"Espazioan inbertitzen denak itzulera du gure gizartean"

  • Zerura begiratzeak Lurra ezagutzen lagundu gaitzakela uste du Miren Karmele Gomezek, bertan aurkitu daitezkeelako gizakiak historian zehar eraiki duen pentsamendu eta teknologiaren gako asko. Kultura zientifiko hori zabaltzea du xede, eta horretarako ongi komunikatzearen garrantzia nabarmentzen du. Iruñeko Planetarioaren Izar Eskola du, besteak beste, eginkizun horretarako bide. 

Argazkia: Joseba Zabaltza

Zer egiten du komunikatzaile batek planetario batean?

Zientzia eta teknologiaren munduan bada nahi bat: orain arte egin izan den guztia gizarteari kontatzea. Gizakiak jakin behar du zientzialariak ez direla laborategian gauza arraroak egiten ari diren pertsona arraroak. Zientzialariak gizartearen arazoekin arduratzen dira, izan minbiziaz, izan erradiazioaz, edozertaz. Dena dago lotua: espazioan inbertitzen denak itzulera du gure gizartean. Eta hori kontatzeko erronka komunikazioan gabiltzanok dugu. Laborategietako ingeniari eta biologoek asko dakite haien proiektuez, baina ez da nahikoa jakitearekin, ongi kontatzen ere jakin behar da. Planetarioa da jakintza hori hedatzeko guneetako bat.

Zer da izar eskola bat?

Zerua ezagutzeko baliabide motibagarri bat da, eta zeruaren bitartez, hainbat gai azaldu ditzakegu, historia eta mitologiatik hasita. Gure burua aintzinako arbasoen garaian koka dezakegu, haiek zeruan zer ikusi zuten eta zeruak nola inspiratu zituen ulertzeko. Gaur egun ez dugu apenas zerura begiratzen, baina gure inguruan sortu dugun guztia pentsamendu horietatik dator, gizakiak gizaki denetik galdetu diolako bere buruari nor den eta zertan ari den mundu honetan. Izar eskola, beraz, oso baliabide transbertsala da, eta bertan sartzen dira filosofia, historia, mitologia, zientzia, fisika, distantziak, eskalak, astronautika…

Nor da hartzailea?

0tik 99 urtera arteko eskola da. Egia da lan egunetan eta goizez eskaintzen dela, astelehenetik ostiralera, eta beraz, eskolatik datozen ikasleak izaten dira gehienak. Baina izaten dira 3 urteko haurrak (horiek dantza eta antzerkiaren bitartez ikasten dute), 16-17 urteko gazteak, helduen irakaskuntzan dabiltzanak, etxeko langileak, jubilatuak… goiza pasatzeko modu dibertigarria da, eta ez dago inorentzat mugatua. Izar Eskolaren eskaintzan, azkenean, proiektatzeko hautatzen den pelikulak mugatzen du saioaren adina.

Argazkia: Joseba Zabaltza

Nola irakasten da zerua? Jolasa omen da oinarri.

Bai, baina kontuz jolas hitzarekin: halakoetan lasterka ibili eta saltoka aritzeko espazioa irudikatzen dugu, baina hemen jolasa beste modu batean egiten da. Badago formatu estandar bat: pelikula bat jartzen da hasieran, eduki eta gai ezberdinekin. Ondoren, zeruaren azterketa egiten da, egunean egunekoa: azaroaren 10ean etortzen bazara azaroaren 10eko zerua ikusiko duzu. Horrek errealitatearekin lotzen zaitu, planetarioan ikusitakoa gauean etxetik ikusi dezakezulako, lainorik ez bada. Bukaeran gaurkotasuneko gaiak lantzen dira. Jolasa pelikularik ez dagoen tarte horretan egiten da: hizlariak galderak proposatzen ditu, publikoarekin interakzioan dabil, eta harreman berezia sortzen da. Hor dago jolasa.

Zergatik da garrantzitsua eduki horiek barneratzea?

Oso azkar bizi garelako, eta laguntzen duelako bizi garen munduari testuingurua jartzen. Uste dut, modu xumean, jatorrira eramaten gaituela. Etxean garbigailua pizten badugu ez da magikoa delako, baizik eta norbaitek bere buruari galderak egin dizkiolako. Hor sartzen da argia, eta argia unibertsoaren sorreratik heldu da. Galderak egiteko tresna da, dena datorkigun bezala ez dezagun jaso, zalantzan jar dezagun. Espiritu kritiko hori da niri gustatzen zaidana.

Gure espezieak asko begiratu dio zeruari.

Asko, eta duela urte gutxira arte, beti. Duela 600 urte, gerrarik ez bazen, zer zegoen egiteko afaldu eta gero? Zein zen plana? Etxeko atarian solastu eta izarrak ikusi, ez zen besterik. Kultura eta zientzia, batzuetan, desberdintzat hartzen ditugu, baina kultura zientifikoa jasotzea eta horri balorea ematea da gure xedea.  

Lurrari begira gaude, zerura begira baino gehiago?

Lurrera begira goaz, telefonora begira. Hiru edo bost urteko haurren galderetan ikusten da gu baino askoz ere lotuagoa daudela inguruarekin, orokorrean. Badakite esnea ez dela sortzen supermerkatuetan, behietan dagoela.

Galdu al da espazioarekiko lilura?  

Gerra hotzaren garaian izugarrizko interesa egon zen, inoiz egin gabeko hori zelako gizakiaren hurrengo helmuga, lurretik ateratzea. Beharbada, orain arte hori lausotu da, baina aurten, zorionez, ilargira iritsi zeneko 50. urteurrenarekin, badugu aukera interesa pizteko. Espazioa, lehen, bakar batzuen kontua zen. Orain enpresa pribatuak hasi dira eremu horretan, eta horrek esan nahi du edonork duela aukera espazioa pixka bat ukitzeko, e-do-nork. STEM programan, planetarioan, CanSat proiektua garatu dugu, eta horren bitartez Euskal Herriko 80 ikasle baino gehiagok sortu dute haien satelitea, lata baten tamainakoa. Eta jaurti dugu, Los Arcoseko zirkuituan. Kilometro batera bota dugu, eta atmosferako datuak bidali dizkigu. Lehenago oso gutxiren eskutan zegoen, baina gaur egungo gazteek haien eskuez egiten dituzte sateliteak. Horrek, urte gutxira, sekulako iraultza ekarriko du mundura. Hor dago gaur eguneko lilura.

PLANETARIOAN KOMUNIKATZAILE
“Komunikazioan lizentziaduna naiz, eta diseinu grafikoa eta web sorkuntzari buruzko masterra ere egin nuen. Une batean, Iruñeko Planetarioak Izar Eskolan euskaraz ariko zen pertsona bat behar izan zuen, eta hala hartu ninduten. Fernando Jauregi eta Javier Armentia astrofisikariek formatu ninduten, Izar Eskolako saio horiek behar bezala eta zorroztasunez emateko. Bederatzi ikasturte eta gero, STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikei erreferentzia egiten dieten siglak, ingelesez) Planeta programa ere koordinatzen dut, gazteak kultur zientifikoan murgiltzera anima daitezen”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espazioa
Sateliteen gorakadari eusteko beharraz ohartarazi dute

Orbita baxuko sateliteentzako baimenak zorrotzago erregulatzeko beharraz ohartarazi dute aditu batzuek, Science aldizkarian argitaratu duten artikulu batean. Izan ere, dagoeneko milaka satelite daude espazioan, eta sekulako igoera aurreikusi dute.


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Indiako espaziontzia Ilargiko hego polora iritsi da

Herrialdea hego polora iritsi den lehena da, eta ilargiratu den laugarrena. Asteazkenean 14:34ean iritsi da.


Eneko Axpe. Martera begira.
“2025ean espero da lehen emakumea eta zuria ez den lehen pertsona ilargira heltzea”

Eneko Axpe Iza (Barakaldo, 1986) fisikari eta ikerlaria da NASAn, AEBetan, San Frantziskon. Lehen euskaldun fisikaria da NASAn. Musikaria ere bada, hainbat taldetan ibilia. Buru belarri ari da orain lanean; proiektu interesgarria du esku artean: ikertzen ari da nola elikatu... [+]


James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu dituzte

James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu dituzte: unibertsoari inoiz ateratako argazkirik sakonenak eta exoplaneta baten espektroskopia-datu zehatzenak. “Kosmosaren ikuspegi berri eta iraultzaile bat”, Bill Nelson NASAko administratzailearen... [+]


2021-04-25 | Unai Brea
Naiara Barrado Izagirre. Astroen behatzailea
"Dirua jarriz gero hogei urte barru Marten egongo gara, ziur"

Alboko orrialdean EHUren Ingeniaritza Eskolako teleskopioaren ondoan ageri da Naiara Barrado (Getxo, 1981), astronomoa eta Zientzia Planetarioen Ikerkuntza Taldeko kidea. Eguneroko lanean, ordea, ordenagailuko pantailari beha egon ohi da, Hubble teleskopioak espaziotik... [+]


Eguneraketa berriak daude