Orduko konkista, gaurko arpilatzea

  • Orain 500 bat urte Europan gertatu zena –Aro Modernoaren agerpena eta bilakaera– zenbait osagaien gurutzaketatik eta sinergiatik konpreni liteke. Ez zen orduko hemengoa lurralderik aberatsena edo jendetsuena –Txinak hirukoizten zuen orduko Europaren populazioa, eta teknikoki nahiz militarki askoz ere indartsuagoa zen–, baina elkartu ziren hainbat gertakarik ekarri zuten gerora globalizazioa hitzarekin ezagutu dugun bilakaera.


2019ko azaroaren 24an
"Ekuadorreko kasuan eta 2009an onartutako meatzaritza legearen arabera, onuren %5a estatuarentzat izatea onartzen da, gainerako %95a enpresa multinazional ustiatzailearentzat"

Horien artean,  estatu modernoen sorrera azpimarratu behar, aurreko erreinu feudalen konkistez edo batuketez eratuak. Estatu berri horiek lortu zuten botere maila handiak –gorteetan bildu ziren zientzialariak nahiz militarrak; artistak nahiz pentsalariak–, inperio bihurtzeko armada eta erakundeak ahalbideratuko zituen. Azkenik, gerora kapitalismoa izendatu dugun sistema ekonomikoaren zutabeak, sistema bankari modernoa barne, orduan sartu ziren indarrean. Ondorengo lau mendeetan, mundu zabaleko ozeanoak menderatzeko ahalean neurtuko zen inperio berri haien gorakada edo gainbehera, eta horretan lehen urrats garaileak espainolen eta portugesen eskutik etorri ziren, “Amerikaren Aurkikuntza” izendatuko zen balentriarekin.

Esan beharrik ez dago aurkikuntza baino –aspaldian zeuden lurralde haiek “aurkituak”– konkista izan zela hura, harrapaketaren eta ospilaren logikan baino sartzen ez zena. Oraindik indarrean jarraitzen duen operazio hark, ezagutzen dugun historian inoiz gertatu den sarraskirik handiena ekarri zuen, eta bertako biztanle zirenak zokoratuak edo ezabatuak izan ziren gerren, epidemia berrien eta maila guztietako jazarpenen ondorioz. Aro modernoak eztanda demografikoa ekarri zuen Europan, eta jatorrizko herrien ia desagertzea Ameriketan. Ipar Amerikan, 13 milioi inguru ziren jatorrizko biztanleetatik, miloi batera murriztu ziren bost mendetan zehar, eta erreserbetan bizitzera behartuak zeudenak, zurien ugalketa maila baino hiru aldiz azkarragoa bilakatu zenean, XX. mendean, antzutuak izan ziren bertako emakumeen %40. Erdi- eta Hego-Ameriketan beste modu batera gertatu ziren gauzak, baina bertako populazioak, desagerraraziak ez zirenean, azpiratuak izan ziren kolono berrien eta haien ondorengo kreoleen boterepean.

“Urrearen sukarra” hedatu zen hasieratik, eta zilarraren meategietan galdu zuen bizitza milaka jendek. Konkistaren enpresa finantzatzeko ezinbesteko ziren ondasunak Ameriketan bilatu ziren, eta ondorengo metaketa kapitalistarentzat baliabide agortezintzat hartu ziren Arkadia eta Dorado berriak. Horretarako, “indioak” ere gizakiak zirela onartu ostean, esklabutzara izan ziren behartuak. Meategietako eta plantazioetako gogortasuna ezin jasan eta eskulan indartsuagoa eta sarriagoa behar izan zenean, Afrikan ehizatu eta garraiatu zituzten esklaboak, “garapenerako” naturaltzat hartzen zen jokamoldearekin jarraituz.

Indigenak Peruko meatzetan esklabo lanetan.

Meatzaritza azken hamarkadetan

Akabatuak izan ez ziren jatorrizko ipar-amerikarrak, lekuz aldarazi zituzten; lur emankorretatik mortuetara izan ziren behartuak; aranetatik mendietara. Gerora, beste maldizio bat jaso dute indigenek: mortu haien ala oihan sakonen lur azpiak petrolioz, urrez, kobrez, uranioz, ikatzez ala nikelez aberatsak izatea.

AEBetako ikatz-erreserben herena eta uranioaren erdia indioen erreserbetan dago. 1887an AEBetako Kongresuak onartutako Allotment Act-ak (Adjudikazio Akta) markatu zuen azken hamarkadetako irizpidea: “Jabetza komunitarioa arriskutsua da enpresa librearen garapenerako” deklaratu zen. Gauza bera gertatu zen beste muturrean. Txilen, esaterako, maputxeak desjabetuak izan zirenean Augusto Pinocheten gobernupean. Desjabetze hauek “erosketa” moduan estaliak izan dira batzuetan, New Yorkeko estatuko lurraldea mila dolarren truke “erosia” izan zenean bezala, 1797an.

Kolonbiako Cauca departamentuko berriak izan ditugu udazken honetan bertan: “Hainbat indigena erailak izan dira, buruzagia barne, ‘talde armatu inkontrolatuen’ erasoz”; behin eta berriz errepikatzen zaigun zahar-berria. Baina hamarkadak dira sufre meategiak ustiatzen direla hango uraze eta kokonuko indigenen lurraldeetan, Purace sumendiaren magalean (15.000 inguru pertsonak lan egin zuten bertan, urterik oparoenetan, eta ixtear dira egun, ilargi-paisaia suntsitu bat utzi aitzin). Celanese izeneko enpresa ustiatzaileak hitzartu zuen kalte-ordainak emango zizkietela bertakoei suntsitutako lurrengatik, baina gobernuak ez zuen akordioa baimendu (“armak erosteko erabiliko dute dirua”). Greba egin zuten 1974an. Ondorengo urteetan 45 meatzari indigena erailak izan ziren. Gerraren legea jarraitzen du izaten kolonizatzailearenak.

Kolonbiako Cauca eskualdeko zufre meategia.

Ekuadorreko Amazonian petrolioa 70eko hamarkadatik ustiatzen da. Waoraniak desjabetuak izan ziren, ordainetan ezer jaso gabe. Gauza bera gertatu zen Peruko ashaninkekin ala Brasilgo jatorrizko herriekin, bertan abeltzaintzara zuzendutako laboreak hedatze aldera. Yanomamiak, Venezuela eta Brasilgo indigena zabalduenetakoak, desagertzen ari dira: urrez eta eztainuz aberatsak dira haien lur-azpiak. XX. mende hasieran 15.000 omen ziren nambikuarak Mato Grosson, 100 bat dira egun. 80ko hamarkadan Vietnamgo gerran famatu zen “agente laranja” defoliantez bonbardatzen zituzten haien bizi-eremuak.

Azken mendeetako bilakaera

Arpilatze historia hau ez zen aldatu XIX. mendean gertatu independentzia prozesuetan eta, funtsean, berdin jarraitzen du XXI.ean. Eguneroko kontuak ditugu lurren suntsiketak, hilketak… Aldi berean, Ekuadorreko azken konstituzioak, 2008an onartutakoak, “Naturaren eskubideak” aldarrikatzen ditu eta kapitulu oso bat eskaintzen dio bertako hamalau nazionalitateko lurren, identitateen eta eskubideen errespetua hogeita bat kapitulutan azaltzeari. Hitz ederrak, ekintza ustelak. Azken hamarkadetan, errazagoa da lur azaleko nahiz sakoneko ondasunak antzematea, eta haren ustiaketa urte gutxitan burutzen da, ondorio lazgarriak ekarriz: lur mortuak, biztanleria desjabetuak eta desegituratuak, kontaminazio itzela inguru zabaletan. Garai bateko muga teknikoek gaindituak dira egun, eta lehenago hamarkadak eta lan-indar handia behar baziren ustiaketa burutzeko urte gutxiz eta jende apurrarekin gauzatzen da gaur. Alde gutxi dago, horretan, herri “atzeratuen” gobernuak progresisten ala kontserbadoreen eskuetan egotea; Venezuelako nahiz Brasilgo, Argentinako nahiz Ekuadorreko meatzaritza ministroak Torontoko urteroko feria nagusian elkartzen dira nork zein multinazional erraldoiri bere ondare mineralak salduko.

