Laranja bat jaten baduzu imintziorik egin gabe

  • Espainiako politika ez da Borgen-ekoa: 2010ean Danimarkan estreinatu zuten telesail horren hasieran gobernua osatzeko paktu oso korapilatsua lortzen du protagonistaren alderdi moderatuak laboristekin eta ekologistekin, parlamentuko beste bi indarrek kanpotik babestuta. Kapituluz kapitulu istorioa animatzen duten intriga ugari pizten ditu Birgitte Nyborg lehen ministroaren akordio premiak, bost partidu diferenterekin non-stop negoziatzen ari den legegintzaldi batean murgiltzea baitu gobernatzeko aukera bakarra.


2019ko apirilaren 29an - 02:16
Pedro Sanchez garaipena ospatzen PSOEren egoitzan. Inguruan bildutako zenbaitek Ciudadanosekin ez paktatzeko eskatu zioten.

Espainian gauzak ez dira Borgen-en bezala egiten. Pablo Iglesiasek badaki. Aitor Estebanek ere bai. Hauteskunde gaueko bien aurpegi goibelek esplikazio erraza dute kalkulagailua pixka bat mailukatuz gero: PSOEri zenbakiek ematen diote Ciudadanosekin gobernua osatzeko eta paktu danimarkarren zailtasunak alde batera uzteko. Unidas Podemos eta EAJ beste telesail batean murgilduko lituzke horrek: Compuesta y sin novio, starring Lina Morgan.

PSOErena esplikatzeak hain konbentzionala ez den zerbait eskatzen du: Les revenants, hildakoak berragertzen diren serie frantziar durduzagarria. Apirilaren 28ko emaitzek hori frogatzen baitute, PSOE itzuli dela, uxatu dituela PASOKen tragedia greziarrak sozialdemokrazia europar guztiari ikusarazi zizkion mamuak.

Baina Les revenants ikusten ari zarenean bezala, ez da komeni larregi fidatzea, izan ere, Sanchezen garaipenak badu testuingurua eta baditu babesle ofizialak. Testuingurua: faxismoaren itzuleraren beldurrez bozkatu da, Frantziako Estatuan Le Penen aurka Macron hautatu zutenean bezala. Horrek PSOEren erabiltzaile bihurtu ditu boto-emaile ezkertiar asko. Horrek M15aren lurrinen bat eraman du Ferrazeko ospakizunetara hauteskunde gauean bertan. Babesleak: Financial Times, The Economist, Europako Batzordea eta Europako Banku Zentrala, besteak beste, Sanchezen alde agertu ziren kanpainako azken astean. Boto-emaile ezkertiar batzuek bakarrik ez, kapital handiek ere PSOErekin bidaiatzen dute.

Testuinguruak ala babesleek aginduko dute gobernua norekin osatu? Erabakia telesailetako erritmorik gabe har daiteke, hilabete barruko bozak kapitalizatu ondoren. Gero ipuinen ordua izango da: Limoi bat imintziorik egin gabe jaten baduzu izeneko liburu bat dago Txalaparta argitaletxearen katalogoan, Sergi Pàmies kataluniarrak idatzia. Zitrikoaren izena aldatuta, hemen ia dena kontatuta gera daiteke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espainiako hauteskundeak 2019
Aurreakordioa sinatu dute koalizioan gobernatzeko PSOEk eta Unidas Podemosek

Espainiako Kongresuko eta Senatuko hauteskundeen emaitzak ezagutu ondoren, Pedro Sanchezek aipatutako "gobernu aurrerakoia" aurrera eramateko lehen pausoa sinatu dute alderdi biek asteartean.


2019-11-11 | ARGIA
Bizkaian EAJren nagusitasuna areagotu da

Botoen 100% zenbatuta, aldaketa parea Bizkaian: EAJk bere hegemonia indartu du, eserleku bat gehiago lortuz; eta E. Podemosek diputatu bat galdu du, eserleku bakarrarekin geratuz.


2019-11-11 | Z. Oleaga
Araban diputatu banaketa bera eta PP kanpoan berriz ere

EAJk, PSEk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ordezkari bana lortu dute oraingoan ere Araban. Inkesta gehienek ziotenaren aurka PPk ez du eserlekurik eskuratu eta bera izan da hauteskundeen galtzaile nagusia herrialde honetan.


2019-11-11 | ARGIA
JARRAIPENA | Pedro Sanchezen hauteskunde errepikapenak faxismoari hegoak eman dizkio

Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeotan, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko herritarrek 23 ordezkari hautatuko dituzte. 20:00etan itxi dituzte hauteslekuak. Zuzeneko jarraipena egiten ari gara.


2019-11-05 | Hala Bedi
Paratxutistak azaldu dira Trebiñuko faroletan eskegita

Azaroaren 10eko hauteskunde orokorren atarian, Trebiñuko herritar talde batek paratxutistak eskegi ditu herriko faroletan Trebiñu Araba dela aldarrikatzeko.


Eguneraketa berriak daude