Sokari tira, ofizialtasuna bultza

  • Duela hogei urte izan zen, Japoniako Akita hirian jokatu zen txapelketa batean: podiumetik alde egin zuen Sakanako sokatira taldeak Espainiako ereserkia entzutean. Une hura eta geroko zalaparta ondo gogoan dute Bea Razkinek eta Nerea eta Belen Lizarragak, aldarria egin zuten zortzi tiralarietako hiruk. Soka-lasterra jarri nahi izan zieten hainbatek, baina ez dira egindakoaz damutzen; kontrara, “harro” sentitzen dira, keinu “espontaneo” hura mugarria izan baitzen euskal selekzio ofiziala lortzeko bidean.

Sakanako sokatira taldeko kideak Akitan, urrezko domina lepoan.
Sakanako sokatira taldeko kideak Akitan, urrezko domina lepoan.

Akita, Japonia, 2001eko abuztuak 26. Sakanako tiralariek urrezko domina lortu dute kirol ez olinpikoen munduko txapelketan. Podiumera igo dira, ikurrina eskuetan. Alabaina, pozari harridura gailendu zaio Espainiako ereserkia entzun orduko. Elkarri begira hasi dira, eta bitan pentsatu gabe, ikurrina podiumean utzi eta alde egin dute. Hogei urte dira neska sakandarrek aldarrikapen hura egin zutenetik. Soka luzea ekarri zuen, eta ondorioak makurrak izan ziren hasiera batean: nazioarteko txapelketetatik kanpo gelditu zen euskal sokatira. Tiraldia, ordea, ez zen alferrikakoa izan: keinu ausart hartatik abiatuta, eta borrokaren sokamutur guztiak lotu ostean, sokatirako euskal selekzioak ofizialtasuna lortu zuen 2014an.

“Urrun bezain gertu ikusten dut podiumeko momentu hura. Hogei urte asko dira, baina oroitzapenak hor daude, bizi-bizirik”. Bea Razkinen hitzak dira. Espainiako ereserkiari muzin egin zioten zortzi tiralarietako bat da. Nerea Lizarraga ere han zegoen. Bat dator Razkinekin: “Oso azkar pasa da denbora”. Aurrez prestatutako ekintza bat ez, bat-bateko erreakzioa izan zela azaldu du. “Inprobisatu egin genuen. Azken batean, ez duzu pentsatzen irabaztekotan nola jokatu behar duzun, horretarako irabazi egin behar baituzu lehenik. Ikurrinak bagenituen, baina ez propio halako egoera baterako. Ordea, momentua iritsita, zerbait egin beharra zegoela sentitu genuen”. Bere ahizpa Belenek “errespetu osoz” jokatu zutela gaineratu du: “Inongo liskarrik sortu gabe jaitsi ginen podiumetik, aurkariei bostekoa emanez. Ez genuen inor mintzeko intentziorik”.

Euskal taldeek hamarkadak zeramatzaten nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzen. Espainiaren edo Frantziaren izenpean lehiatzen zuten, baina ez zieten estatu horietako ereserkirik jartzen, TWIF Nazioarteko Sokatira Federazioaren ereserkia baizik. “We are the champions abestia ipintzen ziguten podiumera igotzean. Gainera, kamisetan Euskadi generaman, eta ikurrinak arazorik gabe erakusten genituen”, oroitu du Nereak. TWIFek ez zuen eragozpenik jartzen, ez baitzegoen Espainiako sokatira federaziorik –ezta gaur egun ere–. Haatik, egoera brastakoan aldatu zen 2001eko kirol ez olinpikoen txapelketan, Nereak azaldu duenez. “Txapelketa hartako kirolak Olinpiar Jokoetan sartu nahi zituzten, eta horretarako, taldeek estatu baten izenean aritu behar genuen. Politika eta dirua sartu ziren jokoan”. Belenen arabera, oharkabean harrapatu zituen aldaketa horrek. “Guk ez genekien zeintzuk ziren baldintza berriak. Ez zigun inork azaldu irabaziz gero Espainiako ereserkia jarriko zigutenik”.  

Jarri egin zuten, ordea, eta tiralari sakandarrek ez zuten begi onez ikusi. “Sentimendu kontua da. Espainola ez bazara sentitzen, zergatik entzun behar duzu bertako ereserkia?”, adierazi du Nereak. Hortaz, podiumetik jaistea deliberatu zuten. Razkinen esanetan, ez zuten “inolaz ere” espero ekintza hark oihartzun handia izango zuenik. Izan zuen ordea, inondik ere. Hasieran ez ziren konturatu, baina, Belenen hitzetan, berehala “usain txarra” hartu zioten egoerari. “Esan ziguten hegazkin bat jarri behar zigutela etxera itzultzeko. Beldurtu egin ginen. Gainera, mehatxuak izan genituen Japonian bertan”.

