"Euskal Herri osoko jende guztia ukitzen duten gai ekonomikoak landu behar ditugu"

  • Lapurdiko Hiriburun jaioa, 1959an. ABko kidea da. Hiriburu Maita taldearen izenean auzapeza. Hondakinen ardura zuen herrien arteko (Bil Ta Garbi)   elkargoko presidentea izan zen. Euskal Hirigune Elkargoaren presidenteordea da egun, hondakin-uren arduradun nagusia: “2020ko urtarrilean bi urte beteko ditu Euskal Elkargoak. Hautetsi guztiek Ipar Euskal Herri osorako politika lantzea da bere ezaugarri positiboena”, erran digu solasaldiaren hasieran. 

Argazkilaria: Dani Blanco.

Euskal Hirigune Elkargoaren lehen betebeharra gobernantza politika egitea izan da. Arauak finkatu ahalaz, Elkargoa eta herriek osatutako hamar elkargo txikiak bateratzen joateko.

Baiki. Duela bi urtera arte, herriek eta lehenagoko herri elkargoek politikak lantzen zituzten beren eremuetan. Orain, aldiz, eta hau da aldaketa nagusia, Euskal Herriko hautetsi edozein proiektuan elkarrekin ari dira, politika sendoago bat egiteko: dela garraioan, dela uretan, dela irakaskuntzan. Iraganean, Euskal Departamendua edo instituzio berezia erreibindikatu genuenean hori galde egin genuen. Egun, Euskal Hirigune Elkargoak hori ekarri du. Hori da politika egiteko orduan elementu baikorrena, hori azpimarratu behar da.

Alta, zeregina ez da aise. Adibidez, PLU (Etxebizitzarako Plan Lolaka) delakoan huts bat edo beste agertu da lurralde osoko politika egitean.  

Tokian tokiko etxebizitza planak Euskal Herri osorako zutik jarri behar direlarik –PLU adibide bat da– plan guztiak elkarrekin adostu behar ditugu. Ez da aise, noski. Kasu handia eman behar dugu, hautetsi guztien artean egin behar baita. Zenbait hautetsi espezialista bilakatu dira gai horretan, bitarteko berriak azkarragoak baitira. Hots, ardura gehiago duten hautetsiek politika berriak proposatzen dituzte eta tokian tokiko hautetsiak ahazten ahal ditugu. Eremu horretan ari den taldearen desafioa handia da. Lurraldea zentralizatua behar delako, eta aldi berean, eskualdeko hautetsi guztiak inplikatu behar direlako politika berrian, bai aritzeko bai erabakiak hartzeko, beren eskualdean, baita lurralde osoan ere.

“Beti ikusten da kostaldea toki azkarra bezala, baina barnealdean badira ere eskualde azkarrak, eta etekinak ere ukan dituzte Euskal Elkargoa sortu ondoren, eta zenbait kasutan aise gehiago”

Posible al da politikak zentralizatzea eta deszentralizatzea aldi berean?

Posible da. Eman dezagun, uraren politikan. Ur gabien, ur zikinen eta itsasoko uren kudeaketa bateratu ditugu. Orain gutxira arte 104 elkargo (sindikatu-gune) ziren lan horiek trenkatzeko. Egun, politikak bateratu ditugu politika bera plantan emateko, eta aldi berean zazpi eskualde sortu ditugu. Eskualde horietan lekuko hautetsiek egiten dituzte inbertsioak. Konparazionera, ur garbietarako ekipamendua behar delarik beraiek proposatzen dute, eta gero denok elkarrekin adosten dugu. Hau da, eskualdean erabaki daitezkeen proiektuak eskualdeari utzi behar zaizkio aurrera eramaten. Ipar Euskal Herriko aglomerazioak gibelean utzi ditugu eta “zazpi eskualde edo polo” egituratu ditugu politika bateratua egiteko.

Haatik, desorekaren karietara, Mauleko auzapez Mixel Etxebestek 101 auzapezen arrenkurak eraman ditu Elkargoaren azken bilkura nagusira.

Hori zen ere gure arrenkura: tokiko hautetsiak baztertuak izaten ahal zirelako.  Elkargoaren politika berriak abiatu zirelarik abantaila batzuk ikusi ziren, baina aldi berean tokiko hautetsiek beren eskualdean ez zuten aski erabaki ahal, edo ez dute debate politikoa aski sustatu. Guk debatean ari izan diren guztiei, eskualdean zutik ezarri diren gai eta ekipamendu bakoitzean ea erabaki nahi zuten galdetu diegu. Berriz ere eztabaidatu ondoren, eskualdeetan arauak formalizatu ditugu eta politika horiek hobeto sustatzea akordatu dugu.    

Elkargoaren egoitza Baionan dago. Zentralizazioa agerikoa da hor.

Puntu hori ere arrenkura horretan sartzen zen, baina objetiboki errateko, eskualdeak ez dira denak guztiz zentralizatuta. Euskal hirigunearen toki inportanteena Baionan dago, ados, baina eskualde guztiek badute beren egoitza. Azken deliberoan hori kontuan hartua izan da. Bakoitzak atxikitzen du bere lekua, guk Leuntze herrian dugu, sei herri gara. Baionakoa egoitza nagusia izanik ere, guztira badira hamar egoitza tipi eskualdeetan. Agian, etorkizunean, Donibane Garazin, Donapaleun edo Maulen ezarri beharko da bigarren egoitza nagusia.

Elkargoa abian jarri zenean, garraio zergaren inguruan tirabirak izan ziren. Garraioa ordaintzeko zerga hein berean lurralde osoan jasotzen zelako. Uren, hondakinen eta beste gaien inguruan arazoak ere sor litezke?

Nik ez dut arazorik ikusten. Eremu eta gai bakoitzean politika berriak ezartzean izaten diren oztopoak dira, normalak, ez da ezer berezirik. Garraioan adibidez, bitarteko gehienak kostaldean ziren, Baiona inguruan. Lapurdi barnealdea, Baxenabarre (Donapaleu) baita Zuberoa (Maule) ere, Mugerrerekin [BABrekin] lotzeko arazoa izan da beti, eta segitu behar dugu lanean. Urratsak eman ditugu eta aitzinatu gara. Hautetsiek ADBA delakoan [Euskal Kosta-Aturri aglomerazio elkargoan] lehentasuna eman zioten garraioari, eta orain emeki bada ere, lurralde osoan ari da hobetzen. Hondakinen aferan ere hala izan zen. 114 egitura ziren eta orain bateratu dira, hori aldaketa izugarria izan da.

Barnealdeko hautetsiek teknopoloak –ingeniaritza eskolak, adibidez– batez ere kostaldean ezartzen direla diote.  

Konpetentzia horretan berdin gertatu da, baina ekipamenduen politika denok elkarrekin zutik eman behar dugu, ekipamenduak bermatuak izan behar dira eta inbertsioak ere bai. Poloak azkartzeko inbertsioak partekatuak izan daitezen nahi dugu, polo bakoitzak berea ukan dezan proportzionalki, hori da logikoena. Beti ikusten da kostaldea toki azkarra bezala, baina barnealdean badira ere eskualde azkarrak, eta etekinak ere ukan dituzte Euskal Elkargoa sortu ondoren, eta zenbait kasutan aise gehiago. Errobi-Aturri eta Hego Lapurdi aglomerazioak beti hobeki ikusten dira, baina Donapaleun inbertsio handiak egin dira, ederrak. Inportanteena da oreka izatea denen artean.

Mendialdearen eta hirigunearen arteko politika orekatua izatea zaila da.  

Bai. Lurralde osoaren antolakuntza lurraren antolakuntzarekin batera egiten delako, PLUa eta SCOTa (Lurralde Koherentziarako Eskema) kontuan hartuz. Baina, egungo abantaila da euskal lurralde osoa kontuan hartua dela. Adibidez, ezin dugu deus eraiki, Hiriburu Baionaren kontra edo Mugerreren kontra eginez, antolaketa denen artean egin behar dugu. Arazoa da jendea metatzen dela kostaldean, eta  zaila dela jendea Zuberoko herri zenbaitetara joatea. Alta bada, Maulen badira ere industria lantegiak, Banka herrian ere ekonomia azkarra da. Konparazionera, Hiriburu ondoko Urketa herria baina azkarragoa da Banka.

Bigarren etxebizitzaren afera ez da samurra. Nola arautu hori?  

Bai, problematika hori handia da, herriek kontuan hartua dute hori, bakoitzak bere moldean kontzientzia hartu du, adibidez, zerga handiak jarriz. Hautetsiek kasu egiten dute ea jendeak bigarren bizitzarako etxea erosten –edo eraikitzen– duen edo lehena denentz, baina karta guztiak ez ditugu gure eskuetan.
 

"Batzuek erraten dute: '40.000 jende heldu da eta onartu behar da'. Beste batzuek, aldiz: 'Lehenik antolatu dezagun gure lurraldea, ditugun biztanleekin'. Hemengo eskualdunak ere badoaz kanpora, hori ere kontuan hartu behar da"

40.000 jende berri heldu omen da bizitzera Ipar Euskal Herrira azken hamarkadan. Horrek ere baldintzatzen du Euskal Elkargoa egituratzerakoan.

Bistan da, horren inguruan ere ari gara lanean. Batzuek erraten dute: “40.000 jende heldu da eta onartu behar da”. Beste batzuek, aldiz: “Lehenik antolatu dezagun gure lurraldea, ditugun biztanleekin”. Hemengo eskualdunak ere badoaz kanpora, hori ere kontuan hartu behar da. Arazo aski badugu eta kostaldean jendea aise metatzen da, eta nekez barnealdean. Gai hori gehiago eta hobeto kontrolatu behar dugu. Izan ere, gure egiturak, bai garraiorenak eta bai urarenak ez daude behar diren heinean oraino. Hortik hasi behar dugu, gure egiturak azkartu behar ditugu, bizilagunek ukan dezaten bizimolde hobeagoa. Ez dugu PLUren politika nolanahi egiten utzi behar, hau da, jende gehiago onartuz eta gero ekipamenduak montatuz. Orain arte, horrela egin da, eta lur eremuak tipitzen joan dira, laborantza tipitzen. Zer nahi gisaz, garraioaren, uraren edota hondakinen politikak beste ikusmolde batez lantzen hasi gara.

Bestalde, Euskal Elkargoko presidente Jean-René Etchegaraik eta EAEko Iñigo Urkullu lehendakariak bi instituzioen lankidetza aro berria iragarri dute.

Erran dezagun klarki, mementoz ez da gauza handirik. Euskal Herria badago, harremanak badira, Hegoaldeko agintariak hona heldu dira, gu hara goaz, baina harremanak ez dira ofizialak, ez daude egituratuta. Ni hondarkinez arduratu izan nintzen hamabost urtez (Bil ta Garbiko burua), eta harremanak ukan genituen, baina bakoitzak segitu genuen gure bidetik. Alta, egiten ahal genuen politika proiektu bateratu bat, nik pentsatzen nuen posible zela. Erregioak eta Departamenduak harremanak ukan dituzte EAE, Nafarroa eta Aragoirekin, baina Ipar Euskal Herriak ez. Beraz, lehen urratsa eman dugu, bi presidenteek elkarri eman diote eskua, baita elkarrekin lan egin behar dugula erran ere. Hori egin behar zen, baina…

Baina...  adibidez, Nafarroako Gobernuaren burua aldatu da eta instituzio hori ez da bertan izan.

Bai... Hala ere, hozka bat eman da, orain arte ez genuen ahalmenik hori ere egiteko, harremanak izateko. Ipar Euskal Herriak egituraturik ez zegoenez, ez zen posible. Orain Euskal Elkargoa badago eta aitzina... Bai, dena errateko, Tourraren hasiera izanen dela Hegoaldean? Ados naiz. Baina Tourra Bilbo, Donostia eta Baiona artean ibiltzea sinbolikoa da, laguntzen du harremana arautzen, baina sinboloez harago joan behar dugu.  

Hala nola, zertan?

Oixtian hondakinen afera aipatu dut, nahitara. Horiek politika publikoen bidez lortu behar ditugu elkarrekin egitea… Gai bat hartu eta landu...  

Zer iritzi duzu Gipuzkoako Zubietako erraustegiaz?

Hori da ekipamendu molde bat. Guk ez dugu halakorik hautatu Ipar Euskal Herrian. Harremanetan aritu ginenean ez zen horrelako ekipamendurik aipatzen. Guk beste sistema bat hautatu dugu, haiek hori egin dute. Horregatik diot, politika publikoetan elkarrekin lanean hasi behar dugu, baina ez gara horretan ari. Bakoitzak berea egiten du. Bistan da, denak egitea ez da posible bat-batean, baina sinbologiatik ateratzeko eta politikak zehazten hasteko gaiak hautatu eta landu behar ditugu. Euskararen inguruan posible da, eta egiten da, baina horretaz gain badago zer eginik. Euskal Herri osoko jende guztia ukitzen duten gai ekonomikoak landu behar ditugu. Politika adostua behar da gai horretan elkarrekin aritzeko. Heldu diren bost urtetan horretan jarri behar dugu gure indarra.

HIRIBURUKO AUZAPEZA:

"Herriek leku azkarra izan behar dute betiere, boterearen parte atxiki dezaten"

Euskal Elkargoak bi urte beteko ditu heldu den urtarrilean. Abertzaleen errebindikazioa Lurralde Elkargoa izan zen. Nola  ikusten dituzu abertzaleak instituzio berri honen bilakaeraren aurrean?

Beharrik abertzaleak aritu garela azken 30 urteetan Euskal Elkargoa lortzeko. Izan ere, lortu badugu izan da abertzaleei esker.  Hori erran behar da, gure lanari esker, bestela nehork ez zuen egingo. Abertzaleok Elkargoan ari gara, ez ditugu politikak guk bakarrik kudeatzen, bistan da, baina gure ideiak eta proposamenak aintzat hartzen dira, eta horiek Euskal Herria eraikitzen laguntzen dute. Instituzio hasi berria da, horretan geratuko ote den? Legeak aldatu arau azkartuz joanen denentz? Euskaldunok beste sistema bat behar dugunentz? Gu betidanik berezko sistema edo instituzioaren bila aritu gara. Haatik, ez dugu horretan gelditu behar, herri mugimenduen politikak atxiki behar ditugu, jendartean herri politika azkartu eta guk nahi dugun sistema politikoa bilatzen segitzeko.

Instituzioarekin kritikoak diren abertzaleak ere entzun behar dira.

Bai, noski. Euskal Elkargoan ari gara baina debatea ezin dugu gelditu, abertzaleok behar ditugu politikak sostengatu eta Elkargoa azkartu Euskal Herriko beharrak bete daitezen. Jendeak instituzio hau atxikitzen segitu behar du eta aldi berean politika molde berriak asmatzen entseatu. Lehen aipatu dugun bezala, adibidez, Euskal Herri osoko politika egiteko. Nik ez dut pentsatzen instituzio batek ekarriko dituela arrapostuak, aitzina egiteko emazte eta gizonek inplikatu behar dira politikan.

Herriko etxeetarako hautatu zinegotziak zarete orain Elkargoko kontseilariak. Batzuek kontseilariak sufragio unibertsalaz hautatzeko beharra ikusten dute. Zein da zure iritzia?

Mementoan herrietako hautetsiak eta Elkargokoak berak gara. Nik lehenbiziko etapa gisa egoki ikusten dut, tokiko hautetsiak ari baitira bietan; herrietako ordezkariak Elkargoan egotea ona da. Legitimotasun eta indarra ematen dizkio instituzioari. Instituzio batek hastapenean behar duen lotura azkar bat dauka herriekin. Herriek badute garrantzia handia. Geroago, nahi badugu beste molde bateko egitura edota hautetsiak zuzenki hautatuak izatea, hori ere aztertu beharko dugu. Legeak hori baimentzen badu kontuan hartuko dugu, baina ez da ahantzi behar lotura izan behar dugula herriekin. Izan ere, erabaki horrek herriko hautetsiak bazter gelditzeko arriskua dauka. Elkargoaren hautetsiek kasu eman behar dute, hautetsi ahaltsuak bihurtu daitezke, herrietako hautetsiengandik eta herritarrengandik urrundu daitezke. Beraz, eskualdeek eta herriek leku azkarra izan behar dute betiere, boterearen parte atxiki dezaten.

"Tourra Bilbo, Donostia eta Baiona artean ibiltzea sinbolikoa da, laguntzen du harremana arautzen, baina sinboloez harago
joan behar dugu"

Heldu den urte hasieran, herriko bozak izanen dira. Nola ari zarete abertzaleak?

Abertzaleak lanean ari gara eskualde guztietan. Inplikatu behar dugu lehenik gure herrietan, gero hautatuak izan, baita hiri  handitan parte hartu ere. Gure desafioa proposamenak egitea da Euskal Herriaren alde, ingurumenaren eta hirigintzaren inguruan, debatea eta kritika sustatu behar dira politika molde batzuk aldatzeko, bereziki gazteak inplikatuz. Gazteak, oro har, politika instituzionaletik urruntzen ari dira, beren egiteko molde berriekin gurekin behar ditugu, baita gazte abertzaleak ere.

Heldu den urtean auzapezerako aurkeztuko duzu zure burua?

Gazte abertzaleak inplikatu behar direla erran dut... Ni ez naiz jada gazte, eta badira anitz urtez inplikatua naizela. Oraino ez dut erabaki ofizialik hartu, baina...

Hiriburu Maita-ren izenean aurkeztuko zara, beraz. Formula horrekin segituko duzu?

Bai. Ene gustuko formula irekiak behar dira, zerrenda irekiak, beste batzuekin zertan adosten garen ikusteko. Herri eta hiri handietan alderdiekin egiten da, herri txikietan ez. Hiriburu, alta, ez da herri tipia ere, 6.000 biztanle gara, eta herri txikietan bezala egiten dugu. Askatasun hori behar da, abertzaleok lagunak xerkatu behar ditugu. Denetan ez gaude ados, baina zertan gauden ados ikusi eta adostu behar dugu. Erran dut gazteak behar ditugula, eta esperientzia dutenak ere bai.  

Elkarbizitzarako euskara funtsezkoa da. Nola dago euskara Hiriburun?

Hiriburun orain urte batzuk euskararik ez zen entzuten. Euskara anonimoa zen. Orain Hiriburun jendeak badaki eskualdunak gaudela. Andereserora Hiriburun pastorala egin dugu aurten. Nork pentsa zezakeen pastorala egin zitekeela Hiriburun? Egia da ere, batzuk “beldurtzen” direla, ez dutelako euskara konprenitzen. Baina, hasi dira onartzen Euskal Herriak baduela berezko nortasuna, nehor ez da ene kontra jiten. Halaber,  batzuek pentsatzen dute hori ez dela “politika ona”, baina publikoki ez dute deus erraten. Beraz, aitzinatzen ari gara.

 
 
 

 


ASTEKARIA
2019ko urriaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Estitxu Eizagirre
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Elkargoa
2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-07-18 | Ilargi Manzanares
Ipar Euskal Herriko hondartzetako dutxak itxiko dituzte, ur kontsumoa murrizteko

Euskal Hirigune Elkargoko kontseiluak proposatutako Idorte Planaren neurrietako bat da. Neurriaren lehentasunaren eta osasun-ondorioen inguruko kezkak areagotu dira.


2023-03-21 | Euskal Irratiak
Etxebizitza eskumen handiagoa galdegin dio Elkargoak Parisi

Botere eta diru laguntza gehiago galdegin dizkio Euskal Hirigune Elkargoak Frantziako Gobernuari, lekuko etxebizitza politika azkar bat abiatzeko. Horretarako, AOH Etxebizitza Antolatzeko Autoritatea bilakatu nahi luke.


Isabelle Pargade (Euskal Hirigune Elkargoko presidenteordea)
“Nahiago nuke laborari gehiago, herritar gehiago baino, baina nola egiten da hori?”

Euskal Hirigune Elkargoan elikadura eta laborantzaren ardura du Isabelle Pargadek. Laborantza lurren desagerpenari buruz galdetu dio ARGIAk, eta lehen sektorearen funtsa guzion plateretan ageri denez, elikadura burujabetzaz hitz egiten bukatu dugu.


Etxebizitza turistikoen konpentsazio neurria indarrean jarri dute Ipar Euskal Herrian

Lapurdi kostaldeko 24 hirietan etxebizitza turistikoa alokatuz gero, jabeak ondasun bat gehiago eskaini beharko du iraupen luzeko alokairu kontratupean, hiri berean eta azalera baliokidearekin.


Eguneraketa berriak daude