Lurrikarak berriro Kaxmirren India eta Pakistanez gain talka egin dute Txina eta AEB-ek

  • Kaxmir den sumendi lokartua berriro iratzarrarazi du Indiak abuztuan, bere kontrolpeko zatiari autonomia estatus berezia kendu eta salbuespen egoera ezarri dionean. Geopolitikaren puntu berezia den Kaxmirren lehen ere gerran arituak dira India eta Pakistan, bonba atomikoaren jabe direnak, ez ahaztu. Oraingo irakinaldian, ordea, Txinaren eta AEBen arteko lehia handiaren uhinak ere nabari daitezke.

Kamioi txinatarrak Pakistango Gwadar hiriko portuan: Txinak aurkitu du Persiar golkoraino hurbiltzeko laburbidea.
Kamioi txinatarrak Pakistango Gwadar hiriko portuan: Txinak aurkitu du Persiar golkoraino hurbiltzeko laburbidea.

Geografiak dauzka galdera askoren erantzunak. Begiratu Asiako atlas bati erdian India ipinita: goian Txina, ezkerretan Pakistan, erpinean hiruren artean banatuta Kaxmir. Orain markatu autopista berri bat txinatarrek eraikitzen dutena hasi Txinatik eta Pakistanen barrena Indikoraino eta gainera kostalde honetan markatu portu berri bat, hau ere txinatarrena...

Aldaketok kontrako mugimenduren bat eragin beharra zeukaten. Hurbilagotik Indiarena, Txinarekiko aspaldiko lehian bere posizioa ahulduta aurkituko duelako. Urrunagotik, iparramerikarrena, Txinak Ekialde Hurbilerako eta Europarako milaka kilometro aurrezteko laburbidea aurkitu duelako, manufakturak esportatzeko bezala erregaiak inportatzeko. Horra nola lurrikarek astindu duten berriro geopolitikan eremu sismikotzat jotzen den Kaxmir.

Txinatarrak Kashgar hiritik Arabiako Itsasoko Gwadarrera eraikitzen ari diren autobidea da Pakistanen egiten ari diren 62.000 milioi dolarreko inbertsioen ardatza, Pekingo gobernuak Eurasia osoa josteko eraiki nahi duen Bide bat, Gerriko bat sare estrategikoaren osagai funtsezkoa, urtegi, zentral elektriko, trenbide eta beste azpiegituraz osatua.

2.727 kilometroko autobide pribatu berria –Karakorum mendietaraino doan errepide zahar famatuaren parean eraikia– espreski asmatuta dago Txina Persiar Golkoraino hurbiltzeko. Kamioiek Xinjiangeko Kashgarretik abiatuta, muga Khunjerab lepoan gaindituko dute (4.693 metroko altueran) eta Indo ibar gaitzetik Punjaben barrena jaitsi itsasorantz, Balutxistango Gwadarreko kaietaraino.

Azpiegitura berrion eraikuntza lanak zuzenean kudeatzen dituzte ingeniari  txinatarrek. Zenbait hedabidek zabaldu duenez, espreski antolatutako auzune gotortuetan bizi dira ingeniari eta kudeatzaile txinatarrok, Pakistango armadak zorrotz zainduta. Horien kontrako atentatuak ugaritu baitira azken hilabeteotan. Talde islamisten erasoak lehendik ere ezagunak baziren, horiei orain gehitu zaizkie Balutxistango Askapen Armadarenak. Hauen atzean Indiaren eskua dagoela salatu izan du Pakistango gobernuak.

Bide batez esanda, Pakistango korridore berria Xinjiangetik abiatzeak laguntzen du ulertzen Pekingo gobernuak bere eskualde hartako uigur jendearen gainean darabilen zanpaketa. Terrorismo islamista aipatuz aitzakiatzat, uigurrak menderatu nahi ditu uztartuz bizi pribatu eta soziala kontrolatzeko teknologiarik aurreratuenak eta errepresiozko teknologia zaharrak, hala nola jende kritikoak hezitzeko kontzentrazio eremuak, nazioarteko giza eskubideen erakundeek behin eta berriro salatu dituztenak. Baina Txinako agintarientzako lehentasunezkoa bilakatu bide da ardatz ekonomiko berrirako atari hori erabat kontrolpean edukitzea.

Indiak hilabeteak zeramatzan bere desadostasuna adierazten azpiegitura sare berriarekiko. Delhiko legebiltzarraren aitzinean serio mintzatu zen Defentsako ministroa: “Txina-Pakistan Korridore Ekonomikoaren proiektua Pakistanek okupatuta daukan Kaxmirretik pasatzen da eta erasotzen dio Indiaren burujabetasunari”. Abuztuan Delhik Kaxmirren bere zatiari Indiako konstituzioan daukan berezitasun-babesa kentzea izan da erantzunetako bat.

Himalaia bazterreko faila ezegonkorra

II. Mundu Gerraren amaieran dauzka erroak Kaxmirreko gatazkak. Britainiar inperioa Asiako bere jabego gehienetatik irteterakoan sortutako India eta Pakistanen artean Katxemira herrialde independente neutraltzat geratzea zen Hari Singh maharaja-ren asmoa.

Alabaina, Pakistan eta Indiaren arteko lehenbiziko gerrak ekarri zuen herrialdearen zatiketa, 1947an: Azad Kashmir eta Gilgit-Baltistan Pakistanen esku geratu ziren eta ekialdeko gainerako lurrak Indiaren Jammu-Kashmir estatuaren barruan. Geroago Txina egingo zen hirugarren zati txiki baten jabe.

1947ko itunak Indiako kaxmirtarrei garbi bermatzen zien autogobernua, Delhiko gobernuari soilik hiru eskuduntza utziz: atzerri harremanak, defentsa eta komunikazioak. Autonomia zabal hau Indiako konstituzioaren 370. artikuluan bermatuta geratu zen eta hain zuzen ere 370. artikulu horixe da Narendra Modiren gobernu nazionalistak gauetik goizera ezabatu duena.

Kaxmirren zatiketaz geroztik ez dira gutxi izan Pakistanen eta Indiaren arteko borrokak, ezagunena 1965 gerra, Nazio Batuen esku hartzez hoztua. 80ko hamarkadan gehiengo musulmanaren oldarraldiek eragin zuten Kaxmir indiarretik milaka hinduren ihesa. Indiak 12,5 milioi biztanleko eskualde hori bere esku atxikitzeko milioi erditik gora militar eduki ditu bertan geroztik.

Azken hamarkadotan ez zen istilu handiren berririk, arik eta Modik abuztuko kolpea eman duen arte. Kaxmirren autonomia ezabatzearekin batera, Indiak turistei agindu die eskualdetik alde egitea, herritarrei komunikazio guztiak eten dizkie, eskola eta zerbitzu publikoak itxi, milaka militar gehiago bidali eta bertako liderrak atxilotu.

India barruko irakurketa eginez, Modik nazionalismo erradikal hinduari opari bat eman nahi izan dio, konstituzioaren 370. artikuluarekin ezabatuz kaxmirtar musulmanen eskumen estrategiko bat: immigrazioaren kontrola. Orain hinduek errazago ekin ahalko diote eskualdearen eraldaketa etniko eta erlijiosoari estatu hindu bilakatzeko.

Modiren kolpeak irakurketa geoestrategikoa ere badu, Open Democracy gunean Sarmad Ishfaqek titulatu zuen bezala, “India eta AEBek bat egin dute Txina-Pakistan korridore ekonomikoa oztopatu nahian”. Alegia, Asiako indar harremanen balsean bikote aldaketa nabarmena gertatu berri dela.

Duela gutxi pentsa ezinezkoa izango zen aliantza bat eraiki zitekeenik, alde batetik Kaxmirren ateetan Xinjiangen uigur musulmanak zanpatzen dituen Txinaren eta bestetik muturreko jihadisten habiatzat tratatua izateaz gain AEBen bazkide estua zen Pakistanen artean. Erantzun gisa, Donald Trump AEBetako lehendakaritzara iritsi denetik Pakistani hitzartutako 2.000 milioi dolarreko dirulaguntza militarrak kendu dizkio eta India izendatu bazkide estrategiko. Eta azken aldian ugaritu direnean autopista eta beste azpiegitura berrietako ingeni ari txinatarren kontrako erasoak, bai islamistek eta bai Balutxistaneko Askatasun Fronteak sinatuak, Pakistanek dio AEBek eta Indiak sustatzen dituztela.

Arrakala tektoniko bat bailitzan, Kaxmirrek urte batzuen barealdien ostean lurrikarak eragiten ditu berriro, lokartutako sumendian dar-dar kezkagarriak senti daitezke. Hiru potentzia nuklear dira mugakite Kaxmirren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude