Sendatu ala sendotu

Ez dira gauza bera sendatu eta sendotu, inondik ere. Pairatzen ari garen pandemia honetatik sendatuta irtetea omen zen guztion helburu deklaratua, baina beste xede indartsuago bat gailendu zaio, eta “Sendoago irteten gara” kanpaina zabalaz bete ditu Espainiako gobernuak berak Estatu osoko komunikabideen lehen orrialdeak eta pantailak.

Aitorpen hau oso esanguratsua da, zalantzarik gabe. Argi uzten baitu, modu horretan, zein den gobernu espainiarrak duen ardura  printzipala: ez herritar guztion egoera klinikoa, baizik eta Estatuaren beraren osasun egoera sendotzea, Estatu espainiar batu bakar goitik beherakoari tinko eustea.

"Horixe baita egia, guretzat garratza bada ere. Estatu espainiarra sendoago irten dela azken hilabeteotako krisi sakonetik, eta Espainia horretatik kanpo, Estatu libre independentea nahi dugunok, aldiz, makalduta"

Izan ere, Gobernu espainiarraren jokabide estrategikoa gardena izaten ari da, zentzu horretan, osasun krisi larria nabarmendu zenetik hona. Gogoratu ditzagun hartutako neurriak: lehenik eta behin, gobernua bera indartu eta ahalguztidun bihurtu, goitik behera jokatzeko botere guztiak bereganatuz (alarma egoera famatua medio);  ondoren, gobernuaren eguneroko jokabide “sanitarioan” Armada, Guardia Zibila zein Polizia mota guztiak ardatz bihurtu; horrez gain, erabaki nagusien gune zentrala Madrilen kokatu, eta bertako gobernu, parlamentu, komunikabide, epaitegi nagusi guztiak gaitu, aktibatu, gainontzeko herrialdeetakoak itzalean lokartuta utziaz. Esan daiteke, zinez, pandemiaren birusa bera baino zabal eta sendoago hedatu dutela azken hilabeteotan, Estatu osoan zehar, beste birus maltzur bat: zentralizazioarena, “Espainia nazio bakarra” birusa, Madrilen epizentroa izan eta Estatuko lurralde guztietara intentsitate handiz hedatu dutena.

Orain eta horrela bai ulergarri egiten zaigu “Sendoago irteten gara” kanpaina maltzur horren esanahia.  Horixe baita egia, guretzat garratza bada ere. Estatu espainiarra sendoago irten dela azken hilabeteotako krisi sakonetik, eta Espainia horretatik kanpo,  Estatu libre independentea nahi dugunok, aldiz, makalduta.

Nola eta zergatik gertatzen ari da azken hau?  Gobernu espainiarraren estrategia horri, aldez edo moldez,  bidea erraztu egin diogulako,  sarritan traba seriorik ipini gabe, eta, batez ere, bestelako alternatibarik eskaini gabe.  PSOE/UPren gobernu progresista delakoa legitimazio-transferentzia bikoitzaz  baliatu da kasu honetan.

Osasun publikoaren izenean eta interes sanitario orokorra aitzakiatuz,   Estatuaren egitura indartsu zehatz bat legitimatzeko egin du lehen transferentzia. Operazio honen kapitulu esanguratsuak izan dira, besteak beste, Orwellek berak mirestuko lukeen Estatu-bozeramale Anaia Nagusi bihurtu duen Fernando Simon, zeinen atzetik disimuluan gelditu diren factotum nagusiak, besteak beste Felipe seigarrena edo Pedro Sánchez; berdin, diskurtso ideologikoan asmatu duten “birusak ez du mugarik”, zentralizaziorako tresna demagogiko baliotsua, nahiz eta gero, adibidez, Euskal Herria erdibitzen duen muga itxi. Gure nazio batasuna, “Route barrée” (bide itxia) delako, bistan da egunotan Izpegiko mugan zein beste guztietan. Beraz, osasunaren izenean, arlo guztietako erabaki nagusi guztiak Madrilen (edo Parisen) hartuko dira, orain pandemia garaian, eta batez ere jendea sendatu eta Estatua bera sendotzen den unetik aurrera.

Bigarren legitimazio-transferentzia politikan eta instituzio politikoetan gertatu da zuzenean: Estatu zehatz horren izenean “gobernu progresista” agertzen zaigunean, balizko izaera progresistaren azpian Estatu helburu horiek bere egiten dituena. Eraginkorra gertatzen ari da horretan, alternatibak eta aurkakotasunak sarritan abstentzio bihurtu arte. Zer pentsatu ematen du, bai.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude