ARGIA.eus

2020ko ekainaren 01a
Iigo Martinez Pea, irakaslea

"Pentsamendua ez da adituen kontua; elkarrizketa filosofikoak bokazio berdinzalea du"

  • Ohiko filosofoek esan zutena ikastetik harago ez al luke joan behar Filosofia ikasgaiak? Nola i(ra)kasten da pentsatzen? Zergatik ez hasi Filosofia ematen Batxilerra baino lehenago? Nola ebaluatzen da filosofia? Zein ekarpen egin diezaioke filosofiak egungo hezkuntza –eta gizarte– ereduari? Ezinbestean, galderaz gainezka hurbildu gara filosofia eta hezkuntzaz solastera, Iñigo Martinezekin.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2020ko martxoaren 08a

Zein leku du gaur egun Filosofia ikasgaiak Hego Euskal Herriko hezkuntzan?
Egoera tamalgarria da. LOMCE legeak murrizketa izugarria ekarri zion ikasgaiari, hogeita bost urtetan ikasgai batek inoiz jasandako handiena. EAEn, Batxiler ikasleek aukeratu behar dituzten lau adarretatik bakarrean dago Filosofia, eta dago hautazko gisa. Nafarroan, adar bakarrean baita ere, baina derrigorrezko. Izan ere, legeak zirrikituak uzten ditu erkidego bakoitzak nahi izanez gero moldaketak egiteko eta hainbatek Filosofiaren aldeko apustua egin dute (Katalunia, Asturias, Andaluzia eta Extremaduran Batxilergo adar guztietan eskaintzen dute), baina Hego Euskal Herrian ez.
Bestalde, ikaslearen hezkuntza ibilbidean Filosofia ez da existitzen eta bat-batean Batxilerrean agertzen da, parakaidista baten moduan eta gutxi batzuentzat; isolatuta geratu da. Gure itxaropena eta aurreikuspena da Espainiako Gobernu eratu berriak berriro Filosofiari lekua egitea eta horrek nolabait presionatzea Hego Euskal Herriko gobernuak berdin egitera.

Zergatik da beharrezkoa filosofia eskolan ematea?
“Normaltasuna” zalantzan jartzeko eta esnatuago bizitzeko. Filosofia da galderetara irekia egotea, eta galderak dauzkagula onartzen badugu, onartzen dugu baita ere ezjakintasuna. Apaltasun hori eta zalantzan jartze hori dogmatismoaren eta autoritarismoaren kontrako antidotoa izan daiteke, erantzun erabatekoak direlako totalismora garamatzatenak.
Filosofia da dena ez dakigula onartzearen eta jakiteko dugun gosearen arteko motorra; pertsonon berezko zerbait. Gure galderak, hutsuneak eta ahuleziak elkarrizketa filosofikoan partekatzeak balio politiko interesgarria du, bestela gaur egun ikusten dugun bezala adituek eta kudeatzaile ekonomikoek baino ez dute hitz egiten, beraiek balira bezala jakintzaren jabe. Sokratesek zioen auzitan jarri behar dela boterearen alde dagoen eta jakintza bere esku dagoela dioenaren hitza.

"Gure galderak, hutsuneak eta ahuleziak elkarrizketa filosofikoan partekatzeak balio politiko interesgarria du, bestela adituek eta kudeatzaile ekonomikoek baino ez dute hitz egiten, jakintzaren jabe bailiran"

Batxilerra baino lehenago, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ere ez al litzateke mesedegarria filosofia lantzea?
Egia da ikasleak nerabe diren garaia (DBH eta Batxilerra), sasoi bereziki aproposa dela guraso eta irakasleengandik jasotako erantzun aurrefabrikatuak zalantzan jartzeko. Nerabezaroa badelako etapa apurtzaile bat, eta oso ongi datorkie hezkuntzan propio toki bat izatea galdera existentzailei heltzeko, bizi-bizi eta tripetatik etortzen zaizkielako galderak. Dena den, aurretik filosofia jorratzea ere mesedegarria da, Euskal Herriko Jakinmin elkarteak adibidez haurrentzako filosofia lantzen du. Filosofiak berak badu haurtzaroarekin loturarik: “Zergatik?” galdetze etengabe hori. Elkarrizketa filosofikoa da aurrekoak esandakoa aintzat hartzea, elkarri entzutea, argudiatzea, bestearen lekuan jartzea… eta hori guztia haurrekin lantzea litzateke nolabait giro asanbleario bat txikitatik klasera eramatea; egun dugun elkarrizketa eredu telebisiboa (elkarri ez entzutea, bestearen gainetik jartzea, oihuka aritzea…) baino aberasgarriagoa.
Ingalaterrako eskoletan jorratu dute filosofia haurrekin eta aipatu dute horren ondorioz hobekuntzak nabaritu dituztela beste ikasgaietan, aipaturiko giro horregatik (elkarri entzuteko jarrera, arreta eta abar).

Filosofia ikasgaia bezain garrantzitsua izango da filosofiaren balore horiek beste ikasgaietara zabaltzea, ezta? Bestela balirudike Filosofia ikasgaian baino ezin direla jarri gauzak auzitan…
Filosofia jarrera bat da, kuriositatetik, harriduratik sortua, eta edozein jakintza arlotan mantendu daiteke. Pentsamendu kritikoa ez da filosofiaren monopolioa eta hain juxtu kontrakoa aldarrikatu behar dugu, interesgarriagoa delako oinarrizko galderak egitea edozein jakintzatan. Matematiketan adibidez, zer dira zenbakiak? Errealak dira eta naturan daude ala gure asmakizuna? Historian, zeintzuek izan dute errelatoaren monopolioa? Zuzenbidean, zer da eskubidea izatea?... Ikasgai guztietan du zeresana filosofiak. Filosofia ikasgaian ikasitakoak balio diezaiela beste arloetarako eta batez ere bizitzarako, pertsona moduan.

"Nerabezaroa etapa apurtzailea da, eta oso ongi datorkie hezkuntzan propio toki bat izatea galdera existentzailei heltzeko, bizi-bizi eta tripetatik etortzen zaizkielako galderak"

Historia idatzi dutenen errelatoa auzitan jartzea aipatu duzu. Ez al dago errelato nagusiaren arrisku bera Filosofian, ohiko filosofo zerrenda ikasi behar horrekin?
Curriculumarekiko ikuspegi kritikoa zabaltzen ari gara pixkanaka, esaterako emakumeen ahotsak sartuz (Maria Zambrano, Hannah Arendt…), Marina Garcések aldarrikatzen duen geofilosofia eginez (Afrika, Asia edota Ameriketako pentsalariak kontuan hartzen, ez soilik europarrak)… Garrantzitsua da birpentsatzea pentsalarien ahotsak: zergatik batzuk eta ez besteak, zergatik berreskuratu isilduta egon direnak.

Eta klasea mugatzea filosofoen transmisio hutsera ere ez da izango oso aberasgarria, eztabaida baldin bada filosofiaren oinarri.
Oreka aurkitu behar da, pentsalarien historian dauden testuen eta gaurko munduaren artean. Hartu dezakezu Platonen Oturuntza, ikusi maitasunari buruz zer esaten duen, baita Baumanek maitasun likidoaz eta kleenex harremanez dioena, eta gero klasean eztabaidatu dezakegu zer den norberarentzat maitasuna. Testigantza horiek eta ondare hori jasotzea baliagarri zaigu, gure erantzunak bilatzen ahalegintzeko sortuko dugun elkarrizketa aberastu egiten dutelako. Nola ulertzen dugu maitasuna, gaur egungo kontsumo gizartean? planteatu dezakegu klasean.

Eta elkarrizketa horietan, kritiko eta eztabaidarako prest ikusten al dituzu ikasleak?
Beti dago gazteak demonizatzeko joera, belaunaldien arteko talka. “Gaur egungo gazteak ez dira kritikoak”, diogu sarri helduok; topikotan jausten gara, baina karikaturatik atera eta gazteak zintzoki entzuteko espazioak eraiki behar ditugu. Duela urte batzuk guztiz hautazkoa zen bideo-foruma abiatu genuen jolasorduan, 5 minutuko film laburrak jartzen genituen hainbat gai lantzeko, eta nahiz eta ebaluazioan eraginik izan ez, gela bete egiten zen. Elkarrizketarako espazio eroso bat lortu genuen.

"Hezkuntza lehiakor-depresiboa bizi dugu eta filosofiari bereziki eragiten dio, oso zaila delako erantzun jakinik gabeko gaiak test moduko ebaluazioan kalifikatzea"

Ebaluatzeaz ari zarela, filosofatzeak behar duen patxadari nola eragiten dio curriculumaren eta ebaluazioen morrontzak?
Gaur egungo ideologiaren presio orokorra da: ebaluazioaren eta programazioaren tirania bizi dugu. Dena ebaluatu behar da, dena kuantifikatu, laukitxoetan eta zenbakitan, gainera ez-dakit-nongo rankingerako baliagarria izan dadin, eta makinaria horrek ito egiten gaitu. Zer esanik ez Batxilerreko bigarren mailan, selektibitatearen presiopean. Gizarte eta hezkuntza lehiakor-depresiboa bizi dugu eta filosofiari bereziki eragiten dio, oso zaila delako erantzun jakinik gabeko gaiak test moduko ebaluazioan kalifikatzea. Niretzat, ikasle batek klaseko elkarrizketaren erdian ikaskideari esateak “jo, ze ona esan duzuna, ekarpen hori interesgarria iruditu zait honengatik eta hargatik” balioa du, eta batzuetan buletinean ageri den zenbakia kontu administratiboa baino ez da. Nola lortu bestelako ebaluazioa? Hor dago koxka.

Nola irakasten/ikasten da pentsatzen?
Ez dago formularik. Inportantea da elkarri entzutea, galderak arin ez ixtea, zureak ez diren ikuspuntuak ezagutzen saiatzea, enpatizatzen jakitea (fikzioa lagungarria izaten da maiz horretarako, literatura, zinema…), eta kritikak egiteko eta jasotzeko prest egotea. Pentsamendua ez da adituen kontua eta horregatik bokazio berdinzalea du elkarrizketa filosofikoak, denon esku dagoelako. Gaur egun pentsamendua gero eta gehiago ulertzen dugu kalkulu moduan (ikusi algoritmoek hartu duten nagusitasuna) eta pentsamendua ez da kalkulu hutsa, ez da hain metodikoa, pentsamenduak sarri eskatzen duelako birpentsatzea, bidean galtzea eta hanka sartzea, zeharkako bideak hartzea… Ikasgaiaren helburua da kalkulutik kanpoko pentsamendu hori sustatzea. “Zer da justua izatea edo ona izatea?” gisako galdera filosofikoek giza-bizitza zeharkatzen dute, eta hor ez dago kalkulu posiblerik.

Gai kontzeptualak planteatzen dituzu ikasgaian?
Testu klasikoak lantzen ditugu eta erronka da testu horiek zelan ekarri gaurko mundura eta ikasleen zirrara existentzialetara. Irakurtzen badugu Platonen Errepublika, galdetuko diogu gure buruari adibidez zein den politikari justu baten profila, eta hori gaurko gizartera ekarri dezakegu. Ohitura dut gainera gaiari lotuta ikasgelara jendea ekartzeko, eta kasu horretan herriko zinegotziren bat gonbidatzen dut, bere testigantza entzuteko. Kant pentsalariak zentsuraz hitz egiten du eta Axier Lopez Argiako kazetaria gonbidatu izan dut adierazpen askatasunaz hitz egiteko, Kalea Guztiona Da ekimenaz, sare sozialetako zentsuraz. Charlie Hebdorena gertatu zenean ere Martxelo Otamendi Berriako zuzendaria etorri zen, atentatuaren ostean egunkarian karikatura publikatu ala ez dilemaz eztabaidatzeko, langile mugimenduari buruzko testigantza ere jaso izan dugu Imanol Olabarriaren eskutik… Gai unibertsalak hezurmamitzen laguntzen dute eta ikasgaiak ez dirudi azterketa gainditzeko zerbait, gizartearekin eta bizitzarekin lotura zuzena duen zerbait baizik. Filosofoen ahotsaz gain beste ahots hauek entzutea aberasgarria da; testuei bizitza ematen diegu eta ikasleek asko eskertzen dute.

"Opus eredua ari da zabaltzen: puntako teknologia eta espezializazioa indartzen da, eta baloreak Erlijioaren esku uzten dira"

Zein garrantzi du filosofiak beste herrialdeetako hezkuntza ibilbidean?
Joera da filosofia eta orokorrean humanitateak baztertzea. Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak filosofia eta soziologia baztertu ditu Hezkuntza Legetik, argudiatuz ez dutela zergak biltzeko berehalako ekarpenik egiten. Kontua da ea gai garen hezkuntza eta pertsonen denbora eredu ekonomizistatik kanpo ulertzeko. Hori da gure borroka, eredu merkantilistak ez itotzea eskola eta pentsatzea eskolak ez direla enpresa. Opus eredua ari da zabaltzen: puntako teknologia eta espezializazioa indartzen da, eta aldi berean Erlijioak lekua irabazten du. AEBetan asko ikusten da hori: hiper-garapen teknologikoarekin batera, baloreak erlijioaren esku uzten dira, erlijioak izango balu bezala baloreen esklusibitatea. Israelgo irakasle batek esan zidan han ez dagoela filosofiarik, zientzia eta erlijioa dutela, eta sintomatikoa iruditzen zait.

