"Dirua jarriz gero hogei urte barru Marten egongo gara, ziur"

  • Alboko orrialdean EHUren Ingeniaritza Eskolako teleskopioaren ondoan ageri da Naiara Barrado (Getxo, 1981), astronomoa eta Zientzia Planetarioen Ikerkuntza Taldeko kidea. Eguneroko lanean, ordea, ordenagailuko pantailari beha egon ohi da, Hubble teleskopioak espaziotik bidalitako Jupiterreko datuekin lanean. Planeta kontuen dibulgazioa ere egiten du, eta Martera bidalitako Perseveranceren misioa izan dugu harekin hitz egiteko aitzakia.   

“Nik ere ez daukat argi zertarako joan behar dugun Martera, baina horrelakoak gara, esploratzaileak gara berez”.
“Nik ere ez daukat argi zertarako joan behar dugun Martera, baina horrelakoak gara, esploratzaileak gara berez”. (Argazkia: Hodei Torres)

Aurrez ere misio gehiago egin dira Martera gailuak bidaltzeko. Oraingo honek sona handiagoa izan du hedabideetan edo nire irudipena da?
Askotan galdetzen duzue, eta nik uste dut sentsazio hutsa dela. Momentukoak handiagoa dirudi beti. Batek baino gehiagok galdetu dit: “Zergatik da garrantzitsuagoa oraingo hau?”. Eta esango nuke Opportunity eta Spirit heldu zirenean ere kristorena izan zela. Bai, oraingoak gauza berriak ditu, teknologia hobea da, orain arteko handiena, noski. Adibidez, MOXIE izeneko gailu bat darama, Marteko karbono dioxidoa oxigeno bihurtzen saiatuko dena. Funtzionatzen badu, aukera izango dugu Marten oxigenoa sortu eta hemendik eraman behar ez izateko, gizakia hara iritsiz gero.

Galdera honen erantzuna elkarrizketetarako gida-liburuxkan idatzita edukiko duzue honezkero: benetan merezi du hainbesteko gastua egitea?
Niri ez zait “hainbestekoa” iruditzen. Beti esaten da “diru hori beste gauza batzuetarako erabiliko bagenu…”. Mars Express misio osoak 200 milioi euro balio izan zuen. Curiosityk, oraingoaren antzeko batek, 2.000 milioi euro. Eta Perseveranceren misioak antzera. Misio osoa: proiektua egitea, gailuak eraikitzea, bidaltzea… Dena. ESAren aurrekontua 7.000 milioi eurokoa da urtean. Eta NASArena, are  handiagoa. Baina ESA Europa osokoa da, eta Espainiako armadak, Espainiakoak besterik ez, 10.000 milioiko aurrekontua du urte baterako. “Armada gu babesteko sortua da ordea”, argudiatzen dute batzuek. Babestu, zeretik? Guk geuk eragindako gerretatik… Adibide gehiago: bankuak erreskatatzea 60.000 milioi kostatu zitzaigun. Eta beste neurri batean, begira diezaiogun futbolari: Athleticen urtebeteko aurrekontua 120 milioikoa da. Tira, ez da hainbeste. Baina Bartzelonarena, aurten, 1.000 milioira heldu da. Real Madridena, antzera. Bi horien urte bateko aurrekontuarekin, misio bat antola daiteke Martera gailuak bidaltzeko.

Argazkia: Hodei Torres

Ontzat emanda oraingo misio hauen helburuetako bat etorkizunean gu geu joateko bidea prestatzea dela, hurrengo galdera dator: zertarako demontre joan behar dugu Martera?
Nik ere ez daukat argi. Baina horrelakoak gara, esploratzaileak gara berez.

Haatik, ez dirudi asmoa denik hara heldu, “zer ederra!” esan eta argazki batzuk eginda etxera itzultzea. Kolonizatu, han bizi ahal izateko baldintzak sortu… Lurra izorratuko dugula eta hemen bizitzerik egongo ez dela aurreikusita.
Bai, hori guztiz absurdua da. Ahalmena badugu hango giroa eraldatzeko, Lurrekoaren antzekoa izan dadin, zergatik ez dugu hemengoa zaintzen? Errazagoa da han oxigenoa sortzea baino. Baina egia esan, ez dut uste hori denik hara joan nahi izatearen arrazoi nagusia. Ilargira joan ginen eta ez gara itzuli, beraz...

Alderdi etikoa albo batera utzita, ez gara oso baikorrak Martera heltzeko aukerez? Benetan joan gaitezke? Hogei urte barru, diotenez.
Hogei urteko epea ezartzea baikorregia dela uste dut, baina dirua jarrita lortuko genuke. Armstrong eta abar Ilargira joan zirenean, NASAren aurrekontua oraingoa baino askoz handiagoa zen. AEBetako presidenteak aurrekontua igotzea erabakitzen badu, hogei urte barru Marten egongo gara. Ziur.

Zer iritzi duzu Martera jendea bidaltzeko egitasmo pribatuez?    
Beldurra ematen didate horrelakoek, ustiapen handiegia dakartelako: ez gara nahikoa kalte egiten ari Lurrean, eta beste bat hondatzera joan behar dugu? Batzuen buruan badago asmoa behar den teknologia garatu, Marte eta Jupiter arteko asteroideetara joan eta hango mineralak ustiatzeko (platino ugari omen dago, besteak beste). Baina norenak dira asteroideak? Gai konplexua da. Izan daitezela halako bidaiak apur bat esklusiboak, kontrolatuak eta merezi duten gauzetarako. Baina nork erabakiko du horri buruz? Etxe Zurian dagoenak? Trump batek? Publikoa izateak ez badu gauzak ondo egitea bermatzen, libre uzteak are gutxiago.

Eguneroko jardunean, Marteri ez, Jupiterri begiratzen diozu zuk.  
Kanpoko hodeiei bakarrik.

Galdera bera berriro: zertarako?
“Zertarako aztertzen ditugu beste planeten atmosferak?” galderaren erantzun tipikoa hau da: “Gure laborategi naturalak dira”. Adibidez, Marten hondar eta hauts ekaitzak gertatzen dira. Lurrean ere bai, baina Martekoak askoz ikusgarriagoak dira, eta hangoei buruz gauzak ikasiz gero, agian, Lurrekoekin konparatuz, hemengoen mekanismoak ikasiko ditugu. Artizarrean berotegi-efektu ikaragarria dago. Hemen ere badugu, txikiagoa. Hangoa aztertuz ere hemengo gauzak uler ditzakegu. Eta abar. Jupiterri dagokionez, hango  ekaitz handiak behatzen ditugu. Guk egiten duguna oinarrizko zientzia da, eta horretan gabiltzan guztioi galdetzen digute “zertarako”.

 

Jupiterri begira, baina etxetik
“Bihar bertan aukera egonda ere ontzi batean sartu eta Jupiterren orbitaraino joateko, ez nuke bidaia hori egingo inola. Hiruzpalau urte joateko, beste horrenbeste itzultzeko (planeten kokapen egokia suertatuz gero)... Ezta pentsatu ere! Baina bestalde, nik neuk esan ohi dut, hitzaldietan-eta, Marte oso gertu dagoela; gainerako guztia hain urrun dago eta... Beharbada, uste dugu planetak benetan daudena baino askoz hurbilago daudela, fikzioak eraginda edo. Batzuetan galdetu didate  “zergatik ez goaz beste izar-sistema bateko planeta batera?”, eta kontua da Plutonera iriste hutsa oso-oso zaila litzatekeela. Hortik harago...”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espazioa
Sateliteen gorakadari eusteko beharraz ohartarazi dute

Orbita baxuko sateliteentzako baimenak zorrotzago erregulatzeko beharraz ohartarazi dute aditu batzuek, Science aldizkarian argitaratu duten artikulu batean. Izan ere, dagoeneko milaka satelite daude espazioan, eta sekulako igoera aurreikusi dute.


2023-08-24 | Ilargi Manzanares
Indiako espaziontzia Ilargiko hego polora iritsi da

Herrialdea hego polora iritsi den lehena da, eta ilargiratu den laugarrena. Asteazkenean 14:34ean iritsi da.


Eneko Axpe. Martera begira.
“2025ean espero da lehen emakumea eta zuria ez den lehen pertsona ilargira heltzea”

Eneko Axpe Iza (Barakaldo, 1986) fisikari eta ikerlaria da NASAn, AEBetan, San Frantziskon. Lehen euskaldun fisikaria da NASAn. Musikaria ere bada, hainbat taldetan ibilia. Buru belarri ari da orain lanean; proiektu interesgarria du esku artean: ikertzen ari da nola elikatu... [+]


James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu dituzte

James Webb teleskopioaren lehen irudiak eta datuak aurkeztu dituzte: unibertsoari inoiz ateratako argazkirik sakonenak eta exoplaneta baten espektroskopia-datu zehatzenak. “Kosmosaren ikuspegi berri eta iraultzaile bat”, Bill Nelson NASAko administratzailearen... [+]


Espazioa itxuraldatuko lukeen 'Starlink' proiektuaren kontra erresistentzia abiaturik du Normandiako herrixka ttipiak

Elon Musk munduko aberatsenak Marte planeta kolonizatzeaz gain, Starlink deitu makroproiektuarekin mundu guztian internet konexioa bideratzea du helburu. Horretarako, milaka sateliteren arteko “konstelazioa” osatzen dabil. Saint-Senier-de-Beuvron izeneko herrixkak... [+]


Eguneraketa berriak daude