Baiko enpresako pilotariek hamabi eguneko greba egingo dute "lan baldintzen alde eta enpresaren mehatxuen aurka"

  • Baiko-ko pilotariek, enpresarekin bizi duten gatazkan urrats berria emanez, iragarri dute urrian hamabi lanuzte egingo dituztela, 9an hasi eta 26ra bitartean.

Prentsaurrekoa eman dute ELAren egoitzan pilotariek.

2020ko urriaren 02an - 09:13

Urriaren 9, 10, 11, 12, 16, 17, 18, 19, 23, 24, 25 eta 26an egingo dute greba, ELAren Bilboko egoitzak emandako prentsaurrekoan jakinrazi dutenez. Bost aldarrikapen egin dituzte pilotariek: Eskiroz, Victor, Laso eta Mariezkurrena pilotarien kontratuen negoziazioei berriz heltzea, fede onez eta mehatxurik gabe; gutxieneko lan baldintzak arautzeko lan hitzarmen bat sinatzea; barne araubidea bertan behera uztea; eta pilotariekin gardentasun ekonomikoz jokatzea, Berriako kazetari Aitor Manterolak eta Paulo Ostolazak jaso dutenez.

Pilotariek azaldu dute enpresarekin negoziatzeko prest daudela, eta hark azalduko duen borondatearen arabera erabakiko dutela greba bertan behera utzi ala ez.

Duela bi aste azaleratu zen pilotarien eta Baiko enpresaren arteko gatazka. Hemezortzi pilotarik prentsaurrekoa eman zuten Tolosako Beotibar frontoian, bizi duten egoera salatzeko: "Pilotariok atsekabe orokor bat bizitzen ari gara aspaldian enpresak gurekiko hartu dituen hainbat jokabiderekin. Jokabide horiek, zuzendu beharrean, biderkatu egin dira azken hilabeteetan".

Ondoren etorriko ziren Unai Laso pilotariak Berrian salatutakoak –"Baiko diktadura bat da"–, eta egoeraren aurrean Baiko enpresako kirol zuzendari Jose Ramon Garaik ostegunean prentsaurrekoan esandakoak, gatazkaren jarraipena egiten ari diren Berriako kazetari Julen Etxeberria eta Jon Ordoñez kazetariek kronika honetan jasoak: "Egoerara egokitu behar izan dugu". Pilotarien kontratuetan azkenaldian egon diren gorabeherak, osasun krisiak sortu duen egoera aldaketak behartuta izan direla azaldu du Garaik. Baita jaialdi gutxiago dagoela eta sarrera gutxiago saltzen direla, eta Baikok hori kudeatu behar duela. Gaineratu du kirol profesionalaren oinarria kirolarien txandakatzea dela, eta azpimarratu du Baikok ez dituela bota, baizik eta eurek erabaki dutela ez segitzea.

Jakinarazi duenez, astelehenean da biltzekoa pilotari taldearekin, baina kirolariek mobilizazioak iragarriko dituzte gaur eguerdian, ELA sindikatuaren Bilboko egoitzan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-02-25 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Naroa Iturain, pilota epailea
"Emakume epaile gutxi dago, gutxietsiak izateko beldurra dugulako"

Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]


Eguneraketa berriak daude