ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a
Enara Iruretagoiena Dominguez. Bizitza bezala, gorputza ere ziklikoa baita

"Inposatzen den linealtasun hori bortizkeria latza da, gu ziklikoak baikara"

  • Oso ezkutuan dagoen teoria praktikara eraman du Enara Iruretagoiena Dominguezek (Irun, 1984), eta ziklo menstruala eramaten ikasteko pauta edota gakoak emateko gai da gainera. Bai, ziklikoki bizi da Irundarra. Urte luzez kafetegi bateko barraren gibelean lanean aritu ostean, erraietatik sentituriko deiari heldu eta Ziklikoki Bizitzen egitasmoa jarri zuen martxan. Ziklo menstrualak gugan duen eragina azalarazi eta horren erritmoan bizi. Bizitza eta gorputza erdigunean jarriz, hilekoaren kulturaren aldarrikapena egiten du eta honen inguruan mintza gaitezen proposatu. Has gaitezen!

Aitziber Zapirain
2020ko otsailaren 16a
"Askotan odol jarioarekin lotzen dugu hilekoa, baina hori baino askoz gehiago da. Hilekoaren zikloa ez da gelditzen" (Argazkia: Irantzu Pastor)

Ziklikoki Bizitzen egitasmoaren sortzailea zara.

Bai, orain dela hiru urte jarri nuen martxan proiektua. Lehenago Erika Irustaren lanak ezagutu nituen. Menstruazio-pedagogo gisa izendatzen du berak bere burua. Asko daki gaiaz eta liburuak ere baditu idatziak eta argitaratuak. Gaur egun hilekoaren kultura deitzen dugun horretaz ari naiz. Irustak Soy1Soy4 komunitate pedagogiko birtuala jarri zuen martxan, eta bertan sartu nintzen; gaur egun, gainera, ohore handiz esan dezaket bertan lan egiten dudala. Nire prozesua egiten hasi nintzen, nire zikloari behaketak… Kafetegi bat neraman garaian eta hura ixteko unea heldu zitzaigun. Beraz nire bizitzarekin zer egin jakin gabe nebilen. Mundu horrek harrapatu eta xurgatu egin ninduen erabat, eta nire bizitzan hainbeste eragin zuenez, bere berri emateko beharra sentitzen nuen. Ziklo menstrualaren inguruan jardun eta komunikatzeko beharra.
Nire zikloaren faseak identifikatu nituen, bakoitzaren ezberdintasun eta ezaugarriak ezagutu. Hain handia izan zen niretzako, aurrera egitea erabaki nuen. Jolas moduan hasieran, helburu finkorik gabe, zer gertatuko zen jakin gabe. Eta hala, “nahi dudana eginen dut eta ea zer gertatzen den” pentsatu eta Ziklikoki Bizitzen egitasmoa jarri nuen abian. Idatzi egiten dut, hilekoaren inguruan batetik –hilekoaren kultura bere osotasunean ulerturik–, eta ekonomia feministaz bestetik. Bi eragin-gune hauek ditut. Bizitza eta prozesuak erdigunean nola jarri behatzea interesatzen zait. Gutxika, tailerrak eta topaketak sortu ziren eta zoragarria izaten ari da.

Zer da, baina, ziklikoki bizitzea?

Bizi garen jendarte honetan utopia dela uste dut. Hilekoaren kulturaren inguruan ez da hitz egiten, ez da existitzen. Sistemak linealak garela esaten digu, soilik produzitzera eta erreproduzitzera gatozela. Inposatzen den linealtasun hori bortizkeria latza da, gu ziklikoak baikara. Orduan ziklikoki bizitzea da, norberak ahalegina egitea, norbere egunerokotasuna norbere zikloarekin lotzeko.

Alegia, hilekoak emakumeongan eragiten duena –ez on eta ez txar– errespetatuz bizitzea?

Hori da. Askotan odol jarioarekin lotzen dugu hilekoa, baina hori baino askoz gehiago da. Hilekoaren zikloa ez da gelditzen. Beti ari da “zerbaitetan”. Lau fase ditu, bataz beste 28 egunetan burutzen direnak. Egun horietan guztietan, gure barrenean sortzen den hormonen dantza sentitzea, ulertzea, eta berorrekin bat egitea oso polita da. Nire ustez hain da interesgarria eta garrantzitsua, ezen ezinbestekoa baita egunerokotasunean txertatzea.

