Hitz morez margotuak

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bitan ikusi dut uda honetan, eta bitan haserretu. Gatibu, Sanferminetan. Iraultza feminista izango delako, kanta eskainia nafar sorginei. Ez al ginen ba printzesa kapritxosiek, aramu pozoitsuak? SuTaGar, Bilboko jaietan. Eraildakoen eta bortxatutako emakumeen omenez errepertorioko balada sentikor erromantikoena, sekula moreak izan ez diren hitz margotuak.

Hamarkadetan patriarkatuarekin arazorik zutenik aipatu ez duten gizonezko hegemoniko pribilegiatuez osaturiko taldeek eszenatokitik nahi dute feminismoa bultzatu. Neofeministo naiz txapa merke lortzen da, esaldi bat esateak ez du sobera nekatzen eta. Hau populismoa da, eta apropiazioa. Zinezko errekonozimendua nahi dugu, apala, ez paternalista eta borroka honen subjektuaren beharrei begira.

Lagun gizonezko, feministok zenbait gauzatan arrazoia dugula iruditzen hasi bazaizu, egin ezazu egin beharreko barne lana, dekonstrukzioa, erreparazioa, hausnarketak... Jabetu zaitez, ordea, patriarkatuak mikrofonoa, lehen lerroa, ikusgarritasuna eta protagonismoa zuei eman eta besteoi ukatzen dizkigula. Patriarkatua borrokatzeko eman ezazue pauso bat atzera. Belarri eta begi gehiago, aho gutxiago.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude