10 metro karratuko bizitza

  • “Itxialdian denok gaude, baina guztiok ez gara berdin sufritzen ari”. Iruñeko Alde Zaharreko Hipotekak Kalteturikoen Plataformak esandakoa da, duela gutxi abiatu duten kanpainan. 82 familiaren zerrenda bidali diote Iruñeko Udalari, denek etxebizitza duina eskatzen dute. Orain, alokatutako gela bakarrean bizi dira; bi, hiru, lau... eta zazpi pertsona ere bai, hamar metro karratutan. Sukaldea eta komuna egoera berean dauden ondoko geletako pertsonekin elkarbanatzen dituzte. “Eskuak sarri garbitu eta distantzia fisikoa mantendu”, esan digute agintariek eta zientzialariek. Haien buruetan ez zeuden “pisu paterak”.

Iruñeko Alde Zaharreko Hipotekak Kalteturikoen Plataforma gela bakarrean bizi direnen egoera larriaz ohartarazteko kanpaina egiten ari da eta horretarako argazkiok erakutsi ditu. Gelan bizi direnek edo ondokoek atera dituzte argazkiok.
Iruñeko Alde Zaharreko Hipotekak Kalteturikoen Plataforma gela bakarrean bizi direnen egoera larriaz ohartarazteko kanpaina egiten ari da eta horretarako argazkiok erakutsi ditu. Gelan bizi direnek edo ondokoek atera dituzte argazkiok.

Etxebizitzaren jabea iruindarra da. Nigeriar batek alokatu du, 550-600 euro ordaintzen ditu hilero. Agian, etekin ekonomikoa ateratzeko asmoa du eta gelak alokatzen hasiko da. Agian, ez du halako asmorik, baina diru premiak eraginda gela bat alokatu du hasieran, gero beste bat... eta azkenean ‘etxebizitza patera’ bihurtu du, bera ere teilatupe berean bizi dela. Gela bakoitzeko 350-400 euro kobratuko ditu, eta beretzat gelarik handiena, alegia, logela bihurtutako egongela gordeko du. Etxeko maizterrak bigarren mailako maizterrak sortu ditu. Hitzezko tratua baino ez dago haien artean, kontraturik ez, jakina. Bihar halako geletako familia kanporatu nahi badu, ezerk ez dio eragotziko. Gutxi gorabehera  horrela funtzionatzen dute ‘pisu patera’ deitutakoek.

Azken urteetan, Iruñeko Alde Zaharreko Hipotekak Kalteturikoen Plataformak nigeriarrekin egin du lan gehien, asko seme-alabak dituzten amak dira. Urtetan Espainian bizi izandakoak dira, Andaluzian edo Madrilen, sarri pateran itsasoa zeharkatutakoak. Prostituzioan ere aritu dira batzuk. Han bizibiderik ez eta Nafarroan lur hartu dute. Azken boladan Hego Amerikatik dator jendea, nagusiki Kolonbia, Ekuador eta Venezuelatik. Marokoarrak ere badira. Aurkitu duten aterperik duinena gela bat da. Behar ekonomiko larrian daude, iraupen luzeko langabetuak dira, estaldura sozialik ez dute, eta ia inork ez dauka bizileku baimenik. Ezkutuko ekonomian aritzen dira, emakumeak ia erabat etxeko garbiketetan eta adinekoak zaintzen. Askorentzat alokatutako gela ordaintzeko helduleku bakarra Nafarroako Gobernuak ematen dien errenta bermatua da. Prestazio ekonomiko hori jasotzeko urtebetez erroldatuta egon behar dute. Guraso bakarreko familiak nagusi badira ere, beste profil bateko jendea bada gela bakarrean bizi den multzoan: seniderik ez duten pertsona bakarrak, gizon bananduak, eta pentsio kaskarra izanda gaur egungo alokairuak ordaintzeko arazoak dituzten adinekoak.

Ohea ala mahaia? Biak ez dira sartzen gelan

Arropaz, jakiz, koltxoiz eta jendez gainezka egoten dira gelak. Intimitaterako aukera hutsaren hurrengoa da lau hormaren arteko eremu txikian. Teresa González Iruñeko Alde Zaharreko plataformako kidea da. 14 urteko semea zuen amak kontatutakoa ekarri du gogora: “Amak esaten zuen semea bera baino handiagoa zela, gizontzen ari zela, eta elkarrekin egin behar zuten lo”.

Umeek jolasteko eta eskolako lanei jarraipena emateko eragozpen handiak dituzte. Gelan ez dago tokirik jolasteko, askotan jostailurik ere ez. Mahaiak eta aulkiak ez dira sartzen, eta beraz, eskolako lanak lurrean edo ohe gainean egin behar dituzte. COVID-19aren ondoriozko itxialdian, haurrak internet bidez irakasleekin komunikatuta dauden garai honetan, gela bakarrean bizi diren haur hauek ez dute ordenagailua usaindu ere egiten. Ez dute ikasteko bitartekorik, ez tokirik, ez girorik.

Plataformak ez du daturik, baina baiezta dezake halakoak gertatu direla. Alegia, hainbat umek gehiegikeriak jasan ditu senide helduengandik edo etxeko beste kideengandik. Ohikoena ohe berean batek baino gehiagok lo egitea da eta horrek umeaz abusatzeko aukerak errazten ditu. Gelatik atera eta etxeko gainerako guneak ere arrisku leku izan daitezke haurrentzat. Gehienetan beste geletako bizilagunekin ez daukate inolako loturarik, ezezagunak dira. Gelek ez dute sarrailarik eta komun bera darabil jende askok. Amak alaba gaztetxoen beldur dira batik bat. Helduak lanera joan eta ordu batzuez etxean bakarrik gelditu ohi dira umeak, haiek aukeratu ez dituzten bizilagunekin. Txikienek etxeko istripuak izaten dituzte, traumatismoak edo garbikari kimikoak edateagatik pozoiketak.   

Ez dituzte nahi edo behar dituztenean erabiltzen komuna eta sukaldea. Ez da erraza higienea mantentzea eta janaria lasai prestatzea. Sukaldeaz baliatzeko denbora tartea murritza delako, argindar edo gas gastuari aurre egiteko gai ez direlako, ohikoa da umeen afari legea esnea eta gailetak izatea. Etxe batzuetan garbigailua eta arropak lehortzeko tokia uzten diete, beste batzuetan hori ere ez. Eskuz garbitu eta gelan bertan jartzen dituzte lehortzen. Hozkailuan apal bat egokituko zaie agian.  

Ez datoz bat batzuen eta besteen ordutegiak. Bat goiz jaiki da lanera joateko, gaztetxoak eskolako lanak egiteko kontzentrazioa behar du, komuneko ilaran hiru daude, umea esnatu da eta negarrez hasi da. Lasaitasunik gabeko eta zarata ugariko giroan osasun arazoak izaten dituzte, loa nahasten zaie eta nerbio sistema erasaten die. Plataformak gela bakarrean bizi direnei buruz egindako txostenak dio epe ertain-luzera ondorio psikologiko eta sozialak suntsitzaileak eta atzeraezinezkoak izan daitezkeela.

Maiz aldatzen dute gelaz. Arrazoiak hainbat izan daitezke: amak umeak ekarri ditu jaioterritik eta gela txikiegia da denentzat; umea jaio da eta maizterrak ez du umerik nahi, besteak beste negar egiten duelako; etxe jabeak aldaketaren bat egin dio maizter nagusiari; etxeko bizilagunen artean ez dira ondo konpontzen; edo besterik gabe gela bigarren aldiz alokatu duenak ezin du alokairua ordaindu. Gelaz gela ibiltzeak ondorioak ditu. Auzo batera egokitzea zaila da auzoz auzo badabiltza, ikastetxea eta osasun zentroa aldatu beharko dituzte, eta jada ezagutzen zituzten auzoko baliabide komunitarioetatik urrunduko dira.

Iruñeko neguko gela hotzak

Gela 350-400 euro eta etxeko gastuak bereizita. Pobrezia energetikoa ere bizi dute herritar horiek. Argindarra, gasa eta ura ordaintzeko arazoak izaten dituzte eta erabilera murrizten dute. Jaki beroak edo denbora hartuta prestatutakoak saihestuko dituzte, berogailurik ez dute piztuko. Etxe batzuetan gastuak eta alokairua batera doaz eta maizter nagusia arduratuko da bigarren mailako errentariek argindarra eta gasa xahutu ez ditzaten. Hotza nozitzen dute Iruñeko neguan, eta leihodun gela izan arren, ez dute behar adina egurasten. Leihoa gutxi irekitzeak eta gela berean jende askok denbora luzez arnasteak kondentsazioa eragiten du eta hormak heze daude. Lizuna agerian dago.

Higiezinen agentzietan ez dituzte nahi

Diru sarrera murritzak dituzte, baina etxebizitza duin batean bizitzeko aukerarik ez izatearen arrazoi bakarra ez da hori. Teresa Gonzálezek diskriminazioa salatu du, bazterketa arrazagatik, generoagatik eta pobreziagatik. Higiezinen agentzietan ez diete halako ezaugarriak dituztenei etxerik eman nahi alokairuan. 2017an gertatu zitzaiena kontatu du horren adibide. Gobernuaren bidez 250.000 euroko diru sorta lortu zuten geletan bizi zirenek etxebizitzak alokatu zitzaten. Hala, alokairua ordaintzeko dirua ziurtatuta zegoen eta jabeari kolpera ordainduko zitzaion. Martxotik abendura etxe bila ibili ziren interesatuak eta plataformako  kideak.  Iruñean zazpi etxe lortu zituzten eta Nafarroa osoan hamazazpi. 250.000 euroko diru sorta gastatu gabe geratu zen. Egitasmoak zergatik porrot egin zuen jakiteko azterketa egin zuten eta diskriminazio hirukoitza izan zen ondorioa: “Jende horien diru sarrerak ez dituzte gustuko, errenta bermatua moduko prestazio sozialak pobreziarekin lotzen dituzte.  Pobreak direlako ez dituzte nahi. Higiezinen agentzietan esan egiten dizute nigeriarrak ez dituztela nahi, baina berdin Ekuadorkoa bada, eta zer esanik ez zapia buruan daraman marokoarra. Amak umeekin ere ez dituzte nahi”.

Plataformak proposamen sorta bidalia die Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari gela bakarrean bizi direnek etxebizitza duina lor dezaten. Nafarroan alokairuan hartzeko etxebizitza gutxi dagoela jakitun, etxe hutsak baliatzea eta negozioa beste asmorik ez duten funts putreei heltzea eskatu du plataformak. Horrekin batera 82 izen-abizeneko zerrenda jaso dute erakunde publikook. Ume kopuruarekin eta telefono zenbakiarekin osatu dute informazioa. Gonzálezek dio ondo etorriko zaiola zerrenda Iruñeko Udalari, hala bizi direnen erroldarik ez daukatelako. Badaki batzuei deitu dietela. 82 eskatzaileek, haien haurrekin, gela bakarrean bizitzen jarraitzen dute.

Ohe bat zazpirentzat

Nasly López Herediak, bi haurren amak, atera zien argazki hau gelako gainerako kide guztiei.

Nasly López Heredia duela urte eta erdi etorri zen Nafarroara, 6 eta 12 urteko alabak alboan zituela. Kolonbiarrak dira eta ama alabentzako etorkizun hobe baten bila abiatu zen. Urte eta erdi honetan Iruñean bizi izan dira, beti alokatutako geletan. Orain hiru ez, baizik eta zazpi pertsona bizi dira gela berean. Janaria jasotzera joan zen egun batean ezagutu zuen jatorri bereko emakumea. Berau iazko azaroan iritsi zen Iruñera eta López Herediak hala dio: “Etxebizitza baten azpi batean bizi ziren, oso gaizki”, eta berak alokatutako gelara ekarri zituen ama, 3, 5 eta 7 urteko haurrak.

López Herediak 350 euro ordaintzen ditu hilero. Etxea alokatuta hartu duen gizon boliviarrari ordaintzen dio diru hori. Bera ere etxe horretan bizi da. Martxoaren bukaeran gela uzteko agindu zion, apirilaren 5erako maizter berriarentzako prestatu nahi zuelako gela. Koronabirusak eragindako osasun krisiagatik ez zuen kalean utzi López Heredia familia. Gelak alokatzen direla dioten iragarkiak ikustera ohitu da kolonbiarra: “Osasun larrialdi betean oso zaila izango zen gela bat lortzea, baina ez pentsa, bestela ere asko kostatzen zait, bi ume ditudalako. Haurrak ez dituzte gustuko, gastu gehiago omen da etxerako eta zarata ateratzen omen dute”.

Eskolako lanak ohe gainean

López Herediak atera duen argazkian ikusten da bizitokia. Ohe bat baino ez zaie sartzen, oheaz gain lurrean ez dute tokirik koltxoiak jartzeko. Zazpiek ohe berean egiten dute lo. Sukaldea eta komuna lasai erabiltzeko aukera dute, baita garbigailua ere. Arropa eskegitzeko aukera ematen die. Ez dute denek halako aukerarik izaten: “Bai, badakit, alokatu dizun pertsonaren arabera da, batzuek baldintza oso zorrotzak jartzen dituzte, arropa lehortzeko aukerarik ere ez dizute ematen”. Egongela ezin dute erabili, eta gustura hartuko luke etxeko gela hori beretzako baino alaba zaharrenarentzako. 12 urterekin eskolako lanak izaten ditu eta zazpi lagun bizi diren gelako ohe bakarrean egin behar izaten ditu: “Eskolan ondo dabil, baina kontzentrazio arazoak izaten ditu, ez daukalako espaziorik gelan eta nire egoerak estutzen duelako”. Gela ez da giltzaz ixten, boliviarra nahi duenean sar daiteke haien gelan.

Ez López Herediak, ez gelara eraman duen amak, ez dute lanik. Paperik ere ez dute. Kontraturik gabe, etxeko langile aritzeko aukerak aurkitu ditu, baina aste osoa igaro beharko luke etxe horretan eta ez dauka umeak zeinekin utzi.

López Herediak etxe arrunt batean bizi nahiko luke, eta lanean hasi, besterik ez bada ere besteren etxeetan zaintza eta garbiketa lanetan, orduka bada ere.

 

Bost urte gurean, beti gela batean

Blessing Cristen, bere haurrarekin.

Blessing Cristenek bost urte daramatza Iruñean. 2008an Nigeriatik Espainiara heldu zen eta Nafarroara Kataluniako Figueresetik dator. Bost urtean ez du bizitzeko beste modurik izan, alokatutako gelan egon da beti. Duela bi urte ama izan zen eta orain biak bizi dira gela bakarrean. 840 euroko oinarrizko errenta du. Gastuak zerrendatu dizkigu: alokairua, gelari dagokion argindarra, gasa eta ura, janaria, arropa, pixoihalak. Bere jaioterriko batek eman dio errentan gela. Sukaldea eta komuna erabiltzeko aukera du. Eskuz garbitzen dituzte etxeko maizter guztiek arropak, garbigailua ez dabilelako. Garbigailua ez ibiltzearen errua etxejabe nafarrarena dela dio, ez duelako konpondu, eta ez etxea errentan daukan gizonarena. “Etxeko arauak” errespetatu behar dituela dio Cristenek, badakielako ez dela etxejabea eta bera bezala beste batzuk bizi direlako etxe berean. Halako etxeetan umeak ez dituzte oso gustuko, zarata ateratzen dutelako edo gelatik kanpora jolasean has daitezkeelako. Gela alokatzerakoan egiten dizkieten hiru galderak esan dizkigu: Lanik baduzu? Paperik baduzu? Umerik baduzu?

 

Kanarietatik Iruñera, etxebizitzatik gela bakarrera

Gurasoek eta hiru seme-alabek ohe bakarra dute gelan.

Abuztuan hiru urte izango dira Kanaria uharteetatik Nafarroara etorri zirela, Iruñera. Happy Owiarobo 2005ean atera zen Nigeriatik. Kanarietan etxebizitza osoa zeukan alokatuta, Iruñean gela bat, 310 euroan. Bost pertsona bizi dira gela horretan, ama, aita, eta hiru seme-alabak. Etxebizitzak hiru gela ditu eta hiruretan bizi da jendea, haietako batean gela alokatu dien jatorri bereko ama bi umeekin. Azken horri etxeko nagusiak esan omen dio hiru hilabete barru etxea hustea nahi duela, saltzeko. Etxebizitza bila ibilia da Owiarobo, baina ez du batere aurkitu, “emakume beltza zarela ikusi eta segituan egiten dute atzera”. Gela bat alokatzea ere ez omen da samurra: “Gu bost gara eta inork ez ditu bost lagun sartu nahi gela batean. Lokutorioko eta kaleko iragarkietan ikusiko duzu: Gizonezkoa umerik gabe edo emakumezkoa umerik gabe”.

Sukaldea eta komuna lasai erabiltzeko aukera dute, baina etxean jende asko bizi denez, batzuetan larri ibiltzen dira. Umeek pixa egiteko ontzia erabili izan dute behin baino gehiagotan.

Senar-emazteek ez dute paperik eta ez dute lanik. 1.000 euro pasatxoko oinarrizko errenta dute. Gela ordaintzeaz gain, argia eta ura ordaindu behar dute. Hilabeteko janaria jasotzera joaten dira Caritasera eta gainerakoa haien errentatik ordaintzen dute.
Bi haur zaharrenak nolabait ari dira moldatzen, Kanaria uharteetatik hona etortzea aldaketa handia izan dela beraientzat dio amak, baina beste erremediorik ez dutela izan. Gelan ez dago aulkirik eta mahairik. Etxeko lanak ohe gainean edo lurrean egiten dituzte, itxialdia hasi aurretik liburutegira joaten ziren batzuetan. Lo egiteko ohe bakarra eta hormaren kontra jasoa dagoen koltxoia erabiltzen dituzte, batzuetan gurasoak ohean eta umeak koltxoian, eta beste batzuetan alderantziz. Osasun larrialdiko itxialdia oso gogorra izan da, bereziki umeentzat: “Eskolara joaten direnean gelatik kanpo daude. Eskolaz kanpoko ekintzak ere egiten dituzte. Semeak adibidez, errugbian jokatzen du eta handik etorri, dutxa hartu, afaldu eta ohera. Asteburuetan jolasera ateratzen gara parkera. Orain aspertuta eta estututa daude. Eskerrak ordubetez ateratzeko aukera eman diguten, bizikletaz eta korrika ibili dira”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude