Hondarribiko ikasleek ametza zuhaitzaren haziak ernaltzen lagundu eta ondoren Jaizkibelen landatu dituzte, bertako basoa pixkanaka berreskuratu dadin; mendiaren hiru dimentsioko maketa ikusgarria ere osatu dute; eta Jaizkibelen kokatutako hirigintza plan bat asmatu dute irakasleek, bertako ekosistemez eta mehatxuez gogoetatu dezaten gazteek. Herriko mendia izan dute ikasketarako oinarri eta ardatz.
Otsaila bukaera da eta Ameztu Jaizkibel egitasmoari amaiera ederra eman diote ikasleek: ernaldutako ezkurrak landatu dituzte mendian, etorkizunean zuhaitz sendo eta handi bihurtu daitezen. Zehazki, ametzaren ezkurra da landatu dutena. Hondarribiko Talaia institututik oinez joan dira, landaketarako prest dagoen 15 x 15 metroko soiluneraino. Zientzia Aplikatuetako hamabi ikasle dira, gero ziurrenik erdi-mailako moduluren batera edo Lanbide Heziketara joango diren ikasleak, maiz euren burua ikasle txartzat dutenak. Beraientzat ardura eta motibazio estra izan nahi du egitasmoak. “Hau gozada” diote, aitzurra gogor astinduz.
Jaizkibelgo eta Aiako Harrietako basozainak izan dituzte laguntzaile. 70 ametz landatu dituzte, Iker Luarizaierdi Jaizkibelgo basozainaren argibideak jarraituz: “Ez ditugu lerrotan landatuko, nahi dugulako baso naturala izatea, eta nahastuta sartuko ditugu, nahieran”. Lur-azala garbitu, orbela kendu, aitzurrarekin zuloa egin, lurra harrotu, landarea egoki ezarri eta lurraz ongi estali behar dute, landarea finkatzeko. “Dagoeneko sustraia duten zuhaixka txikiak landatuko ditugu, hobeto errotzeko; denak ez dira aurrera aterako, baina hori lehia naturala da”.
Gizakiak eskua sartu ez balu, Jaizkibelen %89ak ametza izan beharko luke, baina gaur egun eremuaren %8a baino ez da
Aranzadi Elkarteko Anais Mitxelena ere bertan da. Azaldu du gizakiak eskua sartu ez balu Jaizkibelen %89ak ametza izan beharko lukeela baina gaur egun eremuaren %8a baino ez dutela hartzen ametzek. Egun, Jaizkibelen %12 bakarrik da basoa eta beste %25 landaketak: batik bat pinua eta gaztaina landatu izan dira, monolaborantza sustatuz –apenas dagoen beste zuhaitz motarik–. Ikasleek klasean ikusi dituzte basoaren eta landaketaren arteko ezberdintasunak. Ustiapena –eta etekin ekonomikoa– helburu izan ohi duten landatutako zuhaitzen aldean, baso naturalak hobeak dira bertako flora eta faunarentzat, baita klima aldaketari aurre egiteko ere. Ezkur landaketari esker, ikasleek badakite Jaizkibelgo ametzen basoa berreskuratzen lagunduko dutela, gizakiaren esku-hartzea beti ez baita kalterako.
Joan aurretik, ametz zuhaixketako bat gorde dute, ikastetxeko lurretan landatzeko.
Nola zaindu ezkurra, ernaldu dadin?
Ameztu Jaizkibel ekimena hilabete batzuk lehenago abiatu zuten ikasleek, urrian: ezkur bila joan ziren Jaizkibelera. Orduan ere, Luarizaierdi basozaina izan zuten gidari, eta bere ofizioaren nondik norakoez, Jaizkibelgo animalia eta landareez, mendia babestuta egotearen arrazoiez, ametzen eta haritzen arteko ezberdintasunez... aritu zitzaien. Bertatik bertara duten basoa ezagutzeko eta laginketa bat nola egin ikasteko balio izan zien ikasleei. Hurrengo hilabeteetan, bildutako ezkurrak ikastetxean ernaldu zituzten, astean zehar ezkurrak behar bezala bustiz, arrak ateraz gero garbituz, lehortzen ziren haziak botaz... Baina ametzaren kasuan ezkur urte txarra izan da, gutxi eta kalitate txarrekoak ziren, eta erabaki zuten Jaizkibelera bueltatzea haritzaren ezkurrak biltzera. Ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoko ikasleengana (12-16 urte) zabaldu zuten hazien zaintza eta segimendua egiteko ardura, eta metodo berri bati ekin zioten: hondar hezean ezkurra sartu eta frigorifikoan 4 gradutan mantentzea, negua imitatuz. Horrela bai, ezkurrak ernaltzea eta sustraia botatzea lortu zuten.