Emakumeak eta nafarrak ginen. Guk egindakoa gaitzetsi zuten askok ez zuten horrelako arazorik izango gizonak eta beste lurralde batekoak bagina”. Bea Razkin

Biharamunean ere tira egitekoak ziren, 520 kiloko proban. Berdin jokatzeko asmoa ote zuten galdetu zieten. “Guk baietz erantzun genuen, kontraesankorra izango litzateke bestela”,  diote. Bada, esan zieten, atzera ere podiumetik ospa eginez gero mutilek ez zutela txapelketan parte hartzerik izango. Halakorik gerta ez zedin, ez tiratzea erabaki zuen zortzikote sakandarrak. “Guk albo batera egin ezean, egindako lan guztia eta bidaia alferrik izango zuten haiek", arrazoitu du Razkinek. Prest zeuden lehiatzeko, eta aukera eman nahi izan genien”. Antolatzaileak ez ziren fio, eta badaezpada ere agiri bat sinarazi zieten mutilen taldeei, Espainiako ereserkia entzutean ez zutela hanka egingo ziurtatzeko. Azkenean, baina, txapelketatik bota zituzten Euskal Herriko talde guztiak. Kalapita hasi besterik ez zen egin.  

Kritika gogorrenak, etxean

Erabat tenkatu zen TWIFen eta EHFK Euskadiko Herri Kirol Federazioaren arteko soka. Euskal tiralariek espainiar edo frantziar bezala jardutea eta zegokien estatuko sinbolo guztiak onartzea nahi zuen nazioarteko federazioak. Areago, Espainiako federaziorik ez zegoenez, Euskadiko federazioak Espainiako Estatuko edozein tokitako kirolariak onartu zitzan eskatu zuen hasieran. Presioa areagotuz joan zen, harik eta, ezinbestean, soka eten zen arte: Europako eta munduko txapelketetatik kanpo gelditu ziren Euskal Herriko taldeak.  

Egoera hartan, pagaburu izan ziren tiralari sakandarrak, egurra jaso baitzuten handik eta hemendik. Ez zituzten ezustean hartu Euskal Herritik kanpoko kritikek. Gogorrenak, ordea, etxean bertan jaso zituzten, eta hori “zentzugabekeria” iruditu zitzaien. Hala azaldu du Nereak: “Ulergarria zen Akitan lehiatu gabe gelditu zirenen haserrea; ez, ordea, orokorrean sokatiraren barruan sortu zen gure kontrako giroa. Federazioan bilerak izan ziren, eta jendea ez zegoen batere pozik gurekin”. Bilkura horietako batean entzundakoa ekarri du gogora Belenek. “Ereserki frankista jarrita ere, lehiatzeko prest zegoela bota zuen batek. Batzuek kirol irizpideak ororen gainetik jarri zituzten, eta errespetagarria zen. Baina askok ez zuten gure erabakia errespetatu”. Gaineratu du beti “seinalatuta” egon direla, eta “mespretxuzko begiradak” jasan behar izan dituztela.

Hautsak berdin harrotuko ote ziren aldarrikapena beste talde batek egin izan balu? Ezezkoan dago Razkin. “Aintzat hartu behar da emakumeak eta nafarrak ginela. Guk egindakoa gaitzetsi zuten askok ez zuten horrelako arazorik izango gizonak eta beste lurralde batekoak izan bagina”. Sokatiraren alorretik kanpo aldiz “babes handia” jaso zuten. “Euskal Herriko hedabide askotan goretsi zuten guk egindakoa, eta gizartea ere, oro har, gure alde agertu zen. Urte askoren ondoren, oraindik eskerrak ematen dizkigute”.

Pizgarri izan zen keinua

Esker ona Japoniatik itzuli orduko sentitu zuten, harrera jendetsua egin baitzieten Loiuko aireportuan, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak antolatuta. “Lotsatu egin ginen”, aitortu du Belenek. “Eskapo egin nahi genuen”, gaineratu du Razkinek, “oso une hunkigarria” izan zela onartzearekin batera. “Ez genuen inondik inora espero aireportuan bertan halako harrera egingo zigutenik. Pentsa zitekeen Arbizun egingo zigutela omenaldiren bat, baina nazio-mailan… Ezusteko handia izan zen. Eta orduan ohartu ginen benetan kontuak sortu zuen harrabotsaz”.  

Bea Razkin, Nerea Lizarraga eta Belen Lizarraga, ikurriña eskuetan./ EÑAUT AGIRREBENGOA

So-Ka “balioa sortzea” da japonieraz. Horixe egin zuten, hain justu, tiralari sakandarrek, ofizialtasunaren sokatik indarrez tira eginda. Hauspotu egin zuten euskal selekzio ofizialaren aldeko aldarrikapena, gauzak nahiko bare zeuden garai batean. Nerearen hitzetan, “bertan goxo” zegoen sokatiraren bueltako jendea. “Azken batean, txapelketa haren aurretik ez zizkiguten Espainiako sinboloak inposatzen. Aldaketa bat-batekoa izan zen, eta gure erantzun espontaneoak dena abiatu zuen”. Horren harira, anekdota bat gogoratu du. “Beroketak egiten hasi, eta Espainiako bandera ikusi genuen. ‘Zer egiten du hor bandera horrek?’, esan genuen gure artean. Kentzeko esan genion hango langile bati, eta jaramon egin zigun. Egia esan, japoniarrak oso adeitsuak izan ziren gurekin”. Bitxikeria bezala, Sakana hitzak japonieraz arraina esan nahi duela azaldu zieten.

Sakandarren ekinbideak ofizialtasuna uxatu zuen hasiera batean, arrain iheskor bat balitz bezala. Alabaina, luzera begira, federazioa, klubak eta tiralariak selekzio nazionalaren aldarrikapenean engaiatzeko amua izan zen. Eta konpromiso horrek aurrerapausoak ekarri zituen berarekin. Lehenbizi, TWIFen txapelketetan kluben mailan lehiatzeko aukera berreskuratu zuten; gero, nazio mailan ere hasi ziren lehiatzen, federazio gisa. Eta 2014an, TWIFek izaera ofiziala aitortu zion euskal selekzioari. Basque Country izenpean lehiatzen da geroztik. Harro mintzo da Belen. “Guk zabaldu genuen bidea, eta orain aukera dago Euskal Herriaren izenean lehiatzeko. Atea norbaitek zabaldu behar zuen, eta aurrez pentsatuta ez genuen arren, guk eman genuen urratsa”.  

Aro baten bukaera

Zortzikote sakandarra 1995ean hasi zen sokatiran. “Hasieran soka zer zen ere ez genekien ia”, nabarmendu du Razkinek. Gustuko kirol baten bila zebiltzan eta izena eman zuten Sakanako Mankomunitateak antolatutako ikastaro batean. Ondo ikasi zituzten ikasi beharrekoak, punta-puntako taldea bihurtu baitziren. “Gurekin harrituta zegoen jendea. Talde berarekin aritzen ginen 480 kiloan eta 520an. Epaileek esaten ziguten ea oker genbiltzan. Eta guk ezetz, geundenak ginela. Eta halere irabazi egiten genuen”, gogoratu du Belenek. Bere ahizpa aurkariek egiten zieten azterketa zorrotzaz mintzatu da. “Taiwandarrek, esaterako, ematen genituen pauso guztiak behatzen zituzten. Zortzi bat kamera izaten genituen inguruan. Oro har, asko ikasi dute hemengo taldeengandik, eta orain haiek dira tiralaririk onenetakoak”.

Sakandarrek 2000. urteko Munduko Txapelketa irabazi zuten Herbehereetan, eta Japoniako garaipen sonatua iritsi zen hurrena. Ibilbideari ginga jarrita, talde hura desegitea deliberatu zuten. Nereak azpimarratu duenez, barruak eskatutako erabakia izan zen, eta ez podiumeko aldarrikapenak sortutako zalapartaren ondorioa. “Batzuk ikasten zebiltzan, beste batzuk lanean, eta dedikazio handia behar zen. Gainera, anbizioa galdu genuen den-dena irabazi eta gero”. Atzera begiratuta, sokatirak “asko” eman ziela uste du Belenek. “Jende ugari eta toki berriak ezagutu genituen. Gainera, sokatirak emakumea eta indarra lotzen ditu, eta genero rolak irauli”. Buruhausteak ere ekarri zizkien, baina bat datoz hirurak: “Akitan egin genuena ez genuke inondik inora aldatuko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sokatira
Sokatirako euskal selekzioak urrezko domina lortu du Munduko Txapelketan

Suedian jokatutako txapelketan lortu dute domina, lur gaineko 580 kilogramoko proban lehiatuta. Sokatirako taldeak 2014an lortu zuen ofizialtasuna.


Eguneraketa berriak daude