Itxuraldaketa bat gertatu da azken hamarkadetan mehatze-erauzketaren inguruan, globalizazioaren hedatzearen araberakoa. Gero eta zorpetuagoak diren estatuek haien ondare mineralekin ordaintzen dute zorra, oraina nahiz etorkizuna hipotekatuz. Nabarmentzekoa da Txinaren jokamoldea Afrikako eta Hego Amerikako estatuetan: metal preziatuen ustiaketa lortzen dute (urrea, kobrea, uranioa eta beste hainbat) kredituen truke. Lurralde atzeratuen garapenerako irtenbide gisa aurkezten dira akordioak, baina esperientziak beste errealitatea erakusten du. Oxfam Americak 2010ean Munduko Bankuko ekonomistak aipatuz argitaratutako informea kategorikoa da maila horretan: “Ikertu ditugun 95 lurraldeetan 1970 eta 1990 artean, zenbat eta handiagoa den ondasun naturalen esportazioekiko dependentzia, orduan eta geldoagoa da Barne Produktu-Gordinaren hazkundea”.  Lehen pobreak ziren inguruak, pobreago bilakatzen dira ustiaketaren ostean. Ekuadorreko kasuan eta 2009an onartutako meatzaritza legearen arabera, onuren %5a estatuarentzat izatea onartzen da, gainerako %95a enpresa multinazional ustiatzailearentzat utziz. Sortzen den enplegua oso kalitate eskasekoa izaten da eta epe laburrekoa. Beste sektoreekin alderatuz, meatzaritza da enplegu gutxien sortzen duena: milioi dolar bakoitzeko inbertsioak 0’5 eta 2 arteko enpleguak sortzen ditu, gainontzeko aktibitateen –manufakturaren, nekazaritzaren, zerbitzuen…– oso azpitik. Erdialdeko Amerikan –Hondurasen, Guatemalan, El Salvadorren–, Argentinan edo Chilen, lurralde pobretuenak dira meatzaritzara dedikatuak. Hori guztia konpentsatzeko, ohikoak dira “pobreentzako bonoak” meatzaritza ala petrolioaren irabaziekin finantzatuak: “Bolsa Familia” Brasilen, “Renta Dignidad” Bolivian, “Bono Solidario” Ekuadorren, “Chile Solidario” etab.

Uraren borroka giltzarri bilakatu da Ekuadorren jatorrizko herrientzat.

Ingurugiroaren kalteak neurtezinak izaten dira. Iparretik hegora: Kanadan hezeguneen laurdenak desagertu ziren 1980-1990 bitartean; Ontarioko lakuan –AEBak eta Kanada arteko bost laku handietako bat– debekatuak dira arrantza eta bainua… Drainatze azidoa da meatzaritzaren arazo orokorretako bat. Berez azidoak diren lurraldeetan –Andeak dira horietakoak– biderkatu egiten da arazoa. AEBetan eginiko ikerketetan meatze-ustiaketen %76etan osasunarentzat kaltegarri diren neurriz gaineko kobre, kadmio, berun, merkurio, nikel, zink eta zianuro kantitateak aurkitu dira. Eta “puntako teknologiaz” ari gara kasu hauetan. Urrearen erauzketa da horretan muturrenetako bat, zianuroa erabiltzen baita prozesuan: ontza urre batentzat –ezkontza-eraztun bat egiteko behar dena– 8.000 litro ur erabiltzen dira, beharrezko diren 250 tona mineral garbitu ahal izateko.

Meatzaritzak jarraitzen du jatorrizko herrien leku-aldaketen, pobreziaren, utzikeriaren eta bazterketaren egoten, joan diren mendeetan bezalaxe. OCMAL (“Amerika Latinoko Meatzaritza-Gatazken Ikuskaritza”) erakundearen arabera 120 gatazka daude zabalik bertako komunitateak eta gobernuen eta meatzari enpresa ustiatzaileen arteko aliantzaren artean. Peru bezalako lurraldean, Herriaren Defendatzailearen aburuz, gatazka sozialen erdiak gai honen ingurukoak dira.

 

ERREFERENTZIAK:

Ecología política de la mineria en América Latina (Mexikoko Unibertsitate Autonomoa)

OCMA, Observatorio de Conflictos Mineros de América Latina

 

(Artikulu hau LARRUN-eko 247. zenkaian kaleratu da)

 

Yasuni, leku txiki bat herrialdearen kontzientzian

Yasuni (“Lur sakratua” waorani hizkuntzan) Ekuadorreko Amazonian kokatua den parke naturala da. Bertan bizi dira Waorani, Taromenani eta Tagerai herriak, joan den mendeko 60ko hamarkadara arte kontaktatu gabekoak, eta egun beren bizimoduak aurrera eraman ahal izateko ofizialki errekonozituak direnak. Inguruaren bioaberastasunaz jabetu gaitezen, aski da esatea bertako hektarea batean landare barietate gehiago bizi dela Ipar Amerika osoan baino. Baina petrolioa dago haien lur azpian, eta egin dira zenbait ustiaketa azken hamarkadetan.

Haien eragina pairatu ostean, ustiaketa berrien atzerapena sustatu zuten bertakoek, eta garapenerako beste eredu bat martxan jartzeko indarrak bideratu –baita nazioarteko programa zehatz baten bidez ere–. 2008an Rafael Correa presidentetzara heldu zenean, bide hori errespetatuko zuela agindu zuen, baina berehala bidaiatu zuen Txinara eta inguruko lurraldetara diru bila, kontzesioen truke. 2013an deklarazio solemnea zuzendu zion “Nazio osoari”, Yasunitik aterako ziren ondasunak ezinbesteko zirela “Ekuadorreko pobreziarekin amaitu ahal izateko” baieztatuz. Gazteak ziren mezu haren helburu nagusia baina, modu harrigarrian, gazteak izan ziren herrialde osoan haren aurka manifestatu zirenak. Mugimendu horrek eragina izan zuen “correismoaren” baitako lehen arrakala nagusian.

Ordutik hona eta “Yasunidos” izenpean, mugimendu zabala dago antolatuta jatorrizko herri haien eta beren medioaren defentsan Ekuador osoan.

Eskerrik asko Kléver Calle, Yasunidoseko kideari.

Herritarrek Yasuniren alde egindako mobilizazio bat.

 

Kimsakotxa, ur emariak mehatxupean

Paramoa” deitzen zaie Ekuadorren 3.500 eta 4.000 metroko altuerako lur eremuei. Europan ez bezala, badira basoak bertan, altura horietan baino hazten ez diren zuhaitzekin, eta oso aberatsak dira faunan eta floran. Baina haien ezaugarririk nabarmenena ura jasotzeko eta hedatzeko ahalmena litzateke, ur gordailu eta emari nagusi bilakatzen baitira eremu oso zabalerako. Kimsakotxa (“hiru urmael” kitxua hizkuntzan) da horietako bat, Ekuadorreko Azuay departamentuan kokatutakoa, Cajas Parke Naturalaren baitan. Parajea zoragarria da; ez hiru, baizik eta 30 urmael ditu eta ura nonahi, eta inguruko haranak, nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi direnak, ur emari haietatik elikatzen dira. Cuenca hiriburuko hiru ibai bertan jaio dira, halaber.

Haren zorigaitza: urre minerala duela bere erraietan, sakonera handian. Orain arte ustiatu gabekoa baina esplotazio intentsiborako planen mehatxupean bizi dena azken urteotan. Esan gabe doa ustiaketa intentsibo hauek inguru guztiaren oreka suntsituko luketela, eta kontzientzia horrek eraman ditu inguruko herriak galdeketak antolatzera. Giron herrikoa izan zen joan den udaberrian arrakastaz antolatu zen horietakoa eta horrek bultzatu zuen, baita ere, Yaku Perez prefektu kargurako hautatua ateratzea. Haren egitarauan, uraren defentsa dago leku nagusian eta bere asmoa da galdeketa loteslea antolatzea Azuay osoan meatzaritza intentsiboaren inguruan. Bere bi lehen ahaleginak atzera bota dituzte, ordea: Azuay lurraldeko alkateen kontseiluan ez zuen behar adinako gehiengoa lortu eta gero, Ekuadorreko Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen egitasmoa, joan den irailean.

Handik egun gutxira gertatu zen indigenen azken altxamendua.

"Parajea zoragarria da; ez hiru, baizik eta 30 urmael ditu eta ura nonahi".
Yaku Perezek -lehenago Carlos–
urari buruz idatzitako liburua.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekuador
Mexikok harremanak eten ditu Ekuadorrekin, Quiton duen enbaxadan polizia indarrez sartzeagatik

Estatu batek bere lurraldean dagoe enbaxada baten aurka horrelakorik egiten duen lehenengo aldia da. Mexikok enbaxada itxi eta iragarri du Ekuador salatuko dutela Nazioarteko Justizia Auzitegian nazioarteko eskubideak urratu izanagatik.


Yuliana Ortiz Ruano. Fabulazio kritikoa
"Emakumeei eta diferentziei ez digute balio kontakizun heroikoek"

Elkarrizketen meritua, batzuetan, elkarrizketatuarena da oso-osorik. Yuliana Ortiz Ruano idazleak, hari-mutur bati heldu, eta bere argitasuna hedatzen dizu aurrean, opari baten moduan. Fiebre de carnaval [Inauteri-sukarra] eleberria aurkeztu du orain dela gutxi Bilbon, Ecuador... [+]


Luisa Gonzalez izan da bozkatuena Ekuadorren, gatazka nagusitu den hauteskundeetako lehen itzulian

Abuztuaren 20an izan da hauteskundeen lehen itzulia Ekuadorren, eta bigarrena urriaren 15ean izango da. Bozken %33,13 lortuta nagusitu da Luisa Gonzalez, eta bigarrena, berriz, Daniel Noboa izan da bozken %23,94rekin. Hauteskundeetarako astebete falta zela hil zuten Fernando... [+]


2023-08-17 | Ilargi Manzanares
Ekuadorko Yasuní erreserba defendatzeko karabana antolatu dute indigenek eta ekologistek

Ekuadorko hainbat probintzietan barrena ibiliko da karabana abuztuaren 20ra arte, Yasuní biosferako erreserba aberatsean petrolio ustiaketa proiektuaren aurka egiteko. Egun horretan herri-galdeketa egingo dute, eta esplotazioaren aurkako bozkak lortu nahi dituzte... [+]


2023-07-26 | ARGIA
31 preso hil dira Ekuadorko espetxe bateko liskarretan

Pasa den larunbatean (hilak 22) hasi ziren presoen arteko borrokak Ekuadorko Guayaquil hiriko Litoral espetxean. Iturri ofizialek jakinarazi dute 31 preso hil direla, eta hamahiru zauritu –baita polizia bat ere–. Poliziak eta Armadak "kontrola" berreskuratu... [+]


Eguneraketa berriak daude