Ikasleen artean interesa eta inplikazioa nabaria izan dela dio Izaskun Zenoz irakasleak, behin proiektuarekiko lotura sortzen denean, balioa eta zentzua ikusten diotenean, konpromisoa datorrela segidan: “Neguko oporretan haziak zaintzeko ez zela inor egongo eta kezkatuta zeuden ikasleak, etxera eramateko prest ere agertu ziren. Azkenean, negutegia egitea otu zitzaien, zirriborroa landu eta Teknologiako ikasgaian negutegi txiki bat muntatu zuten, oporrak iraun bitartean lorontziak bertan sartzeko. Plastikoan zulo batzuk eginda, euri ura jasotzen zuten haziek, itotzeko arriskurik gabe. Bi astetan egindako negutegi arrunta zen, baina helburua lortzeko nahikoa, eta borondatez eta ilusioz eraikia”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Urnietan duen haztegira eraman zituzten ernaldutako ezkurrak, hurrengo urtean basozainek landatu ditzaten. Trukean, iaz bildutako eta haztegian ernaldutako ametzaren ezkurrak jaso zituzten ikasleek, Jaizkibelen otsailean landatu zituztenak.
Izaskun Zenoz: "Oporretan haziak zaintzeko ez zela inor egongo eta kezkatuta zeuden ikasleak. Azkenean, Teknologiako ikasgaian negutegi txiki bat muntatu zuten, oporrak iraun bitartean lorontziak bertan sartzeko"
Gustuko esperientzia izan dela diote Jon Arrieta eta Amaiur Barron ikasleek: “Ikasi dugu hazia nola mantendu eta zaindu, frustrazio momentuak ere izan ditugu, pentsatzen genuelako zenbat eta ur gehiago bota hobe izango zela, baina ez da hain sinplea, alternatibak bilatu behar izan ditugu…”. Behin eskola bukatuta itzuliko al dira, landaturiko zuhaitzak bisitatzera? “Jakina!”, erantzun digute.
Hiru dimentsiotan inprimatzen
Teknologia ikasgairako ere aitzakia aproposa eman dio Jaizkibelek Talaia ikastetxeari: mendiaren maketa osatu dute hiru dimentsioko inprimatzailearekin. Iraitz Zuazabeitia eta Eder Valladares irakasleek gidatuta, Gipuzkoako Diputazioak puntu bakoitzaren geoposizioa duela aprobetxatu eta informazio hori guztia interpretatzen, datuak prozesatzen dituen softwarea erabiltzen, bolumena ematen, hiru dimentsiotan inprimatzen, maketa muntatzen… ikasi dute gazteek. “Bestelako gaiak lantzeko ere balio izan digu, adibidez zergatik sortzen den olatua gune jakin batean, zergatik dagoen kasinoa hemen eta ez hor…”, dio Valladaresek. Datuak behar bezala sartzen jakitea, inprimatzailea erabiltzen asmatzea eta lauki-sare guztiak osatzea ordu askotako lan konplexua izan da. Metro bateko luzera eta 75 zentimetroko zabalera duen maketa burutzea abentura izan da denentzat. “Ez dut uste Jaizkibelgo tamaina honetako maketa askorik egongo denik eta guretzat ere ikasketa prozesu handia izan da halako inprimatzaile batekin aritzea, mundu berri bat”.
Jatetxea, etxebizitzak eta kaia Jaizkibelen
Izaskun Zenozekin batera, Amaia Agirre, Maier Gereka eta Iñaki Sanz-Azkue aritu dira Biologiako irakasle. Guztien artean, beti ere Jaizkibel ardatz hartuta, unitate didaktiko bana osatu dute DBH1 (11-12 urte) eta DBH4 (15-16) mailetako ikasleentzat. Helburua, bertako ekosistemak, fauna eta flora ezagutzea, eta ezagutza horrek bestelako lotura batzuk sortzea, Jaizkibel eta oro har natura kontserbatzeko beharraren inguruan. Unitate didaktikoek arazo erreal bat izan dute abiapuntu: imajinatu Jaizkibelgo kostaldean (Justiz eremuan) jatetxea, etxebizitza batzuk, barkuentzako kai txiki bat, bertara iristeko errepidea, ura iristeko kanalizazioa eta haurrentzako parkea egin nahi duela promotore pribatu batek eta administrazioak biologoen iritzia eskatu duela, baietz ala ezetz erabakitzeko. Bada, ikasleek jokatu dute biologo rola. Prozesua dinamika ugaritan oinarritu da: hala nola, taldetan informazioa bilatzea, elkarri aurkeztea, Hondarribiko animalia eta landareen Kapen karta-jokoa baliatzea eta Jaizkibelera bertara txangoa egitea.
Imajinatu Jaizkibelgo kostaldean etxebizitzak egin nahi dituela promotore pribatu batek eta administrazioak biologoen iritzia eskatu duela. Bada, ikasleek jokatu dute biologo rola
Apirila bukaeran gerturatu ziren mendira, hain juxtu ariketako promotore pribatuak eraiki nahi zituen etxebizitza, jatetxe eta abarren eremuetara. Eremu horietan sei ekosistema zapaldu zituzten (urbanoa, landa-eremua, erreka, basoa, zingira, itsaslabarra), bertako espezieak eta mehatxuak aztertu eta egitasmo pribatuaren eragina zein izango zatekeen ondorioztatzeko. 400 ikasle, bi txandatan, eta Aranzadi elkartea bidelagun.
Gogoeta kolektiboak eman dio amaiera unitate didaktikoari: ikasleek ez dute uste promotorearen egitasmoa gauzatu beharko litzatekeenik, sekulako kaltea eragingo lukeelako. Eta zein alternatiba emango diote orduan administrazioari? Gazteek proposatu dute etxebizitzak egiteko benetako beharra baldin badago, eremu urbanoan egin beharko liratekeela.
Azkenik, unitate didaktikoaren arrakasta ebaluatu dute unibertsitateko bi irakaslek: hasi aurretik testa pasa zieten ikasleei (zer da bioaniztasuna, zer dakizu gune babestuez, zein espezie bizi dira ekosistema jakin honetan, zer jaten dute halako edo bestelako espezieek, Jaizkibel ongi kontserbatuta dagoela uste al duzu…) eta test bera bete zuten ondoren. Nabarmena izan da aldea, onerako, barneraturiko kontzeptu eta edukietan, inguruaren ezagutzan, eta baita bioaniztasunarekiko eta naturarekiko ikasleek hasieran eta bukaeran erakutsi duten interes eta jarreran ere.
Ikasgelatik plazara
Maiatza bukaeran borobildu dute ikasturte osoko lana; herriari irekitako erakusketa paratu dute Hondarribian, astebetez: ikusgai izan dituzte hiru dimentsioko maketa, Ameztu Jaizkibel proiektuari buruzko informazioa, poster eta argazkiak bertako fauna, flora eta ekosistemak irudikatuz, egindako guztia laburbiltzen duen bideoa… Eta erakusketatik gertu, ikasleen benetako altxorra, eskolako mugak gainditzen dituen hezigune natural bezain paregabea: Jaizkibel mendia.
ARGIAren efemerideen kanalean topatu dut berri zaharra: 1918ko apirilaren 23an, Irlandako langileek greba orokorra egin zuten I. Mundu Gerrarako derrigorrezko erreklutamenduaren aurka. Langileen eta independentziazaleen erantzunari esker, Britainia Handiak atzera egin behar izan... [+]
Ekologistak Martxan taldeak ohartarazi ostean Donostiako Ategorrieta hiribide inguruan airearen kutsadura maila oso handia dela, udaletik zalantzan jarri dute erabilitako metodologia eta adierazi dute errepide horretan dagoen estazio ofizialaren datuak hartu behar direla... [+]
Herriko kirolgune, liburutegi, gazteleku, kulturgune, eskola inguru eta abarrek bereizgarria gehitu dute sarreran, jendeari eskatuz mugikorra bazter utz dezala. “Kalitatezko aisialdiaz gozatzea da helburua, arreta horretara jarrita, mugikorrak ekarri ohi duen distrakzioa... [+]
Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira nitrogeno dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren... [+]
Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.
Ikaslea zenbat eta adinez txikiagoa izan, orduan eta feminizatuagoa da irakasle lana: Haur Hezkuntzan, 10 irakasletik 9 baino gehiago emakumeak dira munduan, Lehen Hezkuntzan %67a eta DBHn %54a. “Kuriosoa da, zaintza oinarri duten beste lan batzuetan (erizainak, erizain... [+]
EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio... [+]
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]