ARGIA.eus

2020ko ekainaren 05a
Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2013ko ekainaren 02a
Jakoba Errekondo

Baratzean oraindik aldatu gabe ditut. Nire bihotzeko fruituak. Ameriketatik ekarriak; ondo ekarriak, alajaina. Geure herriko erriberetan ematen dira onenak. Finak, samurrak, leunak, sotilak... Piperrez ari naiz, Capsicum sp; ez edozein piperrez, ordea. Bada makina bat, lodi, luze, zakar, pottolo, gozo, gorri, sua darionik... Niri bera gustatzen: pipermina. Mehe luze txorrotx pinpirina. Pipermina hemen garatua da, Ameriketatik auskalo noiz ekarri eta urtetan bertoko baldintza ekologikoetara, klima eta lurrera, egokituz sortu den aldaera bat da. Ekotipoa deitzen dena, hemengoa. Geurea, gure kulturak sortua.
Baratzean oraindik ez ditut landareak jarriak, eta dagoenerako jaten ari naiz. Gure herriko erribera oparoetan bere laborantza hedatua eta berari buruzko jakintza izugarria izanagatik nekeza zen santaixabeletako jaiak baino lehenago eskuratzea. Eta jaietan zituenak ederki finolatzen zuen... Lehenbiziko onddoak kalera paseatzera ekartzen dituenak edo udazkeneko aurreneko angulak erakusten dituenaren paretsu. Bada, aurten marka hautsia dut: maiatzaren 11 izan dut herriko estreinako piperminen dasta. Gordinei lehen koskadizoak eta gero frijituak, holaxe ditut gustukoen. Lehen ez bezala orain negutegietan egiten dira piperminak. Askoz garestiagoa da lana, baina merezi du, noski merezi duela. Dozena eurotik gora eskatzeko asmotan da piperzalea kiloko eta konturatzerako eskuz aldatuko direla iruditzen zait. Uda puri-purian, ekoizpena bere gorenean denean hiru eta bost euro artean ibiliko da. Orain arte hala izan da behintzat...
Aurten eguraldiak hartua duen martxarekin ez dakit zer atarramentu izango dugun. Negutegikoak jaten eta baratzekoak landatu gabe... Giro lehorxeagoak etorriko al dira! Bestela baratzeetan jai dugu, eta jaietan ere beste urteetan halako hiru ordaindu behar.
Mendeko hamahirugarren urte honi xelebre usaina hartzen hasia nago. Hona beste erakuskari bat: egundo udazkenean besterik jan izan ez dudan perretxiko bat ere dastatua dagoenerako, galanpernak maiatzaren 16an. Fruitu urte eskasa izango denaren tankera ematen diot. Ondo bidez, udazkenean hitz egingo dugu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Espezieak

Espezieak kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2013ko ekainaren 02a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude