Zutabe hau irakurriko duzunerako, irakurle, Baionako bestak bete-betean dirateke. Zaborrak karriketan. Pixa urrina bazterretan. Zuri eta gorri asea denetan. Taloak han eta hemen. Dantza eta kanta, txarangen gibeletik. Disgustua eta emozioa batera, erraiak uzkailtzeraino. Zortzi euro soiletan. Gure tabernariek, legenda urbano baten ildotik, sei egunetan urteko benefizioa meta dezaten...
Denboran, Cordeliers karrikan bizi nintzen, eta gaurik sutsuenetan, oren erdia ematen nuen, jendetza zulatuz, 16. zenbakiko etxeko sarrerara heltzen. Gorputz saldo alkoholizatuak nazka hazten zidan eta beti erabakitzen nuen biharamunean ez nintzela aterako. Kuriositatea deliberoa baino azkarragoa zen eta kanpoan nintzen, Leonen deia entzun orduko.
San Izpiritun ohatzen naiz dagoeneko eta besta eremuan sartzeko zubi puntako kontrola hesia pasatzen dut, beso-muturreko zintatxo berdea erakutsiz, eta beharrean, moloza batek eskatuz gero, nortasun agiria ere bai. Santuen Santuan sartzeko baimena ematen didate, baina ez dut gehiago dirua gastatzeko gogorik.
Ivan Illichen arabera, hor kontra-produktiboa bilakatzen naiz.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.