Bea Casado Baides jatorria Alacanten duen euskal herritarra da. Hegoa institutuaren kooperazio masterrak ekarri zuen Bizkaira 2007an. 2012 eta 2015 urte artean Brasilen bizi izan zen, Lurrik Gabekoen Mugimenduaren (MST) borroketan eta ekimen formatzaileetan murgilduta. Bizipen horietan oinarritzen da iragan urrian EHUn aurkeztu zuen tesi mamitsua. Tesia itxita egonik ere, ez zaizkio itzali Brasilen ikusi eta ikasitakoak zein formazioarekiko interes grinatsua.
Zazpi urtetako lan luzearen ostean, berriki aurkeztu duzu tesia. Zer ikertu duzu?
Ikergaia La Via Campesinako (LVC) antolakundeen formazio prozesuak dira. Alde teorikoan nekazaritzako elikagaien sistema aztertu dut, mundu mailan zein Euskal Herrian. Neoliberalismoa territorioaren eta elikadura sistemaren dominazioan sakontzen ari da, jabetza nazioarteko enpresa gero eta gutxiagoren eskuetan pilatuz. Horretarako zer modu erabiltzen dituen aztertu dugu, eta zer ondorio dakarkion nekazal munduari. Bestetik, LVCko laborarien mugimenduek kapitalaren erasoaldiari nola erantzuten dioten ikertu dugu: erresistentzia, territorioa disputatzea eta prozesu askatzaileak dira oinarria.
Alde enpirikoan LVCren Hegoamerikako antolakundeen formazio ereduak eta proposamen pedagogikoak aztertu ditugu. Zehazki Brasilgo MSTrenak eta Estatu mailako bere eskola nagusiarenak ―Florestan Fernandez eskola (ENFF)―. Hegoamerikako antolakundeak eta horien barnean MST eta ENFF abangoardia dira arlo horretan.
Euskal Herrira etorriz, Baserritik Mundura ikastaroaren ibilbidea deskribatu eta aztertu dugu. Euskal esparru unibertsitarioan pilotua den esperientzia hezitzailea da, ENFFren eta MSTren metodologia duena oinarri.
LVCko antolakundeentzat hezkuntzaren eta formazio politikoaren arloa borroka esparru estrategikoa da. Zergatik?
Nekazarien antolakundeen testuingurua sakonki eraldatu da. Asko tokiko botere oligarkikoen aurka borrokatzeko sortu ziren iraganean, eta egun aktore sare nahasi bat da aurrez-aurre dutena. Oso sare konplexua da, hari industrialak, finantzarioak, politikoak, komertzialak, juridikoak, mediatikoak edota militarrak ere txirikordatzen dituena. Alde materiala du ―lurren, itsasoen edo hazien metatzea kasu―; baita immateriala ere ―jakintzak, ideologiak, dimentsio kulturalak eta beste―.
Konplexutasun horrek azaltzen du azken hamarkadetan formazioari zentraltasuna eman izana, ulertzeak formazioa eskatzen baitu. Aldi berean, antolakundeen estrategiek sustatzen dute konplexutasun hori: agroekologia eta elikadura burujabetza ez dira nekazaritzara mugatzen, jendarte eraldaketarako proposamenak dira. Sistema kapitalistaren aurkako borroka da, baina baita kapitalismoarekin bat egiten duen gainontzeko sistemen aurkakoa ere: patriarkatua, kolonialismoa, antropozentrismoa.
Formazioari betekizun zehatzagoak ere aitortzen dizkiote. Antolakundeen eta horien kideen sendotzea; artikulazioak eta aliantzak sustatzea; edo pizten dituzten borroken mugak eta kontraesanak identifikatzeko gaitasuna garatzea. Horrez gain, zenbait testuingurutan ―nagusiki gobernu aurrerakoiekin― hezkuntzaren baliabideak eta espazio publikoak borrokatzeko aukera zabaldu dezake.
Zeintzuk dira formazio eta pedagogia eredu horren oinarriak?
LVCren formazio prozesuak hezkuntza eredu ofizialetik oso urrun daude, eredu horrek ez dielako balio. Antolakundetik agronomo bat unibertsitatera joan, eta zer jasoko du; eredu hegemonikoa, agroindustriaren negozioari loturikoa. “Gure antolakundeak eta gure agenda politikoa sendotzeko formazio prozesu erabilgarriak behar ditugu”, hausnartzen dute. Eta konturatzen dira horretarako edukiak ez ezik moduak ere eraldatu behar dituztela: eredu integrala eta bizipenari lotua, eraldaketak sustatuko dituzten pertsonak ere eraldatuko dituena aldi berean. Gakoetako bat da hori: metodologiak parte hartzaileen subjektibotasun politikoa ukitu behar du.
Formazioaren beste kontzepzio bat eraikitzen joango dira, praktikatik. Heziketan dimentsio politikoa, kulturala eta emozionala uztartzen dituzte, arlo pertsonalean zein kolektiboan. Borondatea, konplizitatea, baloreak, elkar-zaintza, nortasun kolektiboaren eraikuntza, inplikazio emozionala, hori dena landu egiten da.
"Agroekologia eta elikadura burujabetza ez dira nekazaritzara mugatzen, jendarte eraldaketarako proposamenak dira"
2009an printzipio komun batzuk adostu zituzten, bakoitzaren esperientzia praktikoen trukaketa prozesu luze baten ostean: formazioak proiektu politiko estrategikoari lotuta egon behar du eta antolakundearen borrokak indartu; abiapuntua laborarien praktika soziala izan behar du, praktika-teoria lotura ziurtatzearren; formazio prozesua etengabea da, une eta espazio guztiek dute potentzial formatzailea ―bilera bat, mobilizazioak, topaketak, une informalak, irakurketak...―; metodoek sortzaileak, kolektiboak, alaiak, ahalik eta horizontalenak izan behar dute, “formak formatzen” baitu; formazioak pertsonen dimentsio ezberdinak garatu behar ditu.
Euskal Herria nagusiki hiritarra da: LVCren proposamen pedagogikoek eta formaziozkoek interesik al dute herri mugimendu hiritarrentzat?
Bai, handia. Printzipioen metodo ireki bat dela presente izanik beti, horiek errealitate bakoitzean nola aplikatu erabaki behar da. Ez da metodo hezitzailea soilik, metodo antolatzailea eta politizatzailea da aldi berean, mugimendu herritarra sortzeko potentzialtasun handia duena. Printzipio orokor gehienak herri-pedagogiatik datoz, hortaz, prozesu eta harreman askatzaileak eraikitzeko nahikaria duen edozein antolakundek, prozesuk edo espaziok zer ikasia du metodo honetatik. Asko dira ENFFtik pasa diren edo MST eta LVC inspiraziotzat dituzten mugimendu urbanoak.
Hain zuzen ere, uste dut formazio politikoa birpentsatu beharra dugula Euskal Herrian, eta horretan daude hainbat mugimendu. Aipaturiko Baserritik Mundura esperientziaz gain, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Emagin, BiziLur eta IPES ari dira, besteak beste, ikusmolde politiko-pedagogiko hori lantzen.
Zure lana gurutzatzen duen beste kezka bat herri mugimenduen eta unibertsitatearen arteko harremana da, jakintza herrikoi eta akademikoen artekoa.
Ardatz herritar eta nekazaria duten esperientzia hauek eredu hezitzaile ofizialarekiko kontrajarriak dira. Unibertsitatea-mugimenduak harremana nola planteatzen duten interesgarria iruditzen zait. Hemen ez gaude ohituta harreman hori gaitasun eta jakintzen osagarritasun eta horizontaltasunean garatzen: aitortuz antolakunde soziala subjektu pedagogikoa dela, jakintza sortzen duena, akademikoa bezain baliagarria.
"Nekazarien mugimenduek lortu dute euren militanteak esparru publiko ofizialera heltzea edo alfabetatzea. Baina are garrantzitsuagoa: euren metodologiekin egitea lortu dute"
MSTn ezagutu ditudan esperientziek hori planteatzen dute, hezkuntza publikoa disputatu beharreko territorio bezala ulertuta beti ere. ENFFk 40 unibertsitate publiko baino gehiagorekin ditu formazio prozesuak eta ikastaroak hitzartuak. Brasileko nekazari mugimenduen borroka prozesu luze baten emaitza da hori, PRONERA izeneko hezkuntza politika publikoa erdietsi zuena. Unibertsitate eta bestelako erakunde hezitzaile ofizialen eta mugimendu herritarren arteko hitzarmenak ahalbidetu ditu; ofizialak, aurrekontuetako partidekin. Nekazarien mugimenduek lortu dute euren militanteak esparru publiko ofizialera heltzea edo alfabetatzea. Baina are garrantzitsuagoa: euren metodologiekin egitea lortu dute. Orain Bolsonarorekin arriskuan dago hori guztia.
Emaitzak askotarikoak dira, prozesu bakoitzean ezberdinak. Harremana gatazkatsua da, ez da erraza: unibertsitatean MSTko irakasleak edo horren aliatuak daudenean eredua bermatuago dago; beste batzuetan eredu hegemonikoa inposatu da gehiago. Ni Brasiliako campuseko graduondo batean egon nintzen eta han LVCren metodologia erabiltzea lortu zen, ikastaroak unibertsitate kanpotik zein barnetik eraso ezberdinak jasan arren.
LVCrena eta unibertsitatearena bi logika kontrajarri direla diozu, ez direla uztargarriak. Zer jarrera izan behar du herrigintzak: espazioa disputatu, hura konfrontatu, bertatik desertatu?
Denetarik pixka bat egitearen aldekoa naiz. Disputatu beharra dugu, ahal den neurrian eta zaila izango denaren jakitun; konfrontazioa eta salaketa beharrezkoak dira; espazio autonomoak eraiki behar ditugu.
Tesian “latifundio akademikoa” aipatzen duzu. Euskal Herrian ere existitzen da?
Bai. Ez dira existitzen zentzu eta praktika hezitzaile ezberdinak esparru unibertsitario ofizialean. Bat eta bakarra dago, bankaria, non irakasleak duen jakintza eta transmititzen duen, non unibertsitateak harreman hori bera duen jendartearekin, dimentsio arrazional-kognitiboa soilik lantzen duena ―bost axola porru eginda baldin bagaude emozionalki―. Nekez aurkituko duzu mahaiak eta aulkiak mugitu daitezkeen ikasgelarik; horrek soilik asko esaten du. Kasualitatez zer edo zer ezberdina egin nahi duen irakasle bat aurkitzen baduzu, oasi isolatua da.
"Euskal Herriko unibertsitateetan nekez aurkituko duzu mahaiak eta aulkiak mugitu daitezkeen ikasgelarik"
Unibertsitatea gero eta merkaturatuago dago. Enpresak dira egun ikerketa gaiak finantzatzen eta erabakitzen dituztenak, botere publikoen gainetik. EHUren “formazio eredu duala” hori da: duala enpresekin batera, ez mugimendu herritarrekin. Hor bai gertatzen dela horizontaltasun handiagoa: “enpresaren jakintza kontuan hartu behar da eta gure gaitasunak batu behar ditugu helburu komun baten mesedetan”. Antolakunde sozial batekin ez duzu horrelakorik ikusiko.
Ahots ugarik diote etorri badatorkigun jendarte ereduak errealitate latinoamerikarrekin antzekotasunik izango duela. Zer ikasia dugu hango borroketatik?
Harritzen nauen gauzetako bat antolakundeen antolakuntzarako ahalegina eta gaitasuna da: ezberdinen artean aliantzak sortzeko gaitasuna, etsai komun baten aurka egiteko puntu komun gutxienekoak adostekoa. Horretan Latinoamerikako mugimendu herritarretatik zer ikasi asko dugula uste dut. Ikuspegi estrategikoa, testuinguruaren analisirako eta datorrena aurreikusteko gaitasuna han asko lantzen duten beste gauza bat da, eta hemen gutxiago. Konpromiso militantea eta internazionalismo politikoa sortzeko gaitasuna ere, konpromiso hauskor eta likidoen garaiotan: antolakundearekin konpromisoa daukan jendeak ez dizu huts egingo. Ez da eredu hau: “bi edo hiru militantzia ezberdin ditut eta uneren batean kolapsatu egiten dut”, hori landu egiten da. Formazio politikoa ulertzeko moduaz ere badugu zer ikasia. Esperientziak eta borrokak sistematizatzeko gaitasunaz beste horrenbeste. Nola aldarrikatuko dugu jakintza kolektiboen sortzaile garela ez baditugu gure praktikak sistematizatzen? Latinoamerikan mugimendu askok bai egin dutela, beraien oinarrientzako material propioa sortzen dute, argitalpenak, analisiak...
Azpeitiko Elkar-ekin taldeak protesta ekintza egin du asteazken gauean. 1.000 kilo obra-hondakin utzi dituzte bankuko sarreran, hildakoak irudikatzeko panpinak jarri eta porlanez zikindu dute egoitza.
Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.
Grabagailuari stop eman eta segituan galdetu dit Oiherrek: “Transkribatzean mantenduko duzu euskalkia?”. Baietz nik, batuaren mugek uzten didatenaren barruan baietz. “Arras inportantea da niretako”. Dutxa hartu eta Elizondora eginen du berriz, Aroztegiko... [+]
Lagun marika batek deitu dit galdetzeko nola salatu dezakeen hurrengoa: joan zen Akarlandara, EHUren parean dagoen parkera, eta komun publikoetan bi tiporekin zegoela, udaltzainen bizpahiru kotxe agertu ziren super azkar, poliziak sartu ziren komunera borrekin hormak kolpatzen,... [+]
Javier Escudero Pascual (Iruñea, 1979) “poz-pozik” dago erretiroa hartuta nahi beste gauza egiteko astia duelako. Nafarroako Aspace kirol klubeko motordun aulkiko futbol taldeko jokalaria da. Duela urtebete sortu zuten taldea, eta hirugarren geratu dira... [+]
Irungo Alarde Parekidean sortu berri den Meaka konpainiako kapitaina da Nagore Olaskoaga. Alarde Tradizionala vs. Parekidea, “kopuruak direnak dira, baina oso pozik gaude gazte askok eta askok hartzen dutelako parte Alarde Parekidean, eta beraiek dira gure herriaren oraina... [+]
Animalia-etikaz mintzatuko dira EHUko ikastaroetako batean. Leire Morras Aranoak, ikastaroaren zuzendariak, hezkuntzan antiespezismoa lantzeko dauden hutsuneak eta aukerak nabarmendu ditu.
Ondo Etorri Laudio Harrera Herria sortu dute, kale egoeran bizi diren pertsonen “bidelagun” izan eta “mugimendu arrazista zein xenofoboen aurka” borrokatzeko. Eskualdeko ikuspegiarekin landu nahi dute gaia, eta “lanean” jartzeko deia egin... [+]
Ekainaren 14an egingo da Hernanin San Juan jaiak iragartzen dituen 30. Preludio kontzertua. Aurten emakume bat izango du zuzendari musikal: Judith Montero Imaz. Behin batuta hartuko, eta emakumeek musika ondarean egindako ekarpena ekarri du fokupera. Berarekin eta Hernaniko... [+]
Señora Sariketaren V. edizioa izan da 2025ekoa, benetan berezia: aurtengo bertsolari parte-hartzaileak plazak utziak zituzten andre eta genero disidenteak izan dira. Binaka egin dute plazara itzulera, saioetarako giro goxo eta xamurra lagun.
Larunbateko manifestazio jendetsuaren ondoren, erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku mugimenduko bozeramaile Josu Etxaburuk eta June Romatetek agerraldia egin dute Donostian. "Euskal herritar gehienak ordezkatzen dituzten erabaki eta adostasunak" lortzeko,... [+]
Neska transexual baten ama, haurtzaroan bere genero identitateagatik bullyinga jasan zuen gizona edota LGTBI kolektiboko nikaraguar erbesteratua ezagutu eta horietakoren batekin bizipenak partekatu eta solastatu nahi duenak aukera izango du datozen egunetan Nafarroako sei... [+]
Milaka pertsona batu ziren larunbatean Bilbon, Euskal Herri libre eta burujabea eraikitzeko aldarrikatzeko. Ikurrinez eta Nafarroako banderez bete zuten Autonomia kalea arratsaldeko mobilizazioan.
Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko asmoz azoka berria jarri du martxan Iruñeko Udalak, INTIA-Reyno Gourmetekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), Elikagai Artisauen Elkartearekin eta Bizilurrekin... [+]