Filosofiaren defentsak liburua (Erein, 2017) koordinatu zenuen. Hainbat diziplinetako jendeak filosofiaren beharra azpimarratzen du bertan.
Jakintza arlo ezberdinetako jendeak gonbidatu genituen eta oso baikor erantzun zioten erronkari: fisikarekin, poesiarekin, matematikarekin, zuzenbidearekin… filosofiak duen harremanaz mintzo dira bertan. Filosofiaren defentsa bai, baina biktimismoan jausi gabe, jakintza-gaien arteko elkarrizketa eraikitzea ere izan genuen helburu.

Agora elkartean, filosofia ikastetxeetatik kanpo ere ikasleengana eta oro har herritarrengana gerturatzeko lanean ari zarete.
Duela bost urte inguru sortu genuen filosofia irakasleok Agora, eta ikasgaiari buruz aritzetik harago, filosofia kalera eramateko desirak bultzatu gintuen Kafe edo Pote Filosofikoak ekimena antolatzera. Duela hiru urte abiatu genuen ekimen xumea da, baina oso harrera ona izaten ari da (Gasteizen hasi ginen, gero zabaldu genuen Bilbora, Goierri aldeko herrietara, Tolosaldera…) eta ikusten ari gara interesa dagoela, gazte eta helduengan. Taberna batean gai baten inguruan eztabaidatzeko norbait gonbidatzen dugu (heriotzaz, post-egiaz, mito eta estereotipoez, desobedientziaz…) eta gaudenon artean elkarrizketa sortzen dugu. Filosofia, azken finean, kalean jaio zen eta tentsio hori badauka: Platonen akademia dago eta Diogenesen kupela. Ez dugu filosofia akademizismora murriztu nahi eta elkarrekin pentsatzeko eta hitz egiteko foroak, harremanak egiteko foroak eraikitzeak berezko balioa du.
Pentsatu Jaialdia ere antolatzen dugu Agoratik, EHUrekin batera. Filosofiako fakultatean tailerrak eskaintzen ditugu (filosofia eta maitasuna, filosofia eta zientzia, filosofia eta zinema…) eta Euskal Herriko txoko ugaritako institutuko ikasleak etortzen dira, egunpasa. Azken jaialdian 500 ikasletik gora izan ditugu eta oso pozik gaude, sentitzen dugu badagoela filosofia gosea.
Eta iaz, lehenbizikoz, Olinpiada Filosofikoak antolatu genituen Batxilerreko ikasleen artean. Gai bat jartzen zaie (iaz, “errealitatea eta itxuraren arteko talka”) eta horri buruz idatzi behar dute.

Zein da egungo gizarteari filosofiak egin diezaiokeen ekarpen nagusia?
Bat-batekotasuna eta urjentzia baretzeko balio dezake. Krono-konpetentziaren menpe bizi gara, dena orain egin behar da, emaitzak ere orain lortu eta erakutsi behar dira, eta horrek sortzen duen antsietatea ez da txikia. Filosofiaren denbora bestelakoa da eta denbora hori gure bizitzetan sartzea oso lagungarria izan daiteke, errendimenduaren gizartea zalantzan jarriz. Errendimendua eta hiztegi ekonomiko-enpresariala arlo guztietara zabaldu dugulako: emozioen kudeaketa, oporren antolaketa, gure kirol jarduera…
Info-obesitatea bizi dugun honetan, informazio hori guztia interpretatzeko eta zalantzan jartzeko gelditzea eta denbora hartzea ere beharrezkoa da, horretan ere laguntzen du filosofiak. Eta bestetik, hitza nahiko debaluatuta dagoen garaiotan, elkarri entzuteko eta hitza aintzat hartzeko ere balio du.

Lehenengo argazkian, Pentsatu Jaialdia. Hurrengoan, pote filosofikoak. "Arrakastatsuak izaten ari dira, nahiz eta harrigarria iruditu arrakasta hitza filosofiarekin lotzea", dio umoretsu Martinezek.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hezkuntza  |  Filosofia

Hezkuntza kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko martxoaren 08a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude