"Zergatik ez amestu aizkora kirol indartsuagoa izatea?"

  • Iratiko oihanaren aldamenean jaio eta bizi da inoiz Euskal Herrian izan den txapeldun gazteena eta egun Munduko txapeldunordea dena. Bere ametsa eskola bat sortzea da neska-mutil guztiek herri kiroletara hurbiltzeko aukera izan dezaten, hirian bizi izanda ere.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Nolakoa izan da zure eguneroko martxa honaino iristeko?
Nik astean sei egun entrenatzen dut. Bi egun aizkoran aritzen naiz, beste bitan Iruñera joaten naiz gimnasiora eta beste bi egun bai korrika bai bizikletan ibiltzen naiz erresistentzia lantzeko. Urte osoko nire martxa hori izaten da, neguan hilabete bat kenduta. Abenduan oporrak hartzen ditut atsedena hartzeko eta gorputza berritzeko.
Gaur egun aizkoran beste kiroletako goi-mailako kirolariak bezala prestatzen gara. Dena zaindu behar dugu. Nik dietista baten laguntza dut, nire elikadura zaintzea asko gustatzen zaidalako. Indarra lantzeko entrenatzaile batzuk ditut Iruñean, erresistentzia lantzeko beste batzuk eta aizkoraren teknika aitarekin lantzen dut. Bera ere aizkolari izana da eta asko daki horretaz. Amaren ezinbesteko laguntza ere badut. Egunero ni jasaten nahiko lan du, baina honetaz gain, babesleak bilatzen eta gai ekonomikoak antolatzen laguntzen dit.

Urteko egutegia bete-betea izaten duzu?
Hala da. Urtarrilaren hasieran binakako txapelketa hasi eta martxora arte luzatuko da. Gero banakako Urrezko Aizkora dugu ekaina arte, uda garaiko erakustaldiak, Urrezko Kopa eta udazkenean Euskal Herriko eta Nafarroako txapelketak. Urte guztian ongi egon beharra dago.

Eta Australiako Munduko Txapelketa udaberrian, ezta?
Bai, apirilean. Duela bost urte izan nintzen lehen aldiz Australian. Nik zutik ikasi nahi nuen mozten eta han munduko espezialistarik handienak daude. Egin nuen lagun bat eta bere etxera gonbidatu ninduen. Hilabete bat izan nintzen berarekin ikasten eta gero Sidneyra joan ginen Munduko Txapelketara. Beti egiten da hiri horretan. Txapelketak hamabi egun irauten du eta hantxe ibiltzen gara estadioan gure saltsan gustura. Orduz geroztik urtero joan izan naiz eta aurten ere joateko asmoa dut.

Bigarren postuan gelditzea espero zenuen?
Ez. Ez nuen uste. Finalera zortzi onenak sartzen dira eta niretzat hori lortzea zen jada saria. Egin nuen ahalik eta hobekien eta bigarren gelditu nintzen, oso-oso pozik. Teknika aldetik oso ezberdina da hango lan egiteko modua. Han enbor bakarra mozten dute. Egurra ere ez da hemengoa bezalakoa eta aizkorak ere ezberdinak dira. Kiderra luzeagoa dute. Hango lanera jartzeko egokitzapena kosta egiten zait, baina denbora badut eta aurten ere saiatuko naiz.

Ingelesez ongi moldatzen zara?
Bai. Gosez behintzat ez nintzateke hilko. Gaztetxo nintzela Ingalaterran ere ibili nintzen ikasten.

Argazkia: Dani Blanco.

Aizkora ez da, beraz, euskal labela duen kirola…
Ez. Jendeak pentsatzen du gurea dela bakarrik, baina munduko 26 lurraldek hartzen dute parte txapelketan.Australia, Zeelanda Berria, AEBak, Kanada eta gu ere hor sartzen gara.

Prestigioa dugu mundu mailan?
Ospe handia dugu, bai. Haiek enbor bakarra mozten dute eta beraientzat 40 minutu edo ordu bateko saioak egitea, hemen bezala, pentsaezina da.

