Erregai fosilen karbono-isurien errekorra izango da 2025ean

  • Global Carbon Budget (Karbonoaren Aurrekontu Globala) erakundeak kalkulatu duenez, aurten, erregai-fosilen erabileraren ondorioz, 38.100 milioi tona karbono dioxido isuriko dira. Horrek esan nahi du % 1,1 igoko direla, iazko urtearekin alderatuta. Horrez gain, azpimarratu du herrialde askotan energia-sistemen deskarbonizazioa aurrera doan arren, aldaketa ez dela nahikoa munduko energia-eskariaren hazkundea orekatzeko.


2025eko azaroaren 14an - 07:00
ThePixelman / Pixabay
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Global Carbon Budgetek karbono-isurietan eragin duten beste faktore batzuk ere aipatu ditu. Esaterako, lurraren erabileraren aldaketagatik sortutako karbono-isuriak (deforestatzioa, esaterako) iazkoak baino txikiagoak izango direla aurreikusi du. Bestetik, El Niño amaitzeak lurraren xurgapen-gaitasuna leheneratzea ekarri du; izan ere, El Niñok beroa eta lehorteak eragiten ditu eskualde askotan. Nolanahi ere, 1960. urteaz geroztik, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioaren igoeraren % 8 klima-aldaketak lurraren eta ozeanoen xurgatzeko gaitasuna ahuldu duelako gertatu da.

Txostenaren arabera, berotze globala 1,5 ºC-ra mugatzeko geratzen den “karbono-aurrekontua“ ia agortuta dago, eta erregai fosilen karbono-isuriek igotzen jarraitzen dute. Aurreikuspenen arabera, AEBn % 1,9 igoko dira, Indian % 1,4, eta Txinan eta Europako Batasunean % 0,4; eta iturri guztienak, gainera: ikatza, petrolioa eta gas naturala. Dena dela, nabarmendu du igoerak are handiagoak izango zirela Txinan eta Indian, energia-iturri berriztagarrien instalazioak ez balira hainbeste hedatu.

Azkenean, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa 425,7 ppm-ra iritsiko da 2025ean; industria-aurreko mailarekiko % 52 gehiagora, alegia.


Irakurri gehiago: Ingurumena Larrialdi klimatikoa
Ingurumena kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.