"Kontua ez da iraultza egitea ala dantzatzea, dantzatzea bera da iraultzailea"

  • Aurpegikera aldatu gabe hitz egin dezake orain plazeraz eta orain iraultzaz. Are, ez du bataz hitz egin nahi besteaz hitz egin gabe. Bere tesian, hain zuzen, mugimendu feministan plazerak duen lekua aztertzen du, plazera eraldaketarako tresna eta eraldaketaren helburu gisa ulertuz. Tesiarekin hasi zen urte berean hasi zen euskara ikasten, orain lau urte pasatxo. Eta pantailatik pantailara hitz egin baldin badugu ere, gustura aritu gara euskaraz, eta batez ere plazeraz, plazerez, eta euskaraz.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Laura Muelas de Ayala (Murtzia, 1984)

Ikus-entzunezkoen Errealizazioan goi-mailako teknikaria da, gizarte eta Kultur Antropologian graduatua eta ikerketa Feministetan masterduna eta doktoregaia. Donostiako mugimendu feministako kide da. Murtziatik Madrilera egin zuen eta handik Donostiara

Antropologoa zara orain, baina gazte(ago)tan Arte Ederrak ikasten hasi zinen 26 urterekin
Batxilergo artistikoa bukatu nuenean Ingalaterrara joan nintzen hilabete batzuk pasatzera, eta handik itzultzean ez nekienez zer egin, inertziaz sartu nintzen Arte Ederretan. Hiru urte egin nituen erdi ikasten eta erdi lanean, eta pentsatu nuen hura ez zela nahi nuena. Orduan, erabaki nuen Murtziatik Madrilera joatea zinea ikastera. Kontua da zine eskolak oso garestiak zirela, eta nik ezin nituela ordaindu, eta horregatik egin nuen goi mailako ziklo bat ikus-entzunezkoen errealizazioan. Gustatu zitzaidan, eta denboratxo bat eman nuen horretan lanean, baina berriz ere kanpora joan nintzen, eta itzuleran antropologia ikastea erabaki nuen. Ez nekien oso ondo zer zen, baina han hasi nintzen ni. Eta berehala erabaki nuen antropologia feminista egin nahi nuela eta ikerketan aritu nahi nuela. Doktoretza egin nahi nuen, eta oso garbi nuen beka bat lortu nahi nuela, nekatuta nengoelako prekarietateaz. Horren bila joan nintzen.

Madrildik Donostiara etorri zinen, Ikasketa Feministen masterra egitera.
Madrilen zortzi urte egin nituen. Doktoretza egiteko masterra egin behar nuen. Espainiako Estatuan antropologia feminista egiteko master bakarra Euskal Herrian zegoen. Madrilekin ere nekatu samar nengoen eta aldaketa eskatzen zidan gorputzak. Beraz, ez nuen bitan pentsatu.

Donostiara iritsi, zinen eta…
Eta galerna ezagutu nuen. “Zer da hau!”, pentsatu nuen.,“zer egin dut!”. Baina hori kenduta, hasiera erraza egin zitzaidan. Gustatu zitzaidan lekua. Arnasgune bat zen, Madrilekiko. Toki txiki bat, itsasoa bertan... Eta harremanek ere asko eragin zuten hemen geratzeko erabakian, noski. Urte bete pasa eta gero militatzen hasi nintzen hemengo mugimendu feministan eta horrek asko lotu ninduen nengoen lekura. Militantziari esker ezagutu dut nire harreman sarearen gehiengoa.

Argazkia: Dani Blanco

Eta euskara ikasten hasi zinen.
Doktoretza egin nahi nuenez, nahiko mentalizatuta nentorren urte batzuk bertan pasatzeko. Lehen urtea gogorragoa izan zen, ze Donostian bizi nintzen, baina Bilbora bueltaka ibili behar izan nuen ikasketengatik, eta denbora falta zitzaidan. Beraz, bigarren urtean hasi nintzen euskara ikasten, tesiarekin hasi nintzenean. Handik gutxira Donostiako Piraten ontziolan parte hartzen hasi nintzen. Aste Nagusiko piraten kofradia guztien ordezkariak biltzen dira bertan, eta Sardinerak kofradia feministako ordezkari bezala, ni hantxe. Eta hori izan zen, ba, barnetegi bat. Hasieran oso gutxi ulertzen nuen, eta xuxurlariren batek laguntzen zidan. Pixkanaka belarria egiten joan nintzen, eta gero eta gehiago ulertzen. Niretzat oso garrantzitsua izan zen euskara ikastea erabakitzea. Ikuspegi askotatik. Hemen nago, eta euskara ikastea garrantzitsua da, hasteko. Eta antropologoa izateak ere hizkuntza ikastera behartzen nau, kultur ikuspuntu batetik. Lan aldetik ere, etorkizunean hemen gelditu nahi badut eta lanpostu jakin batzuetarako sarbidea izan nahi badut, euskaraz jakin behar dut. Eta baita emozionalki ere. Nire inguru ia-ia guztia euskalduna da, eta ez zegoen beste aukerarik. Gainera, prozesua oso polita da. Oso kuriosoa. Beraz, nik beti eduki dut oso jarrera positiboa euskararekiko eta ulertzen ez nuenean ere uste nuen ulertzen nuela! Eta gero esan behar izaten nion nire buruari: “Laura, ez duzu ezer ulertu. Ikasi!”.

Ziur gurasokeriaz diodala hau, baina ondo ezezik azkar ere ikasi zenuen, ezta?
Ez dut uste azkarra izan denik. Beti esaten dut, Alemanian biziko banintz, bost urtean uste dut alemanieraz askoz hobeto hitz egingo nukeela. Hemen badago gaztelania erabiltzearen aukera hori, eta batzuetan oso ondo dator, ze korapilatzen zarenean badakizu zerbait gaztelaniaz esan eta, Hegoaldean behintzat, jendeak ulertu egingo dizula. Horrek errazten du bizitza, batez ere parrandan zaudenean, edo nekatuta, edo... Baina badauka bere kontrapuntua ere, zeren ez duzu ikasten gustatuko litzaizukeen bezain azkar.

"Beti eduki dut oso jarrera positiboa euskararekiko eta ulertzen ez nuenean ere uste nuen ulertzen nuela! Gero esan behar izaten nion nire buruari: ‘Laura, ez duzu ezer ulertu. Ikasi!’”

Euskara ikastearekin batera tesia egiteari ekin zenion. Plazeraren inguruan. Zehazkiago, plazeraren inguruko praktika feministen analisi bat planteatzen duzu. Praktika eta teoria feministen baitan plazera eratzeko modua, plazeraren esanahiak eta plazerari buruzko diskurtsoak aztertzen dituzu. Tesia eta plazera, bai?
Ba bai, zergatik ez? Niretzat tesia egitea pribilegio bat da. Gainera nik aukera eduki dut lau urtez kontratu bat edukitzeko. Eta nahiz eta kontratua, berez, oso prekarioa izan, bizitzan egin ditudan lanen artean ez-prekarioena izan da. Gustatzen zaizun ikerketa egitea eta zure denbora zuk antolatzea, plazera ere bada. Gero, noski, badaude plazerarekin zerikusirik ez daukaten beste hainbat gauza. Esaterako, unibertsitateko epeak eta erritmoak eta publikatzeko behar hori eta gauza horiek, baina tesiaren prozesua bera plazer iturri izan daiteke.

Zergatik plazera?
Antropologiako gradu amaierako lanean emakumeen sexualitatea landu nuen, ikuspegi feminista batetik. Eta hor konturatu nintzen antropologiaren barruan plazera oso oso gutxi landu dela. Ikerketa oso gutxi daude plazerari buruz, eta ikusi nuen behar bat dagoela. Gainera gaia interesatzen zitzaidan, noski. Plazera gai klasiko bat izan da feminismoan, baina oso gutxi teorizatu izan da plazerari buruz, plazer sexualaz ez bada.

Nola ulertzen duzu zuk, hain zuzen, plazera?
Plazera prozesu bezala ulertzen dut. Ez da gauza bat. Eta ez dago modu bakarra plazera ulertzeko. Ez pertsona bakoitzak plazera ulertzeko duen modua bakarra delako soilik. Nik neuk ere ez daukat modu bakar bat plazera ulertzeko. Eta tesian plazerari buruz hitz egiten ari naizenean, interesatzen zaidana da nola ulertu den plazera mugimendu feministaren baitan, bai aldarrikapen bezala eta baita praktika bezala ere. Nire abiapuntua oso kontzeptu zabala da, baina testuingurua zehatza da: mugimendu feminista osatzen duten pertsonak, eta egiten dituzten ekintzak.

Plazera feminismoa bezalako mugimendu sozial baten baitan, prozesu sortzailea eta eraldatzailea dela diozu. Militantzian, oro har, ohituago gaude amorrua, haserrea, edo injustizia ikustera aktibismorako akuilu gisa.
Haserrea eta amorrua behar ditugu. Edozein gizarte mugimenduren lehen txinpartak dira, baita feminismoarenak ere. Antolatzen gara haserre gaudelako, desberdinkeria eta eraso asko jasaten ditugulako, eta gauzak aldatu nahi ditugulako. Eta askotan gertatzen da plazeraren bidez gauzak aldatu egiten ditugula. Ez dugu horren inguruan teorizatzen, baina hala da. Plazera aldarrikatzen dugu helburu politiko bat lortzeko. Plazer sexualerako eskubidearen aldarrian, azken batean, gure gorputza gurea dela aldarrikatzen dugu. Edo alderantziz, aldarri politiko baten inguruan plazer praktikak garatu ditzakegu. Azaroaren 25eko ekintza bat kolektiboki prestatzean, plazer une pilo bat egon daitezke, eta une horiek dira ekintza osoari zentzua ematen diotenak. Askotan ez gara konturatzen, baina plazerra eraldatzailea da.

Plazera eta militantzia, ordea, elkarri kontrajarrita ulertzen ditugu maiz. Badirudi lehenik militantziari dagozkion lanak egitea dagokigula, eta gero letorkeela, merezitakoan, eta ahal bada, plazera.
Logika ez da militantzian lehenengo dena eman eta gero saria jaso, izan parranda, edo izan beste edozer. Oso antzekoa da kapitalismoak eskatzen diguna: zuk produzitu, produzitu, produzitu, eta gero kontsumitu plazera ematen dizun zerbait, ihes egiteko. Feminismoan ikusten dena da militantzian plazer handia dagoela. Eta elkarrizketatu ditudan pertsona guztiek esaten dute haien bizitzako plazer iturri handienetakoa dela, hain zuzen, mugimendu feminista. Eta plazera izan daiteke parranda, edo lagunartean lasai-lasai egotea elkarri istorioak edo bizipenak kontatzen. Edo ekintza bat antolatzen botatako barre algarak. Sakrifizioa eta hustualdia ez dira aski. Barruak hustea eta oka egitea ere ondo daude, noski. Baina bateratu daitezke ekitea eta gozatzea, eta horrek ez du esan nahi konpromiso gutxiago edukitzea.

Dantzatu ezin baldin bada ez da nire iraultza esalditik, dantzatu ezin bada ez da iraultza esaldira eginarazten diguzu jauzi?
Nik ez dut ezagutzen feministarik dantzatu gabe iraultza egingo lukeenik. Beharbada egon badago, baina nik ez dut ezagutzen. Baina kontua ez da iraultza egitea ala dantzatzea, kontua da dantzatzea bera iraultzailea izan daitekeela. Plazera ez delako politikoki neutroa. Miren Guillok esaten duen bezala, gorputz guztiek ez dituzte aukera berdinak plazera lortzeko. Emakumeek eta gorputz ez hegemonikoek, esaterako. Izan ez zaielako plazererako eskubiderik aitortzen, izan estigma edo zigor sozialagatik. Gure genero sistemak plazera modu generizatu eta dikotomikoan ulertzera garamatza, eta dikotomia horretan, gizonak beti izan dira desiraren subjektuak eta, aldiz, emakumeak objektu desiratuak, eta beraz, konplazentziarako heziak. Horri arriskuaren ideia gehitu behar zaio. Carol Vance antropologoak aspaldi esan zuen emakumeen bizitzan plazera beti egon dela arriskuarekin lotuta. Eta horrek agentzia kentzen die emakumeei, noski. Ez dugu lortu oraindik guztiz logika horretatik ateratzea. Ez soilik sexualitateari dagokionez. Plazera beti dator “baina” batekin. Edozein gauzarekin gehiegi disfrutatzen baduzu –sexua, parranda, edo beste edozer– ulertaraziko dizute zure denbora gauza serio eta garrantzitsuagoetarako baliatu beharko zenukeela. Horregatik, begiratu beharko genuke ze arau sozial, kultural, ekonomiko dauden plazera lortzeko bide horretan, arau horiek nola zeharkatzen dituen genero sistemak, eta zein plazer praktikaren bidez desafiatu ditzakegun arau horiek.

Argazkia: Dani Blanco

Euskal Herriko mugimendu feministan plazerraren inguruko praktikak eta diskurtsoak aztertzen ari zara. Zer da aurkitu duzuna?
Nire sentsazioa da aktibistek pentsatzen dutela militantzian plazererako oso toki gutxi dagoela. Baina praktiketan ikusten dut plazererako espazio asko dagoela. Gauzak, oro har, ez dira egiten plazera lortzeko, baina praktikan, plazer asko dago. Kontua da oso gutxi hitz egiten dugula horri buruz, eta ez dugula kontuan hartzen. Oraindik badago, beharbada, halako ideia multzo bat zehazten duena zer den garrantzitsua eta zer ez, eta beraz, zeri buruz hitz egin behar dugun. Eta horrek lekua jaten dio plazerari. Uste dut horri buruz gehiago hitz egingo bagenu, eta sistematizatuko bagenu, asko ikasiko genukeela. Zerk sentiarazten digu plazera? Nola lortu dezakegu? Gure bizitzarako bezain interesgarria da militantziarako.

Hain zuzen, nola eraldatu gure plazerarekiko harremana, zer eraldatu plazer gehiago lortzeko, eta zer egin gure plazera eraldatzaileagoa izan dadin?
Nik antropologiaren eta feminismoaren gakoei heltzen diet. Hasteko, ulertu behar dugu plazera ez dela zerbait esentziala eta naturala. Eta nahiz eta denok desberdinak izan eta gure subjektibitate propioa eduki, ezin dugu pentsatu hain bereziak garenik. Gizarte batean bizi gara eta jarraibide eta eredu kulturalek eraikitzen gaituzte. Gure plazera ulertzeko modua marko horretan definitzen da, eta plazer iturri zer den eta zer ez ere horrek definitzen du. Plazera gorputzeko prozesu bat da, baina gure gorputzak ere gizarte eta kultura batean inskribatzen dira. Horrek gure emozio eta sentsazioak baldintzatzen ditu, eta baita plazera ere. Zoritxarrez, gizarte kapitalista honetan plazera pilula bat bezala ulertzen da. Eskape balbula bat bezala, ekoizten jarraitzeko. Hori kontuan izanda, interesgarria izan liteke zerekin eta norekin gozatzen dugun berrikustea. Gure plazerak kolokan jartzea, eta aldi berean, orain arte plazer iturri gisa ulertu ez ditugun batzuk hala ulertzen hastea. Eta pentsatzea gure plazera norentzat izan daitekeen deseroso. Gure plazerak sistemarentzako erabat erosoak baldin badira, badaukagu zer aldatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Gorputz hotsak
"Literatura izan da tristezia ulertzen lagundu didana"

Erantzunik gabeko galderez inguratuta eta “tristezia sakona” sentituz bizi izan da Daniela Cano. Artista kolonbiarra da, eta pandemia betean Madrilera ihes egin behar izan zuen Kolonbian mehatxatuta zegoelako. Arteaz, bereziki literaturaz baliatzen da erantzunak... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-02 | Euskal Irratiak
Maialen Berra Zubieta: "Baionan ere queer mugimendua bada"

Bitxi Bitxi queer kolektiboa sortu dute hogei bat kidek berriki Baionan. Queer izatea, heteronormatibitatetik kanpo izatea da besteak beste. Baita genero ezberdinen adierazpena sustatzea ere.


Eguneraketa berriak daude