Arrazakeria gabe, feminismotik, sexu aniztasunean eta euskaraz bizi nahi dugulako. Lelo horren pean, ezohiko argazkian, lau borroketan ari diren eragileak ikusi ditugu Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak norabide horri heldu nahi dio: hizkuntz eskubideak bestelako gizarte kolektiboengana gerturatu eta hizkuntzaren aldeko eragileak berak bestelako giza eskubideekiko konpromisoa adierazi.
Gonbidapena Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egin zien Harro! LGBTI plataformari, Euskal Herriko Bilgune Feministari eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari. Egun hori mugarria izatea nahi zuten. Hala adierazi digu zuzendari kargua duela gutxi hartu duen Agurne Gaubekak: “Orain arte hizkuntz eskubideak bakardadean, edo behintzat, bakarrik aldarrikatu izan ditugu eta pauso bat emateko sasoia dela pentsatu dugu, giza eskubideez ari garenean hizkuntz eskubideez ere aritzea, eta aldi berean, Behatokiak bestelako giza eskubideak bere egitea”.
Abenduaren 10eko argazkiaz harago zer? Behatokia ari da eta jarraituko du herri mugimenduko eragileekin harremanetan. Haiei hizkuntz eskubideen gaia gerturatu, eta elkarteek barrura begira har ditzaketen neurriez eta konpromisoez hitz egin nahi dute. Aurtengo abenduaren 10ean, eragile gehiago elkar daitezen lana egingo dute. Adibidez, aniztasun funtzionalarekin lotutako elkarteekin bat egitea gustatuko litzaieke.
Hiru eragileek gonbiteari baietz erantzun zioten. Aliantzak egitea eta beste kolektiboek hizkuntz eskubideak aldarrikatzea lortzea erraza den galdetu diogu Gaubekari, eta erantzun digu ezetz, asko ez direla ausartzen ‘euskaraz bizi nahi dut’ aldarrikapenarekin bat egitera: “Jende askok uste du hizkuntz eskubideak defendatzen baditu politikoki gehiegi bustitzen dela. Hainbat pertsonak, talde politikok eta erakundek arrazakeriaren, feminismoaren eta LGBTI mugimenduaren aldeko eskubideak argi dituzte, baina hizkuntz eskubideak ez dira haientzat oinarrizko eskubide. Politikoa da haientzat, politikoa zentzu txarrean esanda”.
Norberaren diskurtsoa oso ondo landuta duten elkarteekin egin dute topo eta beste eragileen aldarrikapenetan kokatzeko arazoak dituzte, oztopoak jartzen dituzte edo erronka dira haientzat. Hizkuntz eskubideekin bat egiteko prest diren norbanakoak aurkitzen dituzte elkarteetan, baina taldeak berak pausoak ematea zailagoa izaten da. Ez da dena ezina, ordea, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko harremana aipatu du Gaubekak. Bilgune Feministarekin bat egitea erraza egin zaie, mugimendu horrek lehendik ere hizkuntz eskubideen aldarrikapenean bidea egin duelako. Adibide zehatza ematen hasita, bileretan eta hainbat ekitalditan erabiltzen duten xuxurlariaren figura aipatu du. Figura horrek barne bilkurak eta kanpora begirakoak euskaraz egitea ahalbidetzen du, ulertzen ez dutenek belarrira itzulpena egingo dion norbait izaten du alboan.
Harro! plataformako kide Ibai Fresnedok aliantzak egiteko joera sendotzen ari dela uste du, eta bere iritzia izateaz gain, LGBTI plataforman ere gauza bera sumatzen dute. Haien plataforma giza eskubideekin bete-betean lotuta irudikatzen dute eta hizkuntz eskubideen aldarrikapena egiten eroso sentitzen dira. Ez dira bi urte plataforma sortu zutela, baina dagoeneko, bi alditan, bestelako eragileekin ekintza zehatzetan hartu dute parte. Irailaren 21ean, metalgintza sektoreak manifestazioa egin zuen Bilboko kaleetan. Goizean haien manifestazioan hartu zuen parte plataformak eta arratsaldean Harro ez da €uropride lelopean egindako manifestazioa egin zuen plataformak eta metalgintzako langileak manifestazio hartan izan ziren. Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, aipatu ditugun hiru eragileekin bat egin zuen. Urtarrilaren 30ean, Lan, pentsio eta bizitza duinaren alde lelopean egingo den greba orokorrean parte hartuko dute.
Aliantzak beharrezkoak direla uste du Fresnedok, baldin eta kapitalismoari, kolonialismoari eta patriarkatuari aurre egin nahi bazaie: “Elkarte bakoitzak zerk elkartzen gaituen aztertu beharko du. Bakoitzak bere borrokan jarraituko du, baina ikuspegi zabalagoa izan behar dugu herri gisa. Elkarguneak baliatu behar ditugu”.
Mikel Alvarez Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da. Giza Eskubideen Egunean egindako agerraldia moduko zerbaitetan parte hartzeko beharra sentitzen zutela adierazi digu: “Giza eskubideez ari bagara, haiek mailakatu gabe aritu behar dugu, bai hizkuntz eskubideez, bai migratzaileen eskubideez, baita eskubide sozialez ere. Giza eskubideak mailakatzeak ez du zentzurik”. Agerraldiaren bidez mito bat puskatu nahi zuten, alegia, bai migratzaileek baita bertan jaiotako askok ere uste dutela euskarak elkarbizitza bultzatzea zailtzen duela. Kontraesana gainditzeko aukera ona iruditu zitzaien lauren arteko agerraldia.
Alvarezek ere Gaubekaren sentsazio bera du, norberaren aldarrikapenak ez direnekin bat egitea ez da horren erraza. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma anitza da, jatorri askotako jendea dago, ikuspegi politiko eta sozial askotako jendea: “Gauza bat da abenduaren 10ekoa moduko ekitaldi batean parte hartzea eta bestea da egunerokoan aldarrikapen horiek praktikara eramatea”. Aitor du lan handia dutela egiteko, baina uste du pauso hori eman izana ondo hartua izan dela etxe barruan, hau da, euskara ez da zailtasun, baizik eta elementu positiboa.
Alvarezek erraz lotzen ditu hizkuntz eskubideak eta migratzaileen eskubideak, plataformak migrazioaren afera lantzen du, baina era berean kultur aniztasuna ere bai. “Kultur aniztasunaren alde egiten badugu, euskarak garrantzi berezia du”.
Hasiera xumea egin dutela dio Gaubekak, bidea urratzeko gogoz da Behatokia. Aliantzak egin eta hizkuntz eskubideak lehen lerrora ekarri.
Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]
EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.
Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du. Herritarrek helarazitako gertakarien bilduma aztertuta, ondorioztatu dute 2024an egoerak ez duela hobera egin, eta gainera, kexak jaso dituzten hainbat entitateren eskutik urraketak iraunarazteko jarrera sumatu... [+]
Ez atera zalapartarik, ez konfrontatu, ez biktimizatu... eta obeditu. Subjektu zapaldu gisa, kasu honetan euskaldun gisa, mintzo gara, zenbatetan entzun behar izan ditugu halakoak? Ironiaz, honelaxe esan zuen, duela bi urte, Euskaltzale Independentiston Topaketan, Amets... [+]
Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]
ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.
Ba al dakizue frantses batzuk harritu egiten direla mugaren alde honetan ere euskaldunak bagaudela jakitean? Ba bai, harrigarria bada ere, behin, Donostian, frantses batzuei entzun nien sinetsi ezinik beren buruari galdetzen: “Saint-Sébastien est au Pays... [+]
"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]
Gabonetako argiak pizteko ekitaldia espainolez egin izanak, Irungo euskaldunak haserretzeaz harago, Aski Da! mugimendua abiatu zuen: herriko 40 elkarteren indarrak batuta, Irungo udal gobernuarekin bildu dira orain, alkatea eta Euskara zinegotzia tarteko, herriko eragileak... [+]
Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]
Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako... [+]
Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.