"Herri kiroletan neskak oraindik ez gara gure gorenera ailegatu"

  • 2008an arpana probatu zuenetik herri kirolei lotuta dabil Berako gaztea. Larunbat honetan jokatuko den Urrezko Aizkora Txapelketako finalean bertze txapel bat janztea izanen du helburu

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko martxoaren 05an - 12:02
Argazkia: Erran.eus.

Ez erran inoiz eginen ez duzunik. Horixe erakutsi dio bizitzak Nerea Sorondo Maritorenari (Bera, 1987). Ez zuen egundaino esperoko herri kiroletarako afiziorik izan ez, lagunartean probatzeagatik probatu eta hainbertze gustatuko zitzaionik, hala lotzeraino eta barrenak hala eskatzeraino. Baina horrela izan da.

2008an arpanean hasi bazen hasi, geroztik ibilbide ederra osatzen ari da: arpanean Amaia Gartziarekin Nafarroako txapela hiru aldiz (2011n, 2013an eta 2014an), Euskal Herrikoa bi aldiz (2012an eta 2013an) eta Nafarroako txapelketa mistoa bi aldiz (2014an Xabier Urrutiarekin eta 2016an Josetxo Barberenarekin) irabazi ditu. Azken aldian, ordea, aizkora eskuan kolpea han eta kolpea hemen dabil. Sasoiko dagoenaren seinale dira bere emaitzak: Urrezko Kopa egin den lau edizioetatik bitan irabazi du (2018an eta 2019an), Euskal Herriko Txapelketaren bi edizioetan nagusitu da (2018an eta 2019an) eta Urrezko Aizkoran hiru aldiz txapela jantzi du (2017an, 2018an eta 2019an). Zortzigarrena izanen du helburu larunbatean, martxoak 7, Azpeitian (Gipuzkoa) jokatuko den Urrezko Aizkora Txapelketako finalean.

Nondik heldu zaizu herri kiroletarako afizioa?

Kasualitatez izan zen. Oihan Larretxea ezaguna dugu eta bere bitartez kuadrillako lau-sei lagunek arpanean probatzea erabaki genuen. Halaxe hurbildu ginen herri kirolen mundura, kirolerako afizio handirik izan gabe. Behin probatuta gustatu zitzaidan eta 11 urte beranduago hemen segitzen dugu, gainera, gero eta gehiago gozatuz. Arpanean hasi ginen eta hortik aitzinera denetarik probatu dugu: txingak, ingudea, harri-altxatzea, aizkora... Noizbait txapelketaren batean edo bertzeren batean ere parte hartu izan dut, neska gutti izanda jendea behar zelako.

Noiz eta nola eman zenuen plazarako pausoa?

Herri kirolean hasi eta hurrengo urtean izan zen. Arpanean aritzeko hagitz jende gutti zegoela ikusita parte hartzea pentsatu genuen. Uste baino hobeki moldatu ginen eta segitzeko gogoz gelditu ginen.

Geroztik txapel saila jantzi dituzu...

Bai, 2011n jantzi nuen lehenbiziko txapela arpanean, Amaia Gartziarekin Nafarroako Arpana Txapelketa irabazita. Irabaztea kosta zitzaigun baina kontent gelditu ginen.

Zazpina txapel aizkoran eta arpanean... Horien artean bada baten bat bertzeak baino bereziagoa?

Bai, bi dira bereziak; 2013an Amaia Gartzia eta biok Elizondon, etxetik hurbil, Euskal Herriko Arpana Txapelketa bigarren aldiz irabaztea berezia izan zen; eta 2018an Usurbilen Euskal Herriko Aizkora Txapelketa irabazi nuenekoa ere hala izan zen. Emakumezkoen lehenbiziko aizkora txapelketa izan zen eta irabaztea pozgarria izan zen.

Asteburu honetan bertze txapel bat jantz dezakezu, Urrezko Aizkorakoa. Nola ikusten duzu zure burua?

Ongi, erritmo onean ari naiz eta irabazteko aukera izan dezakedala pentsatzeak ilusioa egiten dit.

Faboritotzat duzu zeure burua?

"Aizkorak neure buruarengan konfidantza eman dit"

Bertzeek hala diote baina ez dakit... Ez da erraza izanen. Maika [Ariztegi] eta Irati [Astondoa] ere prestatzen ari dira, eta joko ona dute. Nik indar gehiago izanen dut, baina bertze biak ez dira nekatzen, atletak dira eta ikusiko dugu zer gertatzen den, ez baita aski etxean ongi aritzea, plazan ere erakutsi behar da. Egunean bertan nerbioak kontrolatzen jakiteak eta egur onak tokatzeak ere badu zerikusia.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Normalean aizkoran urte osoan aritzen naiz, txapelketen garaian astean hiru aldiz eta bertzela, bi aldiz, batzuetan gehixeago eta bertzetan gu- ttixeago. Urte osoan hiru txapelketa ofizial izaten ditugu, garai honetan Urrezko Aizkora Txapelketa, udan Euskal Herriko Txapelketa eta abenduan Urrezko Kopa eta horrek beti sasoian egotea eskatzen du. Hortik aparte, cardiofit, spinning edota mendira buelta batzuk egiten ditut, sasoian egoteko.

Oronoz-Mugairiko Gure Kirolen Klubean egiten dituzu entrenamenduak, ezta?

Bai, Patxi Larretxearekin. Herri kirolen eskola horrek ireki zigun atea. Gaur egun, 20 bat gazte biltzen gara, denak ez gara ez maila berean ez kirol berean ari, baina denak elkarrekin ibiltzen gara, eta elkarri laguntzen diogu. Kuadrilla polita gara eta horrek ere segitzeko gogoa sortzen dit. Aunitz lagundu digu, zaila da laguntzarik gabe herri kiroletan hastea. Argi dut nire ekonomiarekin ez nintzatekeela aizkolari izanen, kirol garestia baita.

Zer eman dizu kirol bakoitzak?

Arpanak taldean lan egiteko eta honaino ailegatzeko bidea irekitzeko aukera eskaini dit. Aizkorak, berriz, indibidualki zein kirolaria naizen eta noraino ailegatzen ahal naizen sinesten erakutsi dit. Aunitzetan gu gara geure buruari mugak paratzen dizkiogunak, eta nire kasuan, horixe egiten nion nire buruari. Aizkorak, ordea, neure buruarengan konfiantza handia eman dit.

Zer erran zizuten etxean herri kiroletan hasi zinenean?

Sekula ez didate trabarik paratu. Arpanean hastea ongi iruditu zitzaien baina aitortu behar dut aizkorarekin arrisku gehixeago ikusten dutela. Gainera, gehiago sufritzen dudala badakite. Baina onartzen dute, gustatzen zaidalako.

" Aizkora ez da bertze kirol batzuk bezain normalizatua"

Aizkorak kirol gogorraren fama du... 

Bai, gogorra da, baina gustukoa denean errazagoa da. Hasieran, entrenamendu egun batetik bertzera errekuperatzea kostatzen zitzaidan. Nekea sumatzen nuen. Orain, bizkarra pixka bat nekatzen bazait ere, ohitu naizela erranen nuke.

Aizkoran ari zara buru-belarri. Arpana txapelketetan parte hartzeko asmorik baduzu?

Ez nuke nahi, nahiko lan izaten baitut aizkorarekin. Egia da gero eta guttiago direla eta igual jendea beharko dela txapelketak aitzinera ateratzeko, baina orain arpana ez da nire lehentasunetako bat. Aizkora eta arpana bi kirol diferente dira eta batean hasteko bertzea pixka bat utzi beharko nuke eta ez dut hori nahi. Gainera, deus entrenatu gabe plazara ateratzea ez zait gustatzen.

Nola ikusten dituzu emakumezkoak herri kiroletan?

Batzuk bagara, baina aunitz-aunitz ere ez. Aizkoran, adibidez, Euskal Herrian aunitz jota zortzi izanen gara eta gehixeago aritzen garenak lau bat. Hortaz, gazteak eta batez ere neskak animatuko nituzke herri kiroletan aritzeko.

Gizonezkoen parekoa izanen da inoiz emakumezkoen herri kirola?

Nahiago nuke hala balitz! Baina gibeletik lan handia egin behar da eta zaila ikusten dut hori lortzea.  

Aurtengo urteari begira zein helburu dituzu?

Martxa honetan segitzea gustatuko litzaidake eta nire denborak hobetzen saiatu nahi nuke. Oraindik bidea irekitzen ari gara eta nik uste neskak ez garela gure gorenera ailegatu. Konfiantza hartzen ari gara eta ea gehiago agertzen diren.

Txapelketetan parte hartzeaz gain, erakustaldietan ere ibiltzen zara...

Bai. Ez dakit moda kontua den edo zer, baina udalek herri kiroletan aritzeko neskak eskatzen dituzte eta aukera hori aprobetxatzen ari gara. Jendearen aldetik erantzun ona ikusi dugu.

Nola ikusten duzu herri kirolen etorkizuna?

Etorkizuna izanen duela pentsatu nahi dut baina segida izatea nahi badugu jende gaztea behar da. Bertzetik, herri kirolen egoerak goiti-beheitiak izaten ditu eta gaur egun, garai batean baino diru guttiago mugitzen du; ekonomikoki ez da batere baloratua. Herri batzuetan herri kiroletarako afizioa finkatua dute eta eskertzekoa da gure alde egiten duten apustua. Baina orokorrean, herri kirola gure kultura izanda ere eta herri kirolari bezala bertakoek aunitz baloratzen bagaituzte ere, ez da gure kulturaren parte diren bertze arlo batzuk bezain normalizatua edo ezaguna. 

Zure burua hitz guttitan: Alaia, langilea eta esker onekoa.

Kirolari bat? Donato Larretxea.

Plaza bat? Donostiako Trinitate Plaza.

Kirol bat? Aizkora.

Herri kirola ez den bertze kirol bat? Pilota.

Kirolean maniarik? Aitzineko egunean zer jan dudan eta zenbat orduz deskantsatu dudan kontuan izaten dut...

Besta ala kirola? Orain kirola.

Besta egunez ala gauez? Bietan ere gustura.

Asteburuetarako planik gustuena? Lagunartean afaldu edo egon eta algara batzuk egin. Edozein plan ona da kuadrilla ona baldin bada.

Apustuak bai ala ez? Bai. Kirolari on baten ibilbidean apustu bat egitea beharrezkoa dela iruditzen zait.

Nori botako zenioke gustura desafioa? Ez dakit... Nik desafioa bota eta etortzen denaren esperoan egon beharko nukeela pentsatzen dut. Noizbait aizkora apusturen bat jokatzeak ilusioa eginen lidake baina badakit horren gibeletik zenbateko lana dagoen eta oraindik bederen ez nago prest.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri kirolak
Sokari tira, ofizialtasuna bultza

Duela hogei urte izan zen, Japoniako Akita hirian jokatu zen txapelketa batean: podiumetik alde egin zuen Sakanako sokatira taldeak Espainiako ereserkia entzutean. Une hura eta geroko zalaparta ondo gogoan dute Bea Razkinek eta Nerea eta Belen Lizarragak, aldarria egin zuten... [+]


2020-10-02 | Jon Torner Zabala
Aizkolarien jokabidea "deitoratu" du Herri Kirol Federazioak

Pasa den astean, lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailan ari diren zortzik agerraldia egin zuten Diman, Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak plazaratu eta urri-azarorako txapelketa propioa antolatu dutela iragartzeko.


2020-10-02 | Jon Torner Zabala
Baiko enpresako pilotariek hamabi eguneko greba egingo dute "lan baldintzen alde eta enpresaren mehatxuen aurka"

Baiko-ko pilotariek, enpresarekin bizi duten gatazkan urrats berria emanez, iragarri dute urrian hamabi lanuzte egingo dituztela, 9an hasi eta 26ra bitartean.


2020-09-24 | Jon Torner Zabala
Aizkolariek salatu dute Federazioak ez dituela "hitzemandakoak" bete

Lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailan ari diren zortzik agerraldia egin dute asteazkenean Diman, Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak plazaratu eta urri-azarorako txapelketa propioa antolatu dutela iragartzeko.


Eguneraketa berriak daude