Klimaren aldaketa dagoenekoz hemen da eta herrialde txiroenak kolpatzen ditu gogorren. Afrika ekialdean batere ohikoak ez diren bi zikloi oso bortitz lurreratu dira Mozambike gainean, txikizio handiak eraginez mendeetako kolonialismoak, hamasei urteko gerra zibilak eta azkenaldian agintari ustelek herrialdearen bizkar sinatutako zor publiko izugarriak kinka larrian jarrita zeukaten herrialdean. Klimaren erotzeak baditu eragile irabazleak eta pairatzen duten galtzaileak.
Cabo Delgadotik sartuta, orduko 225 kilometrorainoko haizeteak zabaldu zituen estreina, eurite eta uholde handiak ondoren. Ipar aberatsean oso oihartzun ahula izan duten albisteek diote Macomia eskualdean etxebizitza eta eraikinen %80 eraitsi dituela ekaitzak eta bizileku barik laga 100.000 jende. Hilak dozena batzuetan geratzeko itxaropena zuten agintariek, Pemba hiriaren ingurua ez delako oso jendetsua.
Eric Holthaus meteorologo ezagunak azaldu du egun luzez irauteko heldu zela Kenneth, atmosferaren goiko aldean zeukan egoera bereziagatik ahultzen joateko aukera gutxi zuelako: “Inoiz ez da horrelakorik gertatu eskualde honetan eta munduan ere oso aldi bakanetan jazo da, zikloi batek indarrean irautea hainbeste egunez”.
Munduko Meteorologia Erakundearen arabera Idai izan daiteke Hego Hemisferioak sekula ezagutu duen zikloi tropikalik gaiztoena. Adituek 4. mailako zikloi izendatu zuten martxoko Idai, azpimarratuz Afrikako itsas hegi horretan bitxia dela horrelako ekaitz handi bat eta harrigarria zela bost asteko epean bigarrena iristea.
Idai-ren eraginez, Beira hiriaren –500.000 biztanle dituena– %90an suntsituta zuten uholdeek eta 600 jende hil. Gogorren kaltetutako eremuetara iritsitako lehen sorosleek aurkitu zituzten jendeak zuhaitz eta teilatu gainetan igota, nork erreskatatuko zain, artean urak gero eta gorago igotzen zirela. Zimbabwetik zabaldutako hedabide sozialek erakusten zuten jendea itota uholdeak harrapatutako karriketan eta Mozambiken airetik hartutako irudietan agertzen ziren konta ezin ahala etxe urpean. Eskualde osoan, munduko txiroenetakoa den horretan, hiru milioi pertsona inguru kolpatu zituen Idai-k.
Holthausek martxoan Argiak interneten plazaratutako “’Idai’ zikloiak agerian utzi du klima aldaketaren oinarrian datzan injustizia” artikuluan ohartarazi zuen Idai zela froga garbi bat klimaren aldaketak munduko hainbat eskualdetan dagoenekoz eragiten dituen hondamendiena: “Idai zikloia ez da hondamendi naturala: ekaitza gaiztoagotu dute klimaren aldaketak, mendetako kolonialismoak eta nazioarteko etengabeko injustiziek”. Kenneth ekaitzak arrazoi eman dio, ageri denez.
Mozambikeko uholdeak gutxienez hiru alorretan daude lotuta klimaren aldaketari. Batetik, atmosfera beroago batek ur lurrun gehiagori eusten dio eta honek eragiten du euriteak bortitzagoak izatea. Bigarrenik, eskualdeak azken urteotan lehorte gogorra nozitu du, klimaren prospekzioek eremu horretarako aurreikusten duten lehortzearen ildoan, lurzorua gogortuz eta ura ez txukatzea eraginez. Hirugarrenik, itsasoaren maila jada oin bete gorago dago duela mende bat baino, eta honek lehorrean barrurago irits arazten du kostaldeko uholdea.
Gauzak gehiago okertzeko, urtetako idorteen ondorioz elikagai hornidura oso murritza da eta bereziki kaltetzen ditu haurrak; ondorioz, haurren lana eta derrigortutako ezkontzak eten barik ugaldu dira urteotan. Ehunka mila hektarea soro eta nekazaritzako lur urperatuta, eskualdea berriro azkar martxan jartzeko esperantza gutxi dago.
“Herrialde aberatsetan bizi garenoi –dio Holthausek– zail egiten zaigu horrelako desastre bat irudikatzea, zeren eta gure gizartea eraikita baitago, hein batean, muturreko eguralditik gu babesteko. Hau da krisi humanitario berri bat erakusten duena klimaren aldaketaren oinarrian datzan injustizia”.
Atunetarako baporeen iruzur hura
Ezbeharrek pobrea inoiz ez badute harrapatzen une egokian, klimagatiko hondamendiok Mozambikeri kolapso ekonomikoan lur jota zegoela heldu zaizkio. Afrika osoak bezala mende luzetako kolonialismoa jasan ostean, portugesengandik libratu zenean Mozambike gerra zibil odoltsuan murgildu zen 1976 eta 1992 artean, Afrikan komunismoari hesia jartzeko aitzakian AEBek hauspotutako gerran. Ondorioz, suntsiketa ekonomiko handiez gain, milioi bat hildako eta lau milioi herrialde barruan lekualdatuta, gehienak hirietako aldirietan eta uholdeen mende dauden eremuetan pilatuta.
Geroztik, kanpo zorrak metatzen joan da Mozambike, neoliberalismoaren esku-makilak diren NDF Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren ustezko garapen proiektuetan leporaino zorpetuta, Afrikako zordunetan txapeldun.
Joan den udazkenean ATTAC erakunde altermundialistak kontatu zuen Mozambikeko agintariak eta Europa eta AEBetako konpainia errespetagarriak zipriztinduta dauden eskandalu bat, hain zuzen ere herrialdea kiebra egoerara eraman duena eta zorpetze publikoak mundu osoan nola funtzionatzen duen erakusten duena.
2013ko irailean gaude. Cherbourg, Frantziako Normandian. François Hollande presidentea bera helduko da hemengo ontziolara hiru ministrorekin, Frantziak eskuratu duen kontratu oso on bat ospatzera: atunetarako 24 bapore eta armadarentzako 6 patruila-ontzi militar. Mozambikeko arrantza biziberrituko omen dute eta kostalde arriskutsu hura zainduko piratetatik.
Bost urte geroago, txalupa guztiak egin eta entregatuta zeuden baina portuetatik irten ezinik, Mozambike bere zor publikoaren ordainketak etenda, herrialdeko inbertsioak berdin, gastu sozial guztiak murriztuta. Izan ere, 200 milioi euroko inbertsioa izatekoa zena azkenean 2.000 milioiko zorra bihurtua zen, bost urteko epe laburrean, tartean 622 milioi gehiago kostaldearen zainketa hobetzeko, 538 milioi portuak bapore modernoei egokitzeko, 800 milioi lehenbiziko inbertsioak bermatzeko...
Tartean, Mozambike hondoratu duten operazioari etekina ateratzen aritu dira Estatuko aparatuen buruak, ministro eta zerbitzu sekretuetako goi karguak zerbitzu publikoen kontrata pribatuen buruzagitzan ere badaudenak; ate birakariak Afrikan ere. Alemania, Suitza, Frantzia, Britainia Handia eta Errusiako bankuek beren sosak ondo lotu dituzte eta Mozambikek sinatu behar izan du denetara 2.000 milioi euro ordaintzera derrigortuko duen finantzazio plana, kalean herritarrek eta hainbat herri mugimenduk zor ustelari uko egitea eskatzen zuten arren. Idai eta Kenneth-ek eman die azken errematea.
Azken asteko sapa lehergarri egunetan gure zereginen egitarauak aldatu beharrean aurkitu gara. Freskura erlatibo batek seietan atera gaitu ohetik, gosaldu eta lan gehienak bederatzietarako plegatu ditugu eta hamarretan jalgi gara oinezko ibilaldia egitera. Eta ez ginen bakarrak... [+]
Prekaritate global hirukoitza pairatzen dute Pakistanen, klimak, energia gabeziak eta finantza publiko arazoak elkarrekin eragindakoak, bakoitzak bertze bien kalteak areagotzen dituela. Halere, arazoaz jabetu dira bertako agintariak eta bideratu dituzte aldaketak, nahiz eta... [+]
2003ko udarekin batera, 1970etik beroena izan da aurtengoa. Europar Batasuneko "Copernicus" behategiak larrialdi klimatikoa dela-eta bero boladak "maizago" egongo direla dio, eta aurtengo ekainean bere ondorioak izan ditu: ehunka pertsona hil dira Europan.
Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.
Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan... [+]
Ehun konpainia multinazional baino ez daude baliabide naturalen erauzketarekin lotutako gatazka guztien % 20aren atzean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak egin duen ikerketa baten arabera. Ikerketak agerian utzi du iparralde globaleko herrialdeetako konpainiak baliabideez... [+]
Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri honetan, banketxe handiek ez dute horri buruz komunikatzen, baina arazoaz ongi jabetu dira eta... [+]
Klima-aldaketari buruzko BC3 ikerketa-zentroak baieztatu duenez, Europako hiriak atzera geratzen ari dira klima-aldaketari egokitzeko neurrietan. Hain zuzen, nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketan frogatu dute egokitzapen klimatikoko planen ia % 70k ez... [+]
Apirilaren 28ko gauean Bartzelonako Badal Ramblako terrazak gainezka zeuden; hoztu gabeko garagardoak zerbitzatzen ziren, baina jendeak zoriontsu zirudien. “Munduaren amaierak iritsi behar badu, pozik harrapa gaitzala”, esaten zidan auzokide batek. Hamar ordu baino... [+]
Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]
Klima aldaketaren eraginez, munduko lurralde gero eta gehiago idortzen ari dira, milioika pertsonaren jarduera eta bizimoduak kolokan ezarririk. Fenomeno horren frontean dago India erdialdeko Maharashtra estatua, non klimaren berotzeari eta lehortzeari metatu zaizkien oihan... [+]
Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira nitrogeno dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren... [+]
Copernikusek eta Munduko Meteorologia Erakundeak urte hasierako ikerketak berretsi dituzte: Europak bero errekorra hautsi du. Gutxienez 413.000 kaltetu eta 335 hildako izan ziren iaz ekaitz eta uholdeengatik, Europan.