Esa urtegiaren mehatxuari kolektiboki erantzunez

  • Esa urtegia handitzearen aurkako borrokan ikur bilakatu da Aragoiko Artieda herria. 2016an Empenta Artieda (Artieda Bultzatu) egitasmoa jarri zuten martxan, herria ez hustu eta landaguneari eusteko helburuarekin. Ordutik hamabost gazte joan dira bertara bizitzera. Urteetan luzatzen ari den borrokak, identitate kolektibo eta pertenentzia sentimendu handia eman die herritarrei.

Esaren eskuin hegalean pitzadura berriak agertu direla salatu berri dute hainbat kolektibok. Metro anitzeko sakonera dute arrakalek, eta urtarrilaren hasieran, euriteen ostean, azaleratu dira. Gainera, Nafarroako Gobernuak eskatutako txosten batek dio urt
Esaren eskuin hegalean pitzadura berriak agertu direla salatu berri dute hainbat kolektibok. Metro anitzeko sakonera dute arrakalek, eta urtarrilaren hasieran, euriteen ostean, azaleratu dira. Gainera, Nafarroako Gobernuak eskatutako txosten batek dio urtegiaren magal hori “oreka hertsian” dagoela; eskuin mazelak baduela hainbat egoera zalantzagarri eta, hortaz, neurri gehiago hartu beharko liratekeela, segurtasuna bermatzeko. Presatik goiti eta beheiti bizi diren herritarrek, beste behin, urtegia handitzeko lanak eteteko eskatu diote Ebroko Ur Konfederazioari. Maddi Barber

Larunbata da. Hotza iritsi da, baita euria ere. Ez da jenderik ikusten Artiedan; bai, ordea, auto andana. Tabiernan egin dugu hitzordua, herriko gune sozial autogestionatuan. Bertan ari da egiten urteko batzarra Río Aragón kolektiboa, Esa urtegia handitzearen aurkako elkartea.

70 biztanle inguru ditu Jazetania eskualdeko herriak. 30 urte daramatza Esako proiektuaren aurka ekinean. 1985ean onartu zuten handitzea; ordutik atzeratu egin dituzte epeak, eta aurrekontuak, berriz, handitu etengabe.

Víctor Iguácelek urtegiaren aurkako pankarten artean eman du haurtzaroa. 25 eta 30 urte arteko gainerako herritarrak bezala, borrokaren erdian jaio zen, eta gatazka eta erresistentzia izan ditu bidaide txikitatik. “Pirinioetako beste herri bat bezalakoa da Artieda; baina, era berean, borrokak batu gaitu. Herrian kohesio handia dago, batik bat, urte luzez urtegiaren aurka aritzeagatik eta erantzun kolektibo bat emateagatik”.

Bileran parte hartzen ari direnek ozen esan dute: “Esak ez du zentzurik”. Urte hauetan guztietan proiektuaren aurrekontua 109 milioi eurotik ia 500 milioi eurora pasa da. Euria egiten hasi arte, urriaren amaieran, urtegiaren edukiera %14koa zen. César González Zaragozako Unibertsitateko ikerlariak Esa handitzeko txostena aztertu du: “Ureztatze guneen eraginkortasuna hobetuko balitz, Esa ez litzateke beharrezkoa izango”. Salatu dute segurtasuna ez dagoela bermatuta eta, aurrerantzean, nola aurre egin eta zer bide jarraitu pentsatzen hasiak dira.

Amaitu da batzarra. Elkar agurtu eta gazte zein helduek herriko kaleetatik beherako bidea hartu dute pilotalekuan bazkaltzeko. Ez da batere herri zaharkitua Artieda; gero eta gutxiago, gainera. Aurre egiten ari dira despopulazioaren arazoari. Hamabost gazte –25 eta 40 urte artekoak, gehienak– joan dira azken hiru urteetan bertara bizitzera. Horietako hamabi herriarekin inolako loturarik gabekoak, eta gainerako hiruak, bertakoak baina kanpoan bizi zirenak. Ez da kasualitatea: horren atzean Empenta Artieda proiektua dago. “Bultzatu” esan nahi du aragoieraz empenta hitzak.

Tokian tokitik despopulazioari aurre egiteko prozesu parte-hartzailea da Empenta. 2016an jarri zuten abian, Esa urtegiaren balizko handitzeak herrian izan ditzakeen ondorioengatik kezkatuta, eta etorkizunera begira norantz jo eta herriak zer nolako beharrak dituen aztertzeko. Ekintza, burujabetza eta autogestioa herriari eutsi eta biziarazteko.

Udalak kontratatuta, Iguácel bera eta Anchel Reyes soziologoa aritu ziren proiektuaren diagnostikoa egiten. “Despopulazioak herritarren kontzientzia piztu du: herriak bizitza izaten jarrai dezan, agian hainbat pribilegio alde batera utzi behar ditugu. Jende berria etortzea nahi badugu, baratzerako lursail bat uztea edota etxe baten alokairuaren prezioa jaistea garrantzitsua da”, dio Iguácelek. Arazoaz jabetu eta ohartu ziren “herritarren ardura” dela horri aurre egitea. Konponbidea, beraz, elkarren artean bilatu behar da: “Guztiok eman behar dugu zerbait herria ez galtzeko”. Ez baitute Artieda jendez husterik nahi.

Zentzu horretan, hiru lan arlo beharrezkotzat jo zituzten: enplegua, etxebizitza eta sozializazioa. Hasierako prozesu parte-hartzailean atera ez bazen ere, egitasmoaren bultzatzaileek ezinbestekoa den laugarren arlo bat gehitu zuten: zaintza. Bizitza erdigunean jartzeak zaintza lanak erdigunean jartzea esan nahi duelako.

Ekintza txikien garrantzia

Giro polita dago Artiedan. “Betidanik izan da horrela”, diote herritarrek. Orain, ordea, “gehiago”. Astearte eta ostegunetan belaunaldien arteko bazkaria antolatzen dute aterpean. Egunero 14:00etan eta 20:00etan bermutaren ordua “sakratua” da; eta ostegunero gazteek elkarrekin afaltzen dute. Halaber, asteburuero ekintzak antolatu ohi dira: dela hitzaldi bat, erakusketa, auzolana... Herriko bizitza Tabiernaren inguruan dabil. Bertan egiten dituzte, besteak beste, bazkariak, kolektiboen bilerak eta erakusketak. Hor daude, era berean, coworking gunea eta liburutegia. Aurrerantzean, udaletxea ere eraikin horretan egongo da.

Orain dela bi urte iritsi zen Natalia Olivares mexikarra Artiedara. Elikadura burujabetza izan du ardatz bere ibilbidean eta, egun, herriko aterpean ari da. Done Jakue bidea igarotzen da handik, eta erromes askok hartzen du atsedena Senderos de Teja enpresa sozialak  kudeatzen duen ostatuan. Baratze ekologikoa daukate. eta herrian zahartzeko programa ere jarri dute abian. Empenta proiektua lehen urratsak egiten ari zela iritsi zen herrira. Sukaldaria da, eta herriko nagusien ezagutzari balorea ematen saiatzen da bazkarietan. Bertako haziak berreskuratu dituzte, esaterako: “Joan den urtean hemengo babarrun barietate baten haziak erein genituen; dagoeneko probatu ditugu eta oso goxoak daude”.

Alfonso Ríosek herrietan zahartzeko programan lan egiten du. Identitate kolektiboari esker, Artiedan bakardade arazo “larririk” ez dagoela dio,  baina herrian zahartzeko bizi kalitatea bermatzea eta aukerak ematea ezinbestekotzat jo du. Elkarrekin bazkaldu ondoren guiñote karta jokoan aritzen dira, astean bitan, adineko bizilagunekin. “Jokoa bultzatzen zuen amona hil zen eta hutsunea nabari zen; berreskuratu egin dugu”. Egunerokoan egiten diren “ekintza txiki” hauen balioa zaindu nahi dute, herriko zaharrak zaintzea, herria babestea delako.

Bazkalostean, Javier Jiménez kantautoreak gozatu du arratsaldea Tabiernan. Haren aita Tiermasekoa zen, zonaldeko herririk garrantzitsuenekoa, Esa urtegiaren eraginez hustu eta urak hartu zuen arte 1959. urtean. Urtegiaren aurkako abestia hasi da jotzen eta guztiek jarraitu diote: “Hay que luchar, hay que gritar, por los que nunca gritaron, hay que luchar, para parar este maldito pantano” (Borroka egin behar da, oihukatu, sekula oihu egin ez zutenengatik, borroka egin behar da, urtegi madarikatu hau geratzeko”).

Kantu eta txalo artean, urtero Rio Aragon elkarteak ematen duen Venero Saria jaso du Antonio Casas Zaragozako Unibertsitateko geologoak, Esaren inguruan gehien ikertu duen adituetako batek. Luis Solana Artiedako alkateak beti ondoan egotea eskertu dio: “Borrokak herriaren onena atera du eta elkartasun uholdea jaso dugu”. Casasen hitzetan, Artiedaren historia “duintasunaren borroka” da, “munstro” baten kontra “berak bakarrik” egin duen borroka.

Aukerak eta gabeziak

Alkateak azaldu digu Empenta egitasmoaren helburuetako bat dela Artiedako belaunaldi gazteari “herrian bertan bizitzeko aukera” ematea, baita nagusientzat bertan zahartzeko baldintza duinak bermatzea ere. Proiektu integrala da, herritik sortua: “Etsipenetik ekintza kolektibora igarotzeko bidea izan da, urtegiarekin gertatu zen bezala”.

Coworking proiektua eta internet zerbitzu komunitarioa abian jartzeak erraztu dute, batez ere, gazteek herrian lan egin ahal izatea. Horrela jaio dira hainbat ekimen: Adrian Solanak CimaNorte.com Pirinioetako jende, ohitura, mendi, flora eta faunari buruzko webgunea kudeatzen du; Anchel Reyesek, berriz, Sociolochia ikerketa soziologikoak abiatzeko egitasmoa jarri du martxan. Orain, Empenta Artiedak badu kimu berri bat: Empenta Biscarrues. Huescako herrian buru-belarri hasi dira lanean despopulazioari aurre egiteko, Artiedako ereduari helduta.

Alokairu poltsa

Víctor Iguácel eta María Pulidorekin bildu gara. Iguácel, Empenta martxan jartzean itzuli zen herrira bizitzera. Pulido, berriz, duela bi urte iritsi zen Madrildik. Despopulazioaz, etxe hutsen auziaz eta herrietan saretzen diren harremanez aritu dira. Etxebizitza falta da egun duten arazorik larriena, Pulidoren ustez. Bizpahiru etxek hutsik jarraitzen dute herrian, baina alokatzeko kultura ez dago batere errotuta, eta ez dago eskaintzarik. “Udalak pare bat etxebizitza moldatu zituen eta alokairu poltsa abian jarri du, jabe eta errentarien artean bitartekari izateko”.

Pulidok dioenez, etxebizitzaren arazoak ez die soilik biztanle berriei eragiten; bertako gazteak ere ezin dira emantzipatu. Iguacelek kontatu du berak Artiedan duela familia, eta aukera duela haiekin bizitzeko. “Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, aukerarik ez dutenentzat etxeak uzteko hautua egin dugu hemengo gazteok”.

Puzzleen moduan, etorritako lagunentzat lortu eta egokitu dituzte etxeak, baina, oraingoz, ez dago espaziorik pertsona berrientzat. Horren bueltan ari dira orain eztabaidatzen: “Etxe hutsak daude, baina ezin alokatu. Eraiki egingo al ditugu? Pentsatzen ari gara etxe kooperatiba edota etxe kolaboratiboen arteko formula baten inguruan”.

Herri bizia da Artieda, baina inguruko jendearekin harremanak saretzeko beharra sumatu dute. Puente La Reina de Jacan egiten den Capazo azoka izan dute hizpide, hilabeteko azken igandean egiten den gazte topaketa autogestionatua. Horrez gain, La Riada despopulazioaren aurka eta Aragoiko herriak biziberritzeko lanean ari den plataformako kide dira. Herrietan dauden arazoak “berdintsuak” direla eta “esperientziak trukatzea ezin aberasgarriagoa” izan daitekeela uste dute Iguacelek eta Pulidok.
Musika amaitu da. Batzuk Tabiernatik atera eta etxera doaz; besteak, tximiniaren beroa lagun, solas egiten geratu dira. Etxeetako argiak piztu eta isiltasuna nabari da kaleetan.  

Oraindik badute zer hobetu eta pentsatu Artiedan: zaintza sozializatu eta bizitza kolektiboki nola sostengatu hausnartzen ari dira. Konturatu dira emakumeek maizago egiten dutela hirira alde, aukera berrien bila, landa eremua maskulinizatua dagoelako. Egoera hori irauli nahi dute.

Herriko kontzientzia kolektiboak ahalbidetu du urtegia baino isilagoa den beldur baten aurkako borroka hastea. Artiedako landa eremua biziarazteko ahalegina ari da emaitzak izaten. Erronkak badituzte, eta ari dira herria eta herritarrak zaintzen, daudenak eta etorriko direnak. Bada, Artiedako herritarrek esaten duten bezala, herriak empentatzeko garaia.

Arrakala berriak

Esaren eskuin hegalean pitzadura berriak agertu direla salatu berri dute hainbat kolektibok. Metro anitzeko sakonera dute arrakalek, eta urtarrilaren hasieran, euriteen ostean, azaleratu dira. Gainera, Nafarroako Gobernuak eskatutako txosten batek dio urtegiaren magal hori “oreka hertsian” dagoela; eskuin mazelak baduela hainbat egoera zalantzagarri eta, hortaz, neurri gehiago hartu beharko liratekeela, segurtasuna bermatzeko. Presatik goiti eta beheiti bizi diren herritarrek, beste behin, urtegia handitzeko lanak eteteko eskatu diote Ebroko Ur Konfederazioari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Esa urtegia
Esa urtegia handitzeko lanak, geldirik

"Segurtasun faltagatik" geldirik daude Esa urtegia handitzeko lanak Rio Aragon Elkartearen esanetan. Lan horien kontratua eteteko eta proiektua berrikusteko eskatu du talde horrek. "Bideragarritasun eza" onartzeko eskatu diote Ebroko Ur Konfederazioari. 


2023-09-29
Esa urtegiaren handitzea 2027rako bukatu nahi dute

Lanak duela 22 urte hasi ziren, baina urtegiaren eraikuntzak hamaika arazo izan ditu, eta oraindik lanek atzera-aurrera jarraitzen dute. Rio Aragón elkartearen eskaerari erantzunez, lanak 2027an bukatzea aurreikusten duela erantzun du CHE Ebroko Konfederazio... [+]


Satelite bidez ere Esako urtegia desegonkorra dela ohartarazi dute

Ikerketa geologikoek behin baino gehiagotan ohartarazi dute, eta, orain, satelite bidezko zaintzatik heldu da abisua: Esako urtegia ez da egonkorra. Copernicusek, Lurra behatzeko Europako Batasunak abian jarritako programak, "mugimendua" antzeman du urtegiaren... [+]


Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


Esako urtegia ez handitzea aholkatu du Ingeotyc geologia enpresak

Urtegiaren eskuin hegalak desegonkor jarraitzen duela eta, beraz, arrisku maila bat dagoela ondorioztatzen du. Txostena Ingeotyc enpresako Valentin Ibarra eta Tomas Morales geologoek egin dute Zangozako Udalaren enkarguz.


Eguneraketa berriak daude