Muga eguneroko bizitzari

  • Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga zeinen zatiketa artifiziala den nabarmen ikusi dute Bidasoaldeko bizilagunek, pandemiaren aitzakian muga itxi dutenean. Eguneroko jardunean batetik bestera lasai mugitzen ziren herritarrei bizimodua erdibitu die erabakiak, Irun eta Hendaiaren artekoa inposaturiko muga administratiboa baino ez dela agerian utziz.

"Zubia ixtea askatasun handi bat kentzea izan da", aitortu du Aitziber Zapirainek (ezkerrean). "Bat-batean, mugaren presentzia berriz ere erreal bihurtu da, gauza bortitza izan da", dio Idoia Karrerak.

Bidasoan bizi garenontzat, Santiagoko zubia ixtea askatasun handi bat kentzea izan da”, dio Aitziber Zapirain hendaiarrak. Antxeta irratian egiten du lan eta irratiaren informazio eremu naturala Behe Bidasoa eskualdea da (Hondarribia, Irun eta Hendaia barnebiltzen dituena); horregatik, “komunikabide bezala zatitu egin gaituztela sentitu dugu”, azaldu digu: “Oso kontziente izan gara Bidasoa eskualdea bat eta bakar bezala bizi dugula, zatiketarik gabe, egunerokoan makina bat joan-etorri egiten ditugulako eskualdeko herri batetik bestera, Santiagoko zubia gurutzatuz”.

Muga ixteak lanerako guztiz baldintzatu ditu, paper egokiekin ere mugako kontroletan denbora asko eta ilara handiak jasan behar dituztelako, “eta egokitzen zaizun poliziaren arabera ondorioak ezberdinak izan daitezkeelako”. Traba handienak polizia frantziarrak jartzen dituela adierazi du, eta berak Frantziako nortasun agiria duenez ez duela problema berezirik izan, baina Hegoaldeko lankideei paperak puskatu egin dizkietela muturren aurrean, azken bertsioa ez dutela argudiatuz, eta buelta emanarazi dietela. “Ez da batere atsegina halakoak bizi behar izatea behin eta berriz”. Mendeku kutsuz egiten dutela uste du Zapirainek, “Frantziako Gobernuak aspalditik nahi dituelako mugak ireki, baina Espainiakoak itxita mantendu nahi izan dituenez, Frantziak horrela erantzun du. Eta sufritzen dugunak gu gara”.

Aitziber Zapirain: "Antxeta irratian lan egiten dugunok sentitu dugu komunikabide bezala zatitu egin gaituztela, gure informazio eremu naturala Behe Bidasoa eskualdea delako"

Konfinamendu erabat ezberdinak
Elkarren ondoan bizi arren, Antxetako lankideek egoerari oso ezberdin egin behar izan diote aurre, Irunen edo Hendaian bizi, konfinamendua guztiz ezberdina izan delako: “Bai kalera ateratzeko, bai lanerako, baita irratiko edukiak sortzeko ere, Irun eta Hondarribiko udalek irizpide batzuk izan dituztelako eta Hendaiakoak beste batzuk”. Ahal izan duten heinean telelana egin duten arren, irratian gauza asko ezin dira etxetik egin, eta batetik bestera mugitzeko oztopoak handiak izan dira. “Hendaian dugu estudioa eta Irunen bulego bat, eta nire kasuan Irunera joatea ez da gustukoa izan, batetik mugan pilaturiko ilara eta denboragatik, eta bestetik aurkituriko panorama goibelagatik. Konfinamendua hasi eta Irunera joan nintzen lehen aldian inpaktatuta geratu nintzen, Hendaian ez dut halako tentsiorik bizi izan, ezta Hegoaldean aipatu izan diren bizilagun salataririk ikusi ere. Hemen eramangarriagoak izan dira baldintzak”.

Eskualdeko alkateek muga zabaltzea eskatu izanak berak erakusten du zein punturaino egiten duten batera eta bestera natural bertako bizilagunek. Dela erosketak egiteko, seme-alabak eskolara eramateko, lagunekin elkartzeko, aisialdiaz gozatzeko, senideak bisitatzeko…

Familia, bananduta
“Martxo hasieratik ez ditut gurasoak ikusi”, aitortu digu Idoia Karrerak, “ez da batere erraza familia hain hurbil eta fisikoki hain urrun sentitzea”. Irunen bizi da bera, eta familiaren zati bat aldiz, Hendaian: gurasoak, lehengusua eta ilobak. “Bat-batean, mugaren presentzia berriz ere erreal bihurtu da, 70eko hamarkadara itzuli bagina bezala. Poliziaren kontrolak eta gure baitan nolabait ezabatuta genuen muga politikoaren berragerpena gauza bortitza izan da”.

Ez duenez zaintza beharrik izan justifikatzeko, ez du muga igaro Karrerak: “Ez dago agiri ofizialik familia bisitatu ahal izateko, tamalez beste behin harremanei eta zaintzari baino garrantzi handiagoa eman baitzaio lanari. Mugako poliziaren esku geratu omen da senideak ikustera joatea baimentzea, baina gu ez gara saiatu ere egin”. Gobernuen burugogorkeriak muga itxita mantentzea mingarria dela dio, “tartean jendearen bizitzak eta harremanak baitaude jokoan”.

Bideodeiei eta mezuei esker, komunikazio etengabea izan dute eta opariren batek edo bestek ere gurutzatu du muga “mugalari bati esker”,  baina distantzia mantenduta aurrez aurre egoterik ez dute izan. “Gure seme-alabek ez dute beren aitatxirekin, amatxirekin, lehengusuekin eta Iparraldeko lagunekin egoteko aukerarik izan oraingoz, eta horrek ematen dit pena handiena”.

Idoia Karrera: "Ez dago agiri ofizialik familia bisitatu ahal izateko, tamalez harremanei eta zaintzari baino garrantzi handiagoa eman baitzaio lanari"

Aurrerantzean, zer?
Koronabirusaren pandemiak alertan jarri du jendartea. Krisiari aurre egiteko politikariak onartzen ari diren neurrietatik, zeintzuk baliatuko dituzte herritarron kontrola areagotzeko, eskubideak murrizteko, askatasunak kate motzean lotzeko? Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga zabalduta ere, polizia kontrolek jarraituko dutela iragarri dute, eta mugak indartzeko estrategia izan daiteke. Galtzaile handienak, berriz ere, egoera irregularrean dauden eta bestela ere bidean horma itzelak aurkitzen dituzten migratzaileak lirateke. “Euren egoerak asko egin dezake okerrera, kontrol zorrotz hauek mantentzen badira”, ohartarazi du Aitziber Zapirainek.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Harremanak
Gure maitasun gosea

Maitasun erromantikoari buruzko mitoaz aritu nintzen azken kolaborazioan, hari buruz egiten ditugun espektatiba okerrez, ematen diogun zentralitateaz, horrek ekarri ohi dituen min eta frustrazioez, bikote instituzioak dauzkan pribilegio bidegabeez. Hala ere, kide... [+]


Lagunak

Lagun hitzak euskaraz esanahi asko dauzka. Pertsona izan liteke, kidea, hurkoa, kamarada, laguntzailea, bikotekidea, adiskidea. Azken finean, bizitzan zeharreko edo momentu puntual batzuetako bidaidea dela adierazten digute berbok: bidean laguntzen diguten horiek. Akonpainatu,... [+]


Haurdun geratu nahi eta ezin, isilpeko dolua

Antzutasuna tabu eta estigma den gizarte honetan, zenbat galdera erantzun bila: haurdun geratu nahi eta ezin lortu, noiz arte luzatzen dira saiakerak, eta bide horretan zenbaterainokoa da nekea, bakardadea, erruduntasuna, lotsa, beldurra, obsesioa? Nola eragiten die etxeko eta... [+]


Maitasun erromantikoaz

Gehiago entzuten da orain maitasun erromantikoaren auziaz hitz egiten, eta gainera eta zorionez, modu kritikoan. Azkenean, harreman sexu-afektiboen gaia bere sakonean hasi gara aztertzen, zein handiak diren bikote harreman batek izan eta eman behar duenari buruz egiten ditugun... [+]


2023-12-19 | dantzan.eus
Mari Domingi, berdintasunaren adierazle ala hetero-arauaren berme?

Grazia egiten dio Itxaro Bordari Olentzeroren emazte berriak. Mari Domingi Olentzeroren laguna dela diote, ordea, Mari Domingi taldeko kideek. Olentzerok alboan emakumearen beharrik ez duela dio, berriz, Fernando Oiartzunek; Olentzero bera izan baitaiteke emakume. Eta... [+]


Eguneraketa berriak daude