Nola hasi zinen aizkoran?
Ni, egia esan, ohartu gabe sartu nintzen mundu honetan. Jaio nintzenetik besterik ez dut ikusi. Garai hartan aita lehen mailan zegoen eta bere entrenamendu guztietara joaten nintzen. Ama leitzarra da eta bera ere aizkoran aritzen zen. Ikaragarri gustatu izan zaio txikitatik. Bere partetik, Ruben eta Eneko lehengusuak eta osaba guztiak aritu izan dira betidanik aizkoran. Egun batean, txikia nintzela, aitak egurrezko aizkora bat egin zidan eta gurditxoan nengoela hortxe aritzen nintzen nire aizkorarekin aitari begira. Gero egiazko bat eman zidan eta hasieran jolas moduan hartu nuen. Asteburuetan Leitzako baserrira joaten ginen eta bazkalondoan mahaitik altxatu eta korrika joaten ginen Eneko eta Ruben lehengusuak eta hirurok aizkoran aritzera. Gero plazan hasi, txapelketetan, eta ohartu gabe iritsi naiz oraingo maila honetara.

Noiz moztu zenuen zure lehen enborra plazan?
5 urte nituela, lehengusuekin. Rubenek hiru enbor moztu zituen, Enekok bi eta nik, txikienak, bakarra.
Hemendik aurrera zer espero duzu?
Orain arteko ilusio berdinarekin segitzeko asmoa dut. Euskal Herriko txapela ahalik eta aldi gehienetan lortu nahi nuke. Gure aizkoraren historian egon diren izen hain garrantzitsuak kontuan hartuta, pozgarria da ikustea ni naizela titulu hau lortu duen gazteena.
Aizkoran 28 urtetik 40 urte bitartekoak izan dira txapeldun gehienak. Ni nahiko gazte hasi naiz eta agian lehenago gastatuko naiz, baina nik 40 urtera arte nahi nuke segitu, lehenago lesiorik edo ustekaberik ez badut, behintzat. Lanbide honetan prest egon behar da beti, noiz edo noiz hau bukatuko delako.

Lesio garrantzitsurik ez duzu izan?
Orain arte zortea izan dut eta ez dut arazorik izan. Aizkoran oso normala da gerriko minak izatea. Lehen gehiago ibiltzen nintzen minez, baina orain asko lantzen dut prebentzioa gimnasioan eta orain oso ongi nago. Kirola egiterakoan inolako minik ez izatea oso garrantzitsua da.

Elikadura asko zaintzen duzula diozu. Zer jaten duzu eta zer ez?
Niri dieta garbia gustatzen zait. Kantitatearen aldetik nahi dudan guztia jaten uzten didate: berdura aski, arraina asko eta haragia tamainan. Karbohidrato dezente ere hartzen dut hori delako gero erretzen duzuna. Gozokiak eta postreak ikaragarri gustatzen zaizkit, baina txapelketa garaian ez ditut jaten eta horregatik libre dudanean aprobetxatu egiten dut. Abenduan pentzu batean egon naiz. Txokolatea, arrautza frijituak txistorrarekin… halakorik ez dut ia inoiz jaten eta niretzako luxu bat da.

Haragia ere gutxi? Kontrakoa zela uste nuen.
Lehen herri kirolariek txuleta asko jaten zuten, baina gaur egungo dietan proteina gehiago sartzen da arrainarekin haragiarekin baino.

Parrandazalea zara?
Asko gustatzen zait. Txapelketak ditudanean etxean gelditzea tokatzen zaidanez, aukera dudanean doble disfrutatzen dut. Normalean alkoholik ez dut edaten, baina tarteka zerbait hartzen badut, hori ere tamainan. Dantza egitea gustatzen zait eta musika kontuetan hemengoa, batez ere: Huntza, Esne Beltza, Zopiloteak… hauek gainera hemen ingurukoak dira.

Ongi dago koadrilan edaten ez duen bat izatea gidari lana egiteko…
Gidatzea gustatzen zait gainera. Gidabaimena atera dudanetik uste dut beti tokatu izan zaidala niri kotxea eramatea eta lagunak horrekin oso pozik daude.

Nolakoa da bizitza Pirinioetako herri txiki batean?
Astez hemen bizi naiz. Oso leku lasaia da eta niri asko gustatzen zait mendian eta ehizan ibiltzea lagunekin eta nire zakurrekin. Hamabi ditut orain. Asteburuetan, aldiz, toki askotara joatea tokatzen zait, baina ez zait astuna egiten. Niri gidatzea gustatzen zait eta gainera orain Lurautok BMW bat eman dit publizitatea egiteko eta oso gustura nabil toki batetik bestera.

Zure adineko jende gehiago badago Otsagabian?
Bai, zorionez nire adineko batzuk etorri dira herrira bizitzera. Hemen eskola DBHra arte daukagu eta hori bukatutakoan Iruñera joan beharra neukan ikastera, baina ni aizkoran nahiko ongi ibiltzen nintzela ikusita, gurasoek lagundu zidaten eta erabaki nuen hemen gelditzea gidatzeko karneta atera arte. Iruñera joanez gero ezin izanen nuen entrenatu eta bi urte horiek oso garrantzitsuak dira profesionalera salto egiteko. Orduan ni eta beste lagun bat bakarrik gelditu ginen hemen. Beste guztiek martxa egin zuten ikastera. Gero, ikasketak bukatutakoan, batzuk itzuli dira, lanean ari dira eta hemen bizi nahi dute nik bezala. Gure kintako zortzi edo bederatzi gara eta oso ongi gaude. Hasieran gogorra izanik ere, zortea izan nuen eta urte horretan berean, udazkenean, Nafarroako Txapelketa irabazi eta lehenengo mailara igo nintzen. Gero, karneta ateratakoan Irunberrira kirol-jarduera fisikoen maila ikastera joaten nintzen egunero, baina utzi behar izan nuen fisikoki gogorra delako eta oso nekatuta iristen nintzelako arratsaldeko entrenamenduetara. Aurten ehiza-zaintzaile izateko ikastaroa egin dut Madrilen eta titulua eskuratu dut eta heldu den urtean beste zerbait egiteko asmoa dut. Hau bukatzen denerako zerbait eduki behar duzu.

Zer aldatu behar da aizkoraren munduan?
Aizkora kirol minoritarioa da. Aldaketa asko egin behar dira gaur egungo garaietara moldatzeko. Erakargarriago egin behar dugu gazteentzat: aurkezpenak egiteko modua, irudia, komunikazioa eta ordutegi ezberdinak bilatu, igande goiza jende askorentzat ez baita une egokiena. Ikuskizun erakargarri bihurtu behar dugu, hitz batez.
Ni baikorra naiz eta uste dut orain aizkora bolada onean dagoela. Txikitatik aizkolari izan nahi izan dut, baina batzuk harritzen ziren aizkora bukatua bezala ikusten zutelako. Orduan Aitzol Atutxa bezalako figura bat eta gazte belaunaldi oso bat hasi ziren ateratzen eta orain aizkora oso momentu onean dago. Zergatik ez amestu kirol indartsuagoa izatea? Gero eta jende gehiago sartzen bada, saiatuko gara dena berritzen eta kirol garrantzitsuago bihurtzen. Horretarako oso interesgarria litzateke eskola bat zabaltzea. Gaur egungo gazte gehien-gehienek ez dute aizkoran probatzeko aukerarik. Nire ametsa da zentro berezi bat zabaltzea, Iruñerrian agian, neska-mutil guztiei herri kiroletara hurbiltzeko aukera emateko. Prestatzaile onak, material egokiak… behar duten guztia eskura jarri aizkoran eta beste herri kiroletan aritzeko hiri ingurune batean bizi arren.

Pilotan edo bertsolaritzan egin den aldaketaren antzekoa behar du aizkorak?
Bai. Azkenean gure herriko kulturaren parte dira eta zaindu behar dira. Aukera oso ona dugu orain aurrerapauso bat emateko.

Nondik ateratzen du dirua aizkolari batek?
Guk nominarik ez dugu. Aizkolariok libre gabiltza eta beti egon behar dugu pentsatzen dirua nondik atera. Sariak nahiko kaxkarrak izaten dira eta udan erakustaldi asko egiten dut gastuak estaltzeko. Kamioi bat egur ekartzen baduzu 3.000 euro dira eta nik bi txikitzen ditut urtean. Honetaz gain, aizkorak erosi behar dira eta 500 euro inguru balio du bakoitzak, eta prestatzaileei, masajistei… ordaindu behar zaie.
Horregatik saiatzen naiz babesleak bilatzen eta haiei eskerrak lortzen dut jarraitu ahal izatea: Urzante, Etxenike eta Lurauto dira nire babesleak eta Zaraitzuko ibarrak ere egurra ematen dit bailararen izena toki guztietara zabaltzearen truke.
Ez naiz aberastuko, baina dirua nola inbertitu pentsatu behar da ongi. Horregatik, adibidez, etxe bat erosi dut hemen Otsagabian landetxe bat zabaltzeko asmoarekin.

3.800 jarraitzaile pasatxo dituzu Instagramen. Garrantzitsuak dira sare sozialak zuretzat?
Bai. Edozein gazterentzat bezala, eta gainera, oso erakusleiho ona da gure kirola zer den erakusteko. Iragarleei ere gustatzen zaie haien marka ikusia izatea.  
Gazte askotxok, adibidez, gure finalak segitzen dituzte Instagramen bidez eta espero dut honek balio izatea gero jendea kirol honetara erakartzeko.

Ospetsua izatea zer moduz daramazu?
Gurea kirola txikia izanda, jendeak kalean ezagutzeak niri poz handia ematen dit. Harro sentitzen naiz eta ongi eramaten dut. Ongi sentitzen naiz kalean baten batek argazkia eskatzen badit.

Beste kirolik gustuko al duzu?
Pilota gustatzen zait, baina ez naiz oso ona. Gainera kirol batean gogor arituz gero indar gutxi gelditzen zaizu beste bat egiteko. Libre dudanean bai jokatzen ditudala pilota partiduak lagunekin. Futbolak ez nau erakartzen. Oro har, kirol guztietan gustatzen zait gehiago aritzea ikustea baino. Eta gainera oso konpetitiboa naiz eta gustatzen zait irabaztea. Nik lagun asko ditut, baina plazan inor ez da laguna. Beti irabazteko grina izan dut.

Apustuak eta herri kirolak beti lotuta doaz. Hau ez da ludopatia sustatzeko modu bat?
Nire inguruan, behintzat, ez dut arazo hori sumatzen. Nik uste dut hori gehiago gertatzen dela interneten edo apustu etxeetan. Herri kiroletan apustuak beharrezkoak dira kirol hauek aurrera atera daitezen.

Zuk dirua jokatzen duzu besteen lehiaketetan?
Pilota edo herri kiroletan beti gustatzen zait zerbait jokatzea, sarrera eta bazkaria ordaintzeko adina. Beste saltsa batekin ikusten dira gauzak. Gustatzen zait 100 bat euro jokatzea. Aita ere horrelakoa da eta txikitatik bizi izan dugu hori. Hori bai, argi eduki behar da jokatzen duzun kantitatek ez dizula minik eginen galtzekotan.

Jokoa ez da errenta, baina zuk 2018an Arria V. aren aurkako apustu mamitsua irabazi zenuen…
Bai. Bakoitzak 6.000 euro jarri genuen jokoan eta irabazi egin nion. Berak bota zidan desafioa eta nik onartu. Ikaragarria izan zen dena. Nire bizitzako esperientziarik onenetakoa izan da.
Sos batzuk jokoan jartzeak, herri kirolen kasuan, publikoa mugiarazten du eta kirolak fama gehiago hartzen du. Apustuak asko aberasten du kirola.

Iker Vicente Saralegi (Otsagabia, 1997)

Aizkolari profesionala. 2019 bere urtea izan da: zortzi lehiaketetan parte hartu eta zortzietan txapeldun izan da. Haien artean garrantzitsuena Euskal Herriko Txapelketa. Inoizko irabazlerik gazteena izan da Vicente. Honekin batera Nafarroako bosgarren txapela jarraian lortu du, honetan ere marka guztiak hautsiz. Gainera, bigarren postuan gelditu zen Australian udaberrian jokatutako munduko txapelketan. Abenduaren 27an hunkituta jaso zuen Otsagabia herriak eskaini zion omenaldia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri kirolak
Sokari tira, ofizialtasuna bultza

Duela hogei urte izan zen, Japoniako Akita hirian jokatu zen txapelketa batean: podiumetik alde egin zuen Sakanako sokatira taldeak Espainiako ereserkia entzutean. Une hura eta geroko zalaparta ondo gogoan dute Bea Razkinek eta Nerea eta Belen Lizarragak, aldarria egin zuten... [+]


2020-10-02 | Jon Torner Zabala
Aizkolarien jokabidea "deitoratu" du Herri Kirol Federazioak

Pasa den astean, lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailan ari diren zortzik agerraldia egin zuten Diman, Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak plazaratu eta urri-azarorako txapelketa propioa antolatu dutela iragartzeko.


2020-10-02 | Jon Torner Zabala
Baiko enpresako pilotariek hamabi eguneko greba egingo dute "lan baldintzen alde eta enpresaren mehatxuen aurka"

Baiko-ko pilotariek, enpresarekin bizi duten gatazkan urrats berria emanez, iragarri dute urrian hamabi lanuzte egingo dituztela, 9an hasi eta 26ra bitartean.


2020-09-24 | Jon Torner Zabala
Aizkolariek salatu dute Federazioak ez dituela "hitzemandakoak" bete

Lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailan ari diren zortzik agerraldia egin dute asteazkenean Diman, Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak plazaratu eta urri-azarorako txapelketa propioa antolatu dutela iragartzeko.


Eguneraketa berriak daude