Fruitua nahi? Zolda-belarra jarri

Jakoba Errekondo @bizibaratzea
2016ko otsailaren 07a
Aiwok CC-BY-SA

Zolda-belarrak (Symphytum officinale eta Symphytum tuberosum) auzolanerako iaioak dira. Beren ingurua, beren bizimodua osatuko duen ekosistema sustatzeko ikaragarrizko lana egiten dute. Adeitsuak dira aldamenean dituztenekin, eta maitagarriak dira. Batez ere, fruitu-arbolak dituzuenok kontuan izan. Fruituak izateko, arbolen loreak ernaldu behar dira; horretarako erleak behar, eta horietatik gero eta gutxiago dugu. Hona gure arbolen oparotasunaren alde zolda-belarrak egin dezakeenaren adibidetxo bat.

Zolda-belarra ongarri naturala da. Berdetan zuzenean lurrari nahasiz edo luarrari eta simaurrari erantsiz, lurra berpizten eta landareak suspertzen ditu. Irakina eginda –kilo bat landare, 10 litro uretan, 10 egun, egunero irabiatuz– berdetako lana biziago egingo du. Egosita intsektizida eraginkorra da. Edozein eratara erabiltzen dugula, arbolaren lorearen emana hazi egingo da. Loreok erleak elikatzen dituzte. Erleek loreak ernalduko dituzte. Fruitu gehiago ekarriko du arbolak. Eta erleak eztia, propolia, polena eta abar emango dizu.

Zolda-belarrak elkarlan gehiago ere samurtzen du, baita elikatzen ere. Zolda-belarrak zabaltzen dituen loreek nektar ugari dute, eta hori intsektu mordoaren gutizia da. Gutizia ahoratzen zaila: lore luzexko koniko sakonak ditu, eta nektarra barren-barrenean. Erleak muturra motxa, nonbait, eta nektarrera iristen ez, erlastarraren zain egon behar. Lagun potxolo horrek matraila indartsuak ditu, eta, zuzenean lorearen oinean kosk eginez, zuloa egin eta nektarra zurrupatzen du. Ondoren etorriko da erlea, eta txulo beretik nektar kondarra eta polena harrapatuko ditu. Zenbaitek, erle jendea urte osoan elikatzeko zolda-belarra hamabostero moztuz haren loraldia atzeratu eta mailakatzen dute.

Zolda-belarrari ‘ositxeka’ ere deitzen zitzaiola jaso zuen Lakoizketak XIX. mendean.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Espezieak  |  Fruituak

Espezieak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude