ARGIA.eus

2020ko maiatzaren 26a
Edurne Azkarate, aktorea

"Antzerkiak gai deserosoak arakatzen ditu, baina helburua ez da pedagogikoa"

  • Ezohiko ibilbidea duen aktorea da Edurne Azkarate (Oion, 1993). Valladoliden egin zituen interpretazio ikasketak, baita lehen aktore lanak ere. Poloniako konpainia batean egonaldia egin zuen gero. 2017an, eta euskal antzerkiaren berri apenas izanda, bere ibilbidea Euskal Herrian jarraitzea erabaki zuen. Bi urte geroago, Zaldi urdina antzezlana ari da taularatzen, Dejabu, Axut! eta Arte Dramak hirukoak osatzen duen egituraren babesean. 50 emanaldi baino gehiago egingo dituzte. Denbora izan du, baita ere, telebistan aritu eta aktore belaunaldikideekin batera bide propioa urratzen hasteko.

Lander Arretxea @larretxea
2020ko otsailaren 02a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Zure aktore ibilbidea Euskal Herritik kanpo hasi duzu. Bazenuen aurrez Dejabu, Axut! eta Artedrama konpainiek egiten duten lanaren berri?

Ni nahiko satelitea naiz, eta nire lurrartzea fasez fasekoa izan da. Txoministak (2015) web-saila egin nuenean oraindik ez nintzen Euskal Herrian bizi. Gero Polonian izan nintzen eta handik bueltan erabaki nuen hemen bizi nahi nuela. Pauso logikoa zen ezagutzea zer egiten zen euskal antzerkian, ea gustatzen zitzaidan, zein korronte zeuden…  Lagun batek aholkatu zidan Arte Dramaren Aste Santuko laborategira joateko. Joan nintzen eta han ezagutu nituen Lipus, Fuchs anaiak… Itxura batean halako laborategiak baliatzen dituzte haien antzezlanetarako aktore berriak aurkitzeko. Proposamen hau egin zidaten, eta orduan tokatu zitzaidan haien jardunaz kolpetik enteratzea.

Eta zein inpresio duzu orain, barrutik ezagututa? Harritu zaitu?

Onerako harritu nau ikusteak zeinen makinaria erraldoi eta zehatza duten. Horren guztiaren pieza bat sentitzea plazerez hartu dut, zeren zoritxarrez, oso zaila da aktoreak aktore lanetan bakarrik jardun ahal izatea. Normalean beste dena ere egin behar izaten dugu. Zaldi urdina-n gurekin lan egin duten profesionalak izan ditugu soinuan, jantzitegian, argiztapenean… Hori guztia gurekin batera sortu da, guk sortzen genuenarekin batera, eta hori ez da batere ohikoa. Horrek ematen dizu maila, kalitatea, eta antzezlanaren geruza gehiago lantzeko aukera. Eta jartzen gaitu gu, langile bezala, eta bereziki antzerkia bera, bere mailan, dagokion lekuan.

"Ondo legoke gure belaunaldiari begira, ikusita zer datorkigun, guk ere gure publikoa sortzeko lana hartzea"

Hona etorri aurretik Polonian egonaldi luzea egin zenuen. Nola iritsi zinen hara?

Poloniakoa oso esperientzia aberasgarria izan zen. Kurtso bat egin nuen hemen, eta bertako zuzendariak aholkatuta egin nuen Poloniakoa. Gai batzuen inguruan ari ziren esperimentatzen, eta ezer ulertuko ez zuen atzerritar bat behar zuten horretarako. Han antzerkia oso desberdin kudeatzen da, publikoa da, eta hiri eta herri handi bakoitzean konpainia bat dago. Futbol taldea bezala da: herri bakoitzean badute herriko taldearen azken fitxaketen berri. Egunero daude antzokiak irekita, eta gizartean oso errotuta dago.

Horrek bultzada handia eman zidan nire ogibidean sinesteko. Ingeniari edo mediku batek badaki ingeniari edo medikua dela, nahiz eta lanik ez izan. Sorkuntzaren alorrean gaudenok ez dugu berme hori. Poloniakoa, zentzu horretan, oso aukera profesional ona izan zen. Antzokia zen nire eguneroko lantokia, eta ordutegi finko bat nuen. Langilea nintzen. Hori oso ezohikoa da hemen.

Antzezlana amaitzean, tabernan egiten duzue hitzordua ikusleekin obrak sortutako gogoetak konpartitzeko.

Hori ederra da. Hasteko, jendea pixka bat gehiago geratzen da antzokian. Eskoletan ere egon gara eta oso interesgarria izan da. Batzuek flipatu egiten dute inoiz ez dutelako antzerkirik ikusi, eta gustatzen zaie. Zehazki Zaldi urdina-ren helburua bazen mahai gainean gai bat jartzea, eta hori sozializatzea. Helburu zehatzik gabe, konklusio bat atera nahi gabe, baina hitz eginaraztea. Eta horretarako tresna ona dira solasaldi horiek. Antzerkiaren ondorengo hausnarketak beti gertatzen dira, etxera bidean edo lagunartean, baina polita da antzokian bertan geratzea. Eta gozagarria da guk ere izatea parez pare jarri eta publikoa entzuteko aukera.

Drogen mila aurpegiak jorratzen dituzue Zaldi urdina-n. Kaffka antzezlanean aldiz Gehiturekin elkarlanean aritu zarete. Antzerkia pedagogikoa izan daiteke? Edo gutxiespenez jartzen da etiketa hori?

Ez dut uste antzerki pedagogikoa egiten dugunik. Ez Kaffka-n eta ez Zaldi urdina-n. Kaffka-k badu target zehatzago bat, baina ez da antzerki pedagogikoa. Etiketa hori, izatekotan, gerora dator. Norbaitek zerbait ikasi badu, edo ate berri bat ireki bazaio… Arteak ez du inoiz hautatzen erosoak diren gauzak kontatzea. Joera da ertzak edo ezkutuan dauden pasarteak, tabuak edo min ematen duten gauzak lantzea. Eta horren bitartez osatzen edo sendatzen da gizartea. Baina lan egiteko moduaren ezaugarri bat da hori, pedagogia hitza ez bezala. Helburua pedagogikoa balitz, ez ginateke toki berera iritsiko. Antzerkiaren funtsa ez da publikoari zer pentsatu behar duen esatea.

Zaldi urdina-rekin dozenaka emanaldi egingo dituzue. Horrek erakusten du publikoa egon badagoela?

Uste dut Zaldi urdina-ren atzean dauden konpaniez esan daitekeen gauza onenetako bat hori dela: publiko bat sortu dutela. Eta hori da antzerkian dagoen gauzarik zailena. Are zailagoa sormen prozesua baino, diru-laguntzak lortzea baino edo programatzaile batek zure lana programatzea baino. Haien asmoa ez da, gainera, publiko hori monopolizatzea. Kontrakoa: haiek euren alea jartzen dute, eta publiko horri zerbait eragiten badio horrek, eta horrek ekartzen badu beste antzezpen batzuk ikustera joatea, askoz hobe.

Ondo legoke gure belaunaldiari begira, ikusita zer datorkigun, guk ere gure publikoa sortzeko lana hartzea. Haiek badute haiena, hogei urteko lana eta gero. Baina horrek transmisio bat behar du. Batetik guk naturalki ogibidean egingo duguna, edo egiten ari garena. Baina bestetik, publikoan ere oso zaila den transmisioa eman behar da. Hori ez da lehentasuntzat jotzen, baina bada.

Ardura hori zuena da, belaunaldi gazteagoarena?

Neurri batean bai. Erantzukizuna daukagula iruditzen zait, gero gure erabakia da hartzea edo ez. Oso gozagarria da mota askotako jendearekin lan egitea, eta asko gozatzen da esperientzia gehiago duenarekin ikasten. Baina atentzioa jarri behar zaio, baita ere, gure belaunaldiari, gure gaiei, gure begiradari. Ezin dugu beti besteen errentetatik bizi. Uste dut belaunaldi bakoitzak argi izan duela hori, eta unean-unean erantzun behar diela uneko behar horiei. Naturalki gertatzen den erabakia da. Guk lehenengo saiakera egingo dugu orain.

Zertan ari zarete?

Bada denbora bat Amaia Irazabal, Mikel Ibarguren, Intza Alkain eta laurok elkartu eta ideiak konpartitzen hasi ginela. Diru-laguntza txiki bat lortu dugu pieza bat sortzeko, eta orain ari gara beste deialdi baterako prestatzen. Ikusiko dugu bidea egiten duen, eta horren arabera emango ditugu pauso batzuk edo beste batzuk. Baina niretzat positiboa da bere horretan lau persona batzea, bilera batzuk egitea, idazten hastea…

Argazkia: Dani Blanco.

Adinaz gain, badago zerbait batzen zaituztena?

Batu gaituena gure belaunaldiari begiratu eta ahotsa emateko gogoa izan da. Hor barruan sartzen da euskal kulturgintzan espazio bat okupatzeko nahia, beste sortzaile batzuekin saretzeko nahia, gauzak lehenengoz egiteko nahia… Dena ondo badoa eta ezer aldatzen ez bada, adibidez, nik kanpo begiradaren papera beteko dut lehenengo aldiz.

Baditugu belaunaldi bezala etiketa batzuk kanpotik jarri dizkigutenak, eta etiketa horien jabe egin nahi dugu, eta horiek esploratu. Gure ardurak hartuz, baina jakin nahian, baita ere, zein punturaino etiketa horiek datozen kanpotik begiratzen duenak gu ez ulertzetik, edo merezita jarri dizkiguten.

Telebista egitea ere tokatu zaizu, Aulki jokoa saioan adibidez. Eroso zaude aurkezle paperean?

Bertsozale Elkartetik etorri zitzaidan proposamena. Ezagutzen ditut eta bazuten nire ibilbidearen berri. Nik aurkezle pertsonaia sortu behar izan nuen. Oso inportantea izan zen adibidez, betaurreko batzuk jantzi eta horiek mantentzea. Maskararen parte zen hori. Edurne arrunta eta Edurne aurkezlea bereizteko modu bat. Molde hori sortu eta gero edukiz betetzen saiatu nintzen. Zaila izan zen, baina oso interesgarria.

Autentikoak saio polemikoan ere izan zinen kolaboratzaile...

Hori beste kontu bat da. Zuzenekoa zen eta ez genuen entsegurik egiten. Ez zen erraza. Bazegoen errotulu bat nire izen abizenekin, baina gidoia ez zen nirea, gidoilari lan-taldearena baizik. Hori ez da erosoa. Ez nuen denborarik izan argitzeko zein neurritan egin behar nuen niretik, edo ea pertsonaia bat eraiki behar nuen hor ere. Nahiko estresagarria egin zitzaidan zentzu horretan. Baina oso azkar bukatu zen. Denbora gehiagorekin akaso lortuko nuen horretara egokitzea.

Publizitate lanak ere egin dituzu. Prekarietateak behartzen zaitu baiezkoak ematera, edo gustatzen zaizu beste gauza batzuk probatzea?

Gauzak probatzea gustatzen zait, oso aberasgarria zait pertsonalki zein profesionalki. Baina hori bezain egia da barneratu dugula denari baietz esan beharra. Eta halaxe gabiltza, beti  solapatzen zaizkigun proiektuekin, jai-egunik gabe. Ez dakizunez langabezia noiz etorriko den, beti baietz esan behar da. Orain hasi naiz nire buruari planteatzen agian ezetz esaten ikasi behar dugula, eta ezetz esanez gero, ez gaizki sentitzen, edo ez sentitzen aukera bat galdu duzula. Ateak ixtearen kontu horri beldurra galdu behar diogu. Baina ez da erraza, akaso beldur horrek ere baduelako egiatik zerbait. Aktore zaharrek aurrezteko esaten digute, badaezpada hori ere.

"Denari baietz esan beharra barneratu dugu. Beldurra galdu behar diogu ateak ixtearen kontu horri”

Aktoreei bezala, ez ote den gero eta alor gehiagotan gertatzen gauza bera...

Dudarik gabe. Akaso gehienok gaude horrela, elkarri zeharka begiratzen. Badaezpadakoen dinamika horretan. Nik nire buruari planteatu diot: zuk horrela bizi nahi duzu? Zer ordutegi daukat nik? Ez daukat ordutegirik, beraz ez daukat denbora librerik. Nire lan-egunak ez du hasiera eta amaierarik. Ni naiz nire nagusia, nire idazkaria, deiak jasotzen dituena… Askatasunaz hitz egiten dugu, baina askatasunak beste aldea ere badu, batez ere hautatua ez bada: lana eta egonkortasun falta.

Zinerik ez duzu egin. Baduzu gogorik?

Gustatuko litzaidake, bai, asko. Baina ez dakit zinea egiteko zinea egitearen bidean jarri behar dudan nire burua, eta horri denbora eskaini, edo besterik gabe, iritsiko den zerbait den. Badut gogoa, nire ogibidearen parte delako, probatu nahi dudalako, beste sortzaile fazeta batzuk elikatzeko, ikasteko… Baina egia esan, nire kasa nabil. Horretan kezkatzen hasten baldin banaiz, edo tematzen banaiz bide bat diseinatzen, gero frustratzeko aukera handiak ditut. Nik ez dauka bideo-bookik, ez argazki profesionalik, ez agenterik. Ni noa, soil-soilik, noan tokietara. Casting batzuk egin ditut eta interesgarriak izan dira, baina oraingoz ez da suertatu.

Instagramen jarraitzaile asko izan behar omen da ekoizpen handietan lan egiteko.

Orain ari naiz zalantzan, ea egingo dudan edo ez, ea pertsonaia publikoa naizen edo ez, ea onuragarria izango den nire lanerako edo ez... Eta hala balitz ere, prest nago nire denbora horretan jartzeko? Badaude gauza batzuk egiten ez ditudanak denbora faltagatik, eta horretan jarriko naiz? Ikusgarritasunaren gaian azpimultzo asko dago, eta hori bada bat.

Zergatik jende bati interesatu behar zaio nire aurpegirik onena? Nik lehen gehiago irakurtzen nuen. Orain ordu eta erdi duzunean, pelikula bat ikusi beharrean ikusten dituzu cup-cake batzuk, aerobik saio bat, zeinek surfeatu duen olatu erraldoi bat, zure ezagun urrunek zer egin duten, ea paseo bat eman dioten txakurrari… Gure denbora pixka bat aberastu behar dugu. Tontotzen ari gara. Eta ondo iruditzen zait, eskubidea daukagu, baina makabroena da ez dela gure hautua. Hala saldu digute baina ez da gure hautua.

Nekatuta zaude Oiongoa zarela azpimarratzen dugula ikusteaz? Exotikoa balitz bezala?

Nire izaerarengatik, nire energiagatik, edo naizen horregatik ni banaiz exotikoa edo desberdina edo berria, ados. Ez zait axola berriaren esperientzia bizitzea, eta gozagarria ere izan daiteke askotan. Baina Oiongoa izateagatik bada, asperdura baino gehiago galdera bat eragiten dit: galdetzen duen hori zenbateraino atera da bere herritik? Zaldi urdina-rekin ere entzun dut: zein ondo hitz egiten duen euskaraz Oiongoa izateko. Bagara batzuk periferiaren euskalduntasunaren eta ikusgarritasunaren alde egiten dugunak. Uste dut nire eginbeharretako bat ere badela espazio hori okupatu eta aldarrikatzea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Antzerkia  |  Oion  |  Artedrama Euskal Laborategia

Antzerkia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko otsailaren 02a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude