Hondamenak aldatu ez zuena

  • Pas-de-Calais departamendua (Frantzia), 1906ko martxoaren 10a. Lensetik gertu, Courrièresko meatzeetan, ikatz-hautsak su hartu eta eztanda izugarria eragin zuen goizeko 06:34ean.

(Argazkia: Compagnie des mines de Courrières)

Ordura arteko meatzaritzako istripurik larriena izan zen: ofizialki 1.099 hildako eragin zituen eztandak, baina ziurrenik gehiago izan ziren arauzko kontraturik ez zuten langile asko aritzen baitzen Compagnie des mines de houille de Courrières enpresarentzako lanean.

Eta ziurrenik gutxiago izango ziren, konpainiak krisia beste modu batera kudeatu izan balu. Enpresaren lehentasuna meatzea ustiatzen jarraitzea izan zen, hau da, meatzearen azpiegiturak zaintzeaz arduratu ziren, langileez kezkatu gabe. Erreskate lanak hirugarren egunean eten zituzten; hainbat hobi hormatu zituzten sutea itzaltzeko eta egitura sendotzeko, oraindik bizirik zeudenei irtenbidea eragotziz; aireztatze fluxua aldatu zuten, eta barruan zeuden meatzariak eta erreskate taldeak aire freskorik gabe utzi zituzten.

Eta, hala ere, martxoaren 30ean, istripua gertatu eta 20 egunera, 13 meatzarik onik ateratzea lortu zuten. Inork ez zien lagundu; alderantziz, oztopoak besterik ez zituzten topatu. Meatzeko galerietan atzera eta aurrera, kilometroak eta kilometroak ibilita, eta hildakoen jan eta edanari esker iraun zuten bizirik.

Protestak berehala piztu eta zabaldu ziren. Courrièresko meatzariak abiatutako greba estatu osora eta Belgikako zenbait meatzetara zabaldu zen. Protestaldiaren une gorenean 60.000 meatzari zeuden greban. Baina sindikatuen arteko barne gatazkek ahuldu zuten mugimendua eta akabera George Clemenceauk –orduan barne ministro zenak eta aurrerago lehen ministro izango zenak– eman zion,  meatzarien aurka 30.000 militar mobilizatuta.

Courrièresko hondamena meatzariak erreskatatzeko talde profesional antolatuen jatorritzat jotzen da. Baina, bestela, ezer gutxi aldatu zen Courrièresko naiz beste meatzetako langileen segurtasun baldintzetan. 1942ko apirilaren 26an Txinako Benxihu ikatz-meatzean gertatutako istripuak Courrièresko marka beltza hautsi zuen: 1.549 meatzari hil ziren.

Eta ezer gutxi aldatu zen 20 egunez meatzean egon ondoren bizirik irtendako bi meatzarirentzat. Txinakoa gertatu zenean oraindik Courrièresko zuloan lanean ari ziren biak, istripuaren ondoren beste 42 eta 45 urtez jardun baitzuten bertan, beste erremediorik, beste bizibiderik ez zutelako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Industrializazioa
Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Henry Forden utopia, besteen distopia

Amazonia, 1928. Ford automobil konpainiak Fordlandia izeneko herria eraiki zuen oihanean, Amazonasen ibaiadar Tapajosen ertzean.


Industrializazioak loa aldatu zigun

Londres, XVII. mendea. Hiriko artxiboetako dokumentu kriminaletan loari buruzko hainbat erreferentzia jaso zituzten; “lehen loaldia” eta “bigarren loaldia” aipatzen zituzten, baita tarteko esna-aldian egiten zutena deskribatu ere.


Ibilbide geologikoak (IV)
Bodovalle: burdinazko zuloa arrezifea zenean

Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.


400 urteko lurrun makina eta aire girotu nafarrak

Jeronimo Aiantz Gendulaingo margolari, kosmografo eta militarrak XVI. mendean meatzeetako ur filtrazioak konpontzeko lurrun makina asmatu zuen.


Eguneraketa berriak daude