Krisi ekonomiko globala berriz esnatzear

  • Gero eta maizago ari gara entzuten munduko testuinguru ekonomikoak krisi berri baten seinaleak dakartzala. Prentsan, hedabideetan eta interneten barra-barra daude horren inguruko albisteak. Baina non jarri behar dugu arreta datorrenaz jabetzeko? Ekaitza iragartzen duten argi gorri batzuk ekarri ditugu hona.

AEBetako erreserba federalaren egoitza 'FED up' liburu kritiko ezagunaren azalean. Bertan egosten dira munduko moneta politikak eta krisien hasierak.
AEBetako erreserba federalaren egoitza 'FED up' liburu kritiko ezagunaren azalean. Bertan egosten dira munduko moneta politikak eta krisien hasierak.

Abuztuaren amaieran orrialdeotan idatzi genuen gero eta gertuago dugula “krisi ekonomikoaren hurrengo portua”. Izatez, krisi deitzen diogun koiunturazko gertaera hori ez da inondik inora jendearen bizitzatik joan, munduan hegemonikoa den kapitalismoaren estrukturari berari erasaten ari baitzaio, baina fase berri batean sartzear gaudela dirudi.

Ez diogu guk, nazioarteko egunkari prestigiotsuenetan ere ari dira alarma jotzen atzeraldi globala badatorrela ohartarazteko. Miarritzen G7 gailurra egiten ari ziren egun berean, Phillip Inman The Guardian egunkari britainiarreko ekonomia analista nagusietakoa denak zazpi zantzu kontatu zizkigun artikulu batean, hemen laburtuko ditugunak. Bere esanetan, munduko merkataritzaren “motorra” abisatzen ari zaigu hamar urteko “hedapenaren” ostean alderantzizko bidea hartu duela.

AEB-etako interes tasaren ziklo amaiera

AEBen eta Txinaren arteko muga-zergen gorakada da zantzu nagusi horietako bat. Donald Trumpek presidentetzarako bere kanpaina “AEBak lehenengo!” esanez hasi zuen, eta altzairuaren inportazioari –tartean Euskal Herrikoa– %25eko muga-zergak ezarri zizkion. Batez ere Txina dauka jomugan Trumpek: gutxiago balio duen monetaz aprobetxatzea egozten dio eta hainbat produktu txinatarren inportazioari zergak igo dizkio. Yuana gehiago debaluatzea izan da Beijingen erantzuna. Zaila da gerra horren ondorioak neurtzea, baina herrialde gehienek merkataritzan beherakada sumatu dute jadanik.

Bestalde, zergak murrizteko Trumpen politikak AEBetan inflazioa igo eta ekarri du herrialde hartako banku zentralak –erreserba federalak– interes tasak ere hainbat aldiz igotzea azkenaldian.

General motors autogintza enpresako milaka langile greban jarri dira 2007az geroztik lehen aldiz, hitzarmen duin bat eskatzeko. Munduko merkatal egoerak AEB-etako manufaktura produkzioari erasan dio azkenean.

Zorpetzearen garestitze horrek eta Txinarekin hasitako arantzelen gerrak AEBetako industria produkzioari eta kontsumo prezioei erasan die azkenean. 2019ko abuztuaren 1ean Jerome Powell erreserba federaleko presidenteak interes tasen jaitsiera iragarri zuen, 2008tik lehen aldiz –irailaren 18an %0,25 gehiago jaitsi zituen–. Beste datu bat: General Motorseko 48.000 langileek grebara jo dute hitzarmen duin bat eskatzeko –azkeneko lanuztea duela hamabi urte egin zuten–; autogintza enpresak 15.000 langileri eragiten dien birmoldaketa hasi zuen 2018an.

Alemania atzeraldi teknikoan

“Alemaniako ekonomiak seguruenik bizitasunik gabe jarraituko du 2019ko hirugarren hiruhilekoan. BPGak jaisten jarrai dezake”. Bundesbank-aren azken txostenean irakur daitekeen esaldi hori bonba bat bezala erori zen abuztuan. Alemaniako Barne Produktu Gordina %0,1 jaitsi zen aurreko hiruhilekoan eta bigarren aldiz jarraian jaitsiz gero, Europako lokomotora “atzeraldi teknikoan” sartuko litzateke ofizialki. Olaf Scholz finantza ministroak 50.000 milioi euroko inbertsioa hitzeman du pizgarri modura, baina ekonomista askoren aburuz berandu da atzeraldia saihesteko.

Industria produktuak esportatzen ditu Alemaniak –ikus 19. orrialdean Baleren Bakaikoaren analisia– eta besteak beste, Brexit-ak sorturiko urduritasuna izan omen da atzeraldiaren eragileetako bat. Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe irteten bada, komertzioari kalte handia egin diezaioke analista gehienen arabera –munduko seigarren ekonomia da–. Boris Johnsonek gehiengo parlamentarioaren kontra hasi duen borroka partikularrak, urriaren 31n Brexit gogor batekin ospa egin edo hauteskundeak aurreratzeko, ez du giroa batere lasaitu.  

Global Justice Now erakunde altermundialistako zuzendari Nick Deardenek laino beltzak ikusi ditu Red Pepper ezkerreko aldizkarian idatzitako gutunean: “Johnson lehen ministro bihurtu den unetik, argiago dugu muturreko Brexit-a nolakoa izango den: AEBekin merkataritza akordio toxikoa, milioika migratzaileren kontrako ingurune bat eta merkatu librearen politikak jendarteko eremu gero eta gehiagotara zabalduta”. Bere ustez, Naomi Kleinek teorizatutako shock doktrina-ren beste adibide bat datorkigu, hau da, “hondamendi” batek sorturiko inpaktu psikologikoa aprobetxatuko du neoliberalismoak beste behin, erreforma antisozialak egiteko.

Gauzak horrela, ez begiratu Argentinako berankortasun edo default-ari, Hegoafrikako eta Turkiako egoera ekonomikoak piztu behar digu arreta, Inman The Guardian-eko kazetariaren arabera. Herrialde horiek askoz “integratuago” daude nazioarteko merkatuetan eta zorra ez ordaintzeak eragin handiagoa izango luke.

Turkiako lira ahul dago eta BPGa uzkurtzen ari da etengabe. Halako sintomei etengabe begiratzen diote finantza espekulatzaileek. Hala, inbertitzaileek AEBetako epe motzeko zor-tituluak erruz saldu dituzte azkenaldian –gauza bera egin zuten 2008ko krisiaren aurretik–. Jokabide horrek lerro arriskutsu bat marraztu du, AEBetako ekonomia berandu baino lehen arazotan sar daitekeela erakusten duena: alderantzizko errendimendu-kurba.

Errendimendu-kurba, zer da?

“Errendimendu-kurba”. 2008an arrisku-saria zer zen ikasi genuen gisan, oraingoan kontzeptu hori zer den ere jakin beharko dugu, hurrengo krisi ekonomikoaren jatorria ulertuko badugu. “Errendimendu-kurba”. Zer da? Alberto Garzón ekonomialariak Twitterrez azaldu du ahalik eta modu didaktikoenean, eta Gorka Bereziartuak ARGIAko webgunera ekarri ditu azalpen horiek.

Errendimendu-kurbaren grafikoak erakusten du epe luzeko eta epe motzeko tituluen interes tasak nola dauden. Estatu batek tituluak enkantean jaulkitzen dituenean, erosle kopuruaren arabera aldatzen da diru hori jasotzeagatik gero ordaindu behar duen interesa, “errendimendua” alegia. Orduan eta erosle gehiago, errendimendu txikiagoa. Eta alderantziz: erosle gutxiago, errendimendu handiagoa. Epe luzeko tituluen kasuan –hiru edo lau urtera itzuli beharreko bonuak adibidez– erosle gutxiago egon ohi dira, denbora gehiago itxaron behar dutelako interesak kobratzeko. Ondorioz, errendimendu-kurba positiboa izaten da, menditxo baten itxurarekin.

Aldiz, egoera ekonomiko  latza iragartzen dutenean, inbertitzaileek nahiago dute herri aberatsenen epe luzeko titulu seguruagoetara jo eta kurba alderantziz jartzen da, amildegi baten traza hartuz. Momentu honetan hogei herrialdetan dago kurba alderantziz, baita AEBetakoa ere. Garzónek gogorarazi duenez, “1955etik AEBetako kurba alderantziz jarri den aldiro atzeraldi ekonomikoa gertatu da. Batzuetan hilabeteak geroago, bestetan urtebete igarota”. Ekonomialariaren arabera, horrela jarraituz gero AEBak krisi ekonomikoan sartuko dira epe motzean.

Azken hamar urteetan banku zentralek dirua doan eman diete finantza erakundeei eta askoren ustez horrek sorturiko burbuilan dago errendimendu-kurba atrofiatu izanaren jatorria. Garzónen aburuz alferrik izango da gobernuek diru gehiago txertatzea –Scholz ministroak Alemaniarentzat proposatu bezala– eta fiskalitatean dago gakoa. Aitzitik, onartu du badaudela ezkerreko ekonomialariak jadanik zerga-politikan ere sinesten ez dutenak, Michael Roberts kasu.

Michael Roberts: “Ez du funtzionatuko”

“Ez moneta malgutzeak, ezta zerga pizgarriek ere, ez dute lortuko datorren atzeraldia gelditzea”. Ondorio hori atera du Michael Roberts ekonomialariak; eta marxista zaharrak badaki zertaz ari den, hogeita hamar urtez Londresko Cityan lan egin izanak eman dion esperientziaz baliatzen baita The Next Recession blogean idazteko.

Robertsek hainbat adierazle nabarmendu ditu alarma gorriak pizteko. Alde batetik, jakin berri dugu AEBetako manufaktura jardueraren indizearen (PMI, ingelesezko akronimoa) datuak txarrak izan direla. Enpresa esanguratsuei hilero egiten zaien inkesta baten bidez lortzen da indize hori, ekonomia produktiboa nola doan jakiteko: 50 puntutik gora baldin badago, esan nahi du hedatzen ari dela, horren azpitik uzkurtzen ariko litzateke, eta 42 puntutik behera atzeraldian legoke. Bada, 2009tik lehen aldiz, AEBetako produkzioa 50etik behera jaitsi da.

AEBetako enpresei zuzenean loturiko beste datu bat ere azpimarratu du Robertsek: haien irabazi-marjina murrizten ari da inoiz baino denbora gehiagoan. Korporazioen etekinek oso maila altuan jarraitzen dute –2008ko krisiaren abagunea aprobetxatu baitzuten langileak gehiago zukutzeko–, baina azkeneko lau urte eta erdian irabazi-marjinak beheranzkoak izan dira, eta gerraostetik ez da halakorik sekula ikusi: “Errendimendu-kurba egunero begira daitekeen arren, agian ez da adierazle onena atzeraldia datorrela sumatzeko, baina etekinen beherakada, hori bai”. Imajinatu dezakegu berriz ere zein sartuko duten zuku-makinan.

Egoerari buelta emateko, formula keynesiar ortodoxo zein heterodoxoak –bogan dagoen Diru Teoria Modernoa barne– antzuak izango direla uste du ekonomialariak (aurrekontuen defizita, gastu publikoa, pizgarri fiskalak…) eta Japonen adibidea eman du horretarako: hogei urte daramatza aurrekontuetan defizita izaten eta ez du lortu %1etik gorako hazkunderik. Robertsek kritika ugari jaso du halako ideiengatik, baita ezkerreko burkideen aldetik ere, baina azkenerako, ahoan bilorik gabe hitz egin du: “Kapitalismoa atzeraldi batetik irten daiteke, soilik atzeraldiarekin”.

Munduko zorra, inoizko handiena

Lehman Brothersen hondamenditik hamarkada bat igarota, krisiaren ondorioez gurean idazterakoan (2.620 zk.), Mikel Zurbano ekonomialariak gogorarazi zuen gaur egungo munduko zorrak 2007koa aise gainditzen duela eta Barne Produktu Gordina halako lau dela jadanik: “Duela hamar urteko eztanda errepika daiteke”.

Zorrarena etengabe krisiarekin lotzen den gaia da: “Mundua kiebrara al doa?”, “Munduko zorraren bolborategia”, “Zorrak alarma guztiak piztu ditu”, errepikatzen dute behin eta berriz hedabideetako lerroburuek. Nazioarteko Diru Funtsak ere sarritan abertitu du hortaz, azkenekoa 2018ko abenduan, “errekorra” ondu genuela esanez: 161 bilioi euro. Baina ezin dugu ahaztu zorra nazioarteko finantza erakundeek erabiltzen duten arma boteretsua dela.

Eric Toussant zientzia politikoetako doktore eta CADTM Zor Ez-Legitimoen Aboliziorako Batzordearen bozeramaileak, zorra “kolonizazio berri baten antzeko” zerbait dela dio. Miarritzeko G7aren kontragailurrean izan zen hitzaldia ematen eta Gara egunkariko Arantxa Manterolaren galderei erantzunez azaldu du: “Mailegatzaileek lortu dute estatuak sartzea zor publikoaren engranajean eta horri esker etekin ederrak ateratzen dituzte (…) Thatcher eta Reaganen garaitik estatuak behartuta daude zor duten dirua zor gehiagoz ordaintzera, herritarrekiko dituzten betebeharrei uko eginez”.

2008an krisia loarazi zuten banku zentralek dirua orfidala balitz bezala banatuz kiebran zeuden finantza erakundeei, eta produktu espekulatiboei atea parez pare irekiz.
Orain berriz esnatzear da eta imajinatu dezakegu zein sartuko duten zuku-makinan

Agerikoa da krisia lehertzekotan gehien zorpetutako lurraldeetako jendeek senperrak ikusiko lituzketela, estatuek aukera gutxiago izango bailukete baliabideak lortzeko. Toussanten ustez posible da legitimoa ez den zorra bertan behera uztea, historiak erakutsi du nola Mexikon 1919an hala Islandian mende bat geroago, baina horretarako “herritarrak matxinatu behar dira eta gobernuak presionatu”.

2008ko krisia loarazi zuten banku zentralek dirua orfidala balitz bezala banatuz kiebran zeuden finantza erakundeei, eta produktu espekulatiboei atea parez pare zabalduz. Apuntatu beste hitz bat koaderno ekonomikorako: QE (Quantitative Easing). Horren bidez banku zentralek masiboki erosten dituzte finantza aktiboak, espekulazio negozio handietan dabiltzanak salbatuz. Aldiz, Jeremy Corbin laboristak aspaldi aldarrikatu zuen “herriaren QE bat”, besteak beste zerbitzu sozialak finantzatuko dituena.

Baina Mario Dragui Europako Banku Zentraleko presidenteak esan du -%0,4tik -%0,5era eramango duela bankuei euren dirua deposituan uzteagatik ordaintzen dien interes tasa –gehiago kobratuko diela alegia–, eta bestetik, hilero bonutan 20.000 milioi euro zor publiko erosiko duela Frankfurtek. Dirua, dirua, dirua. Krisia esnatzear da, eta ispiluaren aurrean jartzean, kapitalismoaren benetako aurpegia ikusiko du beste behin.

Nazioarteko Diru Funtsak 75 urte
Krisia ikusi al du?

1944ko uztailaren 22an, duela 75 urte, Bretton Woodseko akordioa sinatu zuten Bigarren Mundu Gerra irabaztear ziren herrialde aliatuek. AEBetako New Hampshireko hotel hartan, Nazio Batuen Erakundeak munduko finantza harremanak ezarri zituen eta halaxe sortu ziren Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Munduko Bankua, dolarra erreferentzia gisa hartuta. AEBetako boterea eta eragina nabarmenak izan ziren sorrera hartan eta erakunde horien bilakaera baldintzatu zuen horrek.

NDFren helburu nagusietakoa da zailtasun ekonomikoan dauden herrialdeei dirua uztea hainbat baldintzaren truke. Bere jokabidea oso kritikatua izan da, inposatzen dituen murrizketa planak oso gogorrak direlako eta gastu sozialari bete-betean eragiten diolako. Behar gorrian dauden herrialdeak menpekoago egiteko, zorra erabiltzen du batez ere, eta politika neoliberalak ezartzeko berdin zaio diktadurak laguntzen baditu ere.

Eric Toussaintek (CADTM) “kolonialismo berria” deitzen dio horri. Bere liburuetan azpimarratu izan duenez, bai NDF-k bai Munduko Bankuak diktadurei emandako laguntza sistematikoa izan da, haien politiketan zuzenean eragiteko asmoz: Somoza Nikaraguan, Pinochet Txilen, Mobutu Zairen… Paradoxikoki, Munduko Bankuko estatutuek espresuki debekatzen diote arlo politikoan esku hartzea: “Irizpide ekonomikoek baizik ezin dute bere erabakietan eragin”.

Baina giza eskubideak urratzen dituzten erregimen politikoekin soilik ez, ekonomiaren gorabeherekin ere jolastu izan dute bi erakundeok, informazio nahasgarria nahita emanez. Hala egin zuen Mundu Bankuak 1982an Hego Ameriketan leherturiko krisiarekin. 60ko hamarkadan banku horrek askotan jaurti zituen zenbait herrialdetako zorpetze handiagatik egon zitezkeen arazoen inguruko abisuak. Baina Toussaintek dioenez, 1973ko petrolioaren prezioaren gorakadaren ondoren diskurtso bikoitza hasi zuen: alde batetik, publikoki “krisi” hitza erabiltzeari utzi eta are gehiago zorpetzera bultzatu zituen herrialdeok. Bestetik, barne memorandumetan aitortzen zuen asko “muturreko egoerara” irits zitezkeela maileguak ezin kitaturik. Alegia, bazekien krisia bazetorrela.

Nola azaldu Munduko Bankuaren jarrera hori? Petrolio esportatzaileek dirua barra-barra zuten 1973ko prezioen gorakadaren ondorioz eta beste herrialdeetako zorrean inbertitzen hasi ziren. Baina Toussanten ustez badago beste arrazoi bat: “Munduko Bankuak bere eragina handitu nahi izan zuen kapitalismoaren aldean zeuden ahalik eta herrialde gehienetan”. Hortaz, 1978 eta 1981 urteen artean mailegaturiko dirua %100 handitu zen, 1982an krisia lehertu zen arte. Hala hasi zen Hego Ameriketako “hamarkada galdua” deitu izan dena, Mundu Bankuak eta NDF-k gidatuta.

Badago krisi hura 2008ko Atzeraldi Handiarekin alderatzen duenik. Duela hamarkada bat, NDF desprestigiaturiko dinosauro bat zen, baina finantzen paperezko gaztelua erori zenean, herrialde boteretsuenek funts horren kata-narrua berriz gizentzea erabaki zuten, jarrai zezan beti egin duena egiten: xantaia ekonomikoaren bidez herritarrak estutu. Zer gertatuko da oraingoan? Ez dirudi NDFk dominaziorako abagune berri hau alferrik pasatzen utziko duenik, hala iraun baitu 75 urtez.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Austeritate politikak
Hau 2024 urtea da: ongi etorri Europa neoliberalaren "normaltasunera"

Europar Batasuneko 27 herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ezartzea adostu du abenduaren 20an. Azken urteetako norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Eguneraketa berriak daude