"Araba nola egon den eta euskara nola berpiztu den ikusita, ez gara ezkorrak izan behar"

  • Zeanuri, 1956. Bilbo eta jaioterria ditu bizileku. Alabaina, Hendaian solastatu gara. 2020ko abuztuan Iparragirre bardo urretxuarra duela bi mende jaio zela eta, hari buruzko musikala prestatzen ari da berriz ere:  “Haren kantek bizirik jarraitzeak zerbait adierazten du”. 45 urte joan dira Zaurietatik dario disko gogoangarria –Xeberri-rekin batera– plazaratu zuenetik. Bittor eta biok liburuaren eta Biok diskoaren karietara bildu gara kantari bizkaitarrarekin.

Argazkilaria: Dani Blanco.

Bittor eta Biok (Bittor Kapanaga “Euskal Sokratesen” gogoeta ondarea) da zure liburuaren izenburua. Bittor Kapanaga ezaguna izan al da?  

Ez. Sokratesen antzera, Kapanagak ez baitzuen apenas idatzi. Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan noizbehinka idazten zuen, eta liburu bakarra egin zuen: Erroetara. Oroz gain, berbalaria zen. Euskararen eta naturaren jabea. Zuhaitzez eta landarez hark adina zekien inor gutxi ezagutu dut. Aurrerazalea zen haatik. Berbarako, goi-ikasketak hasi nituenean hark debelopamendu hitza erabiltzen zuen. Guk garapen hitza bolo-bolo erabiltzen genuen: “Erroak garatzen direla diozue. Euskarak zentzumen naturala dauka eta horretarako erroetara joan behar dugu”, esaten zigun etsipen apur batez. Zentzumen horrek pentsaera ezberdina eragiten duela zioen, eta horregatik “Aitaren etxea” defendatzea ongi dela, baina, “Amaren sua” lehenagokoa dela ahaztu gabe. Batzuek bere filosofia erabili dute geroago, Jon Sarasuak besteak beste.

Hura izan duzu maisu.

Bai. Natura ezagutu dut berari esker. Euskaldunok munduratzeko moduari jarraitzen diot haren ideien ildoan: “Euskaldunok ez gara irla bat. Euskara erreplegatutako hizkera da”,  zioen. Europan zehar euskararen antzeko ehundaka toponimo dago. Sardinian, esaterako. Juan Martin Elexpuruk 500 toponimo aurkitu ditu bertan. Neroni Kaukasoko Georgian egonda nago: aran, ur, aratz, artxanda… toponimoak ikusi ditut. Kasualitatea al da bat bestearen ondoan egotea? Kausa da. Liburuan idatzi dut horretaz guztiaz.

Joseba Sarrionandia da liburuaren hitzaurregilea: “Erresistentzia eta erresilientzia da Bittorrek eta Gontzalek erakusten digutena”, dio, besteak beste.

Sarrionandiari buruz bi hitz lehenbizi: Joseba Habanan bizi izanda ere, gure errealitatea –Euskal Herriaren egoera, alegia– hain ondo ezagutzea meritu itzela da, txapela kentzeko modukoa. Idazle handia izateaz gain, noski.
    Erresistentzia eta erresilientzia gure herriaren egoerarekin lotzen ditut: herri batek izan nahi badu, berak izan behar du. Ez beste inoren gauza bera egin. Katalunian hau egin dute, Eskozian beste hori. Ongi da. Bain, guk geurea egin behar dugu politika nahiz kultura alorretan. Guk dugun kultura izanda, badugu zer ikasia gure historiaz gure buruari begira jartzeko. Inork historia badu, gure herriak du eta. Atzera begiratzea hizkuntzari begiratzea da. Baina, noski, hor ere kortafuegoak daude. Iruña-Veleia kasua da horietako bat. Grafitoak egiazkoak diren? Gezurrezkoak ote diren? Zergatik ez dute begiratu nahi? Aztertu ditzatela behingoz. Hemen patriarkalismoan bizi gara: eliza, erakunde politiko eta unibertsitatearen aginduen ildoan. Hori aldatzeko teoriak aldatu behar dira, baina askok nahiago du dogmatan bizi. Bittor zentzu horretan heterodoxoa izan da. Euskal Herrian atzera begiratzeko ahalmena izan beharko genuke, gure kulturarekiko dugun ikusmoldea aldatu behar dugu. Adibidez, hemen bertan, Urruñan, Urtubi Gaztelua dugu: bertako Biltzen Berotzen Bozten idazkia oso esanguratsua da. Gure arbasoak suaren ondoan biltzen ziren. Etxearen amatasunaren ezaugarri hori politikan jarduteko  era bat da. Ordea, elizaren kalkoa bizi dugu politikan ere: “Goikoek jardun eta behekoek entzun”.   

Euskaldunok  kanpokoari begira denbora lar bizi izan gara azken hamarkadatan?

Bai eta ez... Normala da guk kanpoko gauzak hartzea eta gurera ekartzea. Edota alderantziz, gurea kanpora eramatea. Guk kooperatibismoa landu dugu eta oso baliagarria izan da hemen eta kanpoan. Bere ezaugarriak oso interesgarriak dira. Lantegiaz harago, jendartean izaera hori landu dugu neurri batean. Gero, bistan da, kapitalismoan –haren izaera basatiaren eraginez– jausten gara. Hala ere, Euskal Herrian azken hamarkadatan hainbat balore landu dira munduan barrena eramateko. Baina…

Baina…   

Bittorrek esaten zuen  euskaraz bakarrik ezin genuela mundura atera. Eta halaz ere, euskarak badu berezko egitura, pentsatzeko molde bat, filosofia bat, orain dela milaka urte zuen bera. New Yorken bizi den madrildar neurozirujau batek –euskara ikasten ari da– euskara ez litzatekela bakarrik ikasi behar Euskal Herrian dio, baizik eta Espainiako eskoletan eta Europakoetan ere bai. Hori euskaldun batek esaten badu, destaina egiten zaio.

Atzerritar batek esan du ordea...

Zoritxarrez, kanpoko batek esan behar du gure “griala” zein den. Sarrionandiak ere hori esaten du. Zentzu horretan Sarri oso praktikoa da, gaur egungoa da. Bittor zaharragoa zen, beste ikuspegi historikoak zituen, Jose Miguel Barandiaranen laguna zen, haren zuztarretik ibilia. Alegia, iragana aintzat hartuta, berau arbuiatu barik, bide berrietan barrena joan behar dugu.

Bakarlaria zara, baina Iparragirre, Arrupe edota Olentzaro musikalen egilea ere bazara.

"Beti arakatu ditut iraganeko gauzak eta oraingoetara etorri naiz. Beste mundu bat izango den edo ez, ez zait ardura. ‘Sinesten dut’ edo ‘ez dut sinesten’ esanda ere, biak dira dogmak”

Soziologia egin nuen –ekonomia ikasten ere hasi nintzen, baina ez nintzen klasetara joaten– eta euskal soziologia nahikotxo ezagutzen dut. Bakarlari legez hasi nintzen, baina ekoiztetxe bat montatu nuen, telebistarako saioak ere eginda nago, bikoizketan lan egin dut. Baina, batez ere, poesia musikatuan aurkitzen dut nire burua. Hau da, sozioak izan ditut lan askotan eta ez dut sozio-rik nahi. Pertsona denetarikoak gaude, izaki maltzurrak ezagutu ditut eta gaizki bukatu dut askotan. Adibidez, disko hau [Gau magikoa, Kai, Mai, Koa musikala. Gontzal Mendibil & Easo Txiki abesbatza diskoa eskuetan dugu] oso ondo atera zen artistikoki, baina arazo izugarriak izan ditugu. Zaila da produkzioa egitea eta kantatzea, baina bide hori ere hautatu dut halabeharrez. Euskal Herria txikia da, bakarlari bezala aukera gutxi dago. Sortzea ondo dago, baina horrek bere etekina behar du, lurrean jarri behar dugu burua. Utopia ondo dago, baldin proiektatzen duzuna gauzatuko badugu.

Biok diskora etorriz: Bizitzen ikastea kantaren hitzak zureak dira –Bittor Kapanagaren omenez egina–. Poeta edo letraegile ere bazara.

Ez naiz poeta. Poesia gustatu zait, eta poeten hitzak musikatu ditut batez ere. Bizitzen ikastea Bittorren azken egunetan berarekin bizitakoaren emaitza da, harengan bizitakoa, harengandik jasotakoa. Ospitaletik egunero etxera itzuli eta “zer atera dezaket nire garunetatik?”, pentsatzen nuen. Kantan adierazia berari ikasia da. Bittor umila zen.

"Bizitzen ikastea, Bittorrekin
bizitakoaren emaitza da"

Poesiak zer behar du kantatua izateko?

Sineskortasuna, barrutik ateratzea. Hunkigarria izatea. Poesia irakurtzen duenak bere barruan zerbait mugitu dela sentitu behar du, eta kanta entzuten duenak berdin. Zerbait esan behar dizu, eta erraza bada hobe. Adibidez, Araban bagare [Zaurietatik dario diskoko kanta] ez da, beharbada, nire kanta hoberena, baina sinplea den aldetik, oso erraz iritsi da jendearengana. Biok diskoan, Jose Luis Padrón, Koldo Izagirre, Pako Aristi eta Karmele Jaio poeten letrak musikatu ditut, baita Ainara Maiarenak ere; poeta berria niretzat, deskubrimendu bat. Esperantza bihotzarentzat kanta erraza da, baina badu zerbait esanguratsua.

Zein izan dira zure lemak edota printzipioak musika ibilbidean?

Lehenik, sinetsi behar dut egiten dudan horretan. Zure lanean sinesten baduzu, baduzu aukeraren bat. Ez naiz modan dagoena egiten duen musikaria. Nire lemetako bat “modari ez jarraitzea” izan da. Bakoitzak berea egin behar du. Uste dut halakoa naizela, ni neu naiz. Neure bidea egin behar izan dut. Noski, izan ditut nire gorabeherak, batzuetan goian ibili naiz eta bestetan beherean

Gorabeherak?

1983 urte aldean, lehenengo AEKanpada egin genuen Urkiolan, atera nintzen eszenatokira kapelu batez jantzita, Frank Sinatra aire batez nonbait, eta arraioa! Euskaraz egin arren, jende askorentzat hura sakrilegioa zen: “Orain arte abertzale izan da eta orain horrela...”. Erredura izugarria hartu nuen. “Banoa Ameriketara bolada baterako”, pentsatu nuen une batez.

Aldatu al gara euskaldunok?

Bai. Garai haiek pasa ziren. Gaur egun libreagoak gara. Baina libre izatea ez da erraza inon, eta hemen ere ez. “Ez bazara hemengoa, hangoa izan behar duzu”. Nik ez dut inoren menpe izan nahi. Bittorrek esaten duenez, izaerak ez dira aldatzen, izan zinena ezin duzu ukatu, noski, izan zinena apurka zoaz osatzen, ontzen, heltzen...

Liburuan agerikoa da zuen bion arteko sinbiosi moduko bat.

37 urtez elkarren ondoan egon gara, arrastiriak elkarrekin pasa ditugu... Bittor oso abila zen, baserritarren euskara eta izaera zeuzkan. Hiri nagusian ere ibiltzen zen. Gabriel Aresti ezagutu nuen haren bitartez, 19 urte nituela. Arestik idatzi ondo egiten zuen, baina euskaraz trakets egiten zuen. Normala garai hartan, non eta Bilbon. Behin poema bat erakutsi zion Bittorri: “Oso zaila da”, esan zion. Hark: “Zaila? Ona den guztia, zaila da Bittor”. Bittorrek berriz, “Gabriel, arrautza guztiak borobilak dira, baina borobila den oro ez da arrautza”. Euskaltzainak ezagutzen zituen, haiek ere bai bera. Bittor baina, heterodoxoa zen, dogmetatik kanpo.

Bittor oso logikoa zen, baina sinestuna. Zuk ere sinesten al duzu beste mundu batean?

Nik beti arakatu ditut iraganeko gauzak eta oraingoetara etorri naiz. Beste mundu bat izango den edo ez, ez zait ardura.  “Sinesten dut” edo “ez dut sinesten” esanda ere, biak dira dogmak. Misterioa da. Fededuna al naizen? Ez! Baina esperantzaz nahi dut bizi .

Bittor Kapanaga ezagutarazi duzu. Nor da Gontzal Mendibil?

Barru-barrutik sortzailea naiz, gustatzen zait sortzea, disfrutatzen dut gehiago sortzen, ematen baino. Jende aurrean jardutean baino, sortzen ari naizenean iristen naiz klimax moduko batera. Ematea oso ondo dago, baina sortzea beste zerbait da. Sortzeak askeago egiten gaitu nolabait.

Askatasuna erraz aldarrikatzen dugu, zailagoa da askatasunean bizitzea, ordea?

Batez ere zure kabuz bazabiltza, ez bazara inoren menpe bizi gura. Askotan pentsatu dut, euskaldunok, kultur egileok kasurako, kritikoak izan behar dugula, kritikoagoak sistemarekin. Ez da erraza noski, gure lanari ekin eta bizi beharra daukagu, horretarako diru laguntza behar dugu eta hor askotan kritika eza nagusitzen da. Sorkuntzara dedikatzen garenok kritikoak izan behar gara eta protesta egin behar badugu, protestatu.

Joseba Tapiak “Euskal musikarentzat gero eta leku gutxiago dago”, esan berri du.

"Ez naiz poeta. Poeten hitzak
musikatu ditut batez ere"

Horregatik, aukera suertatzen denean, sortzaileon egoera larria kritikatu behar dugu. Euskal Herritik kanpoko sortzaileak kritikoagoak begitantzen zaizkit bertakoak baino. Kritikoa azaltzea zaila da, noski. Kulturgile gehienok, musikariok barne, gure aldetik gabiltza, bakoitza berean, amankomuntasunik ez dago eta agintariek badakite.

    Euskal Herria askotarikoa da, bere txikian Euskal Herri asko dago. Ni Gorbeiaren magalean jaio nintzen, Bilbotik oso hurbil. Euskaldunok ghettoan bizitzeko arriskuan egon ginen. Gaur egun, zorionez, Bilbon euskaldun asko dago, zorigaitzez baina, gehienek ez dute bizi euskalduntasuna. Bilbon euskalduntasuna ghettoa da. Cortes Inglés eta Fnac dira nagusi. Gehiengoak ez du bizi euskalduntasuna, euskal musika ere ez du ezagutu nahi. Mundu hori nola erakarri gure mundura? Gure ezina eta beharra da aldi berean.

“Bilbo euskaldunduko dugunean salbatuko omen da euskara” esaten da.

Euskal letretako askok esana da hori. Federico Krutwigek zioen “Neguriko jendeak euskaraz egiten duenean aurrera aterako da euskara. Edota Brigitte Bardot (orduan famatua) euskaldun batekin maiteminduko balitz eta euskaraz egingo balu, euskara salbatuta legoke”. Gaur egun ere, ospeak eta modak agintzen dute. Gazteek euskaraz egiteko, zorionez edo zoritxarrez, euskarak modan egon behar du. Gaurkotasuna behar du euskarak.

Nola egin modazko?

“Kulturgile gehienok, musikariok barne, gure aldetik gabiltza, bakoitza berean, amankomuntasunik ez dago eta agintariek badakite”

Jakingo banu. Neroni Bilboko lehen euskaltegian aritu nintzen irakasle, Uribarrin. Gaur egun, 15-16 urteko gazteek ez dakite nor den, ez Ruper ez Mikel Laboa, ez Jose Maria Iparragirre ere noski. Orain gutxi, Berbagune-an ari ginela, gazte bati galdetu nion euskaraz egunero ez egitearen arrazoia: “Euskara arraroa egiten zait, arraroa naiz euskaraz”. Nola aldatu izaera hori? Gazte askok badaki baina ez du erabiltzen. Horra arazoaren koska. Nola seduzitu gazteak euskaraz bizi daitezen? Erraza da galdera egiten, eta zaila erantzuten.   

Duela 45 urte idealizatu genuen Euskal Herria, zelan ikusten duzu gaur egun?

Baikorra naiz. Euskara behar edo nahi beste aurreratu ez bada ere, konparatzen badituzu garai hura eta gaurkoa, aldea itzela da. Bilbon inor euskaraz entzuten bazenuen, burua bueltatzen zenuen. Eta Gasteizen? Ni Kanpezun egon naiz kantatzen berriki. Duela 45 urte nork egiten zuen bertan euskaraz?

Zeanuritarra izanda, zer iritzi duzu  bizkaiera gehiago erabili ez izanaz?

Bizkaitarrok, oro har, konplexutxo moduko bat izan dugu. Batua gehienbat gipuzkeratik garatu izan denez, guk euskaraz trakets egiten dugula barneratu dugu, hori sinetsi dugu. Horretan telebistak eragin handia izan du. Batuarekin gertatu da, bizkaitarrek uste izatea besteek euskara jasoagoa egiten zutela. Lauaxetak bizkaiera egiten zuen, jasoa, baina haren garaiaren ostean bizkaitarra kikilduz joan zen. Nik Bizkaian bizkaieraz egiten dut bizkaitarrekin, eta Zeanurin hikan egin ere. Orain apur bat aldatu da joera, bizkaieraren egoera ari da hobetzen.

Bizkaitarra izanagatik, Araba hurbil izan duzu betiere. Azken diskoaren  Ama Gorbeia kanta lekuko.

Gorbeia aurre-aurrean izan dut betidanik, horregatik diot: “Ama, sabel haurdun baizinan Gorbeia urteetan ikusi zaitut aurrez aurre, inoiz zahartzen ez zaren horretantxe”. Gorbeia haurdun ikusten dut, beti fruituak ematen. Niretzat hilezkorra da.
    Gorbeia Bizkaia eta Arabako bost herrietako lurraldeetan dago. Bizkaitarra naiz, baina aitaren aldetiko arbasoak arabarrak ziren. Arabako mugan dago ere Otxandio [Kapanagaren sorterria], baita Aramaio ere. Han sortu genuen Araban bagare kanta. Bittor Kapanagak ikusiko balu Araba egun, zinez poztuko litzateke. “Ez gara zazpigarren alaba, lehena gare”, zioen. Araba nola egon den eta euskara nola berpiztu den ikusita, ez gara ezkorrak izan behar.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude