Haurrak, gezurrak eta mitoak

  • Haurrentzat gezurra esatea amaren kontrolpetik ezkutatzeko modua da. Baina denbora baterako balio du. Donald Winnicott psikoanalistak hala zioen: “Ezkutatzea atsegina da, baina aurkitua ez izatea, infernua”. Artikulu honen abiapuntua haurrentzako kanta bat da, ama gezurtatzeak duen ondorioez hitz egiten duena. Kiri-kiri-ken du izena, Aita Onaindiaren Jolasketa liburuan, 1965ean, argitaratu zen, eta hitzen zein doinuaren egilea Nemesio Etxaniz izan zen (1899 Azkoitia-1982 Donostia). Gure belaunaldikook, 60ko eta 70eko hamarkadetan ikastolan abesten genuen, egileak berak kantatuta. Gerora Txirri eta Mirri eta Txiribiton pailazo taldeak Tortolika diskoan jaso zuen, 1985. urtean.

Ez da gauza erraza
kiri-kiri-ken, kiri-kiri-ken
ez da gauza erraza
ama gezurtatzen.

Kiri-kiri-ken-du
dena jakiten du.
Kiri-kiri-kik
zelan badakik?
Kiri kiri-ko-ko-ko-ko
hatz txikiak esaten dio!
Den-den dena esaten dio.

Abesti honetan haurrak autonomia garatzen duenean, eta gezurrak esateko gai denean, helduak nola erantzuten duen adierazten da. Txikiak handia izan nahi du eta handiak txikiaren beharra du. Europako beste herrialdeetan, haurrentzako ipuin eta kantuetan, handiaren eta txikiaren dialektika oso erabilia da, baita babesgabekoaren eta guztiahaldunaren arteko harremana ere. Kanta honetan hatz txikiak laguntzen dio amari arrakalarik gabeko jakituria edukitzen.

Frantsesez hatz txikiari “l’auriculaire” esaten zaio, belarrian sartzeko neurria duelako. Hortik aurrera, hatz txikiak sinbologia indartsua du: zulotxotik barrura sartzen da eta sekretuez eta intimitateaz hitz egin dezake.

Haurrak desira propioak eta horiek betetzeko autonomia nahikoa duenean, gezurrak esateko aukera eta premia sortzen zaio. Gezurra da egiarekin bat ez datorren zerbait esatea, mezua jasoko duen pertsona engainatzeko. Umeak gezurra esan aurretik bi baldintza bete behar ditu. Bata, errealitatea ondo menderatzea, fantasiarekin nahastu gabe; eta bestea, bere lekuan, ordezko bat asmatzea, hau ere erreala –eta ez imajinarioa– dena. Horiek biak dira gezurraren funtsa.

Gezurra esateko motibazioa ez da soilik kontzientea, inkontzientea ere bada. Abesti honetan, esaterako, amarekin lotutako afektu kontrajarriak daude: alde batetik amarekin lotura mantentzeko gogoa du eta bestetik lotura hori eteteko nahia.

Gezurra autonomia lortzeko gogoarekin lotuta dago. Baina baita horrek sortzen duen kezkarekin ere. Gezurra esateak bestearekiko etena adierazten du. Horrexegatik, abestitxo honek abisu egiten du. Haurrentzako ipuinen gai nagusia, askotan, gurasoen mendekotasunetik irtetea izaten da. Eta horretan figura erregulatzaileak agertzen dira. Horren adibide dugu Pinotxo gezurtiaren eta Kilker hiztunaren arteko harremana, gatazkaz betetakoa. Kilker hiztuna, kontzientzia moralaren irudia da. Haurra txikia denean eta gurasoekiko mendekotasun handia duenean, gurasoak eta haien esanak dira erreferente nagusiak. Baina haurra handitzen doan neurrian, errealitatea eta fantasiaren arteko desberdintasuna egiten ohituko da. Pixkanaka, haurra, maite dituen horiekin distantzia hartzen joango da. Bere inguruko helduekin identifikatuko da, horrekin bere izaera osatuz; eta aldi berean bere etika propioa eraikiko du. Horrela, bere ekintzen eta gogoen arabera jokatzen hasiko da.

Iruditzen zait helduaren haserrearen lekuko dela abestiaren egituran itsatsita dagoen leloa”

Kanta honek adierazten digu haurraren eta amaren arteko harremana zein korapilatsua den. Haurrak, gorputza eta adimena bere-bereak direla sentitu arte bide luzea egin behar du. Mendekotasunetik autonomiarako bidean, bitarteko egoerak bizi ditu, amarekin bat eginda sentitzetik amarengandik nahikoa banatuta sentitu arte. Zentzu horretan “amak dena daki / amak ez daki” ezinbestezko jolas bihurtzen da. Joan-etorrian, errealitatea eta fantasia bidaide dira. Batzuetan haurra trantsizio-une hauek nahikoa bizi izan gabe gelditzen da. Agian bere kabuz goizegi moldatu behar izan du, beraren ingurune afektiboak huts egin duelako; ondoren, haurrak harremanak modu uzkurragoan eraikiko ditu. Ingurunearekin bat egin izanaren esperientziaren aztarnak betiko iraungo du, munduarengan eta norberarengan konfiantza eta ongizate iturri bihurtuz.

Haurrak amarekin duen jarraitutasun psikiko-fisikoa eteteko saiakera serioenetako bat ezezkoaren konkista da, hitzaren –tartean gezurraren– edo portaeraren bidez adierazi daitekeena. Lehen gorputzen arteko jarraitutasuna zena, orain pentsamenduen artekoa izango da, amaren eta haurraren psiko-gorputzak elkarrekin komunikatuko dute, hizkuntza sinbolikoaren bidez, gezurrari ere lekua eginez.

Gezurra esatea kontra-boterea edukitzea da, haurrak berak bakarrik dakielako egia zein den. Eta gezurra gurasoek osatzen duten bikoteari zuzenduta dagoenean, guraso-bikotearen fidagarritasuna ezbaian jartzen du. Garapenaren une desberdinetan, gezurretan aritzea, ondoezaren adierazle gisa agertzen da. Beraz, gezurrak bere balio funtzionala izan arren, errepikakor bilakatzen bada, haurrak bere inguruarekin duen komunikazio arazoen adierazle izango da.

Kaiera igeri
Kiri-kiri-ket, kiri-kiri-ket
kaiera igeri
ihes egiten badet.

Kiri-kiri-ken-du
dena jakiten du.
Kiri-kiri-kik
zelan badakik?
Kiri-kiri-ko-ko-ko-ko
hatz txikiak esaten dio!
Den-den dena esaten dio.


Alde imajinarioa kantaren leloan dator, helduaren erantzunean, haurraren gezurraren aurrean nola kokatzen den adierazten denean. Hasteko, helduari haurraren gezurrak sentipen desatsegina sortzen dio; haurraren autonomiak kolokan jartzen ditu helduekiko ordu arteko beharra eta mendekotasuna. Haurrak gezurraren bidez adierazten du ez duela asmorik helduaren azpiko izateko; gezurra, matxinada-gogoaren adierazle da.

Iruditzen zait, helduaren haserrearen lekuko dela abestiaren egituran itsatsita dagoen leloa. Helduak haurraren gezurrari fantasia sinesgaitz batekin erantzuten dio: amak baduela hatz txiki espioia, den-dena ikusi eta gero kontatzen diona. Anaia txiki kontakatilu alprojarena baina beldurgarriagoa dena. Helduak, fantasia jazartzaile batekin erantzuten du, ama, pertsonaia mitologikoak bezala, guztiahaldun egiten duenean. Ondoren, beldurrak eragindako haurrari, atzera bidea egiteko esaten dio, ama eta umearen artean pentsamendu-jarraitutasuna dagoela esanez. Hori da fantasia, mitoa, ama guztiahalduna, iskin egiterik merezi ez duena. Horretan baliatuko da umeak amarekin bat egitean daukan gogoan, “bat egingo dugu gu bion artean tentsiorik egon ez dadin”. Mehatxua litzateke betiko fusio-itxaropen hori betiko galtzea.

Baina, azken finean, abestia jolasa da. Haurrarentzako eta amarentzako –heldu zaintzailearentzako oro har– zaila izan daitekeen egoera bati, fantasia erabiliz, aurre egiten laguntzeko balio du. Nolabait esateko, badakigu bananduko garela, mundua hor dela bere gauza on askorekin. Baina, horretarako presarik gabe, jolas dezagun, amets egin dezagun, eta imajinarioan, beti egongo gara bata bestearekin etengabeko jarraipenean. Zilbor-hestea etetea zein zaila den batzuetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kantagintza
2024-02-04 | Castillo Suárez
Kaseteak

Iaz Braham bat ezagutu nuen Delhin. Harritu ninduen garagardoa maite zuela eta gaztelaniaz bazekiela. Nire adintsuko zela esango nuke, baina makil baten laguntzaz ibiltzen zen, poliki. Ea zergatik zekien gaztelaniaz, galdetu nion, eta berak umetan Julio Iglesiasen kaseteak... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Fernando Unsain musikari, kantari eta ikusentzunezkoen produktorea hil da

78 urterekin iktus baten ondorioz hil da Donostian Fernando San Jose Arze, kultur munduan Fernando Unsain izenez ezagutua. Pertsona garrantzitsua izan da euskal kantagintzan, diskoen grabaketa eta produkzioan eta ikusentzunezkoetan. ARGIAk Fernando Unsainengan kolaboratzaile... [+]


2023-05-04 | Estitxu Eizagirre
Kantak herri baten historia josten duten hari balira?

Ziburuko Liburu eta Disko azokaren aperitif gisa, Hitzen Ahairea emanaldia eskaini zuten maiatzaren 3an Baltsan elkartean Gotzon Barandiaran idazle musikazaleak eta Rafa Rueda musikari literaturzaleak. Euskal kantagintzan barnako bidaiarekin gozatu zuten bertaratu ziren 40... [+]


Eguneraketa berriak daude