Argazkia: Irantzu Pastor

Gaur egun, eremu pribatuan eta nesken artean aipatu ohi da hilekoa, eta lehen bizipena amarekin eta etxean izan ohi da. Zure iritziz nolakoa izan beharko luke lanketak?

Hilekoa lehen aldiz etorri orduko, urte luzez eta etengabe izanen dugu gurekin. Gure parte da. Gu gara. Beraz ezinbestekoa da informazioa ukatea. Benetako informazioa. Medikuntza hegemonikoan ikerketak aski berriak dira, orain dela hamar urtekoak gutxi gorabehera. Puntu horretan gaude. Oraindik deus ez dagoela esan genezake. Hilekoa gorde egin da, mespretxatu ere bai, eta hilekoa dugun gorputzok ardura kolektibo bat dugula esango nuke. Tailerrak egiten ditudanean nik ez dut leziorik ematen bata xuria jantzita. Komunikatzeko esaten diet. Hitz egin eta partekatzeko. Neuk ere, egitasmoa martxan jarri aurretik, honen inguruan ikasi aurretik, gorabehera handiko zikloak nituen; eta orduan tailerretara etortzen direnei aholkatzen diet, halakorik bizi badute, lasai hitz egiteko. Lagun bati deitu eta mintzatzeko horren inguruan. Guztiz normala baita. Eta gutxika espazio publikora jauzi eginen dugu. Dena baitago gurutzatua.

Nola hasten da ziklikoki bizitzen?

Hilekoa jaisten zaigun lehen egunean hasten da zikloa. Bada hor, nola sentitzen zaren begiratzea izan daiteke aukera, eta horren bueltan idaztea. Nola nagoen ikusi, aldaketa fisikoetan eta psikikoetan erreparatu, nola pentsatzen dudan eta nola ditudan emozioak behatu. Barrura begiratzeaz gain, kanpora begiratzea ere garrantzitsua da. Nola harremantzen naizen aztertzea, alegia. Autobehaketa da azken batean. Eta noski, horretaz guztiaz gain, hitz egitea. Hilekoaren zikloaren inguruan hitz egitea, autobehaketa bezain garrantzitsua da.

Ziklikoki Bizitzen webgunean, zeuk zeure hilekoaren odolarekin eginiko margolanak ikus daitezke. Nolatan hasi zinen horretan?

Jolas bat izan da niretzako. Komunitate birtualean nire egungo lagun mina dena ezagutu nuen eta hark animatu ninduen. Probatu egin nuen eta egun, niretzako meditazio moduko bat da. Lasaitu egiten naiz eta odolak zer esaten didan sentitu, sumatu.

Odola birdefinitzea izan da niretzako. Odola nire gorputzera gerturatzen dut ariketa horretan. Prozesu indartsua izan da. Hileko odolak ama zelulak ditu eta erabilera handia eman diezaiokegu. Margotzea izan daiteke bat, edota landareak ureztatzea beste bat.

Linealki bizitzetik ziklikoki bizitzera
Ostatuko atea zeharkatu eta bezeroak zer eskatuko duen asmatzeko gai da Enara. Kafetegi bateko eramaile izan zen urte luzez. Hura amaitu zen ordea. Ekonomia feminista aldarrikatzen du, eta praktikara eramaten ahalegintzen da, “erronka potolo eta handia” izan arren. OlatuKoop-eko kide da eta bertan lan egiten du sarearen koordinatzaile bezala. “Noiz nago, noiz ez nago” galdetzen dio bere gorputzari, norbera eta norbere bizitza eta gorputza etengabe presente ukateak, egokiago lan egitea ahalbidetzen baitu, besteak beste. Badaki non egon nahi duen eta non ez. Ziklikoki bizitzeko erronka bota zion bizitzari eta erronka irabazi egin du; saiakeran ibiltzen da, behintzat.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Hilekoa  |  Feminismoa  |  Osasuna  |  Irun

Hilekoa kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko otsailaren 16a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude