“Erroko aldaketak planteatzen ditugu, eta instituzioek ez dute betetzeko borondaterik”

  • Urtarrilean utzi zuen Euskal Herriko Bilgune Feministako koordinazio-lantaldea Saioa Iraolak, hamar urtez aritu ostean, baina ez du erreta amaitu, eta pozik dago horrekin. Kontatu digunaren arabera, opari bat izan da azken hamarkadako jarduna: munduan egoteko eta horri begiratzeko leku bat eman dio militantzia feministak. Talaia horretatik hitz egin dugu bere ibilbideaz. 

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Saioa Iraola Urkiola (Leitza, 1987)

Gaztetatik militatu du mugimendu feministan. Kazetaritzako lizentziatura eta feminismo eta genero-ikasketen masterra egin ditu. Hainbat komunikabidetan kolaboratu du, besteak beste: Karrape Irratia, Info 7 irratia, Gaur 8 eta Ttipi-Ttapa aldizkariak. Formakuntza feministan ere ibili da, hitzaldiak ematen.

Oker ez banaiz, jaioterriak eragin handia izan du zure bide politikoan.

Ni leitzarra naiz, eta halako herri batean bizitzeak –herri ttiki batean, maskulinitate hegemonikoak eta tradizioak indar handia daukan toki batean– markatu egiten du neska gaztea. Adibidez, pilotari oso lotutako herria da:  7 urte geneuzkala, hiru neska hasi ginen aurreneko aldiz hango pilota eskolan, eta hor ikusi genuen, gure lekua aldarrikatzen genuen momentuan, zer erresistentzia agertzen ziren bai gaztetxoen aldetik bai gurasoen aldetik. Ez genuen ulertzen, baina guk gurean segitu genuen.

Leitzan bertan egin zenuten lehen ekintza.

Bai, Sarriopapel herriko paper-fabrikaren inguruan. 2008an, nik eta Jonek, beste kide batek, iritzi artikulua idatzi genuen Sarriopapeleko egoera salatzeko, LABeko Lurdesek lagunduta: 1976tik 40 urte zeramatzaten esku-lanerako emakumerik kontratatu gabe. 460 langile inguru zeuden enpresa hartan. LABek gaia aurrez enpresa barruan landu bazuen ere, gaia kalera ateratzea erabaki genuen, eta sozializazio lan handia egin genuen herrian, ea nola zitekeen han emakumerik ez kontratatzea esku-lanerako. 2011ko ekainean herriko eta eskualdeko emakumeen curriculumak biltzeko kanpaina egin genuen: 60tik gora bildu genituen, eta ekintza sinboliko bat eginez, lantegira joan eta han entregatu genituen. Egun horretan bertan hasi ziren emakumeei deitzen.

Arrakasta izan zenuten, beraz.

Bai. Uda horretan, hemeretzi emakume kontratatu zituzten, eta geroztik, urtero kontratatu dituzte emakumeak, udan lan eskaria areagotzen baita. Batzuek lanpostu finkoak dituzte.

Herriak berak nola hartu zuen?

Zurrunbilo handia sortu zuen. Azkenean instituzio ekonomiko horrek inpaktu handia du herrian, eta galdetzen ziguten ea nola egiten genuen horren kontra. Guk esaten genuen ez ginela horren kontra ari, baizik eta gure biziaren eta herriaren etorkizunaren alde, herriko eta eskualdeko emakumeek herrian bertan lan egiteko aukera izan zezaten.

Bilgune Feministaren koordinazio-lantaldean egin dituzun hamar urteotan, gauza asko gertatu da. Besteak beste, ETAk su-eten iraunkor eta egiaztagarria iragarri zuen. Zuen irakurketa aurkeztu zenuten.

Aieteko bake-konferentziaren aurretik, gonbidapen bat jaso genuen nazioarteko taldearen eskutik, eta bezperatan, igandean, haiekin bildu ginen. Guk, ordura arte, bi ildo landu genituen batez ere: alde batetik, uste genuen emakumeen parte-hartzea sustatu behar zela, bitartekoak jarri behar zirela emakumeek gatazka politiko-armatuaren konponbidean sortzen ziren egitasmoetan parte hartzeko. Beste alde batetik, iruditzen zitzaigun ikuspegi feminista txertatu behar zela gatazkaren beraren eta bakearen ezaugarritzean.

Argazkia: Dani Blanco.

“Hau ez da gure bakea” aldarrikatu zenuten, besteak beste.  

Batzuek esan ziguten ez zela momentua hori planteatzeko, baina gu interpelatzen ari ginen, eta mahai gainean jarri nahi genuen bakea ez dela soilik indarkeria jakin baten amaiera, gure herrian gatazka politiko armatua egon dela beste indarkeria batzuekin gurutzatua eta hala dagoela gaur egun ere. Horiek guztiak aintzat hartu eta horiei guztiei konponbide bat eman arte gure herrian bakerik ez da izango. Ez genion garrantzirik kendu nahi gertatzen ari zen horri, baina mahai gainean jarri nahi genuen gure ikuspegia.

Harrezkero bide bat egin da, ezta?

Bai, ikusten dut garapena egon dela. Prozesu honetan boterea eta dinamizatzeko zein parte hartzeko aukera izan duten hainbat pertsonatan garapen handia ikusi dut feminismoarekiko eta proposamen hauekiko, irekitasuna. Bestalde, Foro Sozialean genero-lantalde bat dago, kristoren lana egiten ari dena, Nik sinisten dizut kanpaina horren adibide. Orain dela zortzi urte ez zait iruditzen Euskal Herrian, mugimendu feministan, hainbeste feminista geundenik horretaz arduratuta, eta orain iruditzen zait baietz. Garapen handia egon da, eta positiboki baloratzen dut.

Zuen lanari esker ezagutu nituen Guatemalako feminista komunitarioak eta osatze feministari buruzko proposamena. Zer da hori?

Abya Yalako [Panama eta Kolonbiako kuna herriak, Kristobal Kolon iritsi aurretik, Amerikari eman zion izena] feminista komunitarioek landu duten proposamena da. Kolonizazioaren ondorioz, herri indigenek albo batera utzi zituzten ordura arteko beren mundu ikuskerak, eta horrek eragin die gorputzean, sinesmenetan, espiritualitatean… Baina indarkeria ez dator soilik “Ameriketako konkista” deitu zaion horretatik, lehenagotik ere badator, eta feminista hauek beren buruari galdetu diote, adibidez, ea beren herri indigenetan patriarkatua nola islatzen zen, eta horrek zer eragin duen beren gorputzetan. Hori guztia aintzat hartuta, feminista komunitarioak ari dira beren gorputzen dekolonizazio-prozesua egiten: mundua nola ikusten duten, nola ikusi nahi duten, beren gorputzekiko zer harreman duten, nolakoa nahi duten izatea... Hori guztia berreskuratzen eta berrizendatzen ari dira.

Nola heldu diozue zuek proposamen horri?

Gure ildo estrategikoetako bat da osatze feminista. Alde batetik, kontzientzia hartu dugu, eta gure buruari galdetu diogu ea Euskal Herriko historia politikoak nola eragin digun, guri, Bilgune Feministako militanteoi. Gauza askok eragiten digute: gatazka politiko armatuak, patriarkatuaren tresna den emakumeen aurkako indarkeriak, langile izateak, egoera prekarioek, lesbiana izateak… Horietaz guztietaz osatu nahi dugu, kolektiboan. Baina, horrez gainera, gure buruari galdetzen diogu: nola eragin digu Euskal Herrian gertatu zen sorgin ehizak? Emakumeen gorputzak erre ziren. Euskaraz bizi zen komunitate horretan ez geneukan libururik, eta erre zituzten gure gorputzak hain zuzen ere ez zegoelako libururik, eta gure gorputzetan zegoelako jakinduria, gure gorputzetan zeudelako erresistentziak… Eta zer irakurketa egiten dugu horretaz guztiaz? Nola eragin digu? Nola eragin zuen XVI. mendean modernitatea ezartzeak? Modernitate garaian, hemen planteatu zen estatu bat eta bakarra, pentsatzeko modu bat eta bakarra, hizkuntza hegemoniko bat eta bakarra, eta gure herrian kolonizatzaileak izan zirenak, ondoren, edo garai beretsuan, Abya Yalara joan ziren, eta gaur egun, oraindik ere, subjektu horiek dira gure herrian emakumeen gorputzak zapaltzen ari direnak, besteak beste.

"Mugimendu feminista espainola dela? Ez nago batere ados. Areago, mugimendu feministan egiten ari garen lanketa euskara dela-eta ez dira ari egiten beste mugimenduetan"

Baina aldi berean, mendebaldean bizi gara.

Bai. Europan bizi gara, Euskal Herrian bizi gara eta pribilegio-posizio bat dugu. Gure analisiak joan-etorria egin behar du, joana iraganera –bizi izan ditugun zapalkuntza horiek guztiak izendatzera eta horien jabe izatera–, baina etorkizunera ere bai. Gaur egun, euskal herritar bezala, neokolonizazio prozesu batzuen parte gara: esate baterako, Iberdrola zer ari da egiten Brasilen, eta guk nola egiten diogu aurre horri? Horregatik, feminismoak oso lotuta egon behar du eraldaketa sozial, politiko eta ekonomiko bati, guk hala sentitzen dugu eta hala bizi dugu. Neoliberalismoa egiten ari den gauzetan, adibidez mugak itolarri bihurtzeko erabaki horietan, posizio politikoa hartu behar dugu.  

Hortaz, feminismoaren beste lema bati helduta, bizitza jarri behar dugu erdigunean?

Bizitza erdigunean jartzeak ez du esan nahi bizitza letra larriz aldarrikatzea, esan nahi du bizitzaren aurrean posizio politiko bat hartu behar dugula, eta horrek esan nahi du beharbada ezin dugula egunero jan ez dakit nondik ekarritako piña edo platanoa. Eguneroko erabaki txikiei eman behar diegu daukaten dimentsio politikoa, daukan garrantzia, zeren bestela ezingo dugu Euskal Herria eraldatu feminismotik. Behar ditugu estrategia orokorrak, jakina, baina behar dugu egunerokoaren kontzientzia hartu, eta behar ditugu eraiki hurbileko afektibitateak. Egunerokoan gurutzatu behar dugu askotariko emakumeok eta herritarrok, eta ez baldin bagara gurutzatzen, ez baldin bagara parez pare begiratzen eta errekonozitzen, nekez sortuko ditugu aliantzak. Uste dut hori dela ezkerrak daukan erronketako bat. Ezin dugu hitz egin aliantza handiez, egunerokotasunean ogia erostera joaten banaiz eta nire ondoan dagoen iritsi berriari begietara begiratzen ez badiot.

Askotan, begietara begiratzeak ispilu egiten dizu, eta zure pribilegioaz ohartarazten zaitu. Baina dialogorako aukera sortzen denean, zuk ere aukera duzu momentu batean sentitzen duzun zapalkuntza, adibidez hizkuntza zapalkuntza, horren berri emateko eta enpatia ariketari bide emateko.

Hizkuntza aipatu duzu. Feminismoa euskaratik eta euskaraz sortzea da zuen beste erronketako bat.

Martxoaren 8an interpelatu gintuzten, mugimendu feminista espainola zela eta martxoaren 8ko Bilboko manifa espainola izan zela. Mugimendu feminista espainola dela? Horrekin ez nago batere ados, eta are gehiago esango dut: hizkuntzaren inguruan, eta euskara hizkuntza ez hegemonikoa den heinean, María Reimóndezek esaten duen bezala, mugimendu feministan egiten ari garen lanketa ez da ari egiten beste ezein mugimendutan, ez erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduan ez beste edozeinetan. Baina zer gertatzen da? Milaka pertsona biltzen garenean, gure herrietako errealitate linguistikoa agerian jartzen da. Hemen ez da salatu behar gure manifestazioa espainola izan dela, salatu behar da herri honetan politika neoliberal bat dagoela hizkuntzarekin, eta aldarrikatu behar ditugu euskara dohainik ikasteko eskubidea, programak, aukerak, euskalduntze masiboa: hori da aldarrikatu behar duguna, eta ez mugimendu feminista salatu espainola delako.

Argazkia: Dani Blanco.

Feminismoa boladan omen dabilen honetan, Euskal Herriko mugimendu feministak lortu al du mintzakide politiko bihurtzea?

Greba feministei esker, lehen feminismoa arrotz sentitzen zuten emakumeek gaur egun ez dute hain arrotz, eta kalera ateratzeko gogoa izan dute, beraien ezinegon eta injustizia-egoerei aurre egiteko. Beren lekua topatu dute mobilizazioetan. Baina mintzakidetza politikora salto handia dago. Gaur egun ez dugu lortu alderdi politiko batek edo sindikatu batek daukan gaitasuna mintzakidetza politikorako, eta are gehiago esango nuke, mugimenduaren egitura ez dago horri erantzuteko prest momentu honetan. Nolanahi ere, oso erraza da martxoaren 8an kalera ateratzea, baina gero errora jotzen baduzu, hor ikusten dira diferentziak. Euskal Herriko mugimendu feministak erroko aldaketak eta proposamenak planteatzen ditu, eta gaur egun instituzioetatik borondate hori ez dago, zeren gaur egun gure herrian instituzio askoren ikuspegia eskuineko ikuspegia da, eta manifestazioarekin bat egin dezakete, baina, gero, adibidez, ez dago barneko etxeko langileentzako arautegi bat, erregimen berezitutik kanpo, nahiz eta behin eta berriro eskatu dugun. Ez dago eskakizun errealak planteatzeko borondaterik.

Azaroaren hasieran egingo dira Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak. Lema: “Salda badago”.

Jardunaldi hauen helburu nagusia da mugimendu feminista indartuta ateratzea. Momentu honetan, emakume askok feminismoa bere egin dute, feminista gisa jarduten ari dira hainbat eremutan, baina militantzia aldatu egin da. Orain dela hamar urte baino militantzia likidoagoak bizi ditugu, eta testuinguru horretan, mobilizazioan jende asko gaude. Baina zer egitura, zer hezurdura du mugimenduak? Nik uste dut jardunaldi hauek behar-beharrezkoak direla, mugimenduaren egitura indartzeko eta militantzia osasuntsu eta bizigarri baten bidean urratsak emateko. Nik uste helburu nagusia dela agenda partekatua lortzea, desadostasunetik harago, horien jakitun izanda, jardunaldiak amaitu eta esatea: Euskal Herriko feministok bost helburu hauek dauzkagu eta bakoitza bere eremutan prozesu hauek bultzatzen arituko gara, eta eztabaida nagusi hauek dauzkagu. Hori mundiala izango litzateke. 

Azken hitza: Hamar urtean, hamaika mugarri

“Elkarrizketan aipatu ditugu batzuk, baina Iraolari galdetu diot ea zer nabarmenduko lukeen hamar urte hauen ostean, eta labur erantzuteko eskatu. Besteak beste, hauek aipatu ditu: mugimendu feministaren barruan, desadostasunak desadostasun, aliantza politikoak eta afektiboak egiteko borondatea eta aldarte ona egon dela; Aieteko bake konferentziak aukera berri bat ireki duela Euskal Herriarentzat eta bertako feminismoarentzat; ahalegin handia egin dela euskaratik eta euskaraz feminismoa teorizatzeko eta praktikan jartzeko; feminismoa profesionalizatu eta instituzionalizatu dela; militatzeko moduak aldatu direla; sexu-identitateak politizatzeko eta gorputzak politizatzeko lan handia egin dela –lesbianismoa, transexualitatea...– eta, Emakumeen Mundu Martxari esker, apustu handi bat egin dela, Euskal Herriko feministen posizioak ezberdinak izan arren, elkarrekin lan egiteko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
“Migratzaileak autoan hartu eta Polizia egon zitekeen errepideak saihestuta eramaten nituen”

Pertsona migratzaile asko eraman ditu Aritzek bere autoan, Poliziak ez ditzan harrapatu, gaueko iluntasunean ez daitezen galdu eta batetik bestera seguru ibili daitezen. Bereziki gogoan ditu Irundik Hendaiara muga gurutzatzen lagundu eta etxean lotan izan zituen emakumea eta... [+]


2024-09-16 | ARGIA
Emakumeek gose greba hasi dute Irango espetxeetan, Aminiren hilketaren bigarren urteurrenean

Narges Mohammadi Bakearen Nobel Saridunak eta beste 33 preso politikok gose greba hasi dute irailaren 15ean. Gaur, irailak 16, bi urte dira Mahsa Amini emakume kurdua Irango Poliziaren jipoiaren ondorioz hil zela. Buruko zapia gaizki jarrita eramateagatik atxilotu zuten.


Ugalkortasunarentzat sendabelarrik ez

"Kaixo Garbiñe! Asko gustatzen zait egiten duzuna. Ugalkortasunarentzat sendabelar baten bila ari naiz baina zure liburuan ez dut aurkitu. Bizi naizen lekuan inork ez daki horri buruz”. Mezu hori jaso nuen hilabete dela Instagrameko pribatutik eta eragin... [+]


Olatz Dañobeitia
“Deigarria egiten zait euskal gatazkarekiko ikerketa mailan dagoen isiltasuna eta baliabide falta”

Martxoan aurkeztu zuen Olatz Dañobeitiak azken zortzi urteotan garatu duen lana, Militantzia eta errepresio politikoaren azterketa feminista bat: 90eko Ezker Abertzaleko emakumeen kasua tesia. Horren aitzakian, horretan sakontzeko, bildu gara Lekeition berarekin... [+]


Gorputz hotsak
“Oso arriskutsua da pentsatzea edonork irakatsi dezakeela zeinu hizkuntza”

Sarean lan egiteko elkar entzutea eta errespetatzea “nahitaezkoa” da Aitor Bedialaunetarentzat (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioko presidentea zeinu hizkuntzaren kalitatea zaintzearen garrantziaz mintzatu da. Salatu... [+]


Zerbait mugitzen hasi da Hondarribian

Hondarribiko jai egun handian, Alarde tradizionalak eta Jaizkibel konpainia parekideak bat egin behar zuten lehen aldiz abiapuntuan, baina argazki hori saihesteko, tradizionaleko konpainia guztiak berandu joan dira hasiera puntura. Plantoak planto, ordea, lehen aldi ugari bizi... [+]


PiztuPower Nafarroako afrikar jatorriko emakume gazteak aktibismoan trebatzeko proiektua

Munduko Medikuak PiztuPower proiektu "eraldatzailea" abiarazi du, Nafarroako emakume afro-ondorengo gazteei laguntzeko eta aktibismoan trebatzeko etengabeko formakuntzaren bitartez.


“Orain arte alarde baztertzaileak okupatuak zituen espazioak partekatzen hasi beharko dira”

Hondarribiko Alarde tradizionala eta Jaizkibel konpainia desfilatzen aterako dira, urtero bezala, irailaren 8an. Baina orain arte EAJk gobernaturiko udala Abotsanitzek eskuratu du eta egin dituen aldaketek hautsak harrotu dituzte Alarde tradizionalean. “Konpainia guztiak... [+]


Eskoletan eduki sexualeko irudi faltsuak zabaltzen ari direla salatu dute Hego Koreako feministek

Neska gazteak agertzen dira irudietan eta Telegram bidez zabaltzen dituzte. Irailaren 1ean kanpaina bat abiatuko dute sare sozialen bidez, gobernuak neurriak hartu ditzan.


Gorputz hotsak
“Desgaituontzat oso gertu eta oso urrun dago itsasoa”

Sentsibilizazio saioen, hitzaldien eta sare sozialen bidez aktibismo antikapazitista egiten du Juncal Cepedak (Irun, Gipuzkoa, 1986). Txikitan ez du erreferente desgaiturik izan, eta besteei laguntzeko eta erreferenteak sortzeko egiten du dibulgazioa. Sare sozialen bidez,... [+]


2024-08-26 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


Tanpoiek metalak dituztela frogatu dute; tartean, beruna eta artsenikoa

Lehen aldiz, ikerketa bat egin dute tanpoiek metalak ote dituzten ikusteko. Izan ere, metal batzuk toxikoak dira, baina AEBetako, Europako eta Erresuma Batuko legediek ez dute horri buruzko araudirik.


Gasteizko jaietan izandako bi bortxaketak salatu dituzte

Bi bortxaketa eta beste sei erasoren salaketa zuzenak jaso ditu Gasteizko Mugimendu Feministak. Elkarretaratzea egin du erasoak salatzeko txosna gunean, ostegunean. Gasteizko Udalak elkarretaratzea ostiralean 11:00etan egin du. Erasoen harira ez dute inor atzeman, momentuz.


Eguneraketa berriak daude