpiztu zen aspalditik landa eremuan proiektu bat sortzeko genuen grina”, azaldu du Lopez de Susok. Kuartangora iritsi zen... [+]
Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako, baina aurten, ustekabean, herriko kale nagusiko sarrerako sagarrondoak lorez jantzita hartu... [